Ikastolaren Eguna arrakastatsua!

ikastolaren_egunaEguraldiak euriarekin mehatxatzen zuen arren, bikain portatu da eta giro paregabeaz gozatzeko aukera eman digu. Ez dakigu horregatik izan den, baina antolatutako ekintza guztietan jende andana bildu da eta partaidetza inoiz baino handiagoa izan da. Zorionak guztioi.

Goiztiarrenak LH 3 eta 4. mailakoak izan dira euren joko tradizionalekin. Kromo, ziba, diabolo, txapa, soka, bolo, kurkuluxetan… jolasten harrapatu ditugu. Antzematen da joko modernoagoek horrelakoak baztertu dituztela, baina aukera dutenean, majo disfrutatzen dutela frogatuta gelditu da.

Ia ordu berean, Haur Hezkuntza eta LH 1 eta 2. mailako ikasleak pailazoekin txundituta ikusi ditugu. Ikuskizunean agertu denarekin bat egin dute eta euren aurpegia begiratzea besterik ez zegoen, zenbat disfrutatu duten ikusteko.

Hori plazan gertatzen ari zen bitartean, frontoian guraso eta ikasle helduen arteko futbol partida interesgarri bat ospatzen ari zen. Lehia handia ikusi dugu, baina gazteen indarra eta kalitatea nagusitu egin da. Ez da horrelakorik gertatu, ordea, Herri Kiroletan. Hortxe, guraso, irakasle eta ikasleak epelkerietarako tarte gutxi utziz, oso parekatuta ikusi ditugu. Giro bikaina bizi izan da eta, azkenean, frogak denbora dezente luzatu dira.

Harantz eta honantz genbiltzala, herriko kaleetan, batetik bestera arrapaladan zebiltzan taldeak ikusi ditugu. LHko 5 eta 6. mailako ikasleak ziren. Ordizia hobeto ezagutzeko antolatutako Altxorraren Bila jokoaren frogen erantzunak bilatzen ari ziren. Herriko txoko guztiak arakatu dituzte jokoa amaitu bitartean.

Azkenean, arboledan, guztiok elkarrekin egoteko aukera aprobetxatuz eta prestaturiko pintxo eta edari goxoak dastatuz, amaiera eman zaio aurtengo Jakintza Ikastolaren Egunari. Festaren amaierarekin bat egin nahian edo, euria ere azaldu zaigu une batez, baina ez du zapuztu bertaratutakoen umorea eta eguna giro paregabeaz bukatu ahal izan dugu.

Bideo eta argazki batzuekin uzten zaituztegu.

Ikastolaren Eguna 2009 – Ordiziako Jakintza Ikastola from jakinmin on Vimeo.

, ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->