About eduran

Author Archive | eduran

Energiaren garrantzia

poste elektrikoaUdan bagaude ere, urtero negua iristean areagotzen den arazo batez arituko naiz: energiaren kontsumoa. Gaur egun, erregai nahiz elektrizitate ugari dugu eta zaila egiten zaigu horiek gabeko bizimodua irudikatzea. Dena den, jakin beharra daukagu energia iturri hauek ez direla beti garbi-garbiak.

Herrialde garatu edo industrializatuetan, planeta osoko energiaren %70 kontsumitzen da. Gauzak horrela, autoek, etxebizitzek, industriek… denek petrolioa, ikatza edo gas naturala behar-beharrezkoa dute. Bestelako erregaiak ere badaude, baina Europan kontsumitzen den %85 lehen aipatu ditugun energietatik etortzen da. Beraz, laster agortu egingo dira eta beste irtenbide batzuk aurkitu beharrean egongo gara.

Gure planetan arazo ugari dago eta, ezin ukatu, horietako baten eragile nagusia energia dugula: hondakin erradioaktiboak, berotegi-efektua, petrolio-isurketak, euri-azidoa… Dena dela, esan dugun bezala, badaude beste energia iturri batzuk: eguzkia, haizea, itsasaldiak… Garatu gabe daude oraindik, baina gauzak ondo egiten badira, etorkizunerako prest egongo dira, eta oraingo energia iturriek sortzen dituzten ondorio larrienak saihesten lagunduko dute. Horietako bi aipatuko ditugu jarraian:

EURI-AZIDOA

Industriek atmosferara sufre eta nitrogenoa botatzen dituzte eta, ur-lurrinarekin nahiz oxigenoarekin nahasten direnean, azido batzuk sortzen dira. Haizearen eraginez, azido horiek hainbatetan urrutira bidaiatzen dute eta, ondoren, ur tantekin batera lurrera erortzen dira. Ez dago esan beharrik, noski, honekin guztiarekin ibaiak eta urtegiak kutsatzen direla, urrutira jo gabe, Euskal Herrian gertatzen ari den bezala (%30 baino gehiago euri azidoak dira).

BEROTEGI-EFEKTUA

Berotegi-efektua CO2 gasak gure planetan eragiten duen arazoari deritzogu. Gas hau beste gas batzuekin nahasten da, proportzio txikiagoan, eta kristalaren antzera jokatzen du: eguzkia sartzen uzten du, baina,  ateratzerakoan, eragozpenak sortzen ditu. Gasak planetako tenperaturak gora egitea eragiten du eta glaziarretako poloak urtzea, besteak beste. Urtze horrek itsasoaren maila pare bat metro inguru igoko du eta, ondorioz, uharte asko ur azpian uzteaz gain, itsasertzak atzera botako ditu.

Jarraian berotegi-efektuaren ondorio nagusienetako bat ikus dezakezue: izozmendi plaken urtze prozesua.

Comments { 0 }

Zona urdinean aparkatzeko komeriak

Ama Eroskin erosketa batzuk egiten ari zen bitartean, Consumer aldizkaria hantxe zegoela ikusi eta irakurtzeari ekin nion. Kontsumoarekin zerikusia zuten gai ezberdinak ukitzen ziren bertan eta niri, batik bat, zona urdinen inguruko artikulu bat egin zitzaidan deigarria. Zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta interesgarriagoa iruditu zitzaidan; beraz, horri buruz idaztea interesgarria izan zitekeela pentsatu nuen.

Ezberdintasun ugari dago hirietan zona urdinari dagokiolarik; hiri batzuetan, adibidez, beste batzuetan baino hiru aldiz garestiagoa da. Aparkatzeko tokia aurkitzeko behar den denborari dagokionez, hiri batzuetan, batez beste, bi minutu behar diren bitartean, beste batzuetan 25 minutu baino gehiago behar izaten dira. Bestalde, prezioari erreparatzen badiogu, Bartzelona dugu, dudarik gabe, garestiena: 2,3 euro orduko. Merkeena, aldiz, Murtzia: 0,5 euro orduko. Aparkatzeko behar den denbora kontuan hartuz gero, denbora gehien Granadan beharko dugu lekua topatzeko, batez beste, 26 minutu; denbora gutxien, aldiz, Sevillan (2 minutu baino ez). Hemen azaltzen diren emaitzak Espainiako 18 hirigunetan (Alacant, Bartzelona, Bilbo, Kordoba, A Coruña, Donostia, Gasteiz, Granada, Iruñea, Logroño, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza) burutu den ikerketa bati esker eskuratu dira.

ParkimetroaAurreko hariari jarraituz, behin autoa aparkatuta dugula, ordaintzeko unea iristen da. Ordainketa parkimetro izeneko aparatuen bidez egiten da. Gailu hauek ere aztertu dira, euren txukuntasun eta funtzionamendu alderditik eta gehienek gainditu dute. Dena den, Granada, Logroño, Malaga eta Sevillako aparatuek ez dute gainditu, batzuek zikintasunagatik eta, beste batzuek, funtzionamenduagatik. Beraz, parkimetroen, batez bestekoa, egokia izan da alor guztietan.

Artikuluaren bidez, beste kolore batzuetako zonak daudela jakin nuen: berdea, laranja eta gorria. Nahiz eta hirigune guztiek ez duten bereizketa hau, horri buruz hitz egingo dizuet.

Zona berdea: tokiko kideentzat, hau da, bertan etxebizitza dutenentzat. Denbora gehiagoz izan dezakezu zure autoa aparkatuta zona hauetan eta diru gutxiago ordaindu. Bartzelonan, Bilbon, A Coruñan, Granadan, Iruñean, Oviedon eta Sevillan dago zona mota hau. Alacantek ere badauka, baina bere tarifak goizean eta arratsaldean ezberdinak dira.

Zona laranja: Sevillan, Iruñean eta Zaragozan aurki ditzakegu; erabilera, ordea, hiruretan ezberdina da. Zaragozan, bertako bizilagunei aparkatzea erosoago egiteko; Iruñean, bizilagunentzat eta baita gertuko dendarientzat ere (44 euro urteko). Azkenik, Sevillan, nahi duzun denbora guztian utz dezakezu kotxea eta prezioak murritzagoak dira.

Zona gorriak: denbora oso laburreko zonak dira eta, ordaintzeko orduan, parkimetro berezi batzuetan egin beharko da.

GarabiaAutoan ipinitako txartelak jartzen duen denbora gainditzen baduzu, isuna izateko aukera ugari duzu. Dena den, hirien baitan aukera hori ugaritu edo murriztu egiten da.  Alacanten, Iruñean eta Gasteizen, esate baterako, denbora gaindituta zuten hamar autotatik bederatzik ez zuten isunik jaso. Valentzian eta Granadan, ordea, egoera berberean hamarretik lauk isuna jaso zuten. Azpimarratzeko da, halaber, hainbat kasutan garabiaren beharra izaten dela auto batek txartelik ez duelako edota denbora gainditu duelako. Horrelakoetan, autoa bueltan jaso ahal izateko, batez beste 99 euro ordaindu behar izaten dira.

Ondorioz, ahal dugun heinean, ez dugu denbora hori gainditu behar. Aitzitik, autoa utzi baino lehen, kalkulu batzuk egin eta behar den dirua ordaindu beahrko genuke denbora soberan izateko.

Aurreko guztia kontuan izanda, garbi dago hiri batzuk beste batzuk baino askoz ere garestigoak gerta dakizkigukeela. Nire ustez, dena den, hori ez da oso egokia; izan ere, hiriburu guztietan berdin ordaindu beharko litzatekeela iruditzen baitzait.

Comments { 0 }

Hegazkinez bidaiatzeko gomendioak

HegazkinaOporrak berehala dira eta iristen diren bakoitzean, bidaiatzeko garraiorik erosoena bihurtzen da hegazkina. Dena den, nahiz eta garraiorik azkarrena izan inongo zalantzarik gabe, baditu bere akatsak, horien artean kutsadura eta soinua.

1903. urtean Wright anaiek lehen hegaldia egin zutenetik, asko izan dira hegazkingintzan egin diren aurrerapenak. Gaur egun, hegazkina hartzerakoan, ez gara konformatzen gertuko egonlekuetara bidaiatzearekin, ahal den urrutien bidaiatzea nahiago izaten dugu, diru aurrezkiak iristen diren lekuraino, alegia. Gauzak horrela, hegazkin bat hartu aurretik gomendio batzuk jasotzea komeni da, eta horrexegatik hementxe doaz horietako batzuk, nahiz eta dena dakizuela pentsatu, beti ondo etortzen dira eta. Gomendio hauek gehienbat Europa mailako agentzietako batean erreserba egiten dutenentzat dira:

  • Hegaldi desberdinen inguruko informazioa jaso.
  • Tarifa ezberdinen inguruko hausnarketa egin.
  • Konpainiaren benetako izena ezagutzeko ahalegina egin; izan ere, billetean maiz beste bat agertu ohi baita.
  • Bidaia oso luzea bada, hegazkin aldaketen informazioa lortu.
  • Geldialdien berri izan.

Azken urteetan, billeteak internet baliatuz eros daitezke. Teknologia berriekin, ordea, kontuz ibili beharra dago iruzurrik ez gertatzeko. Internet bidez erosiz gero, ziurtatu ibilbidea, datak, ordutegiak… ondo aukeratu dituzula eta baldintzak ondo ezagutu.

Kontuan hartzeko gomendio gehiago:

  • Jende ugari bidaiatzen duen garaian bidaiatu nahi baduzu, egin erreserba aldez aurretik.
  • Bidaia joan-etorrikoa bada, itzulera ziurtatuta izatea garrantzitsua da.
  • Hegaldiaren ordua baieztatu.
  • Hegazkinera sartu orduko, billeteak egiaztatu. Konpainiako langileak hegaldi horretako kupoia baino ez dizula kendu egiaztatu.

Ekipaia galduakBidaietan ohikoa da, hegazkinetik jaitsitakoan, ekipajearen bila joatea eta hainbatetan gertatzen da bagaje osoa ez aurkitzea, objekturen bat faltatzea eta erreklamatzera joan behar izatea. Horrelako kasuetan, bidaiariok eskubide batzuk ditugu:

  • Fardelaren bat puskatu, kaltetu edo galtzen bada, konpainia izango da horren erantzule, baldin eta soilik baldin kaltea hegazkinaren barnean gertatzen bada.
  • Konpainia ez da arduratuko kaltea ekipajearen akats baten ondorio bada.
  • Fakturatu gabeko bagajea denean, konpainiaren erantzukizuna da, kaltea bere erruz gertatu bada, noski.
  • Fardeleriaren garraioan izandako atzerapena konpainiaren erantzukizuna izango da.

Erreklamazioei dagokienez:

  • Konpainiaren erakusmahaia ez baduzu aurkitzen, joan zaitez aireportuetan egoten den informazio-mahaira, bertan esango dizute non dagoen eta erreklamazioa egiteko jarraitu behar diren pausoak.
  • Erreklamazioa egiteko 21 egun izango dira gehienez.
  • Erreklamazioak idatziz egin behar dira.
  • Auzitegian erreklamazioak aurkezteko, bi urteko epea egongo da.

Honekin guztiarekin zera esan nahi dut: hegaldi baten aurretik gauzak ondo prestatuta izatea komeni da, xehetasun guztiak ondo ezagutzea, inongo iruzurrik jaso ez eta hegaldi lasai bat izango badugu. Gehiengo batek oporretara joatea gustuko du eta hegazkina garraiorik onenetakotzat hartzen da horretarako; dena den, garbi izan behar dugu gauzak ondo eginda baino ez dugula lortuko hegaldi lasai bat.

Informazio gehiago: 1, 2 eta 3.

Comments { 2 }
-->