About immendizabal

Author Archive | immendizabal

Irakaskuntza Finlandian

finlandieraGauza jakina da finlandiar jendeak oso izakera serio eta idorra duela. Txiki-txikitatik etxean heziera gogor eta diziplinatua ezartzen zaie eta hamazortzi urte bete bezain pronto, etxetik alde egiten dute euren kontura bizitzen hasteko. Honek guztiak ondorio nabarmenak uzten ditu jarreran. Pisako informeak (1 eta 2) dioen bezala, finlandiar ikasleek Europa mailan gai zientifikoetan nota hoberenak ateratzen dituzte eta matematika eta irakurketan bigarren postuan daude. Gu, ordea, 30-35 artean kokatzen gaituzte. Baina, nola da posible hau gertatzea? Zein faktorek hartzen du parte hau horrela izan dadin?

Eragile nagusia heziketa da. Ikasleak erabat diziplinatuak izanik, irakasleek diote begirada batez tinko ditzaketela. Bestalde, ikasleei ez zaie bururatu ere egiten txuletak egitea. Haiek diote denbora galtzea dela eta, norbaitek egiten badu, baztertu egiten dute. Astero liburu bat irakurtzen dute, finlandieraz edo ingelesez. Horrez gain, egunero etxerako lan mordoa izaten dituzte eta egunero bi orduz egon behar izaten dute hauek egiten. Finlandiar gazteentzat ikasketak lanaren antzekoak dira eta bizitzan erabateko lehentasuna dute.

Ikastetxeen %95 publikoak dira eta teknologikoki denak daude ikaragarri garatuta (bi ikaslek ordenagailu bat partekatzen dute, plasma-telebistak dituzte ikasgela guztietan…), eta puntako teknologia hori guztia gobernuak ordaintzen du. Finlandiak 90. hamarkadan beherakada ekonomiko larri bat bizi izan zuen eta ezinezkoa zirudien arren, gobernuak egoerari bira eman zion irakaskuntzan dirutza handi bat xahutuz. Ondorioz, txiroa den pertsona batek nahi dituen ikasketak egin ditzake emaitzak onak diren bitartean. Gainera, irakasle izatea ospe eta soldata handiko ogibidea da eta ikasketa hauek egiteko bederatziko batez bestekoa behar da. Beraz, ikasleak duen irakaslea eredugarria izango da beti.

Azterketak lehenengo aukeran gainditu behar dira, ez daude errekuperazioak. Ikasle batek azterketa bat ez badu gainditzen, arratsaldez ikastetxean geratzen da irakasleari edukia menperatzen duela erakutsi arte. Baina hau ez da oso ohikoa ikasle guztiak oso langileak direlako.

Hala eta guztiz ere, nahiz eta egunaren zati handi bat ikasketei eskaini, finlandiar gazteek bizitza osasuntsu eta erosoa daramate, eta guztiz zoriontsuak dira. Azken finean, euren kultura gurearekiko desberdina izan arren, denok baikara pertsonak.

Comments { 2 }

Nisa Goiburu: gizatasuna koloreetan

Ordizia egungo artista honen hezieraren lekuko izan zen. Nisak txikitatik aurkitu zuen pintura adierazpen bide bezala, gizatasun eta naturaren arteko elkartasuna adierazteko bidea. Niri artearen benetako esanahia erakutsi dit elkarrizketa honen bitartez, begiak ireki dizkit eta pinturaren sakontasun konplexua ulertzen eta irakurtzen irakatsi dit. Tolosan kokaturiko bere estudioan izateko aukera izan nuen, eta nola ez, berarekin solasean aritzeko. Besterik gabe, hementxe duzue Nisa Goiburu solasean.

Nisaren obra batZerk bultzatu zintuen artea sortzera? Noiz?
Txiki-txikitatik gustuko izan ditut eskulanak, eta guk ezer jakin gabe gauza asko sortzen genituen. Niretzat eskolako ikasgai politena marrazketa zen, eta nire lagun baten ama artista izatearen zortea nuen. Lagun honekin lasterketak egiten nituen ea nork egingo marrazki bat bizkorrago. Gainera, mojek nire amari esan zioten ez nuela ikasketetarako balio, marrazteko baizik, eta nire ama garai hartarako oso irekia zenez, emakumeek sukaldean jarduteko baino gehiagorako balio zutela pentsatzen zuen eta, horren ondorioz, hamazortzi urte nituela Donostiara joaten hasi nintzen klaseetara.

Nondik lortzen duzu inspirazioa?
Niri beti gustatu zait natura, asko gainera, baina baita asko gustatzen zait gizatasun natura, pertsonen izakera eta jarrera. Nire lehenengo lanetan bi hauek lotu nituen koadroan islatuz. Nire helburua gizakiaren barnea eta kanpoa lotzea zen, baina biak oso ondo bereizten nituen, zer garen barrutik eta zer garen kanpotik. Beranduago, kanpokoa barrukoarekin nahasten hasi nintzen.

Nola definituko zenuke zure lana? Zein da zure lanaren alderdirik txarrena?
Tira, hori oso zaila da erantzuten, guk ez dugu gure lana definitzen. Alderdirik txarrena, duda barik, ekonomikoa; hau dena (bere obrak seinalatuz) ez da horren erraz saltzen. Gainera, erakustaldiak egiteko lokal egokiak aurkitu behar dira eta horretarako nahiko bizia izan behar da.

Nisarekin solasean

Pintura edo eskultura, zein duzu gustukoago? Zein da gehien praktikatzen duzuna?
Pintura askoz ere gehiago gustatzen zait eta, horren ondorioz, gehien praktikatzen dudana da. Eskultura pinturatik jaio zen. Nik gogo handia nuen eskultura praktikatzeko, eta zuk buruan daukazu sortu nahi duzula, baina askotan ez dakizu nola, ikusten ez baduzu ezin duzu egin. Nik esan dezaket “eskultura bat egin behar det”, baina ezin duzu edozer gauza egin, ideia burura etorri behar zaizu jarraian ideia hori gauzatzeko. Tolosan erakusketa bat antolatu nuen, erakusketa horretan azaldutako koadroak altxatu egin nituen hirugarren dimentsio bat emanez, horrela jaio ziren nire eskulturak.

Hemendik kanpo ere jarri dituzu zure lanak ikusgai, New Yorken, adibidez. Zure karrera profesionalean aurrerapauso bat kontsideratzen al duzu?
Estudioan ikusitako obra batPertsonalki aurrerapauso handia iruditzen zait. Momentu bat iritsi zen non ezin nituen Espainia mailan inon erakutsi nire artelanak eta lagun batek esan zidan ea nahi nuen berarekin bidaia bat egin, eta nik New York-era joan nahi nuenez, bertara joatea proposatu nion. Ados jarri eta abiatu ginen. Nik dossier bat besterik ez nuen eraman, eta lehenengo galeria itxuroso bat ikusi bezain pronto, sartu ginen dossierra erakustera. Ordu luze batez igaro zuten txostena begiztatzen eta, azkenik, zera esan ziguten: “Egia esango dizuet, koadroak oso onak dira, baina zona honetan arte hau ez dute gustuko eta ez da saltzen. Pintura honekin arrakasta izateko, Chelsea-ra joan beharko zinatekete”. Honen esperientziari amen eginez, Chelseara joan ginen eta, galeria topatzean, atean “cerrado por vacaciones” zioen oharra aurkitu genuen. Baina, azkenean, tirabira eta buruhauste ugari ondoren, lortu nuen nire artelanak ikusgai jartzea New Yorken.

Pinturan, zein estilo da gehien erabiltzen duzuna? Hauetatik zein da gehien gustatzen zaizuna?
Gehienbat oleoa lantzen dut nahiz eta paperean ere marrazki asko egin. Azken hau azkarragoa da eta ez da bestea bezain sakona. Koadroak mentalagoak dira; paperekoak, aldiz, zuzenean bihotzetik ateratakoak dira. Ezingo nuke hauetako batekin gelditu, artelan batean murgildurik zaudenean dena ematen baituzu buruan duzun ideia aurrera ateratzeko eta gorputza emateko. Denekin disfrutatzen da neurri berean.

Estresatuta sentitzen zarenean, arteak lasaitzen laguntzen al dizu?
Estudioko atetik sartu bezain laster, estresak alde batera uzten ditut. Estresatuta ez nagoenean, errazago pentsatzen dut nire artelanetan. Estresatuta banago, aldiz, ez daukat denborarik artean pentsatzeko. Baina, esan dudan bezala, atetik sartzean kanpoko dena ahazten dut. Azken finean, nik uste dut estresa baino gehiago nire barne sentimenduak espresatzen ditudala koadroetan, estresa azaleko zerbait besterik ez da.

Aurrera begira, ba al duzu inongo helbururik?
Lanean jarraitzea da nire helburu bakarra, esperimentatu eta arteaz gozatzen jarraitu.

Elkarrizketari amaiera emateko, eskerrak eman nahi nizkioke Nisari Jakintza ikastolako ikasle xume bati solasaldi paregabe bat eskaintzeagatik eta euskaljakintzarako artikulu bikain bat emateagatik.

Comments { 3 }

Munduko errugbi txapelketa 2007

rwc2003_johnson.jpg2003ko azaroaren 22. Sydney. Ingalaterra eta Australiako errugbiko selekzioek norgehiagoka gogor batean ari dira munduko kopa jokoan baitago. Australiak etxean jokatzen du eta horrek taldea bultzatzen du, baina ingelesek ez dute esku hutsik joan nahi. Jokalariek laurogei minutu luzez sufritu ondoren, azken minutuan, Jhonny Wilkinson joko zabaltzaile ingelesak drop bat sartzen du, Ingalaterrako selekzioa munduko txapela aldarrikatuz eta, adituek diotenez, historiako errugbiko munduko txapelketa onenari amaiera emanez.

Lau urte beranduago, inoiz baino ikusgarriago datorkigu 2007ko errugbi mundiala Frantziara. Hogei selekziok osatzen dute eta lau taldetan banatu dira, lau jardunaldi ondoren, talde bakoitzeko lehenengo biak final laurdenetarako sailkatuko direlarik. Lau horietako hiru jardunaldi igaroak dira eta nahiko garbi dago talde bakoitzetik nortzuk sailkatuko diren.

Zelanda Berriko selekzioa da faboritoa. Talde honek orain arteko partidu guztiak nahiko erraz irabazi ditu eta azken jardunaldian, Eskoziari irabaziz, final-laurdenetan lekua bermatua du. Aurtengo txapelketa irabazten badute, bigarren aldiz lortuko dute munduko txapelketa.

david callam.jpgHala eta guztiz ere, Zelanda Berriari aurre egingo dion hainbat selekzio badago. Nire ustez, Hegoafrika da horietatik garbiena. Nahiz eta bere jokalaririk onenetariko bat, Schalk Burger, lehen partiduan zigortua izan. Ingalaterrari dagokionez, ez da duela hiru urteko maila bera erakusten ari, A taldearen buruzagitza jokoan zeukala, Hegoafrikak sekulako egurra sartu zion eta. Final laurdenetarako sailkatu berri da, halere, atzo Tongaren aurka irabazi ostean. Irlanda ere espero zena baino maila baxuagoa erakusten ari da. Baina Paul O’Connellek, bigarren lerro irlandarrak, taldearen berreskurapenean sinisten du eta berak dio Argentinaren aurkako partidu erabakigarrian “hirustaren indarrak” taldea lagunduko duela.Azkenik, talde anfitrioiak, Frantziak, Georgiaren aurkako partidua irabazi beharko du final laurdenetara pasatzeko.

Laburbilduz, errugbi mundiala beti izango da aukera paregabe bat kirol honen zaleek biziki goza dezagun.

Comments { 3 }
-->