About mbarreiro

Author Archive | mbarreiro

Babilonia – JOAN MARI IRIGOIEN

Irigoien Durangoko AzkoanJoan Mari Irigoien Altzan (Gipuzkoa) jaio zen 1948. urtean. Gaztea zenean futbolean aritzen bazen ere, ingeniaritza ikasketak egin zituen; horrez gain, irakaskuntza eta itzulpengintza arloak jorratu izan ditu. Joan Mari Irigoienek olerkigintza eta nobelagintza generoak landu izan ditu, edonola ere, bi generoetatik nobelagintza izan da ospea ekarri diona idazleari. Bestalde, bere bizitzan zehar lan handia egin du eta baita sari batzuk irabazi ere. Hauek dira berak idatzi dituen obrak: Oilarraren promesa, 1973. urtean publikatua. Bi urte geroago, Hutsetik esperantza olerki bilduma kaleratzen du Irun Hiria saria lortuz. 80. hamarkadan, hiru lan argitara ematen ditu: 1983. urtean, Poliedroaren Hostoak; 1987an, Udazkenaren balkoitik eta, hamarkada honi amaiera emateko, Euskadi saria lortzen du nik aukeratu dudan liburuarekin, hots, Babilonia nobelarekin 1989. urtean. 1991. urtean, Denborak ez zuen nora olerki bilduma plazaratzen du eta urtebete geroago, Lur bat haratago nobela. Idazle benetan oparoa, azken urteetan argitaratzen jarraitu du, Ipuin batean bezala (2002) eta Odolean neraman (2004) izan dira bere azken lanetako batzuk (egin klik hemen denak ikusteko).

Datu horiek eta liburuaren azalak, ordea, ez ninduten konbentzitu, baina, tira, edertasuna barnean dagoela esan dezaket. Egia esan, liburu asko gainbegiratu ondoren, nire etxeko apalean azken errenkadan zegoen liburu hau ateratzea erabaki nuen.

Babilonia genero narratiboari dagokio eta XVIII. mendeko Karlistaldietan kokatzen da. Artean, Euskal Herrian bi talde nabarmentzen ziren lehia bizian: euskal foruak defendatzen zituzten karlistak, eta Espainiako konstituzioaren alde borrokatzen zuten liberalak. Istorioaren gizarte-egoerari dagokionez, baserri inguruetara mugatzen da. Bertan maiorazkoa zegoen, hau da, familia bateko seme zaharrenak ondasun guztiak oinordetzan hartzen zituen eta normalean beste seme-alabak Ameriketara joan edota fraide-moja sartzen ziren.

Adierazteko moduari dagokionez, egileak deskribapenak eta elkarrizketak txandakatzen ditu; beraz, ez dago gailentzen denik. Azpimarratzekoa da liburuaren une batzuetan autoreak garai hartako bertso batzuk sartzen dituela istorioari bizitasuna emanez.

“…neroni ez naiz jabe
nire bihotzaren;
gaxua preso daukat
amorioaren…”

BabiloniaNobela honek Bedania izeneko herri txiki batean dauden bi baserrien historia kontatzen du. Babilonia eta Moabe San Juan eta San Antonio mendien artean dauden bi baserri dira. Horregatik, istorioa bi zatitan banatuta dago: batean, Moabeko Margarik Lurruspeko Marirekin izaten dituen elkarrizketak azaltzen dira, eta, bestean, Babilonia baserrian dauden gertaerak.

Margari, Moabeko biloba gazteena da. Gauero Lurruspeko Marirekin amesten du eta berarekin elkarrizketak izaten ditu. Bestetik, Babilonian Trinido, Feliziano, Kaxiano eta Klemente anaiak bizi dira euren guraso eta osabekin. Babiloniako Ziprianok maiorazkoa aukeratu behar duen egunean, Feliziano Bedaniako apaizarekin haserretzen da, ondorioz, Felizianoren aitak, maiorazkoa zein jaso behar duen erabakitzeko arazoak izaten ditu; izan ere, Trinido eta Feliziano anaia bikiak baitira. Horietatik Feliziano da zaharrena; halere, Ziprianok Trinido aukeratzen du oinordekotzat. Feliziano ondorioz, bere osaba Demetriorekin gerra karlistadetara joaten da karlisten alde borrokatzeko. Bere osaba Demetrio hiltzen denean, hirira joaten da bertan lana egiteko. Liberal batekin hasten da lanean eta handik urtebetera Ameriketara joaten da. Bitartean, Moabeko Margari eta Babiloniako Trinido ezkondu egiten dira.

Feliziano Ameriketatik oso aberats bueltatzen da bertan emakume zahar batekin ezkondu eta gero. Bere anaia Trinidoren baserrira abiatzen da eta bere lurretan trenbide bat jartzeko asmoa dutela azaltzen dio. Une horretan bertan hasten dira bi anaien arteko ika-mikak.

Lagun minak ziren Babiloniako Gabriela, Zipriano Garayalderen ama, Trinido eta Felizianoren amona, eta Moabeko Roxali.Babilonia eta Moabe Bedaniako baserririk zaharrenak ziren.Banderizoen garaian dorretxea izan zen Babilonia, baina orduko triskantzak eta gero ere jasotako aldaketak medio, beste itxura bat hartuz joan zen, mende bakoitzak bere ezaugarri bereziak itsatsi nahi balizkion: aldaketa eta berrikuntza hoerien artean gari-errota bat zegoen, XVIII. mendearen erdialdean edo ipinitakoa.Moabe, aldiz, aldaketa gutxi izan zuen mendeetan zehar, denbora bertako horma zaharren artean izozturik bailegoan.Bedaniarren esanetan oilar batek behiala kukurrukua Lurruspeko aitzuloan jo eta haren kantua Babilonia eta Moabeko sukaldeetan, bietan batera entzun zen.Horregatik ziren lagun minak Gabriela eta Roxali.

Egunak joan, egunak etorri, Trinido gerra karlistara joaten da liberalen aurka borrokatzeko. Margari, beraz, Babilonian geratzen da. Egun batean Margari loreak biltzen ari dela, Feliziano agertu eta Margari behartzen du haurdun utziz. Trinido gertaera horretaz ohartzen denean, bere anaiaren aurka borrokatzen du eta hil egiten du. Margari erotu egiten da eta sabelean daukan haurra, jaio bezain laster, ito egiten du. Trinido gerran hiltzen da.

San Juan gau batean, Margarik, Andra Mariko iturrira bidaltzen du ura biltzera Kaxiano, Trinidoren anaia. Kaxiano Babiloniara bueltatzen denean, baserria sutan aurkitzen du eta bertan Margari ere. Margari hil egiten da eta bizirik ateratzen den bakarra Kaxiano da. Babilonia desagertu egiten da eta bertan Miserikordi Etxea eraikitzen dute.

Atzo erori zen, bai, Babilonia, baina orain kamelia zuri bat daukat pizturik oroimenean, kamelia eder bat…

Zu eta su.
Zsu, Margari…

Garbi ikus daitekeen bezala, istorio honen pertsonaia nagusienak Margari, Feliziano eta Trinido dira. Margari neska alai eta pentsakorra da. Bere helburu nagusiena lurra hartzea izan ohi da. Gauero hilda dagoen bere amona Roxalirekin hitz egiten du sutondoan eta, gazteagoa zenean, Lurruspeko Marirekin berriketan ibiltzen zen. Honen senarrak, Trinidok, Babiloniako maiorazkoa jasotzen du eta bere lanetan saiatzen den pertsona da. Indartsua eta kementsua, bere baserria aurrera ateratzeko saiakera guztiak egiten ditu. Bedaniako karlisten kapitaina izandakoa, bere helburua bere anaia Felizianoren trenbidea txikitzea da. Feliziano, ordea, nahiz eta Trinidoren anai bikia izan, guztiz desberdina da. Bere xedea gero eta diru gehiago izatea da, bere ustez diruaren bitartez dena lortzen baita. Handizale eta harrokeriaz betetako pertsona da. Txikitatik arlo guztietan bere anaia gailendu nahi izan du.

Istorioa kontatzen duten narratzaileek ikuspuntu desberdinetatik narratzen dute, eta oro har orojakileak dira. Batetik, Lurruspeko Mari daukagu; Margarirekin hitz egiten duenean bigarren pertsonan kontatzen ditu gertaerak, ikusten duen guztia azalduz. Beste batetik, Trinidoren anaia daukagu, Kaxiano, alegia. Honek, Babilonian gertatzen diren jazoera guztiak kontatzen ditu. Zeharka bere sentimenduak azaltzen ditu. Azken narratzailea ez da istorio barruko pertsonaia bat, kanpoko narratzaile orojakile bat baizik. Orokorrean, istorioaren haria jarraitzeko laguntzen duen narratzailea da.

Irigoienek nobela honetan erabili duen idazteko modua nahiko konplexua dela esan daiteke, metafora asko erabiltzen dituelako batik bat. Aipatzekoa da, halaber, hika eta zuka maisuki tartekatzen dituela bere pertsonaien ahotan. Egia esan behar badut, pertsonalagoa iruditzen zait horrela idaztea eta horrek gogoz irakurtzera bultzatu nau.

Nobelaren atal guztiak ondo analizatu ondoren, zera esan dezaket: ni neu egilea izango banintz, ez nuke istorioa bi zatitan antolatuko. Bi zatitan banatuta egotean, bi istorio desberdin daudeneko itxura hartzen duelako. Gauzak horrela, Babiloniaren historia kontatuko nuke eta Margari Trinidorekin ezkontzen den unean hasiko nintzateke Margari eta Lurruspeko Mariren elkarrizketak sartzen. Bestetik, ez nuen espero istorioak harrapatuko ninduenik. Egia esan, oso aspergarria izango zela uste nuen; izan ere, azalari erreparatuz, kamelia txuri horrek ez baininduen batere erakarri hasieran. Baina, liburuan murgildu ahala, nire iritzia aldatzen joan zen. Gainera, hikaren erabilera izugarri gustatu zait, horrek nortasuna ematen baitio liburuari. Horrez gain, nobelaren hainbat ataletan bertsoak tartekatzea oso egokia iruditu zait, Euskal Herriko kulturaz hitz egiten duenez gero, bertsoak ipintzea ezinbestekoa dela uste baitut.

Horiek guztiak kontuan hartuz, nire ustez, norbaiti Euskal Herriko historia gustatzen bazaio hauxe da irakurri behar duen liburua; izan ere, aurreko ataletan aipatu bezala, istorioa gerra karlistetan kokatzen da eta zuzen-zuzenean Euskal Herriko kulturan barneratzen da. Bestetik, egia da kanpotar batek liburu hau irakurriko balu, agian, ez lukeela ulertuko zehatz-mehatz liburuaren mamia. Dena den, hain zehatzak dira ematen dituen deskripzioak, non edozein irakurleri erraza egiten zaion egileak adierazi nahi duena ulertzea. Bukatzeko, esan beharra dago, metafora ugari dituen liburua izan arren, muina era egokian ulertzeko aukera ematen duela, istorioaren funtsarekin eta hitzen edertasunarekin irakurlearen gozamena lortuz.

Egin klik hemen liburu honi egindako beste kritika bat ikusteko.

Comments { 2 }

Stradivarius: benetako egiaren bila

stradivarius.jpgStradivarius biolinak dira, zalantzarik gabe, musika munduan aurki daitezkeen instrumentu baliotsuenak; izan ere, munduan geratzen diren 600 aleetako batzuk balio ekonomiko izugarria dute. Baina zein da biolin hauen benetako sekretua? Oraingo teknologiak ezin al du duela 400 urteko artisautza gainditu? Goazen, bada, galdera hauen erantzunaren bila eta zalantza guztiak argitzera.

Biolin ospetsu hauen jatorria Italiako iparraldean kokatzen da, Stradivari sendiaren lantegian, hain zuzen ere. Antonio Stradivari izan zen instrumentuak sortu eta obra gehienak perfekziora eraman zituena eta badago biolin hauen sortze-lanaren atzean sekretu bat zegoela esaten duenik. Batek daki! Prozesu edo material bereziren bat erabiliko al zuten biolin hauek egiteko? Mundu mailako zientzialariak galdera hauei erantzuten saiatu dira urteen joan-etorrian, eta italiarrak erabiltzen zuen materiala guztiz ezohikoa zela aipatzen dute.

Alde batetik, biolinak egiteko erabiltzen den egurra oso garrantzitsua da; izan ere, egur ona erabiltzeaz gain, ematen den tratamendua ere ezinbestekoa da. Bestetik, egurrari ematen zaion bernizak ere eragina du biolinen sortze-lan prozesuan. Stradivarius biolinen gakoa hemen dago: erabiltzen zuten berniza.

Zientzialari askok atal hau ikertu eta instrumentu hauek duten berniza hainbat substantzia bereziez osatuta dagoela adierazi dute. Dirudienez, garai haietan termiten eragina oso bortitza izan zen Italiako iparraldean eta, pentsatzen denez, Stradivarik bere biolinak nolabait babestearren erabiltzen zituen intsektizidek eragin zuzena zuten instrumentuen sortze prozesuan. Hainbat ikerketaren arabera, substantzia hauek Stradivariren egurra babesteaz gain, gogortu eta soinu berezi bat sorrarazten zuten.

Antonio_stradivari.jpgBestetik, tentu hartako baldintza metereologikoak egungoak ez bezalakoak ziren. Gauzak horrela, gaur egungo kutsadura dela eta, zailtasun handiak daude lehengaiak egoera naturalean tratatzeko. Bestalde, tenperaturak ere bere garrantzia izan zuen biolinak sortzerakoan. Horregatik guztiagatik, italiarrak sortu zituen biolinak gaur egun egitea oso zaila da.

Gaur egungo teknologiak zer dela eta ez du gainditzen antzinako artisautza? Egia esan, ezin da historian zehar hain balio handia izan duen zerbait desagerrarazi. Bestetik, eskuzko elaborazio tradizionalak edozein objekturi ematen dion xarma berezia ezin da ukatu, prozesu automatiko batek eskaintzen ez duen xarma berezia, alegia. Gaur egungo produkzio kate erraldoiek galbidera eraman dute artisautzak produktuei emandako nortasun eta originaltasuna. Beste hainbat alorretan bezalaxe, kantitateak kalitatea ordezkatu du musika-tresnen sortze-lanean.

Bukatzeko, hona hemen Stradivarius biolin batekin grabatutako pieza bat. Goza ezazue!

 

Comments { 0 }

Gorputzaren bitxikeriak. Zergatik horrela?

GIZAKIA2.jpgNoizbait pentsatu duzue zergatik dagoen osatuta giza gorputza osatuta dagoen bezala? Niri, egia esan, jakin-mina piztu eta galdera horren erantzuna bilatzeari ekin nion; horregatik, informazio interesgarria kausitu ondoren, zuei eskaintzea otu zait.

Jakina da gizakion gorputza simetrikoa dela; izan ere, gure gorputzaren eskuineko aldea ezkerrekoaren berdina da, alegia, bi begi, bi belarri, bi beso eta bi hanka dauzkagu bi aldetan banatuta. Baina nolakoa da gure gorputzaren barnealdea? Galdera honi erantzuteko, barnean ditugun organoei erreparatuko diegu. Jakin behar dugu barruko organo batzuk bikoterik ez dutela; beraz, asimetrikoa dela esan daiteke. Gure gorputzaren barruko eraketari erreparatzen badiogu, ezkerraldean bihotza, urdaila, area eta barea ditugula ikus dezakegu. Eskuineko aldean, berriz, gibela eta behazuna. Egia da birikek simetrikoak diruditela; dena den, batak besteak baino lobulu gehiago dituenez, simetria hori ez da betetzen.

Hasiera batean, badirudi horren arrazoia zera dela: naturak horrela sortu gaitu. Baina ez al zaizue iruditzen naturak gu horrela sortzeko, arrazoi batzuk egongo direla? Azter dezagun pixka bat hau. Giza soinaren barneko aldea asimetrikoa izatea ez da inongo kasualitatea, dagoen bezala banatuta egoteak abantaila handiak dauzkalako gorputza ondo funtzionatzeko orduan. Gauzak horrela, bihotza asimetrikoa izanda, odola gorputzean zehar banatzen duenean, elkarrekin zerikusirik ez duten bi sistema eratzen ditu. Honela, batak odola biriketara garraiatzen du, bertan oxigenatzeko; besteak, ordea, odol oxigenatu hori gorputzean zehar banatzen du.

giza gorputza1.pngZergatik gertatzen da, bada, asimetria hau? Hori da nire ustez galdera garrantzitsuena. Enbrioia sortzen denean, substantzia zehatz batzuen ondorioz, gorputzeko atal desberdinen eraketa prozesuak hasten dira. Hasieran, giza gorputzaren organo asimetrikoak simetrikoak eta perfektuak dira. Enbrioiak 10-25 egun dauzkanean, berriz, erreakzio biokimiko batzuen eraginez, giza gorputzaren kanpoaldea simetriko eta barrualdea asimetriko bihurtzen dira. Bestalde, lehenengo simetriak Notch izeneko proteina bati esker eratzen dira eta honen kopurua handiagoa da gorputzaren ezkerreko aldean. Gainera, proteina honek Delta izeneko beste proteina baten beharra dauka, ondo funtzionatu ahal izateko. Bi hauei esker erabakitzen da zein organok joan behar duen eskuineko aldean eta zeinek ezkerreko aldean. Amaitzeko, organo bakoitzak bere kokapena hartzen du gorputzeko alde ezberdinetan eta horregatik guztiarengatik dago osatuta giza gorputza dagoen moduan.

Beraz, laburbilduz, zera aipa daiteke: giza gorputza simetrikoa da kanpotik eta asimetrikoa barrutik. Enbrioi moduan dagoenean, asimetria hori ez da azaltzen 10-25 egun izan arte. Horren zergatia hainbat proteina eta erreakzio biokimikotan dago. Bukatzeko, espero dut artikulu honek daraman informazioak zerbait lagundu izana. Are gehiago, uste dut denok jakin beharko genukeen gaia dela; izan ere, gure gorputzean gertatzen diren fenomenoak dira eta honen berri jakitea garrantzitsua delako ustea dut.

Hona hemen gorputzak osatzen duen atal garrantzitsu baten bideoa, hots, zelulen bideo bat. Ea interesgarria iruditzen zaizuen!

[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/_rBnlexdoVE" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

Comments { 1 }
-->