Gaur atal berri bati emango diogu hasiera: “Irakurlearen txokoa”. Egia esan, Maitek idatziak ditu hainbat artikulu txoko honetan liburu argitaratu berrien informazioa eskainiz, baina guk informazioa emateaz gain, hautatutako liburu bati buruzko iritzia, laburpena eta iruzkina idatziko ditugu. Ea gustukoa duzuen!
Nik irakurri dudan liburua Juanjo Olasagarren Ezinezko Maletak izan da. Liburuaren laburpenarekin hasi aurretik, aipatu beharrekoa da, oso liburu betea dela, liburua ez doalako orden kronologikoan, pertsonaia bakoitzak momentu hura nola gogoratzen duen azaldua baizik. Bestalde, gertakizun garrantzitsuenak pertsonaia bakoitzaren ikuspuntutik ikusiak agertzen dira eta aukera ematen du, irakurleak iritzi neutrala har dezan. Besterik gabe horra hor nire laburpena:
Fermin, Harakin, Bazter eta Jexus Marik 80ko hamarkadako Lekunberriko gazte koadrila bat osatzen dute eta Herri Batasunako militante dira. Herri Batasunarako dirua biltzeko, beraien herrian musika jaialdi bat antolatzen dute eta, bertan, talde ospetsuenetako batek jotzen du, Hertzainak-ek. Diru mordoa biltzeaz aparte, jaialdi honetako ekintzek bideratzen dute liburuaren joan-etorria.
Hasteko, bi bikote sortzen dira: Harakin eta Esti, eta Jexus Mari eta Miren. Hala ere, beranduago Harakin eta Esti ezkontzen diren arren, Jexus Mari amorrarazten duen bizitza paraleloa eramaten du Harakinek Mirenekin, nahiz eta Harakinek Estirekin “Down” sindromedun mutiko bat izan.
Bigarrenik, Bazterrek jaialdiaren amaieran honako pankarta agertzen du: “Gora iraultza sexuala! ” eta lagunek horren esanahia ez ulertu arren, Bazterrek frogatzen du mutilak gustatzen zaizkiola, homosexuala izanik.
Hirugarrenik, jaialdiko dirua HBko sedera eramatera doaztela, Harakinek ETAn sartzea proposatzen die, bera lehendik dagoelarik. Hirurek ematen dute baiezkoa, nahiz eta Harakinek Fermin sartzea nahi ez izan, bere aberri maitasunaz zalantza egiten duelako.
Jexus Marik basoan lan egiten duela aprobetxatuz, bertan egiten dute armak gordetzeko zuloa. Baina atzetik dute Bazterri ezaguna zaion “sekreta” baten (berarekiko erlazio batekin hasten du bere bizitza sexual homosexuala) Citroen Visa eta astebete beranduago, ezer egiten hasi aurretik, Guardia Zibilek preso hartu eta Bazter izan ezik beste hirurak jipoitzen dituzte, ondoren, kasualitatez, aske utziz.
Bueltakoan, Lekunberrin izugarrizko eta espero ez duten omenaldi bat egiten diete eta benetako gudariak bezala hartuak dira. Baina, Bazter ez da heroi sentitzen eta ez da afari herrikoian azaltzen, bere amaren jatetxera joaten da. Bertan, bere amak negar malkoetan hartzen du, esana baitzion ez sartzeko politikan. Orduantxe konturatzen da Bazter, bere lagunekiko eta aberriarekiko soka puskatua dagoela, egindakoagatik gizajo bat kontsideratzen delako.
Koadrila puskatzen hasia da: Harakin, Fermin eta Jexus Mari bikoteekin bizi dira eta Bazterri ama hiltzen zaio (aita hilda du). Bazterri ez zaio ezer geratzen eta jatetxea saldu eta diru horrekin, Londresera joate da lagunei aitzakia merkeak eman ondoren iraultza sexuala burutzera, EHn ez delako ondo ikusia izango.
Londresen bere gustu sexualen pareko koadrila egiten du: Sean, Sidney, Marck eta Ike. Bere bikotekidea Marck da eta bere amorantea, Marcken onarpenaz, Ike. Boskoteak, familia bailitzan, eguneroko bizitzaz gozatzen du etorkizunari beldurrik izan gabe. Sean eta Bazterrek Pub bat dute eta, bitartean, Bazterri gibeleko minbizia diagnostikatzen diote.
Behin, Fermin etortzen da Londresera psikologoen biltzar batera, baina Bazter eta Ferminen hartu-emana hotza da, Londreseko bizitza ezkutatu nahi diolako eta Londresekoei, berriz, EHko iragana. Fermini ez dio esaten homosexuala dela, ezta minbiziak jo duela eta, afari bat egin ondoren, Fermin EHra bueltatzen da.
Beste batean, Harakin etortzen da bere “Down” sindromedun mutikoari sendabideren bat emango dion mediku espezialista bat ikustera. Medikuak ez dio ezer berririk esaten eta atsekabez, afaltzera joaten dira Bazter eta biak. Harakinek Bazter homosexuala delako susmoa du eta berari galdetzen dio zuzenean. Bazterrek baiezkoa erantzun eta Harakinek koldarra irizten dio, EHn bere gustu sexuala onartuko dutela esanez. Minbizia duela, ordea, ez dio esaten. Aurretik, Jexus Mariren emazte den Maria ere ikusten du Bazterrek eta Mariak dena kontatzen dio Jexus Mariri, Londresera joatearen zergatia ulertuz.
Bazterrek 15 urte egiten ditu Londresen eta minbiziak hiltzen du. EHko iragana ezkutatzen saiatu arren, Marckek Lekunberriko lagunei hiletara etortzeko esaten die eta hauek etorri egiten dira.
Lekunberriko eta Londreseko koadrila aurkitzean, Ike trabestiturik ikusten dute, berak eta Bazterrek apustua egina zutelako, lehenengoa hiltzen zenaren hiletara besteak halaxe joan beharko zuela. Liskar batzuk izaten dituzte, Ikek “Espainol” hots egiten dielako eta Harakinek (artean HBko militante) aurre egiten die Ikeri eta Fermini (Gesto por la Pazen sartua).
Harakinek Fermini agintzen dio Sarrionaindiaren poema bat irakurtzeko hiletan, baina Ferminek ez du ekartzen eta Harakinek izugarrizko haserrea hartzen du. Horren ordez, Ferminen begiradei aurre eginez, aurretik Marckek jarrita ortzadar banderaren alboan, Harakinek euskaldun zintzo moduan ikurrina ipintzen dio zerraldoari. Gorputza erraustu ondoren, errautsen erdiak Londreseko koadrilak eta beste erdiak euskaldunek hartzen dituzte. Bazter zenaren eta Seanen Pub-ean gaua igaro ondoren, Londresen aireratzen dituzte Londresekoek errautsak. Euskaldunek, berriz, Bazterrek hain maitea zuen Beriain mendian aireratzen dituzte, merezi duen omenaldi baten ondoren.
Londreseko koadrila agurtu ondoren, hegazkina hartu eta Loiuko aireportura ailegatzen dira. Bazterren errautsen potea, maleta txiki batean gordea, ez dute fakturatzen eta maletak hartzeko momentuan ezta arrastorik ere! Hauexek dira Juanjo Olasagarre idazleak irekita uzten dituen bi amaierak: Lekunberriko lagunen galera edo Guardia Zibilen lapurreta?
Berriak Juanjo Olasagarreri egindako elkarrizketa irakurri nahi baduzue, klikatu hemen.
Pasarte bat irakurri nahi al duzue?
Amaitzeko, irakurria baduzu, iritzia ematera gonbidatuta zaude…
Iruzkin berriak