About ediez

Author Archive | ediez

2008ko EXPOa Zaragozan

Lehengo batean, lagunekin nengoela, hurrengo oporretara nora joan gintezkeen pentsatzen aritu ginen. Leku batzuk proposatzen hasi eta niri Zaragozara joatea bururatu zitzaidan, EXPOa dela eta. Orduan, EXPOa zer izango ote den galdezka hasi ginen. Etxera heltzean, ordenagailua piztu eta arakatzeari ekin nion.

Zer da EXPOa?

Uraren inguruanExpo Zaragoza 2008EXPOa, gaztelaniazko izenak iradokitzen duen bezala, erakusketa bat da, nazioartekoa eta arautua, Nazioarteko Erakusketen bulegoak eramaten duena. Lehenengoa, Londresen izan zen 1851. urtean. Bertan, hiri askok hartu zuten parte eta arrakasta itzela izan zen. Erakusketak interes berezia piztu zuen beste hirien artean eta Parisen ere beste bat antolatzea erabaki zen. Erakusketa honen aitzakiaz jaio zen Eiffel dorre ezaguna.

Erakusketa honen arrakasta ere izugarria izanik, hiri ezberdinak hurrengoa antolatu nahian hasi eta, azkenean, hau bideratu beharra zegoela pentsatu zen. Gauzak horrela, hiriak bozketen bidez hautatzen hasi ziren. 2008. urteko EXPOa Zaragozan egingo da; izan ere, urte honetarako, Salonica (Grezia), Trieste (Italia) eta Zaragozaren artean hainbat bozketa egin eta gero, Zaragoza suertatu baitzen garaile.

Zaragozan…

XXI. mendeko lehen nazioarteko erakusketa 2008ko ekainaren 14an hasi eta 3 hilabetez luzatuko da, irailaren 14ra arte. Esposizio gunea, Ebro ibaiaren ertzean izango da eta, bertan, 90 hiri baino gehiagok hartuko dute parte. Aukeratu duten leloa uraren erabilera egokiaren ingurukoa da, ura ezinbesteko elementua baita gure bizitzan. Honen inguruan, pabiloi gehienetan hitzaldiak antolatuko dira.

Eraikin nagusiak

Eraiki berri dituzten eraikuntzak urarekin zerikusi handia izango dute. Hona hemen horietako batzuk:

Zubia

Zubia

Hau izango da erakusketaren gunera sartzeko sarreretako bat. Zaha Hadidek eginiko zubia dugu. 270 metroko luzera du eta Ebro ibaia zeharkatzen du. Bertan, ura baliabide bakarra dela erakutsiko digute hainbat erakusketaren bitartez.  

Uraren dorrea

Uraren dorrea 

Ur-tanta itxura duen eraikin handi bat izango da. 76 metroko luzera izango duenez, Zaragozan dauden eraikinetatik altuenetarikoa izango da. Hemen,  Ura bizitzarako erakusketa bisitatu ahal izango da. Eraikin honen kanpoko aldean, urez eginiko gortina bat eta iturri ikusgarri batez gozatu ahal izango dugu. Barrualdean, berriz, Splash izeneko 23 metroko eskultura aurkituko dugu.             

Aquariuma

Aquariuma

Hainbat materialez osatua (hormigoizko panelak, zeramika, beiraz…), paretak ur-gortina batez estaliak izango ditu. Aquariumeko erakusketaren izena Uraren paisaiak izango da, eta munduan dauden ibai garrantzitsuenetako erakusketak ikusi ahal izango ditugu bertan. Erakusketa bakoitzean, ibai baten egoera naturalean murgiltzeko aukera izango dugu eta, horretarako, apaingarri, doinu, argi efektu eta tenperatura aldaketak egongo dira.

FluviFluvi

Fluvi Zaragozak 2008ko EXPOa irudikatzeko aukeratu duen maskota da, Sergi Lopez katalanak diseinatutakoa. Ur-tanta baten itxura du, urdina da eta begi borobil eta beltz-beltzak ditu.

Ikuskizunak

Erakusketak alde batera utziz, EXPOak iraungo duen 93 egunetan zehar, makina bat jazoera egongo dira, gehienak kulturalak. El circo del sol ikusteko aukera izango du, besteak beste, bertara joaten den bisitariak. Festa dezente ere egingo dira eta ez dugu aspertzeko betarik izango. Gainera, egunero EXPOaren eremuan, kaleko antzerkiak egongo dira. Auditorioan, berriz, musika klasikoko kontzertuak antolatu dituzte. Ikuskizunak egunez eta gauez, hauek ugariagoak, izango dira. 

Anima zaitezte!

 

Comments { 4 }

Uxue Alberdi: “Askoz ere gauza gehiago ikusten dira begi literarioekin”

Uxue Alberdi 1Ikasturte hasieran, Maitek liburu bat hautatzeko eta irakurtzeko esan zigun. Nik ez nekien zein liburu irakurri eta nire auzoko liburu denda batera abiatu nintzen. Dendan zeuden liburuen laburpenak irakurtzen hasi nintzen, baina liburu haiek ez zuten inondik ere nire irakur-mina piztu, liburu dorre handi baten azpitik agertzen zen batek atentzioa eman zidan arte. Atzean zekarren laburpena irakurri eta gustatu egin zitzaidan. Liburua Uxue Alberdiren Aulki bat elurretan zen eta gehiago pentsatu gabe hautatu egin nuen. Gero, Maiteri hautaketaren berri eman nionean, Iratik ordurako hartua zuela adierazi zidan (aurreko artikuluan irakurri ahal izango zenuten legez), baina hori beste kontu bat da…. Ezingo nuen liburu hori Irakurlearen Txokorako erabili, baina, hala eta guztiz ere, irakurri eta egilea elkarrizketatzeko aitzakiatzat hartuko nuen.

Uxue Elgoibarren jaio zen 1984. urtean. Kazetaritza ikasketak burutu ditu eta, egun, literatura idatzian zein bertsolaritzan ibiltzen da, besteak beste. Arestian aipatutako liburua, Aulki bat elurretan, bere lehen liburua da. Istorioa Suedian kokatzen da, Iratik atzo esan zigun moduan, eta 17 ipuin laburrez osatua dago. Esan bezala, emakume interesgarria iruditu eta berarekin harremanetan jartzea otu zitzaidan. Hona hemen Uxueri egindako elkarrizketa.

Noiz konturatu zinen idaztea gogoko zenuela, Uxue?
Inoiz ez nuen pentsatu idazle izan nahi nuenik. Txiki-txikitatik izan dut gustuko idaztea, eta denborak aurrera egin ahala, idazteak gero eta gehiago betetzen ninduela konturatu nintzen. Saiatzen naiz literaturari eta, orokorrean, sorkuntzari ahalik eta denbora gehien eskaintzen. Oso ondo pasatzen dut irakurtzen, idazten, bertsotan…

Bertsolaritzan aritzen zarela jakin dut. Zer duzu gustukoen bertsolaritza ala literatura?
Ezingo nuke aukeratu, eta, gainera, biak egin badaitezke, zertan aukeratu? Oso jarduera desberdinak dira, eta bakoitzak bere alde onak eta txarrak ditu: bertsolaritza oso bizia da, beti lagunartean egiten da (bai saioetan eta baita bertso-eskolan ere), jendearen erantzuna, erreakzioa, bat-batekoa da… Baina alde txarrak ere baditu: askotan agintzen dizkiguten gaien inguruan abestu behar izaten dugu, eta agintzen diguten luzeran, gainera. Batzuetan, ez daukagu gai bati kantatzeko gogorik, edo ez dugu gaia asko kontrolatzen, edo bi bertso kantatu beharrean 10 kantatuko zenizkioke gaia asko interesatzen zaizulako, baina ezin duzu. Literaturak aukera hori ematen du: nahi duzunari buruz idatz dezakezu, nahi duzun beste pentsatuta eta nahi duzun besteko luzerarekin. Bertsoak mugak ditu: denbora, errima, neurria… eta horregatik da hain erakargarria, baina nik eskertzen dut literaturak ematen duen askatasuna ere.

Zure lehen liburuak arrakasta handia izan duela ikusita, beste libururen bat egiteko asmorik ba al duzu?
Ari naiz idazten. Joseba Jaka beka eman zidaten eleberri bat idazteko, eta horretan ari naiz. Aulki bat elurretanUrtebeteko epea dut buruan dudana paperera pasatzeko. Hamaika makila izango da liburuaren titulua eta kostaldeko herri batean kokaturiko istorioa da, aitona-amona koadrila bat duena protagonista. Orain Getarian bizi naiz, eta ea kresal usainak inspiratzen nauen!

Aulki bat elurretan liburuaren proiektuarekin Beasaingo Igartza saria irabazi zenuen, ezta? Zer suposatu du horrek zure bizitzan?
Igartza, saria baino gehiago, beka da. Horrek esan nahi duen guztiarekin: sari batek momentuko errekonozimendua eman dezake, baina beka denbora erosteko modu bat da. Askotan zaila da 8 ordu lanean ematen badituzu, etxera itzuli eta ordenagailu aurrean berriro lanean hastea, are gehiago aurreko 8 orduetan ere kazetari, itzultzaile edo halako lanetan aritu bazara. Beka horiei esker denbora eros dezakezu, lan gutxiago egin eta idazteari denbora gehiago eskaini. Hori guztiaz gain, noski, izugarrizko poza ematen du norbaitek zugan konfiantza jarri izanak, jakiteak epaimahaiko bati zure lana gustatu zaiola eta liburu bat idazteko aukera eman nahi dizula.

Zein izan da zure inspirazioa liburu hau idazteko garaian?
Kazetaritzako 3. maila Suedian egin nuen. Euskal Herrian bizi nintzela, mila kontutan sartuta nengoen, eta ez nuen idazteko tarterik topatzen. Nahita eskatu nuen Erasmus beka, idazteko denbora hartu nahi nuen nire betiko ingurunetik kanpo. Nik banekien Suedian idatzi egingo nuela, ez nekiena zen ondoren idatzitakoa liburu bihurtuko zenik. Eta Suedia perfektua da inspiratzeko, oso literarioa da: gau luze-luzeak genituen, hotza, elurra, beste gizarte mota bat nuen inguruan… Eta kanpora zoazenean beti zaude bi begiak zabal-zabalik, dena jasotzen, interpretatzen, zure eskemak puskatzen, jende berria ezagutzen… Azken batean, inporta zaizkidan gauzei buruz idatzi dut, barrua ukitzen didaten gauzei buruz. Suediara joan beharrean Txinara joan izan banintz ere idatziko nukeen, baina liburua oso diferentea zatekeen.

Uxue Alberdi 2Zergatik aukeratu duzu izenburu hori liburuarentzat?
Liburuaren izenburua izateaz gain, ipuin baten izenburua ere bada. Behin, unibertsitatetik herrira autobusez nindoala, hilerri baten albotik pasa ginen, eta egurrezko aulki txiki bat ikusi nuen hilarri baten ondoan. Hurrengo egunean argazki kamera hartuta joan nintzen aulkitxoari eta hilarriari argazkia ateratzeko asmotan, baina aulkia ez zegoen han. Orduan nire buruari galdezka hasi nintzen: non egongo da aulkia? Norena ote da? Nork ekarri ote du? Eta nork eraman? Eta nor ote da hildakoa? Zein harreman ote du aulkian eserita dagoenarekin? Eta hala sortu zen ipuina, maitasun handia diot istorio horri. Niretzat horixe baita literatura: mundua ikusteko beste modu bat: askoz gauza gehiago ikusten dira begi literarioekin, ez dauden istorioak ere badaude literaturan. Kanposantuko aulkia ikusi eta istorio bat ikusten nuen nik, eta hori oso polita da.

Liburua ipuin solteez banatuta dago, baina ipuin horiek guztiek badute elkarrekin zerikusirik…
Bai, leku berean gertatzen dira, giro berean… Independenteak dira, baina bada guztiak lotzen dituen behe laino moduko bat. Suediak batzen ditu.

Zer nolako eragina izan du zure bizitzan Suedian urtebete egoteak?
Uste dut denok bizi behar genukeela halako esperientzia bat. Niri ikaragarri gustatzen zait bidaiatzea eta jende berria eta kultura berriak ezagutzea. Alde horretatik, Erasmus beka izugarria da. Asko ikasten da eta nork bere burua ezagutzen laguntzen du.

Besterik gabe, eskerrak eman nahi dizkiot Uxueri ikasle umil bati galderatxo hauek erantzuteko astia hartu duelako. Oraingo honetan, ezin izan genuen elkar ezagutu, lastima. Agian, beste batean izango da… Amaitzeko, euskaljakintzatik zorterik onena opa nahi diogu. Ea lan berriarekin aurrekoarekin lortutako arrakasta eta oihartzuna lortzen duen!

Comments { 4 }

Simstarren unibertso liluragarria

Sims 2Egun hauetan denok pentsatu dugu Olentzerori zer eskatu. Egia esan, buruan opari ugari izan ditugu. Batzuek arropa eskatuko zenuten, edo, agian, beharrezko objekturen bat, kontsolak…mila gauza. Oraintsu, ordea, Erregeei zer eskatuko diegun pentsatzen ari gara. Nik, egia esan, oraindik ez daukat garbi, baina interneten arakatzen ibili ondoren, joko batzuen berri izan dut. Hona hemen ikusi dudana.

SIMS 2, ordenagailuarentzako joko interesgarria dugu. Joko honetan familia ugari sortu eta beraien bizimodua kontrolatu ahal izango duzu. Hiriak, etxeak, eta abar eraiki beharko dituzu horretarako. Horretaz gain, sortutako familia zure gustura moldatu eta kontrolatu ahal izango duzu. Kontrolatu bakarrik, ez, noski, zaindu ere egin beharko dituzu; bestela, ez dira gustura sentituko eta deserosotasun horrek beraien bizimoduan eragina izango du.

Sims berritua ustekabe ugarirekin dator. Sims deituriko pertsonaia hauek hazi egingo dira eta hainbat fase igaroko dituzte. Haurrak, infante, nerabe, heldu  eta, azkenik, edadetu izango dira. Aldi hauek igarotzen dituzten bitartean, Sims bakoitzak hainbat eginkizun izango ditu. Horretaz gain, pertsonaiei zorigaitz edo gauza on asko gertatu ahal izango zaizkie, adibidez, pertsonaiak hil egingo dira edo umeak edukitzeko premia izango dute. Ikusten duzuen bezala, joko honek errealitatearekin antza izugarria dauka.

Aurreko hariari jarraiki, hainbat hiri sor dezakezu eta zure familiarentzako egokia den zonalde batean etxea eraiki. Era askotako etxeak egin daitezke: lorategi batez inguraturik, nahi dituzun metro karratuekin (txikiak, handiak..), hainbat solairu dituztenak… hau guztia zure familia eroso senti dadin. Zure etxea eraiki eta hornitzeko, gainera, material ugari izango duzu. Beraz, ez da ezer falta.

Hala ere, benetako munduarekin alderatuz, hainbat ezberdintasun topa dezakegu. Esaterako, hauek simlish hizkuntza hitz egiten dute. Simlisha italiera, txekiera eta japonieran oinarrituta dago. Horrez gain, simstarrek gauzak erosteko berezko txanpona dute. Txanponak simoleon izena du. Dirua lortzeko, modu ugari dago. Normalean, lan eginez lortzen da, baina kuadroak salduz edo negozio baten bidez ere lor daiteke.

Jokatu ahal izateko, oinarrizko joko bat izan beharko duzu; hau da, Sims 2 jokoa. Oinarrizko honetaz gain, Maxinsek hedapen interesgarri ugari jarri berri ditu salgai. Hona hemen horietako batzuk:

SIMS 2 UNIBERTSITARIOAK: Sortutako nerabe guztiak unibertsitatera joateko aukera izango dute. Gure pertsonaiak institututik campusera joango dira eta han beraien bizitzako beste etapa bat bizi ahal izango dute. Unibertsitateko egonaldiak pertsonaiari mesede handia egingo dio. Guk sortutako Simsek hainbat karreraren artean aukeratu ahal izango dute. Esperientzia honetan azterketa eta ikasketez gain, festak, lagunak eta hainbat gauza gehiago biziko dituzte.

SIMS 2 GAUTXORIAK: Joko honetan gure pertsonaiak kalera atera ahal izango dira eta hainbat gune bisitatu ahal izango dute. Diskoteka, taberna, club eta horrelakoetara joateko aukera izango dute; baita dibertitzeko hainbat ekitaldi prestatzeko parada ere. Familia bakoitzak, gainera, ibilgailu bat izateko aukera izango du. Honekin, gune guztiak ondo ezagutu ahal izango dituzte eta ez dute alde batetik bestera ibiltzeko taxiaren beharrik izango.

IgerilekuanSIMS 2 NEGOZIOAK IREKITZEN: Joko honek zuk sortutako familiaren etxean saltoki bat egiteko aukera emango dizu edo, nahiago baduzu, zure hiriko gune komertzialean. Bertan, hainbat objektu saldu ahal izango dira eta honela familiak dirua lortuko du.

SIMS 2 MASCOTAK: Gure familiak maskota bat izateko aukera izango du. Txakurrak, katuak eta hainbat animaliaren artean hautatu ahal izango dute. Animalia hauek zaindu egin beharko dituzte ez badute ihes egitea nahi.

SIMS 2 ETA LAU URTAROAK: Eguraldi aldaketak eta lau urtaroak bereiztu ahal izango dira eta gure Simsak klima ezberdinetara egokitu beharko dira. Horretarako, arropa ugariren artean hautatu beharko dute, tenperatura bakoitzarekin arropa bat edo beste jantziz.

SIMS 2 BON VOYAGE: Joko honekin gure pertsonaiek bidaia bat egiteko aukera izango dute.

SIMS 2 ETA HOBBIAK: Atera berri duten joko honetan, Simstarrek beraien hobbiak egiteko aukera izango dute. Beraz, gure pertsonaiei dibertitzeko aukera berriak emango zaizkie.

SIMS 2 NAUFRAGOAK: Hona hemen Maxinsek atera berri duen azkena. Joko honetan, sims naufrago bat izateko aukera izango dugu eta bere biziraupena kontrolatu beharko dugu.

Amaitzeko, aukera izanez gero, simstarren unibertsoan murgiltzera animatu nahi zaituztet. Ikusiko duzue aspertzeko zein denbora gutxi izango duzuen!

Comments { 0 }
-->