About britz

Author Archive | britz

Zigarrotxo bat nahi?

Egutegi aldaketa ez da soilik urte berri honek dakarrena, dirudienez, erretzaileentzat beste zenbait berrikuntza ere badakartza, erretzeko muga-lerroak guztiz aldatu baitira. Urtearen 1go egunetik, indarrean da Espainia guztian zehar Tabakoaren Lege berria. Lege honen arabera, ehun metro karratu baino gehiagoko lokal publikoetan bereiztu egin beharko dira eremu erretzaile eta ez-erretzaileak, eta azalera horren azpitik aurkitzen direnetan, berriz, establezimenduaren jabearen eskuetan egongo da erretzeko eskubidea eman ala ez. Horrez gain, lantokietan (eremu fisiko guztietan) debekaturik dago erretzea, beraz, zigarroaz gozatu nahi duenak kalera irten beharko du. Gainera, araubidea puskatzen duenarentzat isunak oso altuak dira, beraz, hobe erretzeari muzin egitea.

Aurreikusita zegoen bezala, arau honek haserrea zabaldu du tabako kontsumitzaileengan, hauek diotenez, “nola egon zortzi ordu kaladatxo bat eman gabe?� Hauen zorionerako, eraikin kanpoaldeetan erretzeko guneak atontzea erabaki dute, aterpe eta guzti. Hala ere, ernegazioa ez da soilki arrazoi honegatik izan, izan ere, enpresa-jabe askok esan dutenez, langileak aukeratzeko garaian lehentasuna izango baitute ez-erretzaileek (isunak direla eta); baina jokabide honekin kontuz ibili beharko dira, legearen aurrean diskriminazio hutsa baita.

Taberna eta jatetxeei dagokienez, legearengatik kaltetuak diren neurrian, ez daude oso pozik, eguneroko bizimoduan tabernetan dabilenak bere kafe ondorengo zigarroa alde batera utzi beharko baitu, eta kasu honetan ere kalera atera (azaleraren baitan).

Tabako kontsumitzaileen ikuspuntutik ulergarria da haserrea, guztiz deserosoa baita kanpora atera behar izatea euren bizioaz gozatu ahal izateko, baina ez-erretzaileen ikuspuntutik erabat bidezkoa da; edonork du erretzeko eskubidea, baina aintzat hartu beharra dago honek birikak zikindu eta osasuna kaltetzen duela, eta ez bakarrik erretzen duenari, baita bere inguruan daudenei ere, konturatu gabe kea ere arnasten baitute.

Horrela, bada, urtero ehundaka heriotza ematen dira erretzaile pasiboen artean, minbizia edota arnas-aparatuarekin zerikusia duten beste gaixotasun asko direla-eta, eta hori, noski, ez da bidezkoa.

Nahiz eta lege hau urtarrilaren lehen egunetik indarrean egon, lau egunotan ikusi ahal izan dugu oraindik ere ez dela guztiz errespetatu, taberna zein beste lokal publikoetan ikusi izan baita jende ugari debekaturiko ekintza burutzen, batez ere, Urte Berri egunean. Hala ere, Eguberrietako opor eta asteburuaren ondoren, egun hauetan itzuli da jende asko lanera, eta zorrozki bete beharko dute legeak dioena isunak ordaindu nahi ez badituzte.

Zer egin beharra dago, legeari aurka egin ala onartu? Erretzeari uztea erabaki egokiena al da? Horrela bada, hementxe aurki ditzakezu aholku erabilgarriak.

Gai honekiko informazio edo argibide gehiago nahi duenak hemen klik egin dezala. Zeure iritzia ere eman dezakezu, horrela bada, klikatu azpian.

Gogoratu, erre neurrian, zure erantzukizuna da!

Comments { 2 }

Hegazti gripearen oihartzuna gure azoketan

Azkeneko asteotan denon ahotan dabilen eta hegazti haztegietan sekulako arazoak sortarazten ari den hegazti gripearen ondorioz, Europako Batasunak azoka, feria eta antzekoetan hegaztien erakusketak debekatu ditu.

Altsasuko udalak bereak eta bi pasatu behar izan zituen joan den asteburuko azoka ospatu ahal izateko. Merkatu hau tradizio handikoa da herri honetan, eta urtero bezalaxe, ikusgai nagusia zaldiak izan dira. Urtean-urtean ardien erakusketa ere egiten da, baina, tamalez, atzokoan ezin izan ziren aurkeztu “galaxia� izeneko gaitzaren erruz. Arrazoi horrexegatik ideia ezin hobea iruditu zitzaien antolatzaileei ardien huts hori betetzeko oiloak eta oilarrak ezartzea, baina, ondoren, Europako Batasunetik debeku berri hori iritsi zitzaien.

Badirudi abendura bitarte beto honek berdin jarraituko duela. Halere, hilabete honetan ospatzen diren feria tradizionalak, hala nola, Urretxu eta Zumarragako Santa Lucia edota Donostiako Santo Tomas beti bezala ospatuko dira, azoka antolatzaileek argitu dutenez. Alkate donostiarrak – Odon Elorzak- dioenez, jarraitu beharrekoak aintzat hartuko ditu izurriteari uko egiteko, legeari dagozkionak eta baita osasunari dagozkionak ere.

Dirudienez, aipatutakoetan eta Gasteizko azokan baino, Euskal Herriko beste guztietan ez da Europako Batasuneko esana beteko, adituen ustez hegazti bizietan soilik baitago arriskua. Halaber, Ordiziakoa salbu dago (eskerrak!!), eta salneurriak betikoak izango dira. Nolanahi ere, hegazti gripea ez da txantxa eta, beti ere, gizartearen ongirako, ingurugiro diputazioak dira arduradun hegazti agerraldiak ahalbidetu edota debekatzeko ere.

Gaitzaren azken berriei dagokienez, orain dela pare bat egun kasu berri bat agertu da Kroazian, zisne talde batek pairatzen zuelarik eritasuna. Erresuma Baturaino ere iritsi da, Hego Amerikatik ekarritako loro bat hil baita gaixotasunak jota.

Oraingoz gizakietan ez da gaixotasunaren eramailerik agertu, baina, badaezpada ere, zientzialari hungariar batzuek lanean aritu eta gripearen kontrako txertoarekin topo egin dute. Zorionez, %100 eraginkorra da, baina, ba al dago fidatzerik baieztapen horretaz? Mundua salbu al dago?

Honi guztiari buruz zer edo zer gehiago jakin nahi baduzu klikatu hemen (telebista pixka bat ere ikus dezakezu, edota egunkaria irakurri). Zure iritzia jakitea ere gustatuko litzaidake. Horrela bada, klikatu azpian.

Comments { 1 }
-->