Duela hilabete pare bat hudoei buruzko artikulutxo bat argitaratu nuen, eta oraingoan ere, nire animalienganako miresmena agerian utzi nahian eta naturari buruz zertxobait gehigo ikas dezagun, antzeko batekin natorkizue. Izenburuan irakur daitekeen bezalaxe, yacoa izan da hautatu dudana, baina izen honek zerbait esaten al digu? Zer izan liteke yaco bat? Txakur bat agian? Bitxia badirudi ere, yacoa Afrikako hegazti bat da, loro bat zehazki.
Hasteko, komenigarriena bere izen desberdinak ezagutzea izango litzateke; zientzialariek Psittacus Erithacus hitz latinez izenpetu zuten; halere, ezagunagoa da loro gris afrikar izenaz edota soilki yaco hitzaz. Logikoki, animalia honen jatorria Afrikan kokatzen da, eta batez ere kontinentearen mendebaldean aurki dezakegu (egoera basatian). Zorionez, Espainian edota Euskal Herrian bertan badira hegazti hauen ugalketaz eta hazkuntzaz arduratzen diren haztegiak, bertan eskuragarri izan ditzakegularik. Dena dela, animalia-dendetan erosgai dauden gehienak Afrikan ehizatu eta bertatik geure lurraldera esportatutakoak dira.
Yacoaren kolore gris eta txuriak oso deigarriak ez badira ere, bere isatseko lumen gorri biziak (luma hauek oso preziatuak dira Afrikan) primeran ematen dio hegaztiari. Gauza jakina da hegazti hau gizaki ahotsaren imitatzaile hoberenetarikoa dela. Pertsonen inguruan urtebete inguru igaro ondoren, tamaina handiko (30 cm inguru) loro hauek isilezin bilakatzen dira, hasieran soinu sinpleenak erreproduzitzen ikasiz (etxeko tinbrea, txakur zaunkak..) eta, ondoren, esaldi luze eta konplexuak esan eta gogoratzeraino iritsiz. Hau guztia bere mihi eta eztarri formari esker burutu dezake, baina talentu hau guztia bere bizkortasunari zor zaio hein handi batean. Bere inteligentzia (4 urteko pertsona batenarekin pareka daitekeena) dela medio, fonetikaren maila gainditu eta esaten ari den hitzak edota esaldiak ulertzeraino ailega daiteke. Halaber, animalia hitzontzi hauek etxekide apartak dira, betiko lagun minak ezbairik gabe eta, ez bakarrik adiskidetasunean primerakoak izateagatik, literalki horrela delako baizik; izan ere, 50-60 urteko adinera irits baitaitezke!.
Pribilegiatuki garatua duen adimen eta mintzatzeko erraztasuna aipatu ditudan bezalaxe, kontuan hartzekoa da ere horrek guztiak ikasketa prozesu gogorra suposa dezakeela loroarentzat jabearen eskutik; izan ere, aurretik aipatutako guztia ikas dezan pazientzia eta eguneroko lan eta konstantzia ezinbestekoak baitira . Horrela ez bada, hots, animaliatxoa kaiolan giltzapeturik besterik gabe uzten badugu, ez du gauza handirik ikasiko eta ziur aski kanario baten antzeko apaingarri gisako papera burutuko du.
Aitortu beharrean nago nire artikulurako loro grisa aukeratu izana ez dela kasualitate hutsa izan, nik neuk etxean lagun hegodun hauetako bat izateko aukera eta zortea biak baititut. Hudoen artikuluan esan nuen moduan, maila honetako animalia bat izateak erantzukizun handia suposatzen du, aintzat hartu beharrean baikaude burdin trangen atzean dauden izaki horiek bizirik daudela eta bertan ez daudela soilki altzari gisa. Arrazoi horrexegatik, elikadura eta kaiolaren garbitasunaz gain, gure loroak edota bestelako animaliek gure maitasun eta arretak beharrezkoak dituzte, baita merezi ere! Horrela, bada, euren egoitza ahalik eta erosoen izan dadin eta, aldi berean, zoriontsuak izan daitezen saiatu beharko genuke ezbairik gabe.
Artikulua irakurtzerakoan yacoarekiko interesa piztu eta animalia honi buruzko xehetasun gehiago jakin nahi baduzue, klikatu hemen edo hemen.
Iruzkin berriak