About Jakintza

Author Archive | Jakintza

Ikastolaren Eguna arrakastatsua!

ikastolaren_egunaEguraldiak euriarekin mehatxatzen zuen arren, bikain portatu da eta giro paregabeaz gozatzeko aukera eman digu. Ez dakigu horregatik izan den, baina antolatutako ekintza guztietan jende andana bildu da eta partaidetza inoiz baino handiagoa izan da. Zorionak guztioi.

Goiztiarrenak LH 3 eta 4. mailakoak izan dira euren joko tradizionalekin. Kromo, ziba, diabolo, txapa, soka, bolo, kurkuluxetan… jolasten harrapatu ditugu. Antzematen da joko modernoagoek horrelakoak baztertu dituztela, baina aukera dutenean, majo disfrutatzen dutela frogatuta gelditu da.

Ia ordu berean, Haur Hezkuntza eta LH 1 eta 2. mailako ikasleak pailazoekin txundituta ikusi ditugu. Ikuskizunean agertu denarekin bat egin dute eta euren aurpegia begiratzea besterik ez zegoen, zenbat disfrutatu duten ikusteko.

Hori plazan gertatzen ari zen bitartean, frontoian guraso eta ikasle helduen arteko futbol partida interesgarri bat ospatzen ari zen. Lehia handia ikusi dugu, baina gazteen indarra eta kalitatea nagusitu egin da. Ez da horrelakorik gertatu, ordea, Herri Kiroletan. Hortxe, guraso, irakasle eta ikasleak epelkerietarako tarte gutxi utziz, oso parekatuta ikusi ditugu. Giro bikaina bizi izan da eta, azkenean, frogak denbora dezente luzatu dira.

Harantz eta honantz genbiltzala, herriko kaleetan, batetik bestera arrapaladan zebiltzan taldeak ikusi ditugu. LHko 5 eta 6. mailako ikasleak ziren. Ordizia hobeto ezagutzeko antolatutako Altxorraren Bila jokoaren frogen erantzunak bilatzen ari ziren. Herriko txoko guztiak arakatu dituzte jokoa amaitu bitartean.

Azkenean, arboledan, guztiok elkarrekin egoteko aukera aprobetxatuz eta prestaturiko pintxo eta edari goxoak dastatuz, amaiera eman zaio aurtengo Jakintza Ikastolaren Egunari. Festaren amaierarekin bat egin nahian edo, euria ere azaldu zaigu une batez, baina ez du zapuztu bertaratutakoen umorea eta eguna giro paregabeaz bukatu ahal izan dugu.

Bideo eta argazki batzuekin uzten zaituztegu.

Ikastolaren Eguna 2009 – Ordiziako Jakintza Ikastola from jakinmin on Vimeo.

Comments { 0 }

Ikastolaren Eguna larunbatean

jakintza_ordiziaAurten, Ikastolaren eguna ekainaren 6ean ospatuko dugunez, ekintza desberdinen programaren berri eman nahi dizuegu eta parte hartzeko gonbidapena luzatu bai guraso, ikasle eta irakasleei.

Haur Hezkuntza eta LHko Lehen Ziklora zuzendutako ekintzak

Goizeko 10:30ean Villa Eugenian ikastolan elkartuko gara guraso,ikasle eta irakasleak.

Plaza nagusian:

  • 10:45 ean Korri Xalto eta Brinko pailazoen emanaldia izango dugu ikusgai.
  • 11:45ean LH2ko Abesbatzaren emanaldia izango dugu.

Bukaeran guraso bakoitzak bere seme-alaba jaso beharko du.

Lehen Hezkuntzako Bigarren eta Hirugarren Ziklora zuzendutako ekintzak

  • 10:30ean Barandiaran plazan elkartuko gara ,3. eta 4.mailakoak . Bertan jokoetan parte hartuko dugu.
  • 10:30ean Barrenako plazan elkartuko gara 5. eta 6. mailakoak. Altxorraren bila ibiliko gara herrian zehar.

DBH eta Batxilergoko Zikloetara zuzendutako ekintzak

  • Goizeko 10:30ean guraso,ikasle eta irakasleen arteko futbol partidua frontoian.
  • Goizeko 11:30ean Frontoian, Herri kirolak izango ditugu.

EKITALDI HAUEN GUZTIEN AMAIERAN 12:15EAN HAMAIKETAKO GOXOA IZANGO DUGU GUZTIONTZAT FRONTOIAN.

Oharrak:

  • Kilometroak 2009ko arropa salgai izango duzue. Aurten Zurriola ikastolak antolatzen du.
  • Birziklairako jarriko diren zabor poltsak izendatuta egongo dira. Erabil itzazue mesedez
Comments { 0 }

Gure ohorezko mutilak

Ez da giro gaur egungo gazteekin! Bada gaur egungo gazteriaz kexatzen denik; halere, bagara askoz baikorragoak garenak ere. Agian, urtez urte gure ikasle guztiek beraien etorkizuna  goi mailako edo unibertsitateko ikasketetara nola bideratzen duten ikusten dugulako.

Aurten ere, Batxilergo 2. mailakoak badoaz eta, ohitura denez, EHUak eskaintzen dizkigun Ohorezko Matrikula lortu dutenekin, Eñaut Agirre eta Eneko Novorekin, solasalditxo bat izango dugu.

Eñaut eta Eneko: ohorezko matrikula

Kaixo, bikote. Lehenik eta behin, zorionak! Zer bururatzen zaizue helduei “Ez da giro gaur egungo gazteekin!” entzundakoan?

Eñaut: “Ez zait iruditzen helduek benetan halakorik pentsatzen dutenik. Agian, hainbat gauzatan harrituko ditugu, onerako zein txarrerako, baina esaldi hori ohituraz esaten dutelakoan nago. Berdin-berdin entzun genezake esaldi hori poztasunean zein haserrealdian, besterik gabe esaten duten seinale. Azken batean, belaunaldi guztiek berdin jokatzen dugu gaztaroan”.

Eneko: “Momentuko haserrea adierazteko besterik ez dela iruditzen zait. Egungo gazteak beste belaunaldietakoak bezain kapazak edota kapazagoak gara, gehienbat baliabide gehiago ditugulako. Ziurtasun osoz esango nuke esaldi famatu hau historian zehar heldu guztiek esan dutela noizbait”.

Duela egun batzuk Hautaprobak izan dituzue. Erronka handia izan al da zuentzat? Zergatik?

Eñaut: “Lekuz kanpo dagoela iruditzen zait. Erronka bat da, noski, baina hutsala. Norberak erakutsi beharrekoa urtean zehar erakutsia du eta ez dut uste hiru egunetan halako azterketak egin beharko liratekeenik. Hutsala eta gogorra aldi berean! Kontzentrazio handia eskatzen baitu orain ikasi beharra izateak”.

Eneko: “Guztiz bat nator Eñautekin. Hiru egunetan egindakoa ez da bi urtetan egin dugunarekin konparagarri. Erronka? Medikuntza egin ahal izateko media ateratzea besterik ez da, nik pertsonalki hori dut buruan. Lasaitasunez  hartu eta listo”.

Biak medikuntza! Zer dela eta? Nondik datorkizue zaletasuna?

Eñaut: “Egia esan, ez dakit zergatik. Agian, giza gorputzaren funtzionamendua ulertzeak betidanik erakarri nauelako izango da. Onartu behar da ikasketa gogorrak direla, baina uste dut “bokazioa” izanez gero, lan benetan atsegina behar duela”.

Eneko: “ Zaletasuna? Egia esan, familia gauza bat da gehienbat. Ama medikua, anaia medikuntza egiten… Eragina nabarmena izan da eta hori jendeari laguntzeko gogoarekin elkartuz, izugarrizko gogoz ekingo diot etorkizunari”.

Bi urtez geroztik ikastolan. Oroitzapen aipagarririk bai?

Eñaut: “Hamarnaka oroitzapen datozkit burura, onak gehienak, ezbairik gabe. Txiki-txikitako oroitzapenik ez dut, baina behin San Inazion hasi ginenetik tarte bikainak pasatu ditugu. Gogoan ditut, adibidez, klasean izaten genituen zapaburuak, Zuazako irteerak…Eta, noski, lagunak ere bai. Gelakide bikainak izan ditugu eta baita irakasleak ere. Horixe da oroitzapenik onena”.

Eneko: “Hainbat oroitzapen datozkit gogora, momentu onak eta txarrak. Urte luze hauetan aipagarriena ikasle-irakasle arteko erlazio ona eta ikaskideen laguntasuna. Ikaragarria izan da! “Table tennis School”  😆 eta horrelakoak betiko geldituko dira memorian. Hemendik urte batzuetara irribarretxo bat eragingo didate, hori da ikastolatik atera dudan gauzarik aipagarriena”.

Etorkizun bikaina benetan! Zorte on opa dizuegu eta arrakastatsuak izan zaiteztela zuen ikasketetan , baina batik bat saia zaiteztela zoriontsu izaten! 😉

Comments { 3 }
-->