About britz

Author Archive | britz

YACOa, etxeko hitzontzia

Duela hilabete pare bat hudoei buruzko artikulutxo bat argitaratu nuen, eta oraingoan ere, nire animalienganako miresmena agerian utzi nahian eta naturari buruz zertxobait gehigo ikas dezagun, antzeko batekin natorkizue. Izenburuan irakur daitekeen bezalaxe, yacoa izan da hautatu dudana, baina izen honek zerbait esaten al digu? Zer izan liteke yaco bat? Txakur bat agian? Bitxia badirudi ere, yacoa Afrikako hegazti bat da, loro bat zehazki.

Yacoa Hasteko, komenigarriena bere izen desberdinak ezagutzea izango litzateke; zientzialariek Psittacus Erithacus hitz latinez izenpetu zuten; halere, ezagunagoa da loro gris afrikar izenaz edota soilki yaco hitzaz. Logikoki, animalia honen jatorria Afrikan kokatzen da, eta batez ere kontinentearen mendebaldean aurki dezakegu (egoera basatian). Zorionez, Espainian edota Euskal Herrian bertan badira hegazti hauen ugalketaz eta hazkuntzaz arduratzen diren haztegiak, bertan eskuragarri izan ditzakegularik. Dena dela, animalia-dendetan erosgai dauden gehienak Afrikan ehizatu eta bertatik geure lurraldera esportatutakoak dira.

Yacoa elikatzenYacoaren kolore gris eta txuriak oso deigarriak ez badira ere, bere isatseko lumen gorri biziak (luma hauek oso preziatuak dira Afrikan) primeran ematen dio hegaztiari. Gauza jakina da hegazti hau gizaki ahotsaren imitatzaile hoberenetarikoa dela. Pertsonen inguruan urtebete inguru igaro ondoren, tamaina handiko (30 cm inguru) loro hauek isilezin bilakatzen dira, hasieran soinu sinpleenak erreproduzitzen ikasiz (etxeko tinbrea, txakur zaunkak..) eta, ondoren, esaldi luze eta konplexuak esan eta gogoratzeraino iritsiz. Hau guztia bere mihi eta eztarri formari esker burutu dezake, baina talentu hau guztia bere bizkortasunari zor zaio hein handi batean. Bere inteligentzia (4 urteko pertsona batenarekin pareka daitekeena) dela medio, fonetikaren maila gainditu eta esaten ari den hitzak edota esaldiak ulertzeraino ailega daiteke. Halaber, animalia hitzontzi hauek etxekide apartak dira, betiko lagun minak ezbairik gabe eta, ez bakarrik adiskidetasunean primerakoak izateagatik, literalki horrela delako baizik; izan ere, 50-60 urteko adinera irits baitaitezke!.

Pribilegiatuki garatua duen adimen eta mintzatzeko erraztasuna aipatu ditudan bezalaxe, kontuan hartzekoa da ere horrek guztiak ikasketa prozesu gogorra suposa dezakeela loroarentzat jabearen eskutik; izan ere, aurretik aipatutako guztia ikas dezan pazientzia eta eguneroko lan eta konstantzia ezinbestekoak baitira . Horrela ez bada, hots, animaliatxoa kaiolan giltzapeturik besterik gabe uzten badugu, ez du gauza handirik ikasiko eta ziur aski kanario baten antzeko apaingarri gisako papera burutuko du.

Aitortu beharrean nago nire artikulurako loro grisa aukeratu izana ez dela kasualitate hutsa izan, nik neuk etxean lagun hegodun hauetako bat izateko aukera eta zortea biak baititut. Hudoen artikuluan esan nuen moduan, maila honetako animalia bat izateak erantzukizun handia suposatzen du, aintzat hartu beharrean baikaude burdin trangen atzean dauden izaki horiek bizirik daudela eta bertan ez daudela soilki altzari gisa. Arrazoi horrexegatik, elikadura eta kaiolaren garbitasunaz gain, gure loroak edota bestelako animaliek gure maitasun eta arretak beharrezkoak dituzte, baita merezi ere! Horrela, bada, euren egoitza ahalik eta erosoen izan dadin eta, aldi berean, zoriontsuak izan daitezen saiatu beharko genuke ezbairik gabe.

Artikulua irakurtzerakoan yacoarekiko interesa piztu eta animalia honi buruzko xehetasun gehiago jakin nahi baduzue, klikatu hemen edo hemen.

Comments { 1 }

SEI LORE, Txema Garcia-Viana

1963.ean jaiotako donostiar honen literatura lanak oso ugariak ez izan arren, jadanik haur eta gazte literatura, nobela eta poesia arloak landuak ditu. Dagoeneko hogei urte igaro dira bere lehen kreazio idatzia argitaratu zuenetik, Ihesi poema-bilduma, hain zuzen. Hamabi urtetako isilunearen ondoren, 1998an, bere lehen nobela idatzi zuen, Triangulo hautsia, eta harrez geroztik haur eta gazteentzat Bi ipuin harrigarri eta Balantza: tximistaren alaba liburuak plazaratu ditu. Bere azken alea, duela bost urte kaleratua, Sei lore nobela da.

Arfarah, Kinnah, Duraif, Kutehari, Alkanna eta Barak loreak oso preziatuak dira; alde batetik, oso bitxiak direlako, eta, bestetik, seiak elkarrekin izanda, formula harrigarri bat lor daitekeelako. Andres Montilla ikerlariak Afganistango Ptolomeoren hilobian aurkitu zuen loreez osaturiko formula hori pertsiarrek erabili omen zuten, Darioren gidaritzapean, garai hartan garaiezinetzat jotzen zuten Alexandro Handiaren ejerzitua menderatzeko, eta halaxe gertatu zen. Aurkikuntza hori medikuntza aldetik izugarrizko ekarpena izango litzatekeela uste zuen Montillak, baina Afganistango gatazka eta Tadjikek formularekiko zuten interesa zela eta, kasik burutuezineko afera bilakatu zen lurraldetik irtetea. Horregatik, Montillak, lana erraztearren, errezeta botanikoa bere taldekideen artean banatu zuen, Louis, Steve, Pablo, Jokin, Amaia eta Montilla beraren artean. Zoritxarrez, Andres ez zen berriro etxera itzuliko.

Markos Gorriti detektibea aukeratzen du Julia Montillak, Andresen alabak, bere inguruan jazotzen ari diren gertakari misteriotsuak ikertzeko. Juliak, noski, bere zendutako aitari zegokion formularen zatia jasotzen du, baina honen heriotzari buruzko ezer argirik ez daki. Gorritik hasieratik gezur, kontraesan eta misterio gehiegi sumatzen du taldekideen eskutik, itxuraz guztiek sei loreen kontu hori guztia ahantzi nahi dute, baina itxurakeria horren atzean dirugosea ikus dezake ezbairik gabe, lehen erailketa odoltsu eta makabroak argi uzten baitu norbait sei loreen atzetik dabilela eta ezerk ez duela geldituko…

Horrela ematen zaio hasiera gehiegizko heriotzetan amaitzen den istorio honi. Tiroteoak, odola eta bereziki misterioa dira eleberri hau paregabe bilakatzen duten ezaugarriak. Gainera, Garcia-Vianak modu egoki batean uztartu ditu pertsonaien arteko harremanak, amodio eta sexua barne, protagonistaren detektibe lana eta honen bizitza, modu honetan kontakizunari bizitasun gehiago emanez. Honek guztiak irakurterraza bilakatzen du nobela, haria jarraitzeak ez baitu zailtasunik suposatzen. Azpimarratzekoa da, irakurtzen zoazen heinean ezusteko galantarik hartzen ez baduzu ere, amaiera aurretik espero ezin daitekeen horietakoa dela, primerakoa.

Txema Garcia-Vianaren nobelak detektibe istorioetako arau guztiak betetzen ditu..bat salbu: sei loreak ez dira hildakoen hilobiak apaintzeko.

Pasarteren bat irakurri nahi al duzu?

Txema Garcia-Vianaren bibliografia, kritikak etab. irakurri nahi al dituzu?

Comments { 0 }

Hudoa, gizakiaren beste lagun hori

Pare bat urte pasa dira nire arrebak lehen hudoa etxera ekarri zuenetik. Egia esan, lehenbiziz animaliatxoari begiratzean, zango motzetako katakume klase arraro bat zela iruditu zitzaidan, edota horrela ez izatearen kasuan, hamster amorfo bat izango zelakoaren alde egingo nuen apustu. Baina, azkenean, ez bata eta ez bestea. Arrebari etxeko izkin guztiak usnatzen ari zen animaliari buruz galdegitean, hudo (gaztelaniazko “hurón”) baten aurrean aurkitzen nintzela erantzun zidan. Bai, agian, izen hori aurretik noizbait entzuna nuen, ostera, animalia hauei buruz ezer gutxi nekien, zertaz elikatzen diren, zein animalia-familiatatik datozen, euren izaera edota beste xehetasuneei dagokienez ideiarik ere ez bainuen. Hala eta guztiz ere, igaro diren bi urte hauetan denbora nahikoa izan dut hudoak ezagutzeko. Horrela, bada, epe horretan jasotakoa zuekin konpartitzea gustatuko litzaidake.

Lehenik eta behin, argi eta garbi utzi nahi nuke, hudoak ez direla animalia marraskariak, askok uste duten moduan, mustelidoen taldekoak baizik, igaraba, mofeta eta bisoiaren antzera, hortik bere izen zientifikoa Mustela furo izatearena. Ugaztun hauek adimen eta fisikoki abilak izateaz gainera, zakur edota katuengandik jaso daitekeen txera emateko gai ere badira, aintzakotzat hartu beharra baitago ez direla animalia basatiak, gizakiak heziak dira, domestikoak, hain zuzen ere.

Jadanik K.a.3000. urtean egipzioek hezten zituzten eta, mendeak pasa ahala, Europan (adituen aburuz hudoen jatorrizko lurraldea) tira handia izatea lortu zuten, etxeetatik arratoi eta saguak uxatzeko adiskide paregabe bilakatu zirelako, besteak beste. Gainera, aipatu beharra dago, nahiz eta denbora luzea izan ez geroztik iragan dena, gaur egun ere helburu berarekin erabiltzen dituztela zenbaitzuek, batez ere, mendi inguruko etxe nahiz bordetan. Halaber, untxien ehizarako duten baliagarritasunagatik ere ezagunak dira.

HUDOEN EZAUGARRI NAGUSIAK:

-Jaiotzean guztiak tamaina eta itxura berekoak dira. Heldutasuna lortzean, aldiz, arrek 40-45 cm-ko luzera (muturretik isatsera) eta 1,5-2,5 Kg-ko pisua lor dezakete, eta emeek, ostera, 40 cm inguruko luzera eta 750 g-1,5 Kg-ko pisua . Era berean, emeek arrek baino mutur luze eta zorrotzagoa izaten dute orokorrean.
Kolore desberdinekoak daude, hala nola, marroi edo beltzak (mapatxeen antzekoak), txuriak (albinoak)…
-8-11 urte inguru bizi daitezke.
-Elikadurari dagokionez, denetarik jateko prest daude, ez baitiote ia ezerri muzin egiten; baina albaitarien arabera, egokiagoa da euren eguneroko dietan beren janari berezia (katuen antzekoa) soilik izatea (noizean behin haragi edota barazkiak jan ditzakete).
-Izututa edota urduri sentizen direnean, usain ezatsegin bat askatzen dute uzkitik. Hala eta guztiz ere, kirats hori sortzen duten guruinak ebakuntza sinple baten bitartez ken daitezke (orokorrean ebakuntza hori izan gabeko hudoak ez dira saltzen, salgai dagoen hudoa kumea izatearen kasuan izan ezik).
-Orokorrean,15-20 ordu egiten dute lo egunero, eta lo ez daudenean, kaiolatik ateratzeko irrikitan egoten dira, jendearekin jolastea oso gustukoa baitute. Halere, euren kontura etxeko bazter guztiak miatzea ere ikaragarri gustatzen zaie. Azpimarratzekoa da izatez lotiak izanagatik, ez direla animalia bareak, esna daudenean zeharo alaiak eta “aktiboak” baitira.

Aurretik esan bezala, azken urteotan , hudoak maskota gisa ospea bereganatu du (batez ere, AEBn; bertan, “ferret” izenez ezagutzen dira). Kasu honetan ezinbestekoa da esatea, bada, mustelido honek, animalia guztiekin gertatzen den bezalaxe, nahitaez bete beharreko zaintza minimo bat eskatzen duela bere jabearen eskutik, kaiola eta ur eta janari ontziak egunero garbitzea, esate baterako. Nolanahi ere, animaliarekiko erantzukizuna ez da soilki higienean oinarritzen, izan ere, hudoak kaiolatik irteten uzteko eskatzen duenean, irteteko beharra duen seinale baita, beraz, egiten ari zarena utzi eta mesede hori egin beharko diozu. Berdin-berdin gertatzen da txertoekin; txakur eta katuekin gertatzen den moduan, urtero gaixotasun desberdinen kontrako txertoak premiazkoak dituzte.

Gogoratu hudoek behar dituzten zaintza hauek guztiak emateko gai ez izatearen kasuan, hobe dela hudoaren eta zure onerako maskota hau ez erostea.

Animalia xelebre hauei buruz gehiago jakin nahi izanez gero, egin klik hemen.

Comments { 0 }
-->