About estibalitz.goenaga

Author Archive | estibalitz.goenaga

Ruper Ordorika: “Nire barnekoari aldaketa bat eman beharrean nagoen susmoa dut” “

Gogoratzen dut behin, txikitan, autoan nindoala, Ruper Ordorika irratian abesten entzun nuela. Gure aitak familiakoa genuela esan zidan eta, jakin-min horrek bultzatuta, aitari galdezka hasi nintzaion… Zenbat buelta ematen dituen bizitzak! Txikitan, hari buruz galdezka; gaur, berriz, hari galdezka…

Has gaitezen, baina, hasieratik. Nork ez du Ruper Ordorika ezagutzen? Ruper Oñatin, Gipuzkoan,  jaio zen 1956an. Gasteizen gaztaroa, Bilbon unibertsitateko denboraldiak, Londresen egonaldiak, New Yorken… Euskalduna guztiz eta euskaldun orok ezagutu arren, bere musikak ez du mugarik eta bere kantak gure herri honetatik haratago dira ezagunak, baita bera ere.

Hamaika kontu konta nitzakeen hitzordua adosteari buruz; dena den, labur esateko, aipatuko dut Ordiziara kontzertu bat ematera etorri zela, eta arratsalde hartan bera ezagutu eta tarte batean berarekin hitz egiteko aukera aparta izan nuela. Esan zidan prest zegoela beste egun batean geratzeko eta nire galderei erantzuteko. Esan eta egin! Adostutako egunean Ruper bera izan zen Ordiziara gerturatu zena, nik elkarrizketa egin niezaion. Jakingo balu zenbat eskertu nion hura! Kontuak kontu, bere irribarre lotsatia eta nire urduritasuna tarteko, elkarrizketari hasiera eman genion…

Euskal Herrian ez dago Ruper Ordorika ezagutzen ez duenik; dena den, Wikipediak dioen esaldi batera joko dugu zu aurkezteko, despistaturen bat balego: “Euskal musikari berritzaile eta internazionalenetakoa da, hala rock eta pop musikan nola beste estilo batzuetan”. Zer pentsatzen duzu horrelakoak entzuten edo irakurtzen dituzunean? Behin esan nuen zailagoa dela norbera defenditzea laudorioetatik eta gauza onetatik, txarretatik baino. Neure eginkizunean saiatzen naiz, hori baita nik maite dudana. Gainera, datozen laudorioak nire lanari buruzkoak badira ondo hartzen ditut. Nola ez! Gure munduak ere sailkapena behar du: hau horrelakoa da, bestea halakoa… Eta gu ere joko horretan sartzen gara.

Nondik datorkizu musikarekiko duzun zaletasun hori? Ez dakit, beti-beti izan dut hori. Oraindik orain, gutxitan ibiltzen gara plazetan, baina suertatzen da noizean behin, gauzak muntatzen ari zarenean, agertzen dela mutikoren bat antiojoekin begira-begira egon ohi dena… Ni izaten nintzen hori. Ez naiz etxean ikasitakoa, nire arrebek bai, baina ni musikan sartu zena naiz. Gogoan daukadanetik, beti egon izan naiz musikoei begira. Banuen zaletasun hori umetatik, bai.

Denok izaten ditugu miretsi izan ditugun artistak, abeslariak, aktoreak… Haurra edo nerabe zinenean, ba al zenuen imitatzen zenuen edo gustuko zenuen abeslariren bat? Asko! Izugarri! Hori ere esan behar dizut nik: “Lehenago izan naiz musikazalea, musikaria baino ”. Ni musikari sartu nintzen musikarekiko zaletasun handia nuelako. Beraz, horrek esan nahi du musika asko entzun dudala nire bizitzan zehar, eta betidanik saiatu naiz musikarien atzetik ibiltzen. Neure garaian ez zen orain bezala, pentsatuko duzuenez, eta ez zen hain erraza estilo guztiak entzutea. Hala ere, mutikotan saiatzen ginen bluesa, rocka, rhythm and bluesa eta horrelakoak entzuten. Era guztietako kantuak maitatu izan ditut beti. Gero, euskarazko musika entzuten hasi nintzen eta asko gustatu zitzaizkidan gure aurreko kantari batzuk. Izen asko esan ditzaket, bai Euskal Herrikoak, baita mundu osokoak ere. Dena den, lehen esan dudan bezala, rock eta blues taldeak ziren nik mutikotan entzuten nituenak.

Nola gogoratzen dituzu zure hasierako garaiak musika munduan? (Barre egiten du) Orain bezala, beti ikasi nahian. Unibertsitatean sartu nintzen zenbait gauza ikasteko. Gainera, nik ditudan oroitzapenetan, musikari izatea ez zen sartzen nire aukeren artean. Bestalde, ez nuen musikaririk ezagutzen, nire zaletasuna ez baitzen piztu hamaika-hamabi urte arte. Oñatin hezi izandakoa naiz, eta, ez dakit zergatik, gure herri horretan, beti izan da zaletasun handia musika munduan. Mutikoa nintzenean, bazeuden bost edo sei “konjunto” -horrela deitzen zitzaien orduan-, eta haietan ibiltzen ziren guztiak ni baino zaharragoak ziren. Ni, ordea, beti ibiltzen nintzen noiz sartuko horien entseguetan. Beti egoten nintzen hor begira-begira, zaletasun handia nuelako.

Gero, Gasteizen, bateria jotzen hasi nintzen. Ondoren, gitarrarekin hasi nintzen, baita ingelesezko kantuekin ere… Hala ere, ingelesik ez nekien, hamasei urterekin hasi bainintzen ingelesa ikasten. Bazegoen Bergarako mutiko bat, ni baino zaharragoa, Gasteizen antolatzen zen gabon-kanta sariketa batean aurkeztu eta kantu debekatu bat kantatu nahi izan zuena, Mixel Labeguerieren kantu bat. Urte haietan, ikurrina agertzen zen disko horiek guztiak debekatuta zeuden. Mixel Labeguerie iparraldeko kantari aitzindari bat izan zen. Horrez gain, politikari handi eta famatu bat, baita senatari Frantziako senatuan ere. Beraz, horren kantu bat kantatzea zen bere egitasmoa. Gitarra jotzen zuen mutiko bat bazegoela entzun zuen, eta etorri egin zitzaidan esanez ea sariketan parte hartzen lagunduko nion. Gabon kantu bat zela esango genuen, eta horixe kantatu zen: Haurtxo-haurtxo (Haurtxo haurtxoak, egizue egin lo…). Ondo iruditu zitzaidan; beraz, kanta ikasi eta lagundu egin nion. Irabazi egin genuen, epaimahaiak ez baitzekien euskaraz, eta ez zuten jakin abestiaren kontua. Hori izan zen nire lehendabiziko jendaurreko ekitaldia, hamabost urterekin gutxi gorabehera. Geroztik, horren bitartez neurri batean, baina baita etxeko eraginagatik ere, musikan pentsatzen hasi nintzen. Gure aitak beti ekartzen zituen iparraldetik ezkutuan zeuden euskal disko apurrak, gutxi batzuk. Gainera, beti kantatu izan ohi da gure etxean euskaraz, eta horregatik hasi nintzen pentsatzen bazegoela modu bat nik maite nuen estiloa euskaraz egiteko. Horrelaxe hasi nintzen. Beti pentsatzen nuen kantari txarra nintzela eta gitarra baino ez nukeela jo beharko, baina poliki-poliki hasi nintzen neure gauzekin.

Mugalaris taldearekin hasi baino lehenago Londresen izan zinen, 80ko hamarkadan hain zuzen ere. Zer dela eta bidaia hura? Londresen igarotako denboraldi luze horrek musika egiteko zure moduan eragina izango zuela imajinatzen dut… Oraintxe kontatu dudanagatik. Ingelesarekin sartu nintzen buru-belarri hitz horiek ulertu nahi nituelako, alegia, maite nituen disko horiek Dylan eta horiek denak- zer esaten ote zuten argitu nahian hasi nintzen. Niretzat beste mundu bat zen; beraz, ingelesa hasi nintzen ikasten Londresen. Lehendabizi uda baterako, eta hortik aurrera urtero joaten hasi nintzen. Niretzat izugarriak izan ziren bizitzako garai horiek. Gainera, pentsatu behar da, gure herrialdean, debekuaren munduan,  ezin zela ile luzea edo patillarik eraman… Oso gizarte kontrolatua zen, eta politikoki zer esanik ez. Ez zegoen batere askatasunik eta Londresera joan eta bertako jendea ilea berdez pintaturik edota besteak belarritakoekin ikustea, orain guk normaltzat hartzen ditugun gauzak, izugarrizko gorakada izaten zen norberarentzat; niretzat. behintzat, bai. Musikariak ikustea ere ederra izaten zen, hau da, beste mundu bat zen Londres. Gaur egun, ordea, guztia ordubetera izan dezakegu hegazkinaren bitartez. Asko aldatu da gure garaietan sorpresa puska bezala jasotzen genuena eta libertate sentipen hori. Niretzat, Londresek hori guztia batzen zuen; halere, benetako arrazoia horixe zen, ingelesa ikastea kantuak ikasi ahal izateko.

Goi mailako musikaria izanda, euskal kulturari lotutako jende ugari ezagutzeko parada izan duzu, noski. Ba al da aipatuko zenukeen norbait zuregan bereziki izan duen eraginagatik, zure barnean zerbait piztu izanagatik…? Egia esan, jende asko eta asko dago. Ez nuen uste, baina denborarekin pentsatzen dut neure aurreko euskal kantari batzuek eragin handia izan dutela. Askotan, hasten zarenean, aurrekoen ukazioan oinarritzen zara, hau da, batzuetan, “nik ez dut aurrekoekin zerikusirik, ni bestelakoa naiz… ” esaten duzu. Eta horrez gain, halako suertez, nire zaletasuna dela-eta, harreman handia izan dut literatura munduarekin. Bertatik babes handia jaso izan dut denboran, hau da, hasiera-hasieratik: Gabriel Aresti ezagutu nuen Nacho de Feliperen bitartez, nire lagun diren Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Joxe Mari Iturralde… izaten ziren hasieran nire entzuleak. Oso garrantzitsua da hasieran entzuleak izatea, beti behar izaten baita nork entzungo dizun eta nork hartuko duen seriotzat zuk egiten duzun apurtxo hori.

Oker ez banago, zure lehenengo diskoa, lagun duzun Bernardo Atxagaren testuekin egin zenuen. Sarrionandiaren letrak ere maiz sartzen dituzu zure kantuetan… Nolatan hori? Lehendabiziko diskoarena, agian, bestelako zerbait izango litzateke. Unibertsitate denboran, astero elkartzen ginen talde bat eta, ondorioz, panfleto moduko gauzatxo bat hasi ginen ateratzen. Horretaz gain, egiten genituen batzarrak, afariak… gauez asko luzatzen ziren: eztabaidetan, denok irakurritako liburu baten inguruan berriketan… Horiek ere, babesleku handiak ziren niretzat.

Beti maitatu dut nik, lehen esaten zen moduan, albumaren ideia, ezagutzen dugun LPa, CDa…  Alegia, diskoak giro batekoak izatea.  Kontua da lehendabiziko diskoa hemendik eta handik onduta neuzkan kantuekin, agian oso desorekatua geldituko zela pentsatu nuela. Ordurako argitaratua genuen talde horren baitan, hau da, Pott izenez deitzen genion banda horren baitan, Etiopia izeneko poema liburu bat. Bernardo Atxagaren poema liburu bakarra eta oso garrantzitsua izan zena niretzat, behintzat. Ordurako, banituen kantu batzuk eginda bere aurreko nobelatik; beraz, denak bere testuekin egitea erabaki nuen. Artean, Bernardo ezezaguna zen gure mundu horretatik kanpo, nolabait. Gainera, asko identifikatzen nintzen bere kantuekin, horregatik egin nuen Hautsi da Anphora. Geroztik, bigarren diskoan, Joseba Sarrionandiaren pare bat kantu sartu nituen. Ordurako preso zegoen, eta horrek ere gehiago bultzatu ninduen hura lantzera. Aspaldidanik ez ditut kantuak egiten besteen testuekin. Boladak egon ohi dira. Baina bai, Bernardo Atxagaren eta Sarrionandiaren testuak asko kantatu ditut.

Abestiak idazteko garaian, ehuneko handi batean islatzen duzu zure eguneroko bizitza, barnean daramazuna, ala nondik jasotzen duzu letrak idazteko inspirazioa? Ba, egia esan, hori ez dakit esaten, benetan. Oraintxe horretan nabil, agian, disko bat egingo dut aurten. Nork daki! Baten batek esan zuen bezala: “Kantuak non sortzen diren jakingo banu, gehiagotan joango nintzateke bertara”. Baina esango dizut ez naizela bi gauzetan aritzen diren pertsona horietakoa. Kantuan nabilenean, oso zaila egiten zait kantuak egitea, osatzea edota idaztea. Jendaurreko kantaldiak alde batera utzi, eta horretan buru-belarri jari behar izaten dut. Batzuetan, bertsolariek esan ohi duten bezala, “ganbara” beteta edukitzen duzu eta bat-batean ateratzen dira, betiere lanean jarrita.

Askotan entzuten dugu euskal musikaren osasuna txarra dela (deskargak, internet, kanpoko musikaren eragina…). Nola ikusten duzu zuk euskal musikaren egoera une honetan? Bi gauza egongo lirateke, nire ustez. Alde batetik, sormena, euskal musika bera; eta, bestetik, hori nola saltzen den. Nik uste dut bi gauza horiek oso ezberdinak direla. Egun, eskaintza izugarria da euskal musikan. Beti esaten dut eskaintza eskaeraren gainetik dagoela, hau da, gehiago egiten dela jendeak eskatzen edo kontsumitzen duena baino. Badira era guztietako taldeak eta batzuek talentu handia dute. Hori alde batetik. Bestetik, industriaren alorra edo nola saltzen den egongo litzateke. Eta hori ez da hemengo arazo bat, munduan aldaketa baten erdian gaudela baizik. Esate baterako, orain, bideo kamera txiki batekin grabatzen ari gara eta teknologiak egin dituen aurrerapen horiekin guztiekin, musika ere aldatu da; musikak berak ere aldaketa bat jasan du: edonork graba ditzake etxean, behar den bezala, bakoitzaren asmakizunak eta munduan zehar zabaldu… Dena aldatzen ari da eta ez da nolanahiko aldaketa. Ondorioz, eragin handia du horrek salmentetan eta, batik bat, hemengo industria txiki hauetan. Beraz, ez dakit nondik nora aterako den gure lan hau, ez baita erraza izaten ez Euskal Herrian, ez Ameriketan, eta ez inon. Horregatik, bi gauza ezberdin dira, eta batak bestearengan eragin handia duela uste dut. Ondorioz, honek guztiak irtenbide bat behar duela uste dut. Musika orain arte ulertu dugun bezala aldatu beharko da, jendeak ezin izango duelako horrela bizi edo, behintzat,  honetatik errenta atera. Ezin izango da hartu ofizio bezala, oso gogorra baita.

Gogoratzen al duzu zure lehenengo abestia? Ez erabat, ez dakit. Sekula grabatu ez ditudanak eta ahaztuta ditudanak ondu nituen hasiera-hasieran. Nik asko maite nituen Jon Mirande, Gabriel Aresti, Jose Antonio Artze… poeta horiek guztiak. Horien testuekin ere nire gauzatxoak egin nituen Hautsi da Anphora baino lehenago.

Dena den, ba al duzu abestiren bat edozein arrazoirengatik berezia dena? Ez dakit, baina nire lehen diskotik, asko entzun zen “Fas Fatum” deitzen den kantu bat. Gogoan dut kantu hori, batez ere. Nire lagun batek utzi zidan, eta etxean izan nuen hilabeteetan, Telecaster Fender izeneko gitarra elektriko bat. Flanger efektuak sortzen duen soinua imitatzen du. Eta harekin egin nuen kantu hura. Gogoan dut bat-batean izan zela. Nonbait, nire ganbaran lehendik gordeta izango banu bezala. Esaten den bezala, di-da egin nuen. Kantu horrek asko utzi zuen, eta hori gogoan dut. Gainera, hau ere ikasi dut: gauza bakar bati buelta asko emateagatik ez duzula zertan gehiago sakondu. Askotan hori pentsatzen dugu eta gehienetan kontrakoa izaten da, hots, batzuetan bat-bateko ideiek asko pentsatu beharrekoak baino eragin handiagoa dute. Hala eta guztiz ere, norberaren eginkizuna asko landu behar da, eta zorte pittin bat eduki ere. Eta asmatu.

Lipar batez atzera egingo bagenu, ba al da abestiren bat, diskoren bat, parte hartu duzun ekitaldiren bat… zure bizitzatik ezabatuko zenukeena? Bai, asko dira konta eta ezin konta liratekeenak. Hemen lasai nago, baina telebistaren aurrean egotea ez dut gogoko, ez dut maite. Ez dut horretarako balio, eta horrelako gauza guztiak ezabatuko nituzkeela uste dut.

Zein erronka profesionali heldu nahiko zenioke hemendik aurrera? Eta alor pertsonalean, zein da zure erronka? Nik badut susmo bat, non nire barnekoari aldaketa bat eman beharrean nagoen, bertan lotzen baitira bai gauza pertsonalak baita profesionalak ere. Alor profesionalean esan dezaket, Ordizian bertan lehenengoz eta bakarka eman nuen kantaldia izan zela aldaketa horren hasiera. Gustatuko litzaidake alor hori serioski landu eta ondo antolatzea, profesionalki hobetu dezadan. Hori, behinik behin, gustatuko litzaidake egitea datorren urterako. (Ruper eztulka hasten da) Barkatu, polenarekin eztulka hasten naiz. Lehen ez nuen alergiarik izaten, baina, orain, gero eta gehiago izaten dut…

Mila esker, Ruper, une zoragarri eta ahaztezin hau eskaini izanagatik. Zorterik onena opa nahi dizut hemendik aurrera, urte askoan, emango dituzun musika ekitaldietan. Eskerrik asko, Estibalitz. Eskerrik asko, eta nahi duzuen arte.

Azken hitz horiek bueltaka geratu zitzaizkidan buruan eta horiek gogoratuko ditut… Nork esango zuen euskal musikari ospetsu honi buruz galdetzen zuen neska txiki hark hura aurrez aurre elkarrizketatzeko aukera izango zuenik? “Zelako aldiak, halako asi-orraziak” esaten den bezala, azkenik, bere aurrean egoteko unea ailegatu zitzaidan. Ruper, euskaljakintzako gure txoko honetatik eskerrak eman nahi dizkizugu, zure denbora eskaintzeaz gain, zure hainbat eta hainbat bizipen gurekin partekatu izanagatik. Eskerrik beroenak eman eta zorterik onena opa nahi dizugu. Segi ondo!

Jarraian elkarrizketaren bideoarekin uzten zaituztet. Barkamena eskatu nahi dizuet soinua ez delako guztiz garbia, baina, ondo dakizuen bezala, ez gara profesioanalak…

Comments { 0 }

Zu izango zara erruduna euskal musika desagertzen bada

Nori ez zaio gustatzen goizean goiz esnatu eta, gosaltzen ari zarela, irratia entzutea? Niri, behintzat, izugarri. Egunero ohetik jaiki eta, oraindik pijama jantzita dudala, sukalderantz jo eta irratia pizten dut. Hor ibiltzen naiz, begi bat itxita eta bestea irekita dudala, aurrera eta atzera emisioa aurkitu arte, e -gazteko emisioa. Batzuetan, mahai gainean gosaria aurrean dudala, irratian dagoen musikaz pentsatzen hasten naiz eta seguruenik gizarte honetan kezkagarria irudituko ez den gai batek kezkatzen nau maiz: euskal musika.

Bolada honetan maizago entzuten dut irratia, eta gero eta gehiago kezkatzen nau euskal musikaren egoerak. Gaztelaniaz edo ingelesez abestutako kantak baino ez dira entzuten gaur egun. Gero eta gazte gehiagok, musikari dagokionez, euskara alde batera uzten ari dela pentsatzea penagarria egiten zait; halere, oraindik penagarriagoa iruditzen zait helduak ere bide horretatik doazela ikustea. Horrela, bada, artikulu xume hau idazten jarraituko dut, ohitura txar hau baztertzen joan gaitezen esperantzaz.

Ezer baino lehen, gure historiako datu garrantzitsu batzuk azaltzea komeniko litzateke: XX. mendean Euskal Herrian eman ziren urratsak, edo Europan , inguruko herrialdeetan, XIX. mendean.Eta gogor egiten zait sinistea hain maitatua zen hura, gaur egun galtzen joan izana, preziatzen dugun hori zaintzen ez dugulako. Ez zaizue harrigarria iruditzen euskarazko abesti modernoak egonda, bestelakoetara jotzea? Eta arazoa ulertzeko, geure burua epaitzea besterik ez dugu, guk baitugu honen errua.

Hala ere, Euskal herrian betidanik egon dira beste tokietan baino talde gutxiago, musika datorkigun beste edozein herrialde baino askoz ere txikiagoa baita. Halere, nire ustez, kantitate txikiak ez du kalitatea gutxiesten. Lehen esan dudan bezala, euskal taldeen kopurua ere, ez da oso handia, hemengo askok gaztelaniaz abestera jotzen baitute saltzeko errazagoa izango delakoan. Euskal musika gehiago entzungo balitz, taldeak ere proportzionalki hazten joango lirateke; izan ere, dena kate bat dela esan baitaiteke. Bestalde, ez dago esan beharrik irratiak eta telebistak guk entzuten duguna baldintzatzen dutela. Egia da tarteka euskarazko abestiren bat sartzen dutela, baina ehuneko handi batean kanpotik ekarritakoak ipintzen dituzte eta, hori dela eta, azkenean, ingeles eta gaztelianazko abestietara ohitzen gara.

Azkenik eta aurreko guztia pixka bat laburbilduz: euskal musika, logikoki, gurea da, baina denentzat egina izan behar dela argi utzi nahi nuke; hau da, gainerakoekin partekatu behar dugu. Mendeetan zehar soinuak eta erritmo propioak sortzeko gaitasuna izan dugula garbi utzi behar dugu. Amaitzeko, Aita Donostiak esandako hitzak utzi nahi dizkizuet, “Ekin” argitaletxeak argitaratutako “De música vasca” liburutik hartuak:

“Euskarak abesten duelako, eta beti abesten duelako. Etxean abesten du, elizan, kalean, landan; alai eta triste dagoen abesten du…”

Comments { 4 }
-->