About jgarcia

Author Archive | jgarcia

Bobby Sands, 25.urteurrena

25 urte bete dira Bobby Sands, Ipar Irlandako borrokaren ikur nagusienetekoa hil zenetik. Robert Sands, Bobby Sands izenez ezaguna, 1954an jaio zen protestante gehiengoa zuen Belfasteko auzo batean. Urte batzuk beranduago, bere familiak etxetik alde egin behar izan zuen protestateen etengabeko erasoengatik.

1972ko Igande Odoltsuko gertaeren ondoren (britaniar soldaduek 13 zibil katoliko hil zituzten), Ipar Irlandako gatazka armatuari hasiera eman zitzaion. Gatazka honek 3200 hildako eragin zituen hurrengo urteetan. Urte hartan bertan sartu zen Sands Iran; 18 urte eskas zituen. Handik gutxira atxilotu eta kartzelara sartu zuten suzko armak legez kanpo edukitzeagatik eta bahiketa saiakera batengatik. 4 urte preso eman ondoren kaleratu eta 6 hilabete baino ez zituen kalean egin. Ekintza armatu batean parte hartzeagatik kartzelara bueltatu zen 1976an. 14 urteko zigorra ezarri zioten. Urte hartan, IRAko presoei estatus politikoa ukatu zitzaien.

1981eko martxoaren 6an, Sandsek gose greba bati hasiera eman zion kartzelako egoera salatzeko eta, batez ere, estatus politikoa berreskuratzeko. Apirileko hausteskundeetan, gainera, parlamentario aulkia lortu zuen eta honek egoera zailean ipini zuen Margaret Thatacherren gobernua. Grebak eragin mediatiko handia izan zuen eta Irlandako gatazka lau haizeetara zabaldu zen. Honek britaniar gobernuarekiko presioa igoarazi zuen baina, hala ere, gobernuak ez zuen atzera egin eta giza eskubideak ukatzen jarraitu zuen.

Gose greba bertan behera uzteko eskari asko jaso arren, Bobby Sandsek ez zuen amore eman. Katoliko sutsua zenez, azken igurtzia jaso eta 1981ko maitzaren 5ean hil zen 66 egun gose greban eman ondoren. IRAko eta INLAko beste 9 kidek ere bide bera jarraitu zuten eta protestan hil ziren. Ondorioz, IRAk greba bertan behera uzteko agindu zien bere kideei.

Asier eta ni uda honetan egon gara Ipar Irlandan eta segituan ikusten da bertako jendeak eroitzat duela Bobby Sands. H blokeko martiriak bezala ezagutzen dira protestan hildako militanteak eta edozein kale izkinatan topa daiteke beraien ausardia goraipatzen dituzten muralak.

Comments { 1 }

Gloria mundi, FERNANDO MORILLO

Fernando Morillo (Azpeitia, 1974) Filosofia eta Fisika ikasitakoa da, bokazioz idazlea. Sari ugari irabazi ditu eta hainbat liburu plazaratu: Bila nazatela (Ibaizabal, 1999), Gudaoste ametsak (Kutxa fundazioa, 1999), Erraldoi errena (Alberdania, 2000), Sexu egunsentiak (Elkarlanean, 2000), Bihotz nahasiak (Ibaizabal, 2001), Ortzadarra sutan (Elkar, 2002), Izar Malkoak

Nik Gloria mundi eleberria irakurri dut:

Mireia Elosegi Fisikako ikaslea da eta esperimentu garrantzitsu bat egiten dabil bere kabuz. Gauez laborategian lan egiten ari dela, bila ari dena aurkitzen du, energiaren kontzeptu berri bat, energia garbia agorrezina, gizakiaren ametsa. Dianneri deitzen dio, bere lagun mina den ingeles naturistari eta lortu duenaren berri ematen dio. Baina hurrengo goizean, Mireia hilda agertuko da, laborategian izandako sute baten ondorioz eta ez da bere ikerketaren arrastorik aurkituko.

Josebak, bere mutil laguna izandakoak, Mireiaren heriotzaren berri izango du eta bere kabuz ikertzen hasten da. Laster, heriotza hilketa dela aurkitzen du. Gainera norbait bere pasuak jarraitzen ari dela ohartzen da. Hori gutxi balitz, Mireiak bere hilketaren gauean postaz bidalitako mezu bat aurkitzen du, fisikako formulez betea; horiek izango dira Mireiaren lanaren nondik norakoak. Ordutik aurrera, Amaia bere neska-lagun ertzainaren laguntza ezinbesteko izango du.

Mireia CIAko agenteek hil dutela aurkitzen dute bere esperimentua bereganatzeko xedez. Joseba eta Amaiaren atzetik ibiliko dira ordundik CIAkoek. Nahaspila honen guztiaren artean, Dianne azalduko da, borondate onez jardunez, baina etengabeko azpijoko batean. Amaieran aitortuko die egia Diannek Joseba eta Amaiari: Dianne zientzialari talde bateko kidea da, Mireiak aukitu duena estalaraztea helburu duena. Einsten bera izan zen zientzialari talde iraunkor hau sortu zuena eta aurkikuntza hura isilpean gordetzea agindu zuena. Izan ere, Mireiak aurkitu zuen energiaren kontzeptu berriak gaur egunkoak baino askoz ere arriskutsuagoak diren bonba atomikoak egiteko aukera emango zuen. Amaia eta CIAko agenteen arteko tiroketa odoltsu batekin amaituko da nobela. Josebak Mireiaren ikerketaren emaitzak argitaratuko ditu eta pandoraren kutxa irekiko du.

Liburua atsegina iruditu zait eta oso erakargarria. Erraz irakurtzen da, hizkuntza argia eta sinplea erabiltzen du eta irakurlea harrapatzen daki. Zientzia, armak, amodioa, bizitzaren gazi-gozoak, gaur egungo gizartea… nahasten ditu. Plano aldaketak eta denboran saltoak erabiltzen ditu idazleak eta honek misterio puntua ematen dio liburuari.

Einsten bezalako zientzialari handiak ere deskribatzen ditu nobelan. Era berean, zientzialari eta filosofo handiak esandako zenbait esaldi tartekatzen ditu pasarte eta pasartaren artean. Honek irakurlea gogoetak egitera bueltzatzen du. Bestalde, oztopo txiki bat izan daiteke letratako jendearentzat eleberrian zientziako zenbait kontzeptu azaltzea. Hala ere, orrialde amaieran esplikazioak datoz hauen inguruan. Zientziako kontzeptu hauek sinpleak dira, dena den, eta, gainera, Batxilergo 2an eman dugunarekin erlazio handia dute askok eta askok. Honek ikasitoak zerbaitetarako balio duelako sentsazioa ematen du.

Idazle honi buruz zertxobait gehiago jakin nahi izanez gero, jarrai ezazue artikulu honetako lehenengo esteka, bertan bere lanaren berri izateaz gain, jasotako kritikak ere topatzeko aukera izango baituzue.

Comments { 0 }

Mulacen, bi aurpegiko mendia

Lehengo batean, 3 mendizale hil ziren Mulacen mendia jaisten ari zirela. Taldea 4 mendizale alemaniarrez osatuta zegoen eta ondo ekipatutako jendea zen. Jaitsieran, zero azpitik 20 graduko tenperaturak izan zituzten eta gauak harrapatu zituen. Haietatik batek menditik jaitsi eta Guardia Zibilari jakinarazi zion gertatutakoa. Erreskate taldeak iritsi zirenerako, ordea, 3 mendizaleak hilda zeuden tamalez. Aurreko urtean, urte sasoi honetan ere, beste hainbat britaniar jubilatu hil ziren. Gaizki ekipaturik zihoazen eta ekaitzak harrapatu zituen mendia igotzen ari zirela.

Bi euskaldun mendizalek ere, biak ETAko preso izandakoak, gordinak ikusi zituzten lehengo urtean mendi honetan. Azkenean, laguntza eskatu behar izan zuten eta Guardia Zibilak aurkitu eta jaitsi zituen menditik. Ez zen giro izango mendizaleen eta erreskatatzaileen artean.

Mulacen mendia Sierra Nevadako mendizerran kokatuta dago eta Iberiar Penintsulako mendirik altuena da bere 3478 metrorekin. Aurrez aipatutakoaren arabera mendi nahiko zaila dela pentsa daiteke, eta hala da urte sasoiaren arabera.

Mendi korapilotsua, beraz, baina horra hor, irudian ikus dezakezuen bezala, Asier eta Jokin Mulacen mendiaren tontorrean. Mendizale profesionalak hortaz.

Ez da horrela zoritxarrez, gaztelaniaz esango litzatekeen bezala, "Dominguero" galantak gara. Nola liteke, ordea, Asier bezalako ipurdi handi batekin, galtza motzetan eta jertse zistrin batekin Mulacen mendiaren tontorrean egotea?

Hori bera galdetzen nion nik neure buruari han nengoela. Izan ere, urte hartan, 2005eko apirilean, igotzen saiatu nintzen osabarekin eta orduan oso esperientza desberdina izan nuen. Alpujarrako herrixka batetik atera ginen, 1000 metro ingurura dagoena. Egun osoan mendian gora ibili ondoren, mendi aterpera iritsi ginen 2500 metrora, leher eginda. Bertan lo egin eta gorantz abiatu ginen hurrengo goizean. Izugarrizko haizetea zebilen han, ordea, elurra belaunetaraino eta ez zen 5 metro baino gehiagora ezer ikusten. Hotz galanta pasa nuen nik eta, azkenean, ordu erdi eskas gorantz ibili ondoren, bueltatzeko erabakia hartu zuen osabak ez arriskatzearren. Eskerrak!

Udan, ordea, oso bestalakoa da mendia. 2700 metroraino mikrobus batean igotzeko aukera dago abuztuan. Bertatik tontorreraino paseo bat besterik ez da, Murumendi igotzearen modukoa.

Beraz, nire gomendioa nahi baduzue, hobe duzue udan joatea, gu bezala ogitarteko ederra eraman eta paseotxo bat egitera. Ni, behintzat, ez noa gehiago neguan!

Comments { 0 }
-->