About ausabiaga

Author Archive | ausabiaga

DVDa hilzorian

DVD ala Blu-Ray?Ez nekienez oso ondo zeri buruz idatzi, ordenagailuaren aurrean eseri eta buruari bueltak ematen hasi nintzen baldineko gai baten bila. Halako batean, aurrekoan gelan aipatu genuen kontu bat etorri zitzaidan burura: DVDaren desagerpena.

Azken egun hauetan, guztiok entzun dugu DVDa azkenetan dela Blu-ray izeneko formatu baten sorrera dela eta. Gauzak horrela, HD-DVD eta Blu-Ray diskak lehian aritu dira ea zeinek irabaziko hurrengo urteetako nagusitasuna. Badirudi Blu-Ray atera dela garaile; beraz, HD-DVDak, agi denez, ez dira sortuko eta Blu-Rayk izango du hegemonia osoa.

DVDa, Digital Versatil Disc, 1995 urtearen amaieran sortu zen informatiko eta ikus-entzuneko 10 bat enpresaren eskutik. Elektronika eta informatika alorretako fabrikatzaileek eta zine eta musikako estudioek agerturiko interesari esker, egundaino azkarren sartu den produktu elektronikoa bilakatu da berau. DVD diskoa, berez, gaitasun handiko CDa da; izan ere, adibide xume bat jartzearren, film oso bat sartzen da bertan.

Atzera eginda, komeni da esatea 1990. urtearen hasieran, orain gertatu den bezala, bi formatu zeudela lehian: bata, Philipsek eta Sonyk bultzatutako Multimedia Compact Disc (MMCD) eta bestea, berriz, Toshiba, Mitsubishi Electric eta JVCk babestutako Super Density disc izena zuena. Philips eta Sonyk MMCD alde batera utzi eta, Toshibarekin adostu ondoren, Super Density Disc (SD) honi aldaketa batzuk egin zizkioten. Sortutako taxuera berri honek hobeto jasaten zituen kolpeak, urradurak edo oinatzak. Hau horrela izanik, 1.5 DVD bertsioa sortu zen 1995. urtearen amaieran eta, azkenik, 1996an gaur egun ezagutzen dugun DVDa sortu zen.

DVDak 4.7 gigabyte ditu, hau da, CD batek baino 7 aldiz gehiago eta irakurketa laser baten bidez egiten du. Datuen transferentzien abiadura 1350 kB/s da; honek esan nahi du CD arrunt bat baino 9 aldiz azkarrago dabilela.

Oraingoan, lehian izan diren formatuak HS-DVD eta Blu-Ray izan dira. HD-DVD (High Density-Digital Versatil Disc) disko-formatu berri hau DVD forumak sortu eta hobetu egin du, egile eta entretenimendu munduko estudio handienekin batera. Talde hau DVD estandarrak gauzatzeaz arduratu da formatu hau sortu zenetik. Handia da duen kapazidadea; izan ere, 15 GB gorde daitezke bertan, DVD arrunt baten 4,7 GBen aldean. Bi geruzako HD-DVD batek 30 GBeko edukiera du, eta hirukoak 45 GBera iristen dira.

Blu-rayBlu-rayk, CD eta DVDaren antzera, 12cm-ko diametroa du eta bideoak eta datuak gordetzeko balio du. 25 GBeko espazioa dauka eta bi kapakoak, 50 GB. HD-DVDari irabazi dio formatuen lehia, garai batean VHS eta Betamaxarekin gertatu zen bezala, DVDaren oinordeko bihurtuz. Disko hauek laser urdin baten bidez irakurtzen dira, DVDak ez bezala (hauek laser gorri batez irakurtzen dira). Honek, beste aurrerakuntza teknologiko berri batzuekin batera, DVDak baino informazio gehiago biltegiratzea dakar. Sistema hau erabiltzen lehenengoak Sonykoak izan ziren Play Station 3an.

Bitxikeriaren bat aipatzearren, izena bere kolorearengatik hartzen duela esango dugu (euskaraz izpi urdina izango litzateke). Blueren jatorrizko “e” hizkia ezabatu egin zioten; izan ere, zenbait herrialdetan izen komertzial batek ezin baitu “e” hizkia eraman. Beraz, Blu-ray izenarekin gelditu da.

Amaitzeko, hilzorian badaude ere, DVDak oraindik ere gutxienez urte batzuetan merkatuan ikusiko ditugula esan dezakegu eta arrazoia prezioa baino ez da; izan ere, Blu-ray delako hau oraingoz oso garestia da eta, gainera, urte batzuk pasa arte ez omen da espero merkatzea.

Comments { 1 }

Zergatik txirrindularitzari?

Lehengo egunean, egunkaria hartu nuen ea artikulu berriarentzako gai interesgarriren bat ikusten nuen. Egunkari osoa ikuskatu ondoren, ez nuen grazia gehiegirik egiten zidan albisterik topatu; beraz, lehen bezala gelditu nintzen, gairik gabe, alegia.

Aita telebistan albistegia ikusten ari zela, kirolen saila hasi zen eta berarekin gelditu nintzen. Hori ikusten nengoela, Iban Mayori 2.aldiz kontraanalisia egin ziotela esan zuten eta, bigarren honetan positibo eman zuenez, UCIk (Union Ciclista Internacional) 2 urtez zigortuko zuela aitortzen zuten.

Ezin nuen sinetsi. Sutan jarri nintzen, hori legearen aurka joatea baita. Ez nuen nire artikuluetan txirrindularitza gehiegi aipatu nahi, baina azken aldi honetan txirrindularitzarekin gertatzen ari dena gehiegizkoa iruditzen zaidanez, artikulu hau idazteari ekin diot.

Badirudi, gaur egun mundu guztia txirrindularitzaren aurka jarri dela; alde batetik edo bestetik jasotzen ditu kolpeak eta hori jasanezina da. Ez dut ulertzen zer egin duen txirrindularitzak horrelako tratua jasotzeko. Ados nago txirrindulari batek positibo emateagatik santzioa izatearekin, ez baitu legalki jokatu, baina ez nago konforme beste kirol batzuetan materia berdinarengatik ez santzionatzea edota, santzionatuz gero, oso epe laburrerako izatea.

RomarioHorren adibide garbi bat Romario futbolari beteranoarena da. Oraintsu, burusoil ez gelditzeko, ilea hazteko balio duen tratamendu bat erabili duela aitortu dute, eta sendabide honek positibo ematen du. Positibo eman duenez, 3 hilabeteko santzioa proposatu diote, baina oraindik ez dago egiaztatuta beteko denik.

Txirrindularitzan aurten antzeko kasu bat izan dugu Adrian Saez de Arregi Caja Ruraleko ziklistarekin. 22 urte izan arren, burusoil gelditzen hasia zegoen eta, hori ekiditeko, osabide hori hartzen hasi zen. Urte hasieran, Espainiako Ziklokroseko Txapelketa jokatzen ari zela, partaide guztiek antidopin egiaztapen bat pasatu genuen. Antza denez, Adrianek bertan positibo eman zuen Romarioren tratamendu berbera erabiltzearen ondorioz.

Positibo hau irailean atera zen eta, denbora tarte horretan, Adrian bere inozentzia aldarrikatzen saiatu zen, frogatua baitago medikamentu hau erabiltzen duena nahiko ahul geratzen dela eta ez duela bere errendimendua hobetzen. Beraz, begi bistakoa da Adrianek ez zuela debekatua dagoen substantzia hori bere errendimendua hobetzeko hartu.

Hala ere, berri hau oraindik ez zegoenez zabaldua, aurten Adrianek ez du arazorik izan errepideko denboraldi osoa egiteko. Bertan onenetariko bat dela erakutsi du eta baita profesional mailan toki bat merezi ere. Hortaz jabetu ziren Orbea – Oreka SDA taldeko zuzendariak eta hurrengo urteetarako profesional izateko aukera eman zioten. Sinatu eta handik gutxira, auzitegietan ez duenez lortu bere inozentzia erakustea, positiboarekin geratu da eta UCIkoek bi urteko zigorra ezarri diote. Honekin batera, profesional izateko aukera guztiak kendu dizkiote Adriani; izan ere, hemendik 2 urtera bueltatzeko nahia izango balu, berriz ere afizionatu mailara bueltatu beharko litzateke. Bi urtetan geldirik egoteak erritmo falta izugarria suposatzen du; beraz, berriz ere puntuan jartzeko urte bat edo bi beharko lituzke eta 26 urterekin gaur egun ez dago profesionaletara pasatzen denik. Igotzea lortzen dutenak gazte igotzen dira, ez baita erraza profesionalen kategoriara egitea. Horrela, gazte pasatuz gero, 26-27 urterekin profesional mailara egokituak egon ohi dira eta, gainera, oraindik urte onenak aurretik izango dituzte.

 Hau ikusita, nire galdera hau da: zergatik txirrindularitzan bi urte eta futbolean 3 hilabete? Zergatik horrelako aldea?

Txirrindulari batek kontrol bat pasatzen duenean, 17 substantzia ezberdin bilatzen zaizkio eta beste edozein kirolariri kontrol bakoitzeko substantzia bakar bat. Eta berriz ere buruari galdera berbera: zer dela eta?

Oscar FreireHau horrela izanik, nola ez dira gehiago entzungo ziklisten positiboak? Frogatuta dago, positibo ematen duten kirolarien artean, txirrindularitzak positibo kasu gutxienetarikoa ematen duena dela; halere, komunikabideetan badirudi txirrindularitzaren positiboak baino ez dituztela zabaldu nahi.

Joan den irailean, Stuttgarten, errepideko Munduko Txapelketak jokatu ziren elite mailakoentzat. Bertako faborito nagusiena Oscar Freire kantabriarra zen, eta UCIkoak azken hilabetean 11 aldiz joan zitzaizkion antidopin egiaztapenak egitera. Kopuru horri espainiar federazioak horrelako izena duten probetara joateagatik egiten dizkizun egiaztapenak batzen badizkiozu 13-15 kontrolera iritsiko litzateke.

Horretaz gain, orain ere polemika handia piztu da Pereirok (iazko Tourreko irabazleak) erabiltzen duen kamara hiperbarikoarekin. Kamara hau Real Madrid futbol taldeko Raúl kapitainak ere erabiltzen du, eta inork ez dio batere trabarik ezarri; Pereiroren kasuan, aldiz, hori positibo ematea bezala kontsideratuta egon beharko lukeela esaten dute batzuek; izan ere, kamara horren laguntzaz gorputza berezkoa ez duen beste edozer sortzen ari baita.

Gustura jakingo nuke zenbat antidopin egiaztapen pasatzen dituzten futbolariek, saskibaloiko jokalariek, teniseko jokalariek… urtean. Eta hauetako zenbat, ziklistek izaten dituzten bezala, goizeko lau edo bostetan ustekabez.

Hasierako adibidera itzuliz, Iban Mayo igorreztarraren kasua ere lotsagarria da. Ezin da kontraanilisaren kontraanilisia egin eta Mayori hori egin diote. Antza, UCIkoei ez zitzaien gustatu kontraanilisian ateratako emaitza negatiboa eta horregatik berriz ere egin diote, oraingoan beraiek nahi zuten erantzuna lortuz, positiboa alegia.

Aurreko guztia gutxi balitz, txirrindulari guztiek, profesionaletara pasatzean, eguneko 24 orduetan zer egingo duten eta non egongo diren aitortu behar diote UCIri eta denbora guztian martxan egongo den mugikorren bat ere izan behar dute. Hilabetean behin, UCIkoek nahi duten egunean eta nahi duten momentuan, ziklista dagoen lekura joan eta ustekabeko antidopin egiaztapen bat egin ahal izango diote. Edozein kausa dela eta, ziklista ez balitz esandako lekuan egongo, 2 urteko santzio bat eror dakioke. Hau ikaragarria da!

Amaitzeko, nire aburuz, txirrindulariok ezin dugu hau onartu, eta zerbait egiten hasi beharrean gaude hain preziatua dugun kirol hau guztiz suntsi dezaten nahi ez badugu. Ez dakit nondik has gaitezkeen, baina hau aldatzen saiatu behar dugu lehenbailehen nola edo hala.

Comments { 0 }

Aimar Olaizola: “Jendea harrituta geratuko litzateke material batetik bestera zein alde dagoen jakingo balu”

Aimar Olaizola Apeztetxea, Olaizola II.a izenaz ezaguna, (Goizueta, Nafarroa, 1979ko azaroaren 13a) Asegarce enpresako pilotari profesionala da eta aurrelari bezala aritzen da. Bere garaipen-zerrenda ezin hobea dela esan daiteke, hamaika aldiz atera baita garaile han-hemengo partiduetan. Hona hemen arrakasta horietako batzuk: banakako txapelketan, 2005 eta 2007. urteetan izan da garaile, lau eta erdiko txapelduna 2002, 2004 eta 2005ean, bigarren mailako banakako txapelduna 1999an, binakako txapeldunordea 2003an eta banakako txapeldunordea 2003 eta 2006an. Nafarroako txapelduna ere izan da lau eta erdiko txapelketan 2005ean. Hau guztia kontuan izanda eta ezagutzeko nuen grinak bultzatuta, Goizuetarantz abiatu nintzen aurreko astean euskaljakintzarako elkarrizketa egitera…

Aimar eta Ana elkarrizketa egunean

Aimar, nola hasi zinen pilotan? Zure anaia Asierrek zerikusia izan al zuen erabaki hartan?
Litekeena da baietz, anaia hor izateak niregan eragina izango zuela uste dut. Bera ni baino lau urte zaharragoa da eta hori niretzat erreferentzia handia zen. Dena dela, ni zortzi urte nituela hasi nintzen pilotan. Hemen oso ohikoa zen pilotan jokatzea 2 frontoi baitauzkagu horretarako, eta lagun artean haur guztiok frontoian igarotzen genuen eguna. Esan dizudan bezala, zortzi urterekin hasi nintzen pilotan, baina txapelketekin bederatzi urte arte ez nintzen hasi. Egun osoa frontoian pasatzen nuen.

aimar.jpgGaur egun, Goizueta herria entzuten dugunean, guztiok lotzen dugu herria pilotarekin. Baina, zu hasi zinenean, horrela al zen edo herriak ospe hau lortu du, bai zu, bai anaia eta herrian dauden beste hainbat pilotariren ondorioz? Lehen ere horrela al zen?
Ez dakit. Zuk diozun bezala, herriak duen erreputazio hori nabaritzen da; hala ere, gure aurretik Goizuetak hainbat pilotari izan ditu: Loyarte, Lujanbio, Salaberri… Nik uste dut pilotariak beti izan ditugula hemen, alabaina, batzuk besterik ez dugu lortu profesional izatea.

Pentsatzen dut edonork bezala, hasi zinenean, izango zenuela pilotariren batenganako miresmena. Idoloren bat izan al duzu?
Nik beti esan ohi dut, txikia nintzenean, ez nuela pilotari bereziren bat buruan. Garai hartan onena, edo beti hor goian ikusten genuena Julian Retegi zen, batez ere, baita Ladis Galartza ere. Nolanahi ere, hamaika, hamabi, hamahiru urte inguru nituenetik Titin izan da. Orduan hasi zen Titin gailentzen. Beraz, bai Retegi eta bai Titin bereiziko nituzke.

Zure kasuan esan daiteke oso txikitatik nabarmendu zarela, ez profesionaletan bakarrik. Bai jubeniletan eta bai amateur zinela ere makina bat txapelketa irabazi duzu. Horren adibide da 1998. urtean irabazi zenuen 20 urtez azpiko Espainiako txapelketa. Ordurako zure buruak garbi al zuen profesional izan nahi zenuela, hau da, gaztetatik al zenuen argi ala denborak aurrera egin ahala konturatu zinen urrutira irits zintezkeela?
Nik, nire aldetik behintzat, betidanik izan dut ilusioa eta zortea ere alde izan dut beti, orain arte, behintzat. Zuk kontatu duzun bezala, txapelketa hori profesionaletan debutatu aurretik izan zen, baina ordurako nik firmatua nuen kontratu bat profesionaletan. Hura izan zen nire azkeneko txapelketa amateur mailan, eta banekien profesionala izango nintzela. Gero beste gauza bat da behin profesionaletara iritsita, hor goian aritzea edo ez. Orain arte zoria izan dut eta nire ilusioa bete dudala uste dut, hau da, profesionalen artean hobenen artean aritu naiz.

Gaur egun profesionala zara. Zenbat kostatu zaizu bertara iristea, hots, zeure buruak garbi ikusten duenean profesional izan nahi duela, zenbat sakrifizio, zenbat entrenamendu egin behar izan duzu bertara iristeko?
Sakrifizio askorik ez dut egin. Alde batetik, gustura egin dudan gauza izan da eta, bestetik, lehen agertu dudan bezala, betidanik herrian gazte-gaztetatik ikusi izan dugu pilota giroa. Ondorioz, partiduren bat banu, ezin nuen lagunekin parrandan irten, baina hortik aparte, oso gustuko dut pilota; beraz, ezin dut esan kexatzeko gauza dela.

Orain profesionaletan, denboraldiko egun arrunt batean, zenbat ordu eskaintzen dizkiozu pilotari? Edo, beste era batera esanda, nolakoa da zure egun normal bat? Sagardotegia ere hor dago… Nola lortzen duzu zure eguneroko lana egitea?
Pilota ez da beste kirol asko bezala antolatzen. Norberak bere erara prestatzen du urtea, eta nire kasuan, beti ez dut eraketa berdina eramaten. Egunero aritzen naiz trebatzen, bi orduz arituta nahikoa dela uste dut. Horrez gain, jana begiratu beharra dago, ezin duzu edozer gauza jan, pixka bat zaindu behar duzu zure burua. Hala ere, ez da beharrezkoa egunero bi orduz aritzea. Partiduak noiz diren begiratu behar da, eta horren arabera, fisio pixka bat egingo nuke, baita korrika eta, frontoira astean bi aldiz joatearekin nahikoa.

Zenbat irauten du denboraldiak?
Zer pilotako denboraldiak?

Bai.
Gure egutegiak urte osoa irauten du. Normalean, urtarrilean hasten da binakako txapelketekin. Binakako txapelketak bukatzen direnean, buruz buruko txapelketekin jarraitzen du. Hauek bukatutakoan, berehala, San Ferminak iristen dira, eta honekin batera, udako lehiaketak. Udako torneoak bukatzen direnean, lau eta erdiko torneoak hasten dira eta, amaitutakoan, berriz ere binakako txapelketak hasten dira. Urte guztian zehar daukagu partiduren bat. Garbi dagoena zera da: urte osoan ezin duzu forma berberan egon; horregatik, txapelketa garrantzitsu baterako prestatzen zara, adibidez, buruz burukoa edo lau eta erdikoa. Baina denboraldi bezala, nik uste dut urte guztia izaten dela. Oporrak ere normalean ez ditugu izaten. Asteburu bat libratu ohi dugu eta asteburu horretaz baliatuz, hamar egun edo hartzen ditugu eta horrela funtzionatzen dugu urte guztian.

Aimar txapeldunAsko mugitzen al zarete, hau da, ni txirrindularitzan aritzen naiz eta neskek konkretuki asko bidaiatzen dugu. Egun batean Murtzian izaten dugu lasterketa, beste batean Gironan, hurrengoan Sevillan eta horrela urte osoan. Mugitzen dugun materiala ere oso garestia da eta nik badut izeba bat 3 urteko seme bat duena eta hark dio bere semea ez duela txirrindulari sartuko, pilotari baizik; horrela, praka txuri batzuk erosi eta dena egina duela.
(Aimarrek barre egiten du) Gureak ere gastuak baditu. Autoan asko ibili behar dugu, bizi zaren tokiaren arabera. Gure kasuan, adibidez, kilometro gehiago egin behar izaten dugu. Bestalde, urtean zehar berrogeita hamar mila kilometro inguru egiten ditugu. Zuk adierazi duzun bezala, ez dira hain urruti, baina partidu asko jokatzen ditugu Iruñean… Urrutien jokatzen diren partiduak uda partean izaten dira. Soria inguruan eta Madril inguruan ere izaten ditugu. Bestela, normalean, Euskal Herrian jokatzen dira, eta bertatik ateratzen bagara, ohikoena da Logroño edota Errioxan jokatzea. Entrenatzeko ere askotan mugitu egin behar izaten dugu, hitzaldiak eman beharra, gauza asko…

Esku pilotaren barruan, modalitate bat baino gehiago dago; binakakoa, buruz burukoa eta lau eta erdikoa. Zuk hauetatik zein daukazu gustukoen? Zergatik?
Gustukoena beti esaten dut lau eta erdikoa dela, baina garbi daukat garrantzitsuena buruz burukoa dela. Bai pilotariek eta bai ikusleek garrantzi handiagoa ematen die. Nik uste dut frontoian jende gehiago egoten dela eta, ez hori bakarrik, prentsaren aldetik ere “boom” gehiago ematen diotela. Beraz, laburbilduz, garrantzitsuena buruz burukoa da, baina niretzat, lau eta erdikoa.

Pilota hitza entzuten dugunean, burura etortzen zaigu denoi zuk egiten duzun modalitatea, esku-pilota, alegia, baina pilota berez esku pilotak, erremonteak eta palak osatzen dute. Zu noizbait aritu al zara horietan?
Palan lagunekin aritzen naiz oso gustura, eta horrela jokatzeko gustuko dut, baina oso gutxi ibiltzen naiz esku-pilotarentzat ez baita ona gero. Palan, profesionaletan aritzen diren bezala, ez dut probatu; ezta erremontean, ezta zestan ere. Pentsatzen dut probatuz gero, politak direla, bakarrik normalean guretzat ez direla bateragarriak.

Telebistan eta egunkarietan beti ikusten dugu, partidak baino lehen, aurretik, materiala hautatzen duzuela. Zein ezberdintasun dago material horien artean? Bestelakotasun handia al dago? Zuk zertan nabaritzen dituzu?
Bai, pilotan jendea harrituta geratuko litzateke zein diferentzia dagoen material batetik bestera ikusiko balu. Normalean, guk hau egiten dugu txapelketak edo direnean: hiru egun aurretik bereiztu egiten ditugu pilotak. Normalki, pilotariek enpresei hartzen dizkiegu, eta gero, batzuetan hautatzaile bat izaten dugu, bi enpresa daudenez, enpresa bakoitzeko bost pilota hartuz. Bestela esanda, bost Asegarcekoak eta bost Aspekoak eta guk, gerora, bost horietatik gustukoenak hartzen ditugu. Gure aldetik behintzat, normalean, ez da arazorik izaten eta enpresen aldetik ere, zuk hartzen dituzun pilotekin, ez da arazorik izaten. Batzuetan, agian, aurkaria zure enpresakoa denean, baliteke enpresak hautatzea partiduaren arabera, bi aurkariak berdintzeko.

Aurtengo denboraldia ia bukatua duzu; beraz, datorren urteari begira zein helburu dauzkazu?
Nik atseginez sinatuko nuke aurtengoa bezalako urtea izatea. Lehenago erran dugun bezala, aurtengo txapelketarik garrantzitsuena buruz burukoa da. Hura irabaztea lortu nuen eta niretzat garrantzizkoa izango litzateke berriro hori irabaztea. Garbi dagoena da lau eta erdikoa asko gustatzen zaidala baita binakakoa ere. Nire aburuz, posible izanez gero, guztiak… bakarrik oso zaila dela hori lortzea. Horregatik, buruz burukoa irabaztearekin pozik geratuko nintzateke.

Partiduetan izaten al duzu zinginarri bereziren bat edo zerbait berezia?
Ez, normalean gauza horietako ez naiz oso “zaila”, askok izaten dituzte gauzak eraman beharra, maniak edo… Nik orain arte behintzat ez ditut erabili, baina ezin dizut esan zer egingo dudan hemendik aurrera nik ere ez baitakit.

aimar 4.jpgBa al duzu zerbait aipatzeko orain arte azaldu ez dena?
Nik, gutxi, baina zerbait aipatzearren profesionaletara pasa aurretik izan zen. Azkeneko partiduetako batean, Lesakako festatan jolastu genuen partidu bat eta hogeita bana berdindu eta utzi egin genuen partidua, bukatutzat eman genuen.

Ba al dago neska pilotaririk? Pentsatzen dut horiekin ere emakume txirrindularien antzera gertatuko dela, hau da, badagoela baina prentsan azaldu ere egiten ez direla eta inork ez dakiela han daudenik ere.
Bai, hala ere, nire iritzi txirrindularitzan gehiago ibiltzen dira. Adibidez, guk ikusten ditugu 12-13 urte arte ibiltzen direla baina gero arrazoi batengatik edo beste batengatik normalean utzi egiten dute. Ez da egoten segitzen duenik, ez dakit zergatik den. Izan daiteke eskuentzako eta, nahiko gogorra behar duzulako izan eta, agian, ba, ohikoagoa delako mutilek jokatzea. Hemen ikusten dira neskak jolasean, baina normalean, behintzat, 12-13 urtetik aurrera utzi egiten dute.

Ez al dago torneorik beraientzat?
Ez, nik uste, izatez, posible izango litzatekeela, baina normalean, egia esan, beraiek uzten dute. Horren adibide garbi bat nire lehengusu bat da. Berak jokatzen zuen, baina 12-13 urte inguru zituenean, utzi egin zuen. Ikusi izan dut neskaren bat jokatzen torneoren batean, baina normalean beraiek uzten dute…

Amaitzeko, Aimarri eskerrak eman baino ez, bihotz-bihotzez eskerrak eman bere etxean hartzeagatik. Azken momentura arte zalantzak izan ditut elkarrizketaren bideoa ipini ala ez (ez dut uste ama Hollywoodera eramateko arriskuan nagoenik!), baina azkenean, Maitek animatuta edo, jartzea erabaki dut. Beraz, aldez aurretik barkamena eskatuz, hurrengora arte agurtzen naiz.

[kml_flashembed movie="http://video.google.com/googleplayer.swf?docId=8267513164655914625" width="400" height="326" wmode="transparent" /]

Comments { 5 }
-->