Leturiaren egunkari ezkutua- TXILLARDEGI (II)

TxillardegiEuskal idazleei buruzko artikuluekin jarraituz, oraingo honetan, Txillardegi dakarkizuet, eta hain ezaguna den Leturiaren egunkari ezkutua eleberria.

Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi izenez ezagutzen duguna, Donostian jaio zen 1929ko irailaren 27an. Ezaguna dugu bere lanen oparotasunagatik; izan ere, hasiera batean letren mundutik baztertuta egon bazen ere, berehala ekin baitzion idazteko zuen zaletasunari. Pixkanaka-pixkanaka bere bibliografia haziz joan zen eta, egun, bere obra literarioaren adibideak edonon aurki ditzakegu. Txillardegi ez zen literaturaren esparru batera mugatu, saiakera, eleberria nahiz hizkuntzalaritza ere landu baitzituen, besteak beste. Lan guztien artean garrantzitsuenak eta aipagarrienak Leturiaren egunkari ezkutua, Huntaz eta hartaz eta Euskal azentuaz ditugu.

Dena den, bere garaian eraso latzak jasan zituen arren, argi dago euskal irudi garrantzitsua izan dela eta dela hainbat ekimen martxan jarri baitzuen: Leturia izeneko euskal letretako lehen pertsonaia gatazkatsuaren sortzaile, erbesteratu, euskal aditz batuaren taulen egile eta batueraren eragile nagusienetako, ezker abertzaleko senatore, euskararen aldeko borrokalari nekaezin… Hori gutxi balitz, Leturiaren egunkari ezkutua idaztearekin bat, Txillardegik hainbat berrikuntza atxiki zizkion garaiko literaturari bai hizkera literarioaren finkatze prozesuan, bai narratologiari eta bai tematikaren eraberritze eta zabaltze prozesuari begira ere.

Leturiaren egunkari ezkutua.Txillardegik, bere eleberri honetan, Joxeba Leturia izeneko gaztearen istorioa du kontagai. Bertan gertakizunak baino gehiago, giza izateari buruzko bere gogoeta filosofikoak aurkezten dizkigu. Lehen pertsonan dago idatzia; izan ere, eguneroko batean gazteak dituen sentimenduak agertzen baitira. Dena den, honek ez du esan nahi nobela geldoa denik, baina ez pentsa akzioa nonahi topatuko duzuenik. Honela, Txillardegik amodio istorio bat aurkezten digu, Joxeba eta Mirenen artekoa. Nobela irakurtzen joan ahala, Joxeba protagonistarekin bat eginik, une goibel eta zoriontsuak konpartitzen dituzu, bere bizipenak jasoz.

Aipatzekoa da Joxeba Leturiaren egunkaria bi zatitan banatua dagoela. Bata, Miren ezagutu, adiskide egin eta harreman estu bat hasten duten arte; eta, bigarrena, jada Miren eta bera senar-emazte direnekoa. Honekin bi sentimendu eta egoera ezberdin bereizi nahi izan ditu idazleak: lehena, zoriona sortzen dion harengana iritsi eta lortu nahiak; eta, bigarrena, ostera, hainbesteko gogoz lortu nahi zuen hori edukitzeak sortzen dion damua. Labur esanda, zoriona eta tristura.
Gainera, bigarren atal honetan Miren gorrotatzera iristen da Joxeba, nazka sorrarazten dio haren gorputzak eta haren ondoan egoteak. Hori dela kausa, Joxebak etxetik alde egiten du, atzerrira, bere pentsamenduak esaten dionari kasu eginez. Atzerrian benetako egiaz konturatzen da eta, berriro etxera itzultzean, bere hanka-sartzeaz ohartuko da, benetan berekoi baten modura jardun duela ikusiko du, baina beranduegi. Mirenen heriotzaren eragile izanaren zamari ezin izango dio eutsi eta erabaki bat hartu beharko du…

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->