About nandueza

Author Archive | nandueza

Leturiaren egunkari ezkutua- TXILLARDEGI (II)

TxillardegiEuskal idazleei buruzko artikuluekin jarraituz, oraingo honetan, Txillardegi dakarkizuet, eta hain ezaguna den Leturiaren egunkari ezkutua eleberria.

Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi izenez ezagutzen duguna, Donostian jaio zen 1929ko irailaren 27an. Ezaguna dugu bere lanen oparotasunagatik; izan ere, hasiera batean letren mundutik baztertuta egon bazen ere, berehala ekin baitzion idazteko zuen zaletasunari. Pixkanaka-pixkanaka bere bibliografia haziz joan zen eta, egun, bere obra literarioaren adibideak edonon aurki ditzakegu. Txillardegi ez zen literaturaren esparru batera mugatu, saiakera, eleberria nahiz hizkuntzalaritza ere landu baitzituen, besteak beste. Lan guztien artean garrantzitsuenak eta aipagarrienak Leturiaren egunkari ezkutua, Huntaz eta hartaz eta Euskal azentuaz ditugu.

Dena den, bere garaian eraso latzak jasan zituen arren, argi dago euskal irudi garrantzitsua izan dela eta dela hainbat ekimen martxan jarri baitzuen: Leturia izeneko euskal letretako lehen pertsonaia gatazkatsuaren sortzaile, erbesteratu, euskal aditz batuaren taulen egile eta batueraren eragile nagusienetako, ezker abertzaleko senatore, euskararen aldeko borrokalari nekaezin… Hori gutxi balitz, Leturiaren egunkari ezkutua idaztearekin bat, Txillardegik hainbat berrikuntza atxiki zizkion garaiko literaturari bai hizkera literarioaren finkatze prozesuan, bai narratologiari eta bai tematikaren eraberritze eta zabaltze prozesuari begira ere.

Leturiaren egunkari ezkutua.Txillardegik, bere eleberri honetan, Joxeba Leturia izeneko gaztearen istorioa du kontagai. Bertan gertakizunak baino gehiago, giza izateari buruzko bere gogoeta filosofikoak aurkezten dizkigu. Lehen pertsonan dago idatzia; izan ere, eguneroko batean gazteak dituen sentimenduak agertzen baitira. Dena den, honek ez du esan nahi nobela geldoa denik, baina ez pentsa akzioa nonahi topatuko duzuenik. Honela, Txillardegik amodio istorio bat aurkezten digu, Joxeba eta Mirenen artekoa. Nobela irakurtzen joan ahala, Joxeba protagonistarekin bat eginik, une goibel eta zoriontsuak konpartitzen dituzu, bere bizipenak jasoz.

Aipatzekoa da Joxeba Leturiaren egunkaria bi zatitan banatua dagoela. Bata, Miren ezagutu, adiskide egin eta harreman estu bat hasten duten arte; eta, bigarrena, jada Miren eta bera senar-emazte direnekoa. Honekin bi sentimendu eta egoera ezberdin bereizi nahi izan ditu idazleak: lehena, zoriona sortzen dion harengana iritsi eta lortu nahiak; eta, bigarrena, ostera, hainbesteko gogoz lortu nahi zuen hori edukitzeak sortzen dion damua. Labur esanda, zoriona eta tristura.
Gainera, bigarren atal honetan Miren gorrotatzera iristen da Joxeba, nazka sorrarazten dio haren gorputzak eta haren ondoan egoteak. Hori dela kausa, Joxebak etxetik alde egiten du, atzerrira, bere pentsamenduak esaten dionari kasu eginez. Atzerrian benetako egiaz konturatzen da eta, berriro etxera itzultzean, bere hanka-sartzeaz ohartuko da, benetan berekoi baten modura jardun duela ikusiko du, baina beranduegi. Mirenen heriotzaren eragile izanaren zamari ezin izango dio eutsi eta erabaki bat hartu beharko du…

Comments { 0 }

A zer nolako otordua!

Egunetik egunera gizartearen zorotasuna erakusten diguten albiste bitxiagoak topatzen ditugu. Lehengoan, etxerako bidean, honako albiste honi buruz hitz egiten egon ginen eta hain ezatsegina eta ez ohikoa iruditu zitzaidanez, berri honetaz idaztea erabaki dut.
Gertakaria lehengo egun batean gertatu zen: ezezagun batzuk duela zortzi bat urte lurperatu zuten emakume baten hilobia profanatu zuten. Ba al dakizue zein helbururekin? Bai, salda bat egiteko. Izan ere, hezurrik beste inon topatzen ez zituztenez, hildako gorpu batenak hartzea bururatu zitzaien. Agian gau hotz bat zen eta, noski, ostiral goizaldeetan dendak itxita egon ohi direnez, hilerrira joan eta bertan nahi adina aurkituko zituztela pentsatu zuten. Ondoren, hildakoaren hezurrekin eginiko salda dastatu zuten! Gertakaria Kataluniako herri batean jazo zen eta bertako poliziak argitu duenez, kasua azaltzeko hiru hipotesi dituzte:

“No sabemos aún si se puede tratar de una apuesta, un ritual de magia o un juego de rol�

Otorduaren soberakinak topatu zituena hilerriko zaindaria izan zen, eta bertan hezurrez gain, kazola, avecrema…aurkitu zituen. Badirudi lehenik beste hilobi bat irekitzen saiatu zirela, baina hau irekitzen ez zenez, beste honi ekin ziotela. Behin hezurrak lortu ostean, sua piztu, kazola urez bete eta salda prestatu zuten. Baina benetan goseak edota ganbaratik gaizki zeuden?

Comments { 2 }

Horrelakorik ba ote?

Sam: munduko txakurrik itsusienaLehengo batean, asperturik nengoela, interneten nabigatzea otu zitzaidan; batetik, nire asperraldia baretzeko eta, bestetik, artikulu bat idazteko ideiaren bila, eta baita topatu ere. Horrela honako albistearekin tupust egin nuen. Gaur egun edertasuna saritzen duen hainbat ekitaldi egiten da, eta nola ez, hauek liraintasunez nahiz edertasunez bete ohi dira. Baina zer gertatzen da “itsusi” deritzogun beste izaki guztiekin? Galdera honen erantzuna aurkitu nuen bada aurrekoan, eta horrexegatik nire artikulu hau Sami eskeiniko diot, munduko txakur itsusienari. Zertaz ari garen ideia bat egiteko, alboko irudian ikus dezakezueSam famatua. Horixe da Sam, hiru aldiz jarraian “World’s Ugliest Dog” txapelketa irabazi duena, 2003, 2004 eta 2005 urteetan zehar.

Hasteko, aipatu beharra daukat Sam jada hilda dagoela, baina bizitza luzea izan duela, 15 urte bizi izan baita. Baina 15 urteetan zehar, bizipen ugari bizi izan du Samek. Orain mundu osoan zehar ospea lortu duen txakurra bilakatu den arren, Susiek, bere jabeak, baieztatu duenaren arabera, Sam kaiola batean giltzapeturik aurkitu omen zuen, kale baztar batean. Hori ikusirik, birritan pentsatu gabe bere etxera eramatea erabaki zuen duela bost urte. Ordundik izar bilakatu da pixkanaka-pixkanaka eta aipatu bezala hiru urtez jarraian txakur itsusienaren saria jaso du; arrazoi horrexegatik Hollywoodeko izarrak bezain ondo bizi izan da.

Txakurra ote?Horrela ikusirik eta gezurra badirudi ere, zehazki, Chinese Crested Dog arrazakoa dugu. Haisera batean, Sam “un-adoptable” kontsideratu zuten, hau da, adopta ezina. Dena den, denbora pasa ahala, Sam onartua izan zen eta arestian aipatu bezala, bere azken urteak Susieren etxean eman zituen. Baina, azaroaren 18an Samek utzi egin gintuen, eta berri honek atsekabe handia sortu zuen askorengan. Hala ere, Samen presentzia bizirik iraun dezan, bere jabeak eskari askoren ondoren, Sami buruzko bloga sortzea erabaki du, bertan argazkiak eta abar txertatuz. Hori gutxi balitz, souvenir ugari ere aurki dezakegu bertan: kamisetak, hilabetekariak eta edalontziak, besteak beste. Beraz, txakur berezi honi buruz zerbait gehiago jakin nahi baduzue, bisita ezazue bere webgunea.

Comments { 6 }
-->