About marta

Author Archive | marta

Snowboard: trebeen kirola

irudia1Snowboarda, batzuek jakingo duzuen legez, kirol bat da. Kirol hau praktikatzen duena, taula bat erabiliz, elur gainean irristaka ibiltzen da eta oinarrizko material hauexek erabiltzen ditu: taula bat, bertan sostengatzeko  finkadura batzuk eta, azkenik, bota pare bat taula gainean jartzeko.

Historia

Nahiz eta zaila izan Snowboardaren jatorria kokatzea, esan genezake 1965ean hasi zela. Sherman Poppen izeneko ingeniari batek sortu zuen lehenengo aldiz snowbordeko ohola. Gaur egungoarekin parekatuz, taula hark ez zuen antzekotasun handirik. Bi osagai zituen: taula eta soka. Azken hau taularen mutur batean lotzen zen eta, horren bidez, kirolariak bere oreka mantentzea lortzen zuen. 60 eta 70. hamarkadetan arrakasta handia izan zuen, eta hainbat enpresak taula mota hori komertzializatu zuen.

Garai hartan, surfean zebilen zaletu batek beste taula bat diseinatu zuen. Aurrekoarekin ez zetorren bat, taula hau zabala eta handia zen eta ez zuen sokarik. Bere zabalerarekin nahikoa zen oreka mantentzeko. Taula hau Winterstick izenez ezagutzen da.

irudia270. hamarkadan, snowboardak gorakada handia izan zuen. Hainbat teknika ezberdin eta material ugari probatu ondoren, taula berriak eta hobeak egin ziren. Arrakasta honen ondorioz, gero eta enpresa gehiago sartu zen mundu honetan. Aurrerapen honekin batera, lehiak eta bideo grabazioak hasi ziren. Geroztik, kirol olinpiko bezala onartua izan da eta, 1998ko neguan, lehen aldiz jokatu zen olinpiadetan.

Snowboardak gorabehera ugari bizi izan ditu eskiarekin izan dituen liskarrengatik. Horren ondorioz, snowboarda praktikatzen zutenek talde bat sortzea erabaki zuten eta, horrekin batera, bere torneoak sortzea. Taldearen izena WSF (World Snowboarding Federation) izan zen eta TTR (Ticket To Ride) izena eman zioten jokoa praktikatzen zuten lekuari.

Snowboardeko probak izarren bidez sailkatzen dira, batetik seira bitartean. Txapelketa bakoitzak, izarren balioan oinarrituz, puntu batzuk ematen dizkio parte hartzaileari: gehienez, 1000 puntu lor daitezke eta, gutxienez, 210,6 puntu.

TTRn lau proba mota daude: Slopestyle, Halfpipe, Quarterpipe eta Stadium Slopestyle. Eta praktikatzeko bi formatu: invitacional (antolatzaileek nahi dituzten korrikalariak gonbidatzen dituzte) eta open (nahi duten guztiek parte har dezakete).

Hainbat estilo

Kirol hau modu ezberdinean egin daiteke:

Freestyle: itzulipurdiak ematean datza. Estilo honen barruan beste hainbat daude:

  • Halfpipe: Halfpipe baten barnean praktikatzen da, hau da, hodi erdi baten antzekoa den pista batean. Kirolariak pista honen gainetik irristatzen dira saltoak eginez.
  • Slopestyle: Slopestyle pista batean praktikatzen da, hau da, hainbat tramankulu- barandak, kaxak…- kokatuta dauden pista batean. Horien bidez, korrikalariek akrobaziak egiten dituzte.
  • Big-Air eta Big-Jump: estilo honen oinarria salto bat da. Kirolariak ahal dituen akrobazia guztiak egin behar ditu salto bakar batean.
  • Jibbing: baranda eta kaxen gainetik irristaka ibili behar da.
  • Quarterpipe: kirolaria abiadura handian jaurtitzen da, gorantz jauzi eginez. Ahalik eta akrobazia onena edo altuena lortu behar du.
  • Freeride: Maldan behera egin behar da, pistaz kanpo.
  • Lasterketa edo Boardercross: ahal duzun azkarren bukatu behar duzu pistako ibilbidea. Pista honek konplexutasun maila handia du, eta saltoen bidez gainditzen dira zailtasun horiek. Mota hau olinpikoa da.

Snowborda izugarri gustatzen zait eta horregatik otu zait hemen hain ezaguna ez den kirol honi buruz idaztea. Wikipedian sartzen bazarete, gaian sakontzeko esteka ugari topatuko duzue. Beraz, jakin-mina pixka bat piztu bazaizue, jarraitu irakurtzen

Comments { 0 }

Piercingen mundua

Aurrekoan, Wikipedian piercingaren inguruko informazioa bilatzea otu zitzaidan. Antzinatik datorren gorputz adierazpen mota hau kultura ezberdinek beraien artean desberdintzeko erabiltzen zuten; baita gorputzaren eboluzioa markatzeko ere, umetatik hasita heldu bilakatu arte. Garai guztietan egon dela esan genezake, baina garaiak aldatzen doaz. Antzina, piercingek kulturarekin harreman estua zuten; gaur egun, aldiz, gure gorputzak apaintzeko edota gizarte-talde batengandik ezberdintzeko erabiltzen dira. Piercingen jatorria ez da zehatz-mehatza, baina K.a. 709. urtean hasi zela esan daiteke; izan ere, garai hartako hieroglifiko batzuek erakutsi digutenez, erritual batzuen bitartez, ahoa zulatzen baitzuten. Badirudi hortik piercingen jatorria ondoriozta dezakegula.

Piercingak kultura ezberdinetan

antzi.jpgAlaskan bizi diren eskimalek ezpainean jartzen dute, mutiko txiki bat izatetik ehiztari izatera pasatzea adieraziz. Gizonezkoek, kultura honetan, beraien belarriak eta sudurra materia ezberdinez osatutako objektuez apaintzen dituzte. Emakume afrikarrei dagokienez, belarrietako gingilak disko itxura duten tresna batzuen bitartez handitzen dituzte sorbaldara heldu arte eta ezpainean ere gauza bera egiten dute. Gizonezkoek, aldiz, sudurrean hosto bat eramaten dute, ezpainean disko bat eta bizkarra orbainez josia. Indiako emakumeek, bitartean, belarriak eta sudurra zulatzen dituzte urrezko bitxiak zintzilikatzeko apaingarri moduan. Ozeanian, emakumeek sudurra alde batetik bestera zulatzen dute arrain baten hezurra ipiniz apaingarri gisa; gizonezkoek, aldiz, sudurretik arrainen hortzak jartzen dituzte zintzilika. Kultura ezberdinekin jarraituz, Ipar Amerikakoa aipa dezakegu. Hemen, piercingen erabilerak emakumeen garapena markatzen du. Erdialdeko Amerikan, egurrezko maskara batzuen bitartez, umeen burua itxuragabetzen dute forma on bat lortzeko asmoz. Tatuajeak gizarte-maila zehazten du, eta beraien bitxi garestienak erakusteko, piercingak egiten dituzte sudurrean, ezpainetan eta belarrietan. Toki eta kultura ezberdinetatik zehar eginiko ibilbideari amaiera emateko, Hego Amerika aipatuko dugu. Bertan, gizonezkoek sudurrean kolorezko lumak txertatzen dituzte haien arteko maila ezberdintzeko. Ikus daitekeen legez, piercingaren kultura esanahi ezberdinez josita dago.

mas pir.jpg

Piercing bat egin aurretik kontuan izan beharrekoak

  • Mingaineko piercingaErabili behar den materiala esterilizatuta egotea. Horretaz gain, zuloa jostorratz batez egitea komeni da, eta ez pistola erabilita.
  • Piercingak titaniozkoa izan behar du, ezin du izan ez urrezkoa, ez zilarrezkoa, ezta brontzezkoa ere. Egin berri den zulo batean ipiniko dugu.
  • Profesional batek egiten duela ziurtatu behar da.
  • Piercinga egin baino lehen, zuloa egin behar den guneko azala ondo garbitu eta desinfektatu behar da.

Zuloa ixteko epea 

Gorputzaren atal bakoitzak denbora jakin bat behar izaten du bertan egindako zuloa ixteko:

  • Belarriaren goialdea: 8-12 aste (pertsonaren arabera).
  • Belarriaren behealdea: 4-7 aste.
  • Bekaina: 6-8 aste.
  • Sudurra: 6-8 aste.
  • Zilborra: 6-8 aste.
  • Ezpaina: 4-6 aste.
  • Mingaina: 4-10 aste.
  • Genitalak: 8-12 aste.

Arriskuak 

Zenbaitentzat gustagarriak izan baitaitezke ere, arriskutsuak ere izan daitezke; izan ere, ondorio latzak ekar ditzakete gaizki zainduz gero. Adibidez:

ezpain.jpgInfekzioak
Infekzioak arrazoi ezberdinengatik eman daitezke, besteak beste, desinfekzio kaskarragatik, emandako kremen erabilera okerrarengatik, jarraitu beharreko tratamendua behar bezala ez jarraitzeagatik eta beste jende batek erabilitako produktuak erabiltzeagatik.

Erreakzio alergikoak
Gertaera honen ondorioak latzak izan daitezke eta, horregatik, hau gertatu bezain pronto, komenigarriena produktua kendu eta medikuarengana joatea da. Okerrera eginez gero, gomendagarriena larrialdi zerbitzuetara joatea litzateke.

Odol jarioak
Zainen bat hautsi eta gorputzak odol kantitate handia bota dezake kanpora. Odol isuri hori gelditzen ez bada, larrialdietara joatea aholkatzen da.

Nerbio baten zulaketa
Zulatzean nerbio bat sastatzen bada, arriskutsua izan daiteke. Gune horretako sentikortasuna galtzeaz gain, mugimendua galtzera irits baitzaitezke.

Beste arrisku batzuk
Esanak esan, oso garrantzitsua da kontuan izatea gorputz bakoitzak erreakzio ezberdina izan dezakeela. Hainbat kasutan, gorputzak ez du piercinga ondo onartzen. Halaber, gerta daiteke hilabete batzuk pasa ondoren, piercinga erortzea.

Ondorioz, ezinbestekoa da egindako piercinga ondo zaintzea ondorio lazgarriak pairatu nahi ez baditugu. Kontu handiz ibili behar dugu aldaketak edo tratamenduak aplikatzeko orduan. Eta, amaitzeko, infekzioak har gaitzan nahi ez badugu, inoiz ez dugu ipini behar beste pertsona batek erabili duen objekturen bat.

Gaia interesgarria iruditu bazaizu, irakurri iaz euskaljakintzan Josunek idatzitakoa. Eta, gorputz apaingarrien inguruan zer edo zer gehiago jakin nahi baduzu, hementxe dituzu beste erreferentzia batzuk:

Comments { 4 }

Surfaren hastapenak

ans-du-surf.jpgcaballototora1.jpgJakina da gero eta euskaldun zaletu gehiago dagoela surf kontuetan eta, horregatik, euskaljakintzan kirol eder honen jatorria eta gaur egungo egoerari buruz idaztea otu zait. Esan dezakegu hasierak ez duela data zehatzik, hau da, ezin dugu jakin noiz izan zen lehenengo aldiz gizaki batek bere ohol gainean olatu bat hartu eta, irrist eginez, itsasoan barrena ibili zena, ez omen dago aztarnarik antzinako testuetan nahiz datuetan. Hala ere, surfaren hasierari buruzko bi teoria nagusi ditugu:

Lehenengoa, Mikronesia eta Ozeano Bareako Irlen hegoaldean (Maoríes, Fiji, Tonga, Tahiti…) kokatuko genuke; izan ere, bertako biztanleen kulturak itsasoarekin lotura estua baitzuen. Hango elezahar eta kontaketetatik hainbat aitorpen jaso dira esanez ohikoa zela biztanleria olatuen gainetik garraiatzea, kanoatan eta arrantza egiteko erabiltzen zituzten txalupetan zehazki.

Beste aldetik, Peruko iparraldea dugu. Bertan bizi ziren gizakumeek aztarna grafikoa utzi zuten non gizon bat irudikatzen zen olatu baten gainean irrist eginez, egurrez egindako taula batean. Arrasto hau historiarekin lotzean, surfaren lehen pausoak Hego Amerikan kokatzera garamatza. Dena den, mende batzuk beranduago, polinesiarrak izango dira uhartez uharte ohitura hau zabalduko dutenak, azkenik, Hawaiira eramanez.

tablakGarai haietan, Hawaii aldean, surf klasikoa egiten zen. Bertako gizartea maila ezberdinetan banatzen zen. Lehenik eta behin, erregeak eta agintariak eta ondoren beste guztiak. Mende haietan, gizarte kategoria guztiak aritzen ziren surfean, goi-mailakoak nahiz behe-mailakoak, baina ibiltzeko baldintza batzuk ezarrita zeuden. Maila ezberdinen artean taula ezberdinak erabili behar ziren. Gauzak horrela, ohol ezberdinek bakoitzaren gizarte maila irudikatzen zuen; esaterako, erregearena besteengandik ezberdina zen. Denbora haietan, gainera, surfak betekizun bat zuen: jende bakoitzaren adorea adieraztea. Izan ere, herriaren arteko gatazkak eta ezberdintasunak, borroka alde batera utziz, ohol gainean konpontzen zituzten trebetasun handiz eta mugimendu arriskutsuak eginez.

 

Gaur egungo surfak, surf modernoak, ez du esangura berezirik; beste hainbat kiroletako bat besterik ez da eta,  antzinako surfarekin alderatuz, aldaketa ugari jasan duela ohartuko gara. Esaterako, beste garaitan erabiltzen ziren taulak egurrezkoak izaten ziren, pisu handikoak gaur egungoen aldean; izan ere, teknikak izugarri egin du aurrera eta orain erabiltzen direnak askoz ere arinagoak dira. Gaur egun, surfaren bitartez, kirolarien gaitasuna neurtzen da, antzinako maila bereizketatik urrun, eta txapelketetan sari garrantzitsuak jasotzen dira.

Artikulu hau irakurri ondoren bakarren bati barnean surflari sua pizten bazaio, hementxe doaz hasiberrientzat kirol honetan jarduteko hainbat urrats:

  • surfLehenengo egunetan, gomendagarria da ohol handiak eta lodiak erabiltzea, punta biribila dutenak, bertan oreka mantentzea errazagoa baita.
  • Uretara sartu baino lehen, luzapen batzuk egitea aholkatzen dizuet, minik hartu nahi ez baduzue, behintzat.
  • Olatu batzuk hartzera sartu baino lehen, hondartza ertzean ariketa sinple batzuk egin taula gainean oreka mantentzen saiatuz. Adibidez: ohol gainean etzanda zaudela, salto egin bi hankak malgutuz eta eskuekin oreka mantentzen lagunduz. Besoen kokaera ondorengoa da: aurrealdean doan hanka eta alde horri dagokion besoa aurrerantz luzatu; bestea, berriz, ele moduan ipini.
  • Oholaren soka orkatilaren albo batean jarri. Hau da, soka gure gorputzaren barrualdera ez, beste aldera ipini; bestela, hondartzara sartu bezain laster, estropuz egingo dugu.
  • Kontuz! Uretan zaudenean, zutik jartzerakoan, ez ipini oholaren aurrealdean; beti atzealdean, hanken artean tarte bat mantenduz.
  • Olatua hartzerakoan, arraun egin gainean jarri arte.
  • Aurreko guztiak egin eta gero, prest zaudete hondartzaren barrenera sartu eta olatu pare bat hartzeko. Ez etsi lehenengo egunean! Surfa zaila da, baina jardun ondoren aurrerapen itzelak lor daitezke.

Aholku hauek baliagarriak suertatuko zitzaizkizuelakoan, hurrengora arte, euskaljakintzako irakurleak.

[kml_flashembed movie="http://youtube.com/watch/v/k2vkwy2vdP4 " width="425" height="350" wmode="transparent" /]

Comments { 2 }
-->