About iusabiaga

Author Archive | iusabiaga

Euskara eta etorkinak

Udazkeneko koloreetan murgilduta, festak non-nahi, ekintza ugariak han eta hemen, ikustekoak hamaika baita entzutekoak ere. Hamaika gauza ikusteko jaio ginen! Entzun izan dut nire inguruan behin baino gehiagotan, ia beti adineko pertsonengandik.

Oraingoan, aldiz, pentsakor jarri naiz. Zenbait albiste uda garaian zehar errepikatu dira egunero: suteak, herri festak, beroa, ur eskasiaren arazoa, etorkinen zoritxarrak… (gehiago ere izan dira, noski!). Batekin geratu naiz itsututa, ordea. Egunero albiste izaten jarraitzen du, kolore iluna du, beltzarana. Etorkinen inguruan ari naiz, bai!

Denbora bat dela, jada, gurean ziren, orain dira eta, dirudienez, hemendik aurrera gehiago izango ditugu. Harrera eta harremana, oinarrizko premiak asetzetik datoz eta, nola ez, komunikaziorako dugun kodetik. Guk ez dugu haiena ezagutzen, gutxiago erabiltzen eta haiek arazo berbera bizi dute. Desberdintasunik akaso badago, gurean ez dugula hizkuntza bakarra eta indartsua hiztunei begira hitz egiten, gaztelania nagusi den gure euskal lurralde honetan.

Euskararen egoera, gorabeheratsua askotan, erabilera urriari lotua, esparru mugatuekin adiskidetua eta gaztelaniarekin bizitzera behartua, ez ote da kaltetuagoa izango?

Atzerriko hainbat hizkuntza, etorkinen arabera ezberdinak; gurea, hizkuntza minorizatua… Denak, ordea, besteena bezain errespetagarri. Kontuan hartzea, beharrezkoa dugu.

Erabiltzea ere ezinbestekoa dugu. Gurea aldarrikatu eta indartu behar dugu eta etortzen direnei gurearen berri eman. Albiste beltzen artean euskararen bidea argiago ikusiko dugu, udazken koloreen atzetik udaberri oparoa etorriko baita…

Comments { 5 }

Kilometroak 06

Kilometroak 06Udako azken joan-etorriak ematen ditugun bitartean, urteroko kantak eta koplak errepikatzen dira. Behin eta berriz ikasturte berriaren hasiera dela, ikasle berrien sarrera eskoletan, honelako matrikulazio zenbakiak izan direla, batzuk hizkuntza eredu batean eta beste batzuk bestelakoan… Dena berri den ikuspuntutik begiratuta. Dena den, horrekin batera urterokoa den ekintza garrantzitsu bat ere aipatu beharrean gaude, udazken hasieran izan ohi den bezala, KILOMETROAK, euskararen festa eguna.

Aurtengoan, Gipuzkoako Oiartzungo HAURTZARO ikastolari eta nola hala herritar asko eta asko bildu diren lan taldeei egokitu zaie egunaren ekitaldiak antolatzea. Ez da, ez, egun bakarreko lana. Aurretik sekulako kezka, urduritasuna, gogoa, motibazioa, interes berezia baina desinteresatua, denbora, tokia, irudimena, pertsonak, lagunak, herritarrak, kanpotarrak, haurrak, helduak… Denak prest datorren urriaren 1ean izango den festa erraldoiak oihartzun paregabea izan dezan eta gure hizkuntzak behar duen bultzada etengabea gizarteko esparruetan gero eta presentzia biziagoa islatuz, euskal nortasuna nabariagoa izan dadin herrian eta baita mugaz kanpo ere. Gu ere, oiartzuarrak izan gabe, partaide bilakatuko gara eta egun horretan han izango gara. Denoi gonbitea luzatzen zaigu eta nola huts egin?

Arrazoiak ugari dira gipuzkoarra izan arren, nafar kutsuaz zipriztinduta dagoen toki polit honetara hurbiltzeko: natura, mitologia eta eguzkia, besteak beste. Aiako Harria, Oiartzungo bizitzan elementu garrantzitsua; intxixua, pertsonaia mitologikoa, txikia baina laguntza ematen duena eta eguzki izpiekin batera, eguneko ardatz bihurtu diren ezaugarriak izango dira.

Ekintzetarako izango diren gune bereziak zazpi paradatan ikusgai izango dira eta txiki, gaztetxo, heldu eta adinetuentzat aurreikusita daude: jokoak, naturarekin lotutako ekimenak, bertso, kantu, kopla, era desberdinetako musika entzunaldiak, pailazo, pertsonaia bereziak … eta guztion alaitasunerako aski ezagunak egiten zaizkigun Alaitz eta Maider abeslari bikoteak musikatutako kanta, INGOYEU! INGOÑEU! lelopean.

Lanean berriz bizi-bizi eta euskararen inguruko aipamenak nonahi. Kementsu iraun dezagula hasi berri dugun aukera eta ekitaldia, beti aurrerako bidean pausoka urra dezagun geurea dugun herria eta etorkizun euskalduna.

Hona hemen edizio honetako abestia eta hitzak, eguna iritsi bitartean, entseatzen joan zaitezten:


powered by ODEO

Comments { 6 }
-->