Urte asko igaro dira espainiarrek Mendebaldeko Saharako lurrak utzi zituztenetik, baina oraindik bertako biztanleak bidegabekeria ugari jasaten ari da eta, egunetik egunera, egoera okertzen doa. Lurralde horrek azken urte hauetan bizi izan duen egoera nolakoa izan den azaltzeko, beharrezko da aipatzea, denboran atzera eginez, Afrika mendebaldeko herri horrek jasan dituen injustizia guztiak.
Seguruenik zuetako askok izango duzue, gainetik behintzat, gertatutakoaren berri. Ezer baino lehen, XIX. mende bukaeratik 1976. urtera arte Mendebaldeko Sahara espainiarren lurraldea izan zela gogoraraztea beharrezko da. Horrez gain, 1975. urtean, Espainiako gobernuak autodeterminazioaren erreferenduma egitekoa zen, honen bidez Saharako herriak libreki erabakitzeko bere geroa. Nolanahi ere, Marokok eta Mauritaniak herrialde hori irrikatzen zuten, eta txakur gosetiak bailitzan borrokatu zuten lurralde horiek bereganatzearren.
Lehengo hariari jarraituz, Espainiako gobernua zeharkatzen ari zen une larria aprobetxatuz, Franco diktadorea hilzorian zegoen, Marokok eta Mauritaniak sahararrei ahoa itxi zieten, zuzengabekeria guztiei atea irekiz. Honela, Hassan II.ak, marokoar diktadoreak, Martxa Berdea izenez ezagutzen den inbasioa jarri zuen abian, Saharako herriak “bake” bidez beregan hartzeko. Egoera latz horretan, Espainiak Saharari aitortua zion erreferenduma kutxa beltzean gorde zuen eta, Marokorekin salerosketa ekonomikoak egin ondoren, Espainiako tropak kanporatu zituzten. Gauzak horrela, Espainiak bertan behera utzi zituen sahararrak inolako laguntzarik eman gabe. Honen ostean, tropa marokoarrak sarraski ugariren erantzuleak izan ziren eta biztanle franko Argeliako mugara joan zen ihesean. Horiek gorabehera, saharar herrria ez zen makurtu eta aurpegia erakutsi zuen, hiru urtez Maroko eta Mauritaniaren aurka borrokatuz. Azkeneko honek amore eman zuen, baina Marokok bere politika suntsitzaile eta zabaltzaile zorrotz hori aurrera eramaten jarraitu zuen. Gerrak 1991. urtera arte iraun zuen, eta urte horretan, hain zuzen ere, ONUk autodeterminazioaren erreferenduma egiteko aukera eskaini nahi izan zion eskubide guztiak zapalduta zituen herrialdeari, sahararren lurraldeari.
Herri honen etsaiek egindako bidegabekerien nondik norakoak gainetik azaldu ostean, Saharari laguntza eskaini dioten eta ekimen horretan jarraitzen duten herrialde horiei buruz hitz egitea gustatuko litzaidake. Hemen, Euskal Herrian, bereziki, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Sahararako janari bilketa egin du pasatako Eguberritan Goierriko Algamar Elkarteak. Lortu ohi dituzten produktuen helmuga sahararrek Tindufen dauzkaten errefuxiatuen kanpamentua izaten da.
Tinduf (Aljeria) Sahara Mendebaldeko errefuxiatuen kanpamenduen ondoan kokatuta dago. Algamar elkarteak emandako datu batzuen arabera, bertan dauden 176.000 errefuxiatuentzako laguntzak gutxitu egin zituzten. Hori dela eta, Mendebaldeko Sahararen alde lan egiten duten elkarteek, oinarrizko produktu batzuk emanez, herritarrei laguntzeko aukera eskaintzen die. Azken kanpaina honetan, oinarrizko bost produktu bildu dira: arroza, atuna oliotan, azukrea, dilistak eta konpresak. Erraz galtzen ez diren produktuak eta, era berean, indarra eman liezaieketenak. Ekimen hauek sustatzea beharrezko da; izan ere, urtetik urtera, Saharako errefuxiatuen egoera zailtzen ari da, hainbat eragile ezberdinen ondorioz.
Horrelako ekimenen bidez, guk ere laguntza emateko aukera dugu. Ez pentsa mota honetako ekintzek ezertarako balio ez dutenik; izan ere, laguntza horiengatik ez balitz, hain zapaldua izan den herri honek ez luke bizitzeko eta independente izateko behar duen esperantza hori bizirik mantentzeko aukerarik izango. Kontuan izan hori guztia datozen kanpainetan. Hitz gutxitan esateko: esperantza elikatu.
Iruzkin berriak