About haizea

Author Archive | haizea

Palestina hotela- JOSEBA IRIONDO

IriondoJoseba Iriondo Orbegozo Azpeitian jaio zen 1969an. Kazetari ikasketak egin ondoren, bere lehen urratsak Euskadi Gaztean eman zituen. Ondorengo hiru urteak Madrilen korrespontsal bezala jardun zuen. Iraken ere egon zen guda korrespontsal modura. Gaur egun, berriz, EITBko albistegietako aurkezle da. Irakeko egonaldian pairatutako hainbat gertaerarengatik Palestina hotela bere lehen liburua idaztea pentsatu zuen.

Joseba Iriondok idatziriko liburu hau irakurtzearen arrazoietako bat Iraken inguruan gertatzen ari zirenak bertan egondako norbaiten ahoz edo lumaz jakin nahi nituelako izan zen, lehenengo pertsonan, alegia. Nik Euskal Herriko kazetari batek Irakeko guda gertutik nola pairatu zuen jakin nahi nuen. Horrez gain, duela bi urte Durangoko azokara joan nintzenean, kazetari-idazlea liburua sinatzen ari zen eta orduntxe erostea erabaki nuen.

Palestina hotelaSadamen agintearekin bukatuko zuen gerra hasteko, Estatu Batuak Irakek arma suntsitzaileak zituela esan zuen. Nazioarteko erakundeen onespena, alde batetik; eta, bestetik, Espainia, Britainia Handia eta Italia bezalako hainbat estatuk bere alde egiteak behar zuen adorea eman zion estatu ahaltsuari okupazio eta gerra ekintzetan hasteko.

Mundu osoan manifestazio jendetsuak izan ziren arren, aurrera jarraitu zuten. Geroago jakin izan da faltsuak zirela amerikarrek aipatutako arrazoiak eta benetan Irak bereganatzeko arrazoi nagusia petrolioa izan zela. Argi ikusten da diru kontuak tartean daudenean, edozer zilegi dela…

Gerra honetan inbaditzaileek ez dute sekula euren militar hildakoen edo zaurituen inguruko informaziorik eman albistegietara; hori bai, Bagdaden hildakoak bertako biztanleak izan direnean, harrotasun osoz erakutsi izan dituzte hilotzen gorpuak. Bertako biztanleek tortura, hilketa edo beste hainbat gordinkeria jasan izan dituzte. Iriondok egoera horiek berak ikusi zituen bere begien aurrean. Bonbek ere zauritu eta hildako asko utzi zituzten kazetaria bertan zegoenean. Iriondoren lanbide bereko hainbatek ere bizia galdu zuen, horien artean, José Couso kamerak.

Liburua modu sinple batean dago idatzia eta behar diren argibideekin. Duen adierazpen onagatik oso erraz irudika zaitezke zu guda haren erdian. Horrez gain, gerraren aurretik nolako egoera zegoen ere azaltzen du liburuak.

Ezbairik gabe, gaur egungo gertakariak gustuko dituen edonori liburu hau irakurtzea gomendatzen diot. Amaitzeko, Palestina Hotelaren aurkako erasoaren bideoa jarri nahi nizuen baina topatu ez dudanez, beste hauek dituzue ikusgai, gerraren zentzugabeaz pixka bat gehixeago ohartzeko

Comments { 0 }

Ardilatxaren arrakasta itzela

Azkenaldi honetan hain ezagun bilakatu den Ardilatxa Tolosako gazte talde batek Kataluniara egindako bidaia batean sortutako ideia baten gauzatzea da. Denbora oso gutxian ia mundu osoan barrena zabaldu da pegatina bitxia, besteak beste, Polonia, Londres, Maroko eta Argentinaraino helduz.

Dena den, hedatze hau ez da aberastasun seinale. Jendeak tolosarrak dirutza egiten ari direla uste duen arren, gazte hauek pegatinak eta beste hainbat produktu saltzetik ateratako dirua Euskal Kultura bultzatzeko erabiltzen ari dira. Aurten, esaterako, diru horren partida bat Ibarrako Alur dantza taldearentzat izan da, hamargarren urteurreneko liburua argitaratzeko, hain zuzen ere.

Hasiera batean kaleratutako pegatinek izan duten arrakasta dela eta, beste zenbait produktu ateratzea ere erabaki dute. Honela, txiskero, kamiseta zein katiluetan, adibidez, topatu ahal izango dugu ardilatxa ezaguna.

Elkarte honen inguruko informazio gehiago jaso, produkturen bat erosi edo beraiekin harremanetan jarri nahiko bazenu, klikatu hementxe .

Amaitzeko esan, harrituta gelditu naizela bertan, gure antzera, literatur txoko bat dutelako. Bisita ezazu!

Comments { 0 }

“SUGAN” taldearen diskoa

Sugan taldea SUGAN pop-rock taldea Maria Amulategi (ahots nagusia), Eli Bujanda (ahotsa), Garazi Zabaleta (pianoa), Victor Sanchez (bateria) eta Jon Eskisabelek osatzen dute. Jon orain urtebete sartu zen taldean, gitarra eta bajua joko zituen norbait ezinbestekoa baitzen. Gainontzekoak Beasaingo musika eskolako ikasleak dira. Izan ere, musika eskolako 25.urteurrena ospatu zenean, sortu baitzen taldea osatzeko ideia. Elkarrekin jo zituzten abesti batzuk eta hortik aurrera ostiralero ensaiatzen ibili ohi dira.

Garazik konposaturiko abestiekin Kantu Txapelketan parte hartzeko aukera luzatu zitzaien. Honela, Kursaalean buruturiko Euskal Herriko finalera iristea lortu zuten, bigarren geratuz beraien kategorian.

Abestiak erregistratzeko erabakia etorri zen ondoren, baita Elkarren orain bi urte beraiek grabaturiko maketa erakustekoa ere. Sugan taldeak dituen hainbat ezaugarri bereziak direla eta gustagarria iruditu eta diskoa grabatzeko mugimenduan ipini ziren gaur arte. Gauzak horrela, grabaketak martxoan eta apirilean, hiru asteren buruan amaitu ondoren, oraintsu datorkigu hamahiru abestidun diskoa.

Bilbon egingo dute diskoaren aurkezpena eta lehen kontzertua bihar, maiatzak 13, Beasaingo plazan eta etxeko berotasunean emango dute. Esperientzia ugari falta zaie baina indartsu datozen hemezortzi-hogeitalau urte bitarteko gaztea hauek, ezabairik gabe, hori alde batera utzi eta ohol gainean duten guztia ematen saiatuko direla garbi dago. Zorionak eta eutsi goiari!

Comments { 0 }
-->