Mc Donald`s eta otordu lasterrei buruzko dokumentala ikustekotan ginen Biologiako ikasgaian; eguneko 7. orduan genuenez, 14:30ean, nekatuta eta gustura jarri ginen telebistaren aurrean. Gehienok harrituta gelditu ginen egunero janari prestatua jaten duen pertsona kopuruarekin. Hori dela eta, artikulu hau idaztea bururatu zait.
Argi dago munduan gero eta haur, nerabe eta heldu obeso gehiago dagoela, hori da Morgan Spurlockek zuzenduriko “Super Size Me†filmeak islatu nahi duena. Baina nor edo zer da honen errudun? Otordu lasterreko jatetxeena al da ardura osoa edo norberak badu bere elikadurarekiko erantzukizuna? Estatu Batuetan grabatutako erreportaiak momenturo airean uzten du galdera hau.
Pertsona lodi gehien dagoen lurraldean, Estatu Batuetan, 1980tik bikoiztu egin da biztanle gizenen ehunekoa, orain, %60an dago. Garai batean, egun berezietan baino ez zen etxetik kanpo jaten, gaur egun, aldiz, noiznahi irteten gara otorduak egitera, gure ekonomia eta osasuna kolokan jarriz. Estatu Batuetan, urtero 400.000 pertsona hiltzen dira gai honekin zerikusia duten gaixotasunek jota.
Euren egoeraz kezkatuta, bi estatubatuarrek munduan 30.000 lokal baino gehiago dituen (Manhattanen, bi kilometro karratuko) eta egunero 42 milioi pertsonari jaten ematen dien Mc Donald´s auzitara eraman zuten; hala ere, osasun arazoen erruduna janari prestatua zela frogatu gabe ezinezkoa zen aurrera egitea. Pelikulako protagonista hau frogatzen saiatzen da.
Horretarako, ekar diezazkiokeen arriskuak kontuan hartuta, 30 egunetan zehar Mc Donald’seko produktuez (edari eta janaria) baino ez da elikatzen eta ezin du otordurik egin gabe utzi. Proiektuarekin hasi aurretik, mediku, kardiologo, endokrino eta dietista bat bisitatzen ditu bere osasun egoera zein den aztertzeko eta denak bat datoz ezin hobeto dagoela. Horrez gain, egun horien jarraipena egiten diote.
Amerikarren %70ek baino gehiagok ez du inolako ariketa fisikorik egiten eta mugitzeko garaian kotxera eta igogailura jotzen dute, nahiz eta adituek egunero 30 minutuz aritzea aholkatzen duten. Beraz, egunean 2.000-5.000 pauso ematera mugatu beharko du bere burua gure protagonistak, euren antzera sentitu ahal izateko.
Egunak aurrera joan ahala, medikuek egokiena prozesua bertan behera uztea izango litzatekeela esaten diote; izan ere, bere osasuna okerrera doa. Bularrean presio moduko bat sentitzen du, deprimituta eta oso nekatuta dago, kosta egiten zaio etxeko eskailerak igotzea, askotan buruko mina eta antsietatea ditu (jaten ez duenean), arnasa hartzeko zailtasunak ditu eta, gainera, jan eta segituan berriro jateko gogoa sartzen zaio, jan ondoren, hobeto sentituz. Beraz, otordu lasterrek menpekotasuna sortzen dutela esan genezake, batez ere azukre eta kafeinagatik.
Horrez gain, medikuen testetan hipertentsioa, hiperurizemia, anemia, bitamina falta, hipergluzemia, kolesterol altua, gantz gehiegidun gibela… dituela azaltzen da, diabetea, gaixotasun koronario eta bihotzekoak izateko aukerak bikoiztuz. Bere pisuan ere nabari da elikadura desegokia, 12 egunetan 8 kg irabazi baititu.
Hau horrela izanda ere, Morganek aurrera egiten du bere bizia arriskuan jarriz, 30. egunera heldu eta bere xedea bete arte. Hasieran baino 11kg gehiagorekin bukatzen du eta, dudarik gabe, oso osasun kaskarrarekin.
Hala eta guztiz ere, bere ahaleginak zerbaitetarako balio izan du, eskola askotatik freskagarriak kendu dituzte eta baita elikagai osasuntsuagoak (bertan egindakoak) jarri ere. Eta ez hori bakarrik, filma aurkeztu ondoren, Mc Donald´sek super size tamaina handiena kendu du merkatutik.
Osasunaz arduratu beharrean, gaixotasunaz arduratzea ez al da daukagun arazorik handiena?
Mc Donald´seko produktuak kaltegarriak zergatik diren agerian uzten duen bideo batekin uzten zaituztet, sentitzen dut ingelesez baino ez aurkitu izana. Bertan, leku ezberdinetan ekoiztutako jakiekin eginiko esperimentu bat agertzen da eta denetan Mc Donald´s enpresakoak dira gehien irauten dutenak; beraz, baita iraungitze data atzeratzeko susbstantzia gehien dituztenak ere.
[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/pEM0T1Ar5Qo" width="425" height="350" wmode="transparent" /]
Iruzkin berriak