About unperez

Author Archive | unperez

Benetako lagunen aterbea – PAKO ARISTI

liburuaren azalaNik hautatu dudan liburua Pako Aristik idatzia da. Ez da idazle honi buruz euskaljakintzan idazten dugun lehen aldia, hementxe duzue iaz Ibaik Venezuela, iraultza isilaren hitzak obrari buruz idatzi zuena.

Pako Urrestillan jaio zen 1963an. Kazetaritzan lizentziatua da eta idazlea lanbidez. Prentsan kolaboratu ohi du iritzi artikuluak idatziz, baina elkarrizketak eta erreportaiak ere egin izan ditu. Euskadi Irratian eta Herri Irratian kolaboratu du, eta ETBko gidoilaria ere izan da. Landu dituen literatura generoak: nobelagintza, poesia, kazetaritzako saiakera eta haur eta gazte literatura. Azken honetan kokatuko genuke nik irakurri dudan Benetako lagunen aterbea.

Istorioaren narratzailea bere txikitako herrira bueltatzen da eta bere gaztaroko oroitzapenak, abenturak eta gorabeherak kontatzen ditu. 5 dira pertsonaiarik nagusienak, bostak lagun koadrila berekoak eta ia denak Azpeitikoak.

Lau mutil eta neska batek boskote jatorra eta bihurria osatzen dute. Abentura bat bukatzerako beste bat aurrean jartzen die bizitzak, lehengoa baino arriskutsuagoa eta zirraragarriagoa.

Protagonista herrira itzultzen denean, banan-banan joaten da lagunen etxera ezusteko askorekin topatuz. Dudarik gabe, lagunen arteko elkarrizketa nagusienak herriko udaltzainei buruzkoak dira, komentatzen dute nola ahalik eta isun gehien jartzen ahalegintzen ziren dirua irabazteko. Zinea ere aipagai dute berraurkitzearen solasaldi hauetan. Izan ere, euren bizitzan garrantzitsua izan da zinea, askotan alokatzen baitzituzten beraien adinetik gorakoentzat ziren filmak…

Ia kontakizun guztietan bezala, honetan ere maitasun egoerak azaltzen dira, baina hauek protagonistak zertxobait helduagoak direnean gertatzen dira eta, nola ez, zeloak ere topa ditzakegu.

Amaitzeko, nire ustez, liburu hau 14-17 urteko gazteentzat aproposa izan daiteke; izan ere, une askotan, zuk zeuk txikitan izandako egoera antzekoak topa baititzakezu. Gainera, ez da oso luzea eta nahiko erraz irakurtzen da.

Comments { 2 }

47 Euskal Herriko Itzulia

ValverdeAurtengo Euskal Herriko itzulia apirilaren 9an hasi eta 14an bukatuko da. Irteera Urretxun emango da eta amaiera Oiartzunen. Guztira, 863 kilometro izango dira, egunean batez besteko 143,83 kilometro eginez.

2007ko itzulia berezia izango da bi egunetan 19 gain igoko direlako. Lehenengo etapan, hau da, Urretxukoan, 9 portu igoko dira eta bigarrenean, ordea, 8. Horregatik, aurtengo itzulia beste urteetakoa baino zailagoa izango da batzuentzat.

Irteeran UCI ProToureko 20 taldeak egongo dira. Dudarik gabe, talde indartsuena Saunier Duval izango da, bertan Mayo, Koldo Gil, Simoni, Piepoli edo De La Fuente egongo direlako. Baina beste taldeetan ere jende oso ona egongo da, Alberto Contador, Alejandro Valverde, Samuel Sanchez, Davide Rebellin, Manuel Garate, Carlos Sastre eta Patxi Vila, esate baterako. Edonola ere, aurtengo itzulia irabazteko faboritoak Di Luca eta Marchante dira zalantzarik gabe.

Beraz, 2007koak itxura oso ona du eta seguruenik ez da ikuskizuna faltako.

Comments { 2 }

Britney Spearsen beherakada

BritneyBritney eta Madonnaren arteko musu hura historiara pasatu zen. Pop musikako abeslaririk sexyena izan zena beherakada nabarmena jasaten ari da, baina ezin da zehaztu noiz hasi zen gainbehera hau. Lehengo urtean izan daiteke, argazkilari batek argazkia atera zionean furgoneta bat gidatzen bere umea altzoan zeramala. Hor hasi ziren, behinik behin, amaren papera egiteko ezgai zela zioten zurrumurruak..

Abokatuek esan diote birgaitze zentro batean sartzea dela onena eta horrela lor dezakeela, banaketaren ondoren, haurren zaintza eta babespea. Gertatzen dena da Spears birgaitze zentro batean sartu, teorian 45 egun egon behar zuen bertan, eta hurrengo egunean hanka egin zuela. Ondoren, ahalegindu zen berriro Los Angeleseko beste ospitale batean sartzen baina ordu gutxietara alde egin zuen. Ez hori bakarrik, bi ikuskizun hauen artean ilea ondo-ondotik moztu zuen.

burusoilDuela urtebeteko itxura eta gaurkoa guztiz ezberdinak dira. Horrela jarraituz gero, ez dakit zuek baina nik, behinik behin, bere karrera bertan behera gera daitekeela uste dut.

Edonola ere, honekin guztiarekin etekin gehiena atera duena Esther Tognozzi izan da, Britneyren ile-apaintzailea. Honek bizarra mozteko makina elektrikoa, edan zuen freskagarri lata eta Bic pizgailu bat interneten jarri zituen salgai, guztiagatik milioi bat dolar eskuratuz. Jendea zeharo jota dago, ezta?

Comments { 6 }
-->