About Maddalen Erauskin

Author Archive | Maddalen Erauskin

Iñigo Martinez: “Pertsonak den bezalakoa izaten jarraitu behar du, futbolaria izan edo beste edozer izan”

Maitek euskaljakintzarako elkarrizketatua nor izango zen pentsatzen hasteko esan zigunean, Iñigo Martinez elkarrizketatzea otu zitzaigun. Luis Arconada Errealeko prentsako arduradunarekin kontaktuan jarri ginen gure gelakide Jokin eta Mikeli esker, eta elkarrizketa onartu zigun. Oso harrera ona egin zigun hara joan ginenean Jokin eta Mikelekin batera. Hauek David Zurutuzari egin zioten elkarrizketa. Iritsi ginenean, entrenamendua ikusten egon ginen, eta, bukatutakoan, gela batera eraman gintuzten, elkarrizketa egin genuen gelara, kirioak dantzan genituela. Hasiera-hasieratik oso ondo hartu gintuzten eta Iñigo ere irekia azaldu zen gu urduri ikusi gintuenean.

Maddalen Erauskin eta Itxaso Orbegozo Iñigo Martinezekin

Maddalen Erauskin eta Itxaso Orbegozo Iñigo Martinezekin

Iñigo Martinez Berridi ondarroarra da, 1991ko maiatzaren 17an jaioa. Errealeko atzelariaren debuta 2011ko abuztuaren 27an izan zen Gijoneko ‘El Molinon’ futbol zelaian. Futbolari gehienak bezala, bere herriko taldearekin -Aurrera Ondarroa-  jolasten hasi zen. 14 urte zituela, Errealean hasi zen. Bere bigarren denboraldia du lehen taldean, aurretik Real Sociedad B-n aritu zen. Bitxikeria bezala, esan, ezagutzen duzuenok jakingo duzuela gutxitan ikusteko aukera dugun bi gol sartu dituela zelai-erditik.

inigoEgun on, Iñigo. Ezer baino lehen, eskerrik asko guri tartetxo bat eskaintzeagatik. Futbolari ibilbidea zure herriko Aurrera Ondarroa taldean hasi zenuen, ikastolan ibili eta gero. Bizkaitarra izanik, badakigu txikitan Athletickekoa zinela edo, behintzat, San Mamesera joaten zinela. 14 urterekin Errealetik deitu zizutenean, nola hartu zenuten berria zuk eta zure ingurukoek? Pozik, ez? Azkenean, gaztea zarenean, deitzen dizuten tokira joaten zara. Polita da. Nik pentsatzen dut txikitatik gustatzen zaigula, mutiloi batez ere, futbolari izatea, eta aukera eman zidatenean, ez nuen alferrik galdu eta bi bider pentsatu gabe hona etorri nintzen.

Eta txikitatik pentsatu zenuen honaino iritsiko zinela? Izan ere, 21 urterekin lehenengo mailan jolasten duzu, Espainiako selekzioarekin ere jolastu izan duzu… Sekula ez da jakiten batek non amaituko duen, baina, zeure helburua hori bada, aurrera jarraitu eta borrokatu egin behar duzu honaino ailegatzeko. Zorte handia ere eduki behar duzu lesioekin… eta gero, aurrera egin. Ondo iritsi behar da, eta, ezin baldin bada, ahal duzun tokira arte saiatu behintzat.

Zer nolako esperientzia izan zen Londresko Olinpiadetakoa? Polita, nahiz eta denbora gutxi egin genuen bertan. Egia esan, ez genuen batere zorterik eduki, baina polita. Jende gutxi iristen da horra lehenengo aukeran. Ni bertan egoteak eta neuri tokatu izanak poztasun handia ematen dit. Gainera, horren gazte! Neuzkan taldekideekin hara  ailegatzea oso polita da, sekula ahaztuko ez zaidana.

Orain dela gutxi kontratua berritu duzu Errealarekin. Egia esan, hau pixka bat harrigarria egin zaigu zurrumurruak, behintzat, egon direlako atzetik ibili direla Pep Guardiola, FC Barcelona, Athletic Horrelako klubak atzetik edukita, zerk bultzatu zaitu Errealean gelditzera? Nire iritziz, inon ez zaude etxean baino hobeto. Horiek gehienbat zurrumurruak izaten dira, gainera. Nik garbi neukan hasieratik hementxe nahi nuela segi. Garbi nuen hauxe zela nire taldea, baita taldekideak ere. Gustura nago. Esan bezala, etxean baino hobeto inon ez da egoten bat eta, azken batean, nire koloreak hauek dira.

KATE MOTZEAN
Futbolari gogokoena: Gogokoena… Messi.
Zelai gustukoena: San Mames.
Futbola ez den beste kirol bat: Ummm… ziklismoa.
Musika talde edo abesti bat: Ez dakit, baina gehien bat parrandan entzuten den musika.
Film bat: Ez naiz pelikula zalea (karkarkar).
Leku bat: Parrandarako edo? Bueno, niri gehienbat beti gustatu izan zaizkit Ibiza edo horrelako lekuak.
Kolore bat: Urdina.
Momentu on bat: Momentu honetan neska daukat eta, egia esan, berarekin bizitzen ditudanak, bai norabait joan oporretara edo bai arratsalde pasa berarekin.

Eta etorkizun batean hemen jarraitzea pentsatzen duzu edo… Hori ez da jakiten sekula. Pentsatzen dut inork ez dakiela non amaituko duen; beraz, momentuz zauden tokian segi hobetzen. Oraindik gaztea naiz eta tarte handia daukat hobetzeko.

Txundituta gelditu gara Erreala zein ondo doan aurten ikusita, seigarren postuan zaudete, Europako postuetan (elkarrizketa martxoaren 8koa da). Zer uste duzu, postuari eusteko moduan zaudetela? Zer giro dago aldageletan? Aldagela ondo: gustura, pozik… Aurreko urtean momentu eskasa pasatu genuen, ez ginelako hain ondo ibili. Aurten aprobetxatzea tokatzen da. Urte polita suertatzen ari zaigu, eta espero dugu halaxe segitzea eta jendeak laguntzea. Taldeko giroari dagokionez, iruditzen zait gai garela hor goian jarraitzeko.

Aurten Erreala eta Athleticen arteko bi derbiak irabazi dituzue. Ondarroa aldean gehienak Athletickekoak izanda… Beti egoten dira lehiak. Aurreko urtean, eurek irabazi zituzten bi partiduak eta burla egiten ziguten. Aurten guri tokatu zaigu. Egia esan, aurten urte polita daukagu “etsaiari” partidu biak irabazita. Hau oso gustura hartzen duzu. Nire herrian denei ahoa isildu, eta listo!

Hirurok elkarrizketan zeharAzken bi urteetan, Gabonetan, Euskal Kantuen Gauan ikusi zaitugu. Bi spot txiki grabatu zenituzten: bata 2011n, eta, bestea, 2012. urtean. Azkenekoan, Olentzeroz jantzita ikusi zintugun. Horrek ez du futbolarekin zerikusirik eta horrelako esperientziak bizitzea polita izango da, ez? Azkenean dena, ez? Aukera ematen dizute eta zuk erabakitzen duzu hartu edo ez. Batzuetan ez duzu  gogorik edukitzen, eta, beste batzuetan, bai. Nik pentsatzen dut halako gauzak ere bizi egin behar direla. Gauza politak izaten dira, eta batzuetan, nahiz eta pixka bat barregarri geratu, aurrera egin behar duzu eta kito.

Oso oker ez bagaude, reggaetoia gustatzen zaizu, eta pentsatzen dugu parrandazalea izango zarela. Baina futbolari profesionala izateak ematen du aukera nahi beste parranda egiteko? Muga batzuk jarriko ditu, ala? Lehen, egia esan, gehiago. Orain halako maila batean egonda, ez daukazu aukera handirik irteteko. Eta daukazunean, aprobetxatu egin behar da. Momentu libreetan aukera badago eta futbolak lagatzen badizu, nire ustez, denok daukagu aukera irteteko eta denbora librea aprobetxatzeko. Behin aterako eta inauterietako asunto guztia atera behar! (barre egiten du).

Orain egoera hipotetiko batean jarriko zaitugu: imajinatu lesionatu egiten zarela eta zure karrera utzi behar duzula. Espero dugu hau ez gertatzea, baina ba al duzu B planik? B planik… Egia esan, ikasketetan sekula ez naiz izan ona, baina beti moldatu izan naiz lan pixka bat egiten. Ez naiz sekula geldirik egon. Jubenila nintzenean, entrenatzeaz gain, beharra ere egiten nuen, portuan, deskargetan. Handik edo hemendik, bakoitzak lortzen du beharra futbolean zerbait gertatuz gero. Bitartean, aprobetxatu ondo, eta gehiago eman ezin denean, aurkituko duzu non aritu.

Iñigo elkarrizketan zehar 2Eta berriz ere ikasten hasiko zinateke? Esan dizuedan moduan, sekula ez naiz ona izan, beti izan naiz horretan alferra. Gainera, hementxe egin nuen kirolaren modulu bat. Azken finean, ez naiz batere ona ikasketetan, baina, egia esan, gero ez dakizu zer egingo duzun futbolaz aparte.

Denbora gutxian nahiko ospetsua egin zara. Zure ustez, zein da ospe horrek eragin dizun aldaketarik nabarmenena? Ez naiz aldatu ia. Nire ustez, pertsonak den bezalakoa izaten jarraitu behar du, futbolaria izan edo beste edozer izan. Nik lehengo moduan jarraitzen dut: nire lagunekin, nire jendearekin… egoten naiz. Egiten nituen gauzak egiten ditut. Ez dut pentsatzen horretan aldatu behar denik, nahiz futbolaria eta ospetsua izan. Naizen bezalakoa izaten segituko dut.

Eta inguruko jendearengan nabaritu duzu aldaketarik? Hori beti nabaritzen da. Lehen agurtzen ez zintuen jendeak agurtzen zaitu, eta, batez ere, gazteek atzetik jarraitzen dizute edo zorionak ematen dizkizute. Hori ere atsegin duzu, baina. Zerbaitengatik da eta eurak pozik badaude eta poztasuna ematen badiezu, zu ere gustura zaude.

Ohiko galdera bat, zer esango zenioke zure ibilbidea edo futbolari izan nahi duen edozein gaztetxori? Garrantzitsuena ondo pasatzea dela. Hemen hasi nintzenean, bidaia asko egiten nituen: Ondarrutik hona egunero; eskolatik irten, taxia hartu eta hona. Gero gaueko hamarretan ailegatzen nintzen. Hasieran pixka bat gogorra egiten da; halere, bakoitzak nahi duena lortu nahi badu, badaki zer egin behar duen, aurrera segi eta borroka egin lortu arte. Adin horietan garrantzitsuena disfrutatzea eta gustuko duzuna egitea da.

Honekin amaitutzat ematen dugu, eskerrik asko tartetxo honengatik.  Zorte on igandeko partiduan eta espero dugu hurrengo urtean Championsean ikustea Erreala. Eskerrik asko. Ea egia den!

Horrela bukatu genuen elkarrizketa. Gero, David Zurutuzarekin egoteko aukera izan genuen. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiegu bai bi jokalariei, bai Luis Arconada eta baita Errealari ere. Oso esperientzia ona izan zen, errepikatzeko modukoa.

Hementxe uzten dizuegu elkarrizketaren bideoa:

 

 

Comments { 0 }

Jar dezagun euskara denon ahotan

FlickrCC,  peru, lili eta marije

FlickrCC, peru, lili eta marije

Euskal hiztunei buruz hitz egin nahi dut. Badakigu gure hizkuntza, euskara, mintzaira  minoritarioa dela eta ez duela hiztun k

opuru handirik. Halere, ez da bakarrik Euskal Herrian berba egiten, beste hainbat lurraldetan ere badu mintzatzailerik, hala nola, Argentinan, Uruguain, Estatu Batuetan… Hori ez da gertatzen bakarrik hemen jaiotako hainbat kanpora bizitzera joan direlako, gertatzen da baita atzerrian jaiotako batzuek ikasteko interesa dutelako ere. Horren adibide ditugu irailaren hasieran Lazkaoko Maizpide euskaltegira atzerritik etorritako euskaldun berriak. Hauetako batzuk aipatu berri dudan barnetegian ikasitakoak dira eta orain haien lurraldeetako euskal etxeetan irakasten dute, Goierriko Hitzan azaldu zen artikuluaren arabera. Horietako batzuek haien arbasoak euskaldunak zirelako ikasi nahi izan dute euskara; beste batzuek, aldiz, jakin-minak edo kuriositateak bultzatuta. Horixe bera gertatzen da gure inguruan hitz egiten den berbeta askorekin, besteak beste frantsesarekin, ingelesarekin, espainierarekin…

Gauza da Euskal Herritik kanpo izugarrizko inplikazioa dagoela euskara ikasteko. Eta izugarrizko inplikazioa behar dela hemendik kanpo euskara ikasteko. Nolanahi ere, euskaraz ez dakiten bertakoak ere saiatzen dira ikasten, mintzalagunen bidez, euskaltegira joanez… Hori horrela ez balitz, ez litzateke igoko euskararen erabilera, eta, Eustaten arabera, 1991tik 2011ra igo egin da 16 urtetik gorakoen erabilpena honako esparruetan: etxean, lagunekin, lanean, udal langileekin eta osasun-zerbitzuetan.

FlickrCC,  Medellin.Digital

FlickrCC, Medellin.Digital

Datuak datu, nik esango nuke hemengo zenbait lekutan euskara gutxi entzuten dela, batez ere,  herri handi edo hirietan. Okerrena da hori ez dela gertatzen jendeak ez dakielako ele egiten, gertatzen da, beste arrazoi askoren artean, nahiago izaten dutelako -edo dugulako- gazteleraz mintzatu.

Hau guztia aztertu ondoren zerbait aldatu beharko genukeela iruditzen zait. Euskaraz dakigunok gehiago erabili beharko genuke eta euskara preziatzen duten atzerritar horien bidea jarraitu. Artzek zioen: “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakienak ikasten ez duelako, dakienak hitz egiten ez duelako baizik”. Beraz, euskaldunak ez direnek ilusio eta gogo osoz ikasten badute, ekin diezaiogun geuk ere geure hizkuntza gehiago erabiltzeari eta ingurukoei erakusteari, hainbeste maite dugun gure mintzaira zaharra gal ez dadin.

Comments { 0 }
-->