About esthere

Author Archive | esthere

BADATOR, BADATOR UDA!!!

Urteak joan eta urteak etorri, ia beti arazo berdinaren aurrean aurkitzen gara. Beraz, aurten ere, dagoneko, seguruenik, gutako askoren buruetan ideia berdina arituko da jirabiraka; izan ere, eguzkiak gero eta gehiago berotzen du eta horrek ondorio bakar bat dakar: erroparen gutxitzea, nolabait esatearren. Baina, tira, seguruenik badago gauza bikainen bat orain arte ezkutaturik eta gorde-gorderik eduki ditugun gorputzeko atalak desagertarazteko, edota zertxobait estaltzeko, behintzat!!!

Nik ezer esan baino lehen, ziurrenik kirolen batekin natorkizuela pentsatuko duzue eta halaxe da baina ez da ohiko kirol bat, seguruenik zuetako gutxik dastatzeko aukera izan duzuena baizik. Erreka jaitsierei buruz ari natzaizue.

Izenak dioen bezala, kirol hau mendiz inguraturiko errekak jaistean datza. Teorian, abenturazko kirol hau gauzatu ahal izateko, zenbait taktika bereziren ezagutza izan behar da; baina, hala ere, ez da beti horrela izaten. Benetan sinetsi iezaidazue; izan ere, duela pare bat urte, kirol honetaz gozatzeko aukera paregabea eduki bainuen Guarako bailaran. Okasioa izan eta aprobetxatu, inongo araurik edo aholkurik eduki gabe, abenturan murgildu nintzen. Izugarri gustatu zitzaidan inoiz praktikatua ez nuen kirol hura; eta, beraz, zuei ere gomendatzen dizuet. Horrela, ondo pasatzen ari zareten bitartean, forman jatzeko aukera ere izango duzue; beraz, animo!!!

Comments { 0 }

Lehenengo piramide europarra??

Semir Osmaganasic arkeologo serbiarrak Europako lehenengo piramidea izan daitekeenari buruzko frogak aurkitu ditu. Aurkikuntza Sarajevotik 30 kilometrora izan da, Visoko herrian.

Ezaugarri guztiak ditu: puntu kardinaletara zuzenduriko lau malda erregular, gain laua eta sarrera bat.

Horixe ziurtatu zuen azken hamabortz urte hauetan piramide iberoamerikarrak aztertzen aritu den zientzialariak.

Nahiz eta orain arte ez den piramide europarrik agertu eta antzinako zibilizazioek horretarako asmorik ez erakutsi, Osmaganasicek bide onetik dabilelakoan dago.

Dagoeneko piramidearen sarrera tapa zezaketen harrizko lau bloke atera ditugu. Ez da aditua izan behar bertan piramidea dagoela ikusteko.

Monumentu nazional kontsideraturik dagoen leku hau aztertzeko baimena lortu ostean, lehenengo probak egiten hasi zen mendixkako sei puntuetan Nadja Nuhic geologoaren laguntzaz. Azken honek mendixkako lurrak gizakiak eraldatuak izan zirela frogatu zuen. Hala eta guztiz ere, Houstonen bizi den 45 urteko arkeologoak nahiago du egiten ari den azterketa kontuz egin. Ez duenez inongo ondorio azkarrik atera nahi, lehenengo zeregina mendiaren benetako forma ez dela frogatzea izango da.

Gaia interesgarria iruditzen bazaizue, informazio gehiagorako klikatu hemen edo hemen.

Comments { 1 }

Eguzki Beltzaren Sekretua – Alberto Ladron Arana

Ehun metro, kalkulatu zuen Oskarrek. Ezpain artetik txistukatzen hasi zen egun osoan buruan jirabiraka ibili zitzaion musika: Wagner. Tannhauserren obertura. Handiosa, ahalguztiduna, antzinako Jainko baten jaiotza laguntzeko sortua balitz bezalakoa. Bere batailoia utzi eta faxisten mendeko lurraldean sartu zenez geroztik gogotik kendu ezinik zebilen. Lau egun igaroak ziren ordudanik. Lau egun, Gernikako infernutik ateratzea erabaki zuenetik. Gauza anitz gertatu ziren ordudanik. Atseginak batzuk, ilunak beste batzuk.

Alberto Ladron Arana Horrelaxe hasiko du Alberto Ladron Arana idazleak Eguzki Beltzaren Sekretua izeneko eleberria. Iruñear hau maisu eta psikologia ikasketak egin zituen eta gaur egun Nafarroako Unibertsitate Publikoan lan egiten du, ordenantza gisa. Hainbat ipuin lehiaketa irabazi ditu eta nobela honez gain, Itzalaren baitan (Irun Hiria saria) , Xake Mate (Zubikarai saria) eta Arotzaren eskuak eleberriak publikatu ditu.

Baina ni azken bi hauek albo batera utzita, hasieran aipatu dudan eleberriari egingo diot aipamena; alabaina, fikzioz bustiriko nobela errealista hau atsegina eta irakurterraza iruditu zait. Batetik, autoreak hasiera-hasieratik istorioan murgildu nau, bai bertako girotzearengatik eta bai nobelaren kutsu errealistarengatik, nahiz eta baduen irudimenezko eta fikziozko aurpegi bat. Bestetik, irakurterraza dela aipatu dut eta irakurriz gero, berehala ohartuko zarete horretaz, esan daiteke erabiltzen duen hizkuntza ulergarria dela guztiz.

Eguzki beltzaren sekretua Baina goazen lanaren alde subjektiboa baztertzera eta objektiboari heltzera, hots, eleberriaren argumentuari:

Istorio honen protagonista Oskar dugu, Gerra Zibilaren ostean Euskal Herriko Iparraldean erbesteraturik dagoen euskal gudari gazte bat, espioi-lana egitera bidaliko duten gazte bat. Alemaniara bidaliko dute naziek Tibetera egin zuten Eguzki Beltza izeneko bidaiari buruzko ikerketa egitera. Horretarako, Weber SSko kide den Webar jauna zelatatu beharko du, bere aita, hain zuzen ere. Baina Oskarrek ez du horren erraz bere eginbeharra burutuko Del Valle agente espainiarra zelatatzen izango baitu une orotan.

Beraz, hasieratik bukaeraraino irakurlea intrigaturik mantentzen duen istorio horietako bat dela esan daiteke; eta, beraz, zuek guztiok Eguzki Beltzaren Sektretua irakurtzera animatu nahi zaituztet.

Informazio gehiagorako, klikatu hemen eta idazlearekin harremanetan jarri nahi baduzue honako hau da bere helbidea: alberto.ladron@unavarra.es

Comments { 2 }
-->