About eagirre

Author Archive | eagirre

DiarioVasco.com sariketan irabazle izan gara!

Arratsaldeko 06:30ak inguruan genuen zita Maiterekin Jakintza Ikastolako ikasle eta Euskaljakintzako hiru partaidek. Euskaljakintza.com webgunea diariovasco.com sariketako finalistetakoa zela jakin bagenekien, eta baita irabazle izan gintezkeela ere, baina sekulakoa da saria jasotzeak eman digun poza!

sariarekin

Esan bezala, 06:30 aldera abiatu eta Manu, ikastolako zuzendaria, Tolosan jaso ondoren, Miramongo parke teknologikora joan gara 20:00ak inguruan hastekoa zen sari-banaketan egoteko. Iritsi baino lehen ere aurreko egunetan eztabaidagai izan duguna izan dugu berriz ere mintzagai: nork lagunduko Maiteri taulatura saria irabaztekotan? Batek ez duela balio, bestea erdi-gaixo dagoela… Lunch-a jango genuela esan zuenean, ez genuen bada halako oztoporik jarri! Azkenean, Maialeni egokitu zaio igotzea, eta, zer esango dut bada, Sara eta ni behintzat pozik geratu gara!

Ekitaldia hasteko 10 bat minutu falta zirenean, Maite batekin eta bestearekin hizketan: diariovasco.com-eko gerentea dela, Euskaltubeko administraria den Haritz Rodriguez dela, Luistxo Fernandez… Eta gu, berriz, noiz hasiko deseatzen, bai irabazle ote ginen jakin nahi genuelako, eta baita gosetuta ginelako ere! Ekitaldia hasi eta, hainbat sari eman ondoren, iritsi da gurea (Maite atzazalak beharrean, hatzak ere jaten ari zen ordurako!). Laukote “famoso” (nik ez nituen ezagutzen baina Golden Apple Quartet izena dute) baten zaratotsak egoerari are tentsio gehiago eransteko eta, azkenean, esan dute irabazlearen izena… EUSKALJAKINTZA!

Igo dira Maite eta Maialen saria jasotzera, bata irribarrea ezkutatu ezinik (berak hala nahi izan arren) eta bestea, berriz, musuak gorri-gorri zituela. Ekitaldia bukatu arte itxoin, eta denok tripa-festa egiteko prest geundenean, bateko argazkia dela, “miradme a mí, una foto” etab. Mahaiak beste puntan ikusten genituen eta gu flashen aurrean itsututa! Formalismoen ondoren, eta beste sarituak zoriondu bezain laster, izan dugu sabela betetzeko abagunea, nahiz eta eskaini dizkiguten pintxo guztiak ez diren hain onak izan (ikusi besterik ez dago “berenjena rellena de ternera” non geratu den bestela!).

Horretan ari ginela, ordura arte baino dexente isilago nik uste, iritsi zaigu Maite horrenbeste poztu duen berria. Iñigo Kortabitarte izeneko gizonkote bat (altua zelako diot hori!) etorri zaigu primiziatxo bat ematera: jaso dugun sariaz gain, publikoaren saria ere guri zegokigula esan digu, baina ez dugula jaso bi sari jasotzerik ez genuelako! Horrek bai borobildu duela eguna!

Beno, ba, horixe izan da gutxi gorabehera gaurko gauak eskaini duena, eta badakit baten bat penatuko dela hau entzutean, baina ezin izan dugu lunchetik ezer atera dena oso ona zegoen arren (pasteltxoak bereziki goxoak zeuden!). Zorionak eman nahiko genizkieke hemendik saria irabazi duten gainerakoei: Irungo udala, Euskaltube.com ataria, Euskal Camping elkartea, Gurutzeta sagardotegia eta Ikea. Eta baita saririk lortu ez dutenei ere! Tira, ba, horrelako sariak jasota, artikulu txanda bikaina egingo dugu hurrengoan, ezta? Euskaljakintza, behintzat, bide onetik doala erakusten dute honelakoek! Ondo segi!

Ateratako argazkiak ikusi nahi badituzue, egin klik hemen.

[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/6pA642oPpZ8" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

Comments { 15 }

Dionisio Amundarain: “Eliza beti egon da krisian, eta hala izan behar du; bestela, ez da Eliza!”

Dionisio Amundarain 1930. urtean jaio zen Itsasondoko Lukusin baserrian, 11 seme-alabako sendi batean. Gerra garaiko zailtasunek eraginda, txiki-txikitatik aritu behar izan zuen baserriko lanetan, bereziki artzain gisa. 10 urterekin, berriz, Lazkaoko komentura joatea erabaki zuen, berak dioenez, bere kontura. 1948an beneditar egin zen, eta 1953an apaiztu zen. Beneditar komentuan apaizgoaren oinarrizko ikasketak egin ondoren, Filosofia eta Teologia ikasi zuen Parisen eta Erroman, eskola dominikoetan. Ikasketa horiek erdaraz egin arren, euskara ikasi eta lantzen aritu zen Lazkaon, Elbira Zipitriak antolatzen zuen taldetxo batean. Laster hasi zen euskararen inguruan lanean eta itzulpenak egiten. Maizpide euskara barnetegiaren sorreran parte hartu zuen eta 1990. urtetik 1995. urtera bertako zuzendari izan zen. 60. eta 70. hamarkadetan alfabetatze ikastaroak antolatu zituen Goierri osoan. 1995. urtean erretiratu zen arren, oraindik itzulpengintzan eta euskalgintzan lan ugari egiten jarraitu du, eta duela gutxi, Egunean eguneko EBANJELIOA liburua argitaratu du.

Dionisio bere etxean elkarrizketa egunean

Oso gertukoa izan dut nik beti Dionisio, igandero berarekin bazkaldu izan dut, eta baita mus partida sutsuak konpartitu ere. Dena dela, inoiz ez zitzaidan otu orain arte berak egindako lanaren inguruan eta bere bizitzaren inguruan galderarik egitea. Oraingoan, elkarrizketa dotore samar bat egin nahi banuen behinik behin, ongi informatuta egotea ezinbestekoa nuen. Orduantxe ohartu nintzen zenbat gauza egin dituen euskararen alde, zenbat itzulpen, zenbat ekimen. Lazkaoko komentuan sartu omen zitzaion euskararekiko zaletasuna eta berebiziko fruituak eman ditu. Elkarrizketa honetan bere bizitzan zehar egindako lan aipagarria izango dugu hizpide, eta baita berak fedearen, Elizaren eta gizartearen inguruan duen ikuspegia ere. Lasaitzeko astirik eman gabe egin dugu hitzordua berarekin, oraintsu iritsi baita Puerto Ricotik. Gogoko omen du hara joatea, bertako jendearekin egotea gustuko omen du, haiena beste biziera bat omen da. Lazkaoko bere etxean hartu nau, liburu pila artean eta Koranaren itzulpena egokitzen amaitu berritan. Ezin esan asko kostatu zaigunik hizketan hastea, nik elkarrizketa artifizialagoa edo izango zelakoan nengoen, baina bere ahots lasaiarekin segituan murgildu gara galde-erantzunen munduan…

Duela gutxi iritsi zara Puerto Ricotik, maleta desegiteko astirik izan al duzu?
Maleta ez, maletak! Baina maleta desegin baino, nik ez nikek esango desegiten diadanik, askatu egiten diat. Askatu, eta ondoren gauza bakoitza bere tokian gorde. Hori bai, norbaiten laguntzarekin.

hordagoaZer moduzko bidaia izan da aurtengoa? Gustura ibili al zara bertan?
Hor bi galdera bazeudek, behintzat! Bidaiari buruz, joaterakoan oso ondo. Egunez izaten duk, eta luzea izan arren, liburu bat hartuta gustura joaten nauk irakurtzen. Honakoan, ordea, okerrago. Alde batetik 3 ordu lehenago aireportuan egon behar dudalako, baina aurten behintzat konpainian egon ninduan, gizon bat ezagutu nuelako bertan. Beste alde batetik, bidaia osoa gauez egiten dudalako eta nik ezin izaten dudalako lorik hartu. Hala ere, aurtengoan zortea izan nian Madrilen segituan hartu nuelako Hondarribirakoa, beste urteetan baino askoz azkarrago. Bakarrik, erosia nian Puerto Ricon kontrola pasata pattar botila goxo bat, arrebari eta gustatzen zaielako, eta aireportuan kendu egin zidatean, nik kontrola pasata izan arren. Gustura joango ez banintz, ez nindukek joango. Jada 14 urte dituk urtero joaten naizela, eta bero handia eta lan asko izan arren, oso gustura ibiltzen nauk.

Ohiko egun batean zer egiten zenuen bertan?
Bereizi egin behar dituk asteburuak eta aste barrukoak. Astean zehar seietan meza izaten nian, aurretik gimnasia pixka bat egin eta garbitu ondoren. Horretarako bostetan jaikitzen nitxoan. Meza eman ondoren, ordenagailua pizten nian, posta elektronikoa begiratu eta Euskal Herriko egunkariak eta Espainiakoak irakurtzeko, gainetik bazen ere. Ondoren otoitz saio labur bat, eta gero lan batera edo bestera. Astean bitan edo, aldi batean emakume batekin eta bestean bestearekin, gaixoak bisitatzera joaten ninduan, bertako hiru ospitaleetara. Beste hiru egunetan, berriz, han “oficina” edo esaten diotenera, parrokiako lanak egitera. Hori eguerdira arte, orduan bazkaria prest izaten nian. Bazkal ondorenean, solasalditxoa izaten genian bertako apaizok, 20 bat minutuz edo, eta ondoren ordubeteko siestatxoa egitera joaten gintuan. Horren ostean, bulegoko lanak bazeudean, bulegora eta bestela, ba, nire gelan lantxo batzuk egitera joaten ninduan. Bertan egoten ninduan lanean ospitalera joateko inork deitzen ez bazidan, iluntzera arte behintzat. Zazpiak inguruan, astean hirutan edo, andre bat etortzen zitzaidaan, farmazia batean lan egiten zian andre bat, oso fina, eta harekin joaten ninduan ospitalera gaixoak bisitatzera. Bertan egoten ninduan hamarrak edo hamikak arte. Larunbat eta igandeetan, berriz, meza bat izaten genian goizean, eta arratsaldean bi gehiago. Goizean meza eman ondoren, gaixoren bat bisitatzera joatean ninduan gehienetan. Igande arratsaldeko azken mezaren ondoren, aitorpenen txanda izaten zuan.

Nolatan joaten zara Puerto Ricora?
Nik badiat han Ataungo lagun bat, Iñaki Agirre, 1969an joan zuan bertara, nirekin apaizgoa ikasi ondoren. Eta duela 14 urte idatzi zidaan esanez apaiz falta zegoela bertako parrokiaren batean eta ea zergatik ez ote ninduan laguntzera joaten. Nafarroako erretore bat zegoen parrokiara joan ninduan, aurreneko bi urtez edo, baina hura utzi egin nian lan askorik ez zegoelako, meza batzuk emateaz gain. 1995ean, ordea, hango gotzain batek idatzi zidaan esanez apaiz faltan zeudela, udan batez ere. Idatzi nitxoan, eta hark eskatuta joan ninduan uda hartan. Ordutik bertara joaten nauk, pauldarren komentura.

Zeren bila joan ohi zara Puerto Ricora? Lortzen al duzu?
Ni hasiera batean ikustera joan ninduan, hura zer zen jakiteko gogoz edo. Baina denborarekin maitemindu egin nauk, nik uste diat nik eurei eman diedana baino askoz gehiago eman didatela eurek niri. Nik uste diat euren kultura jarraitzeko parada ezin hobea izan dudala. Batez ere gustuko diat jendearekiko harreman bizi-bizia, etxez etxe ibiltzea eta beste kultura bat, guztiz ezberdina, ezagutzeko aukera eman zidak. Oso ondo hartu nautek beti, beste biziera, pentsaera, jarrera bat ditek. Bertan bizitzeko Donostian Donosti, gorostian gorosti esaera aplikatu behar izan diat. Bertara joaten naizen bakoitzean neure buruari esan behar izaten zioat txipa aldatzeko, bertako bizimodura egokitu ahal izateko.Dionisio Maizpide barnetegiaren aurrean

Orain dela gutxi, urriaren 12a edo Hispanitatearen eguna ospatu dute batzuek. Ameriketako herritar eta indigenek zer ospaturik ba al dute?
Esan beharra zegok hango indigenetariko askok, hemen Euskal Herriko batzuek bezalaxe, euren herri edo izate kontzientzia galdua dutela. Eskerrak orain, bai Bolivian, bai Venezuela eta Mexikon zenbait indigena ari direla kontzientzia hori berreskuratzen. Horixe esaten ditek eurek, Kolonek ez zituela deskubritu, han zeudela aurretik ere, eta espainiarrek kolonizatu eta inbaditu egin zituztela. Zibilizazioa eraman genuela eta hori guztia egundoko gezurra duk. Indigenek ez zigutek edo ez zietek ezer zor, ez baikenien zibilizaziorik eraman; alderantziz, milaka eta milaka indigena hil genitian animalien moduan. Zorionez, gaur egun, indigenismoa indarra hartzen ari duk. Alde horretatik, nik uste Elizak kalte eta akats ugari egin dizkiala, garai hartako misiolari asko eta asko inbaditzaile gisa joan baitziren. Zorionez, beste misiolari batzuk izan zituan indigenen alde atera zirenak. Misiolari joaten denak jakin behar dik eurek kultura propioa eta izate propioa dutela, eta hori errespetatu behar dela. Mespretxu horren adierazgarri duk, adibidez, bertako meza-abesti guztiak espainiarrak izatea, bertakoak horren musikazaleak diren arren. Puerto Ricon ere hasi duk entzuten indigenen kontzientzia horren zerbait. Nik uste indigenek benetan behar dutena laguntza ekonomikoa dela, baina ez esplotatuak izateko, baizik eta bizi diren bizimodutik ateratzeko. Eta, aipatu nahi niake bertakoak ez direla indioak, indigenak edo bertako jendea baizik. Indio deitzen zieagu, baina hori kontzeptu mespretxagarria duk. Han ere jende askori pasa zaiok espainol kolonizazioa jasan duela, hemen Euskal Herrian bezala, eta ondorioz berezko izaera galdu dutela.

Biblia euskarara itzulia duzu, baina, txori txiki batek orain Korana itzultzen hasi zarela esan dit. Islam-era bihurtu behar al zara?
Nik ez diat euskaratu biblia, euskaratu egin diagu. Talde batean lan handia egin genian, protestante eta katoliko artean. Benetan lan ikusgarria, euskara batuan egindako lehena, nahiz eta aurretik euskalkietan ere bazeudean. Korana, berriz, lehendabizi Ugaldek itzuli zian, baina niri Gonzalez de Txabarri ahaldun nagusiak eskatu zidaan ea nola argitaratu genezakeen liburua. Hasi gintuan, bada, argitaratzeko lanean, eta posible izan zenean, musulmanei galdetu geniean eta haiek ez zitean onartu, itzulpen hau espainiar itzulpen batean oinarriturik zegoelako eta musulmanek ez zitean itzulpen hau onartzen. Zailtasunak jarri zitiztean eta nik hartu nian ardura eurek onartutako itzulpen batean oinarrituta itzulpena egokitzeko. Beraz, itzulpena Ugalde eta bion artean egin genian. Horrek ez dik esan nahi inondik ere Koranera bihurtu behar naizenik, eta orain irakurri eta gero are gutxiago. Errespetatzen dudan arren, argi zeukaat ez naizela Islamera bihurtuko. Hor dagoen funtsezko irakaspena Alarekiko eta Jaungoikoarekiko lotura dela uste diat, benetan aberatsa. Hala ere, Jaungoikoarekiko harremanen inguruan eta gizakien arteko bizitzaren inguruan ematen duen ikuspuntua ez duk inondik inora nirearen antzekoa. Ez eta giza jokabidearen inguruan ematen duena ere. Orain Deustuko unibertsitateak asmoa dik munduko erlijio guztien inguruan euskarazko argitalpenak egiteko. Interesgarria bilatzen diat beste erlijioak ezagutu ahal izatea euskaraz.

Komentura 10 urte zenituela joanik, ez duzu uste familiaren goxotasunaz ez zenuela behar adina gozatu?
Eta sei urterekin Aralarren artzain ibiltzen nintzenean? Eta bost urterekin Gaintzan eta Gabirian-eta ibiltzen nintzenean? Gaur egungo gazteak bezala hazi ginela uste al duk? Gu belar motxean haziak gaituk. Dena dela, nik komentuan oso esperientzia ona izan nian. Gure artean oso giro ona genian, eta lanorduak eta jolaserako orduak eta abar oso ongi banaturik genizkian. Beharbada psikologikoki egongo zuan zerbait, baina nik oso ongi pasa nian bai haurtzaroa, bai eta nerabezaro edo gaztaroa ere.Dionisio bere etxean elkarrizketa egunean

Zerbaiten damurik bai?
Damuak, damuak… gehiago egin ez izana. Eta, batez ere, formazio aldetik behintzat, guk ez genuela izan oraingo aukerarik hizkuntzak ikasteko. Nik nolabait faltan bota diadana matematika duk, eta horrez gain hizkuntzak ere bai. Txikitan ez genizkian ikasi, eta gero berandu hasi ninduan. Frantsesa bai, aukera hori izan nian, baina alemana eta ingelesa eta horiek ikasten berandu hasi ninduan. Alemana nahiko ongi ikasi nian, baina gero erabilera faltarekin eta erabat ahaztu nian. Ingelesa, berriz, ez nian inoiz ikasi. Alde batetik, berandu hasi nintzelako eta, bestetik, bere fonetika edo ez zegoelako nire belarrira egina. Gainera, 55 edo 60 urterekin hasi ninduan ikasten. Baina formazio alde hori izan ezik, nik bizitza nahiko ongi eraman diat eta alde horretatik damu partikularrik ez.

Zeintzuk dira, zure ustez, pertsona batek izan behar dituen dohainak?
Lehentxeago jaso diat mezu bat esanez gizon bat hil dela, 97 urtekoa. Eta oroitu nauk, irailaren 8an izan genuela Puerto Ricon afari bat haren urtebetetzearen omenez. Eta nik gizon hartaz pentsatzen diat, Jesusek esan zian bezala, benetako israeldarra zela, hau da, benetako gizona edo emakumea. Beste hitz batzuetan esanda, jatorra, gizon edo emakume jatorra. Ez gezurtia, ez azpijokoan ibiltzen dena, inbidiarik gabea, ingurukoez arduratzen dena… Jatorra hitz batean.

Erlijio-mundutik abiatu zinen, urte luzeak eskaini dizkiozu euskarari, berriro abiapuntura itzuli al zara?
Beno, ni biak konbinatzen saiatu nauk. Erlijioa ez diat sekula alde batera utzi, ezta gutxiagorik ere, urte batzuetan euskararen alde buru-belarri aritu ninduan, Maizpiden eta ibili nintzenean. Gerora, Maizpide eta Jaurlaritza utzi nituenean, erretiratu nintzenean, ohartu ninduan euskara lantzeko jende asko zegoela, baina uste nian Eliza mailan bazegoela hutsune bat, eta oraindik ere badagoela, eta erretiratutakoan edo horri heldu nioan. Itzulpen pilo bat egin diat maila teologikoan eta liturgikoan, horrekin liburu bat ere prestatu diat euskarazko Ebanjelioarekin. Eta horrela, ba, biak lotu nizkian. Dena den, erlijioa esatean bereizi egin behar dela uste diat. Nik uste diat bai Puerto Rico bai Euskal Herria oso erlijiosoak direla, baina ez duk gauza bera erlijioa eta fedea. Fedea nik uste diat norberaren eta Jaungoikoaren arteko harreman pertsonala dela, zerbait gehiago badagoela pentsatzea. Eta esan behar diat, orain Jaungoikoa nire baitan eta neure burua haren baitan duela 20 urte baino askoz biziago dudala. Askoz gertuago sentitzen dizkiat orain Jaungoikoa, Amabirjina eta nire gurasoak ere. Nik inoiz egingo ez dudana duk alderdi politiko batean sartu, arazo moral izugarria suposatuko bailidake. Hauteskundeak iristen diren aldiro, sekulako arazoa izaten duk niretzat, botoa zeini eman pentsatu behar dudalako. Hori bai, momentu jakin batean alderdi politiko jakin baten aurka izugarrizko injustizia egiten ari zela ikusi nuenean, bai egin nian halako aitorpen publiko bat, baina alderdi politiko batean sekula ez.Elizen arteko biblia liburua.

Gero eta bokazio gutxiago dago, elizak husten ari dira… Eliza krisian ote da?
Horri buruz nire hausnarketa partikularra egin diat. Nik uste diat Eliza sinesmen kontua dela, ni eliztarra nauk sinesten dudalako bai Kristorengan, bai Jaungoikoarengan… Beraz, nik uste diat Eliza gauza bizia dela eta bere funtsa edo misterioa duela. Orduan nik esaten diat, benetan hainbeste eliztar bazeudean, misterioan sinesten zutenak eta halako konbentzimenduarekin, hori horrela uzterik bazegok? Txamarra bat aldatzen dugun bezala, uzterik bazegok? Niri iruditzen zaidak hori utzi duenak ez duela benetako konbikziorik; bestela, ez likek utziko. Bokazio gutxi dagoela? Beno, baina pentsa dezagun soziologikoki. Gu 11 seme-alaba ginen, eta horietatik bat apaizgorako sartzea ez zuan misterioa. Gaur egun, ordea, 2 seme-alaba edo izaten dituk, atera kontuak. Nire kasuan amak esan zidaan beneditarretara joateko, anaia gerran hila zelako eta artalderik gabe geratu ginelako. Ni, eskola handirik hartu gabea izanik gerra garaian eta lanean aritu nintzelako, joan ninduan eta gustatu zitzaidaan. Normala ez zena garai batean seminarioetan egoten zuan jende pila zuan. Gainera, gaur egun ere bazeudek beste bokazio batzuk, erlijiosoak izan ez arren, bokazioak direnak. Edo GKEetan misiolari gisa lan egitea ez al duk bokazioa? Apaiz falta dagoela? Agian, hemendik urte batzuetara gutxiago izango gaituk eta nahikoa izango dituk egongo den lanerako, ehorzketetarako eta abar. Nik ez diat uste Eliza krisian dagoenik, agian krisian zegok duela gutxi arte izan dugun Eliza eredua.

Egunean eguneko ebanjelioaZein neurri hartu beharko lirateke Eliza biziberritzeko?
Nik uste diat Eliza beti egon dela krisian, eta gainera horrela izan behar duela. Bere buruari galdetzen ez dion Eliza, barne-gogoeta egiten ez duena, bere buruaz azterketarik egiten ez duena ez duk Eliza. Ebanjelioa esaten dugunean, ez duk duela 2000 urteko mezua era berean ematea. Birmoldatu egin behar duk garai berrietara, egokitu, birpentsatu. Beste kontu bat duk jendeak zein neurritan hartzen duen Eliza modu horretan. Maila sozialean ere ikusten duk hori. Garbi zegok egungo Euskal Herrian badaudela gauzak egiteko, bai maila sozialean, bai maila politikoan, bai maila ekonomikoan… Baina nola bultzatu jendea horretara, jendeak parte hartzen al dik? Gazteen kasuan eskola eta kirolez gain, ez al zegok gizaki bezala jokatu eta pentsatzeko ezer? Nik bai gazteen bai helduen artean pasotismo handia ikusten diat. Gurasoen artean ere, zenbat arduratzen dituk seme-alaben heziketaz, euren soldatez baino gehiago? Nik alderdi horretatik nabaritzen diat falta izugarria, gizaki bezala bizi, kezkatu eta pentsatzeko falta edo.

Etorkin ugari etorri da Goierrira, hizkuntza mordoa galbidean omen da munduan… Nola ikusten duzu zuk euskararen etorkizuna?
Beno, beno. Nik esperantzaz ikusi nahi niake. Galbidean egon duk, Francoren garaia eta izugarria izan zuan. Ahalegin handia egiten ari gaituk, eta nik uste diat gazteen baitan dagoela. Ea aurre egiten diozuen inguruko kutsadurari. Ea kontuan hartu nahi duzuen non jaio eta bizi zareten. Ea bakarka edo herri eta gizarte gisa bizi nahi duzuen. Ea konturatzen zareten herri bezala bizitzeko hizkuntza zeinen garrantzitsua den. Orduan, euskararen etorkizuna nik esperantzaren kontra esperantzaz ikusten diat. Egoera okerragoak pasa dizkik. Orain, hiru herrialdeetan -EAEn- ahalegin handia egiten ari duk, Nafarroan ere mugimendu handia zegok, nahiz eta laguntza handiegirik ez duen, hori bai, Iparraldea ikusten diat nahiko narras. Nik uste diat hiru herrialde hauek independiente izatea lortuko bagenu, laguntza handia emango geniekeela Nafarroari eta Iparraldeari. Orduan, maximalismoa politika mailan ez diat maite. Orain Ibarretxek hiru herrialdetarako plan hori planteatu duenean, eta lortuko bagenu hiru herrialdeak independente izatea, edo behintzat autonomo izatea, askoz laguntza handiagoa eman ahalko genieke bai Nafarroari eta bai Iparraldeari euskararen alorrean. Nik bistan zeukaat ez dudala independentzia hori ikusiko.

Dionisio ez da egonean egotekoa, zertan ari da lanean orain?
Orain, esan diat Koranaren itzulpena bukatu dugula, eta lehendik atzeratuta neuzkaan lantxo batzuk-eta amaitzen eta ordenatzen ari nauk. Eta bihartik aurrera, oraintxe bidali dizkidaten euskarazko kapitulutxo batzuk itzultzen. Eta horrez gain, ba, utzita nizkian beste lantxo batzuk aurreratu eta lanean jarraituko diat. Gero, liturgiako artikulu batzuekin eta lanketa bat. Azkenik, bazeukaat beste lan luze bat, baina beste hauekin guztiekin, ba hortxe zegok, aparkatuta.

Benetan elkarrizketa ederra izan da, luzea (nahi duenak oso-osorik entzun dezake mp3an: 1, 2, 3 eta 4) baina benetan mamia duena. Hemendik eskerrak eman nahi nizkioke Dionisiori bere bizitzaren beste alderdi hori erakusteagatik eta, nola ez, elkarrizketagatik, agian nire errua ere izan baita orain arte gehiago ez galdetu eta interesatu izana. Besterik gabe, hurren arte Euskaljakintzazaleok! Izan untsa!

Comments { 7 }

2007an ere 2004ko tsunamia gogoan

Aurten ere bagatoz Jakintza Ikastolako ikasle talde berri bat euskaljakintza blogean buru-belarri lan egitera. Urte berria, ikasle berriak eta, nola ez, diseinu eta helbide berriak euskaljakintza blogarentzat: euskaljakintza.com! Espero dezagun aurtengo urtea ere iazkoa bezain oparoa edo oparoagoa izatea, ikasleok (eta irakaslea ere bai, nik uste!) irrikaz gaude artikulu interesgarriak argitaratzen hasteko, eta hona hemen ikasturte berriko lehena.

Jada pasa dira ia 3 urte Gabon egunaren biharamun hartan, ohetik jaiki bezain laster, notizia lazgarri bat entzun genuenetik: Richter eskalan 9,2 graduko lurrikara gertatu omen zen Indonesiako kostaldetik gertu samar, eta honek eragin ei zituen ondorengo tsunami edo olatu erraldoiak. Olatu hauek sekulako txikizioa eragin zuten kostaldea gogor kolpatzean, Indonesiatik hasi eta Kenyaraino, turista eta herritar pobreengan, txabola zahar eta hotelak astindu zituzten diferentziarik egin gabe. Hiru urte luze igaro dira ordutik, hiru urte tsunamiaren ondorioak pairatu zituzten estatuetako agintariek, GKEek segurtasun ezaren inguruan egindako kritiken aurrean, errua elkarri bota ziotenetik, herritarren zoriaz arduratu beharrean. Kritika horiek mundu osoan hautsak harrotu zituzten, jendea ohartzen hasi baitzen Phuket (Tailandiako zona turistikoa) eta inguru horietakoak ez direla bidaia agentzietan deskribatzen dizkiguten paradisuak, ez, bertako txabola kaskarretan bizi direnentzat behinik behin.


Duela egun gutxi egun haiek gogorarazi zizkigun beste itsasikara batek, eta ondoren indar izugarrizko erreplika batzuek, ingurune berak astindu baitzituzten berriz ere. Horrek eraman nau berriz ere gai honetan pentsatzera, ea zertan ote den egoera Indiako Ozeanoan. Hartu ote da neurri berezirik honelako egoerei aurre egiteko? Zer gertatuko ote zen joan den asteko itsasikararen ondoren tsunamia gertatu balitz?

Esan bezala, joan den asteko asteazkenean, hilak 12, Richter eskalan 8,4 graduko indarra izan zuen itsasikara gertatu zen Bengkulu hiri indonesiarretik 130km mendebaldera, 30km-ko sakoneran. Hasiera batean, Indiako Ozeanoko herrialde ia guztietan alarma piztu bazen ere, azkenean ez zen tsunami izugarririk gertatu, Kenyako kostaldera 3-4 metroko olatuak iritsi ziren arren. Tsunami honen ondoren, 5 bat graduko 4 erreplika izan ziren, eta hauen ondoren 7.7, 7.2 eta 6.8 graduko hiru itsasikara gehiago izan ziren, eraikinen hustea berriro eraginez. Orotara 25 inguru izan ziren hildakoak eta milaka zaurituak. Horrez gain, Bengkulu eta inguruko zenbait herritan eraikinen %80 jausi ziren eta itsasikararen eraginak handik ehunka kilometrora dagoen Jakarta hiriburuan ere nabaritu ziren.

Dirudienez, itsasikarak tsunamia sortzeko arriskua ez zen oso handia, lurrazaletik 30km-ko sakoneran gertatu baitzen lur mugimendu nagusia eta ondorengoak, berriz, 15km-ko sakonera inguruan. NBEan lan egiten duen aditu batek adierazi zuenez, sakonera txiki horren ondorioz tsunami arriskua jaisten bada ere, itsasikarak bortitzagoak izaten dira.

Badirudi oraingoan Indonesiako gobernuak eman duen erantzuna egokia izan dela, duela 3 urte herrialde hartan 130.000 biztanle hil zirela kontuan hartuz, zenbait abisu sistema hobetu baitituzte. Izan ere, inguruko beste herrialde batzuen aldean, askoz ere neurri eraginkorragoak hartu dituztela esango nuke nik, bi arrazoirengatik: batetik, Jakartako gobernuak izugarrizko diru-laguntzak jaso zituelako 2004koa errepika ez zedin eta, ondorioz, inguruko herrialdeek ez dituzten abantailak dituelako; eta beste alde batetik, bertako agintariek ezin jasango luketelako duela hiru urteko tsunamiaren errepikapen bat, iritzi publikoaren aurrean lotsagarri geratuko bailirateke; esan behar baita 2004ko tsunami hark eragin zuen hondamen nagusia Indonesian izan zenez (226.000 hildakoetatik 130.000 bertan izan ziren eta Banda Aceh hiria guztiz suntsitu zen), kritika nagusiak Indonesiak jasoko lituzkeela honelako kasu bat errepikatuko balitz.

Duela 3 urteko tsunami hark eragin zuen hondamendiaren erantzukizuna neurri batean gobernarien esku dagoela argi samar dagoela iruditzen zait, edo euren esku edota Indikoan Pazifikoan dagoen alerta eta detekzio sistema bezalako bat jartzea eragotzi dutenen esku. Izan ere, herritarrek ez zuten inongo oharrik ez abisurik jaso jada bidean zen tsunamiaren inguruan eta hori detekzio sistema osatu gabe zegoelako gertatu zen ezbairik gabe. Oraingo honetan, herrialde guztiek lau haizeetara zabaldu dute sistema hori osatuta dagoela, beranduegi bada ere. Nire ustez, lotsagarria da alde batetik ingurune horiek guztiak eraikuntzez betetzea (turismoa erakartzeko), bitartean herritarrak honelako hondamendien aurrean babesgabe badaude. Kontuan izan behar dugu Pazifikoko detekzio sistema 1960 inguruan sortu zela, eta AEBk, euren interesei jarraiki, Pazifikoan barreiaturik zeuden herrialde guztiei “oparitu” ziela sistema hau. Indikoan munduko potentzia erraldoirik egon ez denez (ez, duela gutxi arte behintzat), ez dute halako zorterik izan eta gisa honetako txikizioa gertatu arte itxaron behar izan dute sistema hau ezagutzeko.

tsunamiZein ote da bada aipaturiko sistema honen helburua? Nola funtzionatzen ote du? Ezarri den sistema honen helburua balizko tsunami horiek atzeman, neurria eta indar maila neurtu eta ahalik eta lasterren alerta bidaltzea da. Guztira, 23 kontrol-puntu daude Indiako Ozeanoan, uraren maila neurtzeko gailuz eta sismografoz horniturik daudenak. Hauek biltzen duten informazioa zuzenean 25 herrialdetan kokaturik dauden zentro espezializatuetara bidaltzen da, hauetan informazio hori bildu eta aztertu ondoren, abisua pasatzen zaie arriskuan dauden herrialdeei. Horrez gain, milioika gutun banatu dira herritarren artean tsunamien aurrean nola jokatu behar duten irakasteko. Azkenik, esan India, Tailandia, Indonesia eta Australia ur-azpiko detektagailu sistema berri batean lanean ari direla, ur-gainekoak baino zehatzagoak direlako.

Duela hiru urteko itsasikarak, tamalgarria izanik ere, azkenean ondorio onen bat izan duela uste dut nik, hurrengo batean prestatuago egongo baitira naturaren honelako “zigor” bati aurre egiteko. Dena dela, aipatu nahi nuke penagarria iruditzen zaidala oinarrizkoak eta guztiz beharrezkoak diren sistema hauek izateko mundu osoaren arreta bereganatuko duen hondamendiren bat gertatzea. Espero dezagun naturak gisa honetako “ohar” gehiago eman beharrik ez izatea beharrezko neurriak hartzeko, eta egin dezagun bultza mundu osoa ohar dadin guztiz bidegabea dela hondamendi naturalen aurrean segurtasuna banaka batzuek soilik izatea.

Hona hemen 2004ko tsunamiaren bideo bat, fenomeno natural hauen indarraren adibide gisa:

[kml_flashembed movie=”http://www.youtube.com/watch/v/IGtOxv1sYwU” height=”425″ width=”350″ /]

Comments { 5 }
-->