About xarana

Author Archive | xarana

Perspektiba berri bat

Aupa denoi!! Aspalditik mutu zirauen ikasle ohi honi hitz batzuk esatea otu zaio gaur. Atsegina da noizean behin tartetxoren bat “aspaldiko” garaiak gogoratzeko erabiltzea. Eta zer euskaljakintzan artikulutxo bat idaztea baino hoberik horretarako?

Osteguna da. Proiektos-eko klase frenetiko baten ostean, zer egin ez nekiela geratu naiz 19:15eko autobusa iritsi bitartean.

Bai, zinez klase gogorra izan da. “Estresantea” askoren hitzetan. Zer eta arkitektoetan arkitektoena, handietan handiena, guretzat ia-ia aita saindua bera den Mies Van der Rohe arkitektu ospetsuak eraikiriko Bartzelonako Pabilioia klase bakar batean teknikoki marrazteko erronka planteatu digu Mungi-k, irudigintzako irakasleak, perspektiba axonometrikoan: jesukristoren lana, edo Van der Roherena, nolabait esateko.

Irudia. Horixe dugu arkitekturako ikasleok eguneroko ogia. Irudikatzea da gure lana: forma geometrikoak, eraikinak, eskaiolazko estatuak… Ez da, ordea, ikusten dena baino irudikatu behar. Baita ikusten ez dena ere. Gauzen estrukturaz mintzo naiz, alegia. Izan ere, guztia baitago estruktura batek baldintzaturik: zuhaitzak, giza gorputza… eta noski, baita eraikinak ere. Estruktura zuzen irudikatu ostean, kanpoko azalak bide zuzena eramango du eta mila bider zailagoa izango da gure irudikapena txarto burutzea.

Horiexek dituzue Mungiren azalpenak. Amen esatea baino ez, aditu ostean. Ostera, hori guztia praktikara eramatea ez da hain erraza.

Baina utz ditzagun azalpen teorikoak alde batera, ez baita arkitektura irakastea artikulu honen xedea; karrera honek eragin dizkidan erreflexioez mintzatzea da ene helburua. Beraz, gatozen harira.

Karrera teknikoagoa izango zela pentsatzen nuen hasiera batean. Txiki-txikitatik zientzien, zehaztasunaren, eztabaidaezintasunaren segurtasunak erakarririk, letrak albo batera utzi eta zenbakiak hautatu nituen lagun. Segurtasuna, horixe guztiaren gakoa. Zehatza ez zen eta eztabaida zitekeen, subjektiboa izan eta aukera bakar eta zuzenik ez zuen orok ez ninduen erakartzen, nonbait. Beldurra agian? Izan daiteke. Baina badago zerbait gehiago, ene uste apalean: alferkeria.

Bai, alferkeria.

Inbestigazioaren aurreko alferkeria. Edo amaierarik gabeko lanaren aurrekoa. Horixe baita inbestigazioa, amaierarik gabeko lana. Aukera asko baitaude letren alorrean. Bide ugari baitaude testu bat idazteko, istorio bat kontatzeko edota artikulu bat idazteko. Gauzak esateko modu asko. Eta guztiak azaleratzea, horietan guztietan pentsatzea… lan handia suposatzen bide zuen horrek. Amaierarik gabekoa nahi izanez gero; beti baitago testu, istorio edota artikulu bat hobetzeko aukera.

Subjektibotasuna eta lana, beraz. Ordea, zer da, bada, arkitektura? Arte honen inguruko bi osagai aipatu beharko banitu, horiexek aipatuko nituzke, nire harriduraren aurrean. Gaur arte arbuiatutakoa dut egungo gai: nire beldurrei aurre egitea egokitu zait.

Eta bi hilabete pasa ondoren, hauexek dituzue nire ondorioak: alde batetik, subjekktibotasuna erlatiboa dela konturatu naiz. Subjektibotasuna ez dela erabat subjektiboa. Agian objektibotasunetik gehiago duela subjektibotasunetik baino. Izan ere, beharrizanaren arabera irekiko baitira beti leihoak, jarriko baitira beti altzariak eta antolatuko baitira gela desberdinak. Beharrizanak arautzen baitu guztia. Arkitekturak badu, beraz, arrazionaltasun garbia. Eta noski, arrazionaltasuna, logika, eztabaidaezintasuna… ongietorriak dira.

Bestetik, lana eta alferkeria erlazionatzeak zentzurik ez duela aipatu nahi nuke. Plazera dakarkigun zerbait egitearen aurrean alferkeria sentitzen al dugu inoiz? Garbi dago ezetz. Hortxe dago, bada, guztiaren gakoa: gauzak gozatuz egitean, gauzei erakargarritasuna bilatzean, lana bizitzean. Edota lana eta plazera erlazionatzean. Horixe alferkeriaren aurkako armarik bortitzena.

Baina ez dut gehiago luzatu nahi. Ezin dut, ordea, artikulua amaitu honakoa esan gabe: proiektatzeko ezinbestekoa da egungo bizimodua, ohiturak eta beharrizanak kontuan izatea, beraz, egungo gizartea edota egungo mundua ulertzearen beharra sortzen da. Ez hori bakarrik, materialen erreakzioak, indarrak eta energiaren domeinuak menperatzea ezinbestekoa da, fisika eta kimikaren alorrak ere hor daudelarik. Eta, noski, matematika eta geometria uneoro daude buruan jira-biraka. Dena aldi berean.

Baina arkitektura ofizio bat baino zerbait gehiago da: norberaren burua ezagutzeko modu bat, pertsona bezala hezitzeko, inguruaz gozatzeko, ingurua maitatzeko bide bat edota naturarekin hitz egiteko aukera bat. Bizitza politagoa egiteko, bizitzaz gozatzeko modu bat, alegia.

Eta, noski, ongietorria da.

Oharra: zer ikasi zalantzan dabilen zuetako edonork karrera honetan interesatuta egon eta nondik norakoak zehaztasun handiagoz ezagutu nahiko balitu, atsegin handiz erakutsiko nioke zertan gabiltzan. Beraz, lasai etorri informazio bila.

Comments { 5 }

Historia + istorioa = BELARRAREN AHOA

Belarraren ahoaLiburu urdin haren azalagatik izango zen? Aurretik artikulu batean hari buruzko aipamena egiteagatik agian? Ala Harkaitz Canok berak lortu duen ospeagatik beharbada? Zaila da BELARRAREN AHOA irakurtzera bultzatu ninduten arrazoiak zehaztea.

Jomugarik gabeko bilaketa zen hura. Bilaketa guztien artean konplexuena, inondik inora. Kuestioa da liburudendaren apalategian liburu hura begiz jotzea besterik ez nuela behar izan helburua ikusgarri bihurtzeko. Leihoa topatzeko. Eta argia ikusteko. Azala estrainioa zuen, zinez; Charles Chaplin larrituaren aurpegia duen Askatasunaren Estatuaren bigarren bertsio bat zeru urdinaren aurrean tinko, zuzia eskuan. Atzean itsasoa, itsasontzi lauso bat. “Azal originala, zinez” pentsatu nuen. Idazlearen izenari eta liburuaren izenburuari berari erreparatu nien ondoren. HARKAITZ CANO. Belarraren ahoa. Euskaljakintzan garai batean idatzi nuen artikuluaz jabetu nintzen orduan; Euskadi Literatura Saria irabazi omen zuen liburu hark, eta hari buruzko aipamena (edo zerbait gehiago) egina nuen bertan. Pasaia Blues liburua oroitu nuen ondoren; iaz irakurria, zapore gozoa utzi zidan benetan liburu hark. Idazle berak idatzia zen Belarraren ahoa, Harkaitz Canok idatzia, hain zuzen ere. “Idazlea” esaten jarraituko dugu, Harkaitzek berak nahiko lukeen bezala. Hitzen botere baltsamikoa baliatzeagatik beharbada, edo idazleak berak esango lukeen bezala, “hitzak penizilina balira bezala, hitzak analgesiko moduan, hitzak banatu ditzagun kanpamenduetan morfina banatzen duenak bezala, eskuzabal”. Ordea, indartsuago azpimarratuko nuke orokortzearen funtzioa, kasuistikak baztertu eta edonork edonon aplikagarri ikus dezan. Asko baitira gustuko duten idazlearen liburuetara jotzen duten irakurleak, idazlearekin duten link hori topatu eta, inkontzienteki ere, haren liburuekiko imantaturik aurkitzen direnak. Horregatik jarraituko dugu idazlea esaten, baina Harkaitz handiari hain merezia duen garrantzia kendu gabe.

Historia + istorioa = BELARRAREN AHOA. Ez dut historia eta irudimenaren arteko mix hori azaltzeko modu egokiagorik topatu. Jazoera historikoen eta idazleak berak asmaturiko istorio baten arteko batura duzue Belarraren ahoa. Edo hobekiago esanda, bi errealitateen arteko konbinazio bat. Historiaren bigarren interpretazio bat egiten du idazleak liburu honetan, ez gertakari historikoak bezain objektibo eta errealistikoa, ez goitik behera asmaturiko istorioa bezain subjektibo eta fantasiazkoa. Genero berri baten jaiotza ote?

Zer du, baina, liburu honek historiaz? Hasteko, pertsonaiak eurak. Charles Chaplin eta Adolf Hitler ditugu protagonista, gizaseme aski ospetsu eta historikoak, inondik inora. Euren alboan, Olivier Legrand pertsonaiak dakar ukitu fantastikoa, idazleak berak asmatua. Bestalde, erreferentzia historiko anitz azaltzen zaizkigu liburuan zehar, liburuak ikasteko aldartea ere eskaintzen digularik; Askatasunaren Estatuaren (Estatua de la Libertad beharbada ezagunago egingo zaizue belarrira) sorrera, garraio eta muntaiaren inguruko datuak ematen dizkigu alde batetik, haren jatorriari buruzko bitxikeriak gehituz: ba al zenekiten amerikarrek horrenbeste laudaturiko Lady Liberty Fréderic Auguste Bartholdi eskulturagileak modelo gisa erabiliriko neskame baten imagina dela? Neskame bat dugu askatasunaren irudia; idazleak berak adierazi bezala, “paradoxa polita paradoxa bildumatzaileentzat”. Bestetik, Bigarren Mundu Gerra garaia industriaren, metalurgiaren garai gisa agertzen zaigu modu honetako esaldietan; “Belaontzi baten gorenean eduki nahi luke gizon bat, behialako, XVI. mendeko espedizioetan bezala, Lurra! Lurra! oihu egiteko. Baina bera burdinaren garaian jaioa zen eta horrek egiten zuen burdinazko.” Ez hori bakarrik, artearen alorrean, Miró eta Picassoren inguruko erreferentziak ere aurki daitezke liburuan zehar, baita Marco Polo, Churchill eta Wagner-en ingurukoak ere; hamaika politikari eta garaiko pertsonaiari buruz hitz egiten digu Belarraren ahoak; Franklin D. Roosevelt presidentea, Goebbels, Henry Ford, Charles de Gaulle, Fritz Lang, Vichyko gobernua… garbi geratzen da, bada, kontakizunaren historikotasun, eta zergatik ez, didaktikotasuna.

Idazleak historiaren bigarren interpretazio bat eskaintzen digula aipatua dugu, jada. Istorio bat, historia izan zitekeena. Historiaren zakutik kanpo dagoen oro istorio baita eta istorio ez dena, historia. Posible diren film guztien artean bat baino ez omen da historia. Hartara, bigarren film baten aurrean egongo ginateke. Hona hemen idazlearen beraren hitzak:

“Beti daude bi film: egin zena, eta bidean geratu zena. Bigarrena izaten da onena, ia beti. Historiako gertakariei so egiten badiegu ere, halako zerbait gertatzen den susmoa daukat: hainbat aldibereko xendra daude, eta irudimenarekin baino ezin ditugu denak eskuaretu…”

HarkaitzBi istorioren arteko sintesia dugu Belarraren ahoa. Istorio antzekoak, baina oso desberdinak, aldi berean; Ameriketarako bidaia bat partekatzen dute biek, eta liburuaren amaiera aldera bat eginik azaltzen zaizkigu. Alde batetik, jada Europa osoaren jabe den Adolf Hitler faxisten buru handinahi eta norberekoia Estatu Batuen konkistara bidean doa 1945ean, bederatzi guda-ontziz osaturiko ontzidia haren agindupean duela. Diktadoreak Charles Chaplin komediantea darama itsasontziko sotoan preso, Diktadore Handia filmean beraren lepotik barre egin zuen komikoa, alegia. Bestetik, 1886ko Olivier Legrand langile xumearen emigrazio bidaia dugu kontagai, Askatasunaren Estatua bera piezaka desmuntaturik New Yorkera bidean daraman Isère belaontzian polizoi dena. Estatuaren buruko koroa kiribilduan lo igaroko du honek bidaiaren zatirik handiena, edota koroan bertan oka eginez, jitoan dabilen sehaska baten antzera mugitzen den koroak zorabiaturik.

Eleberri erreflexibo baten aurrean gaude. Batean, gizon txikiaren eta komediantearen gogoetak azaltzen dizkigu narratzaile orojakileak, txandaka. Bestean, logikoki, Olivierren hausnarketa pertsonalak izango dira nagusi. Oro har, idazleak bi istorioen artean egiten duen aldizkatze burutsua nabarmenduko nuke. Liburua 29 kapitulu laburretan zatitua ageri da, kontakizun biei dagozkien pasarteak elkarren artean txandakatuta topa ditzakegularik. Kapituluak laburrak dira zeharo; biziak, ostera. Zergatik hau, baina? Harkaitzek berak esan zuenez (egoki deritzot oraingoan haren izena aipatzeari) gure ezagutza flash moduan osaturik dago; ez ditugu pertsonak goitik behera ezagutzen, ez gara haien inguruko datu ororen jabe: haieikin bizi izandako une jakinak eta haiei buruz entzundako kontu solteak baino ez ditugu informazio iturri. Erabateko ezagutza utopia bat litzateke, beraz. Ideia hori bera adierazi nahi du Harkaitzek flash moduan izkiriaturiko kapitulu txandakatuen bidez. Nire uste apalean, irakurlearen interesa pizteko modu ezinhobea ere bada.

Baina jarrai dezagun istorioarekin. Chaplin koitaduak Adolfen tortura doilorra jasatea beste erremediorik ez du izango, diktadoreak aplikaturiko Marco Polo kodearen aurrean babesgabe. Haren antzera, Olivier polizoiak itsasontziaren mugimendu zorabiagarriak eraginiko goragalearen eta, era berean, Askatasun Andereñoaren koroaren deserosotasunaren hala-holako torturari egin beharko dio aurre. Bi torturatu garai desberdinetan. Baina bi torturatu, azken finean; eta Ameriketara bidean.

Olivierren iristea azalduko digu idazleak lehendabizi; hiriaren edertasunak, harrizko eraikinek batez ere, erabat liluratuko dute gure laguna. Zamaketari bilatuko du lana, moiletatik gertu gela bat alokatuz. Lady Liberty-ren muntaketa lanen jarraipen zehatza burutu ahal izango du bertatik. Gizasemeak bere burua estatuari loturik sentituko du beti, haren koroan lo eta oka egitea bere bizialdian buruturiko gauzarik garrantzizkoenekotzat joz. Dena dela, gero eta konkortuago azalduko zaigu Olivier, portuko langileen isekak jasan behar izango dituelarik sarritan. Ostera, Marie Ann emakumearekin ezkondu eta hark arinduko du bere oinazea.

Ondoren, tropa nazien Manhattango inbasioaren berri izango dugu. Hauek, gizon txikiaren (edo diktadore handiaren) agindupean sekulako sarraskia burutuko dute hirian, amerikarrei euren doktrina bidegabeki inposatuz.

Hauxe dugu bi istorioek (istorioak eta historia aldatuak, hain zuzen ere) bat egiten duteneko unea. Faxisten helduera harroputza aprobetxatuz, Chaplinek (hilzorian berau) preso dagoen sotoko leihoxka jada sentitu ere egiten ez duen ukalondo minduaz apurtu eta kristalez beteriko zuloan zehar bere gorputz ubeldua bultzatuko du, Manhattango ur koipetsuetara jausi eta askatasunera bidean jarriz.

Orduan ikusiko du komediantea Olivierrek, Brooklyngo zubiaren aldetik dabilela. Une honetatik aurrera, garai bakarrean kokatuko da gertakizun oro. Hala ere, idazleak burutzen duen komediantearen deskribapen bikaina azpimarratu nahiko nuke, haren egoera tamalgarriaren deskribapena, alegia:

Orduan begiztatu du. Hemeretzigarren moilaren parean. Gizon bat, zapata bakarrarekin, portuko uretatik ateratzen, aurpegia eta eskuak odolez belztuak eta koipez gorrituak. Narrasti bat zirudien, narrasti atzeratu bat izaki bizidunen bilakaera osoki gauzatu gabea gauzatzera zetorrena, ugaztun bihurtzera zetorrena milioika urteko atzerapenarekin.

Komediantea antzeman ostean, berarekin hartuko du Olivierrek Chaplin. Ez, ordea, Charles Chaplin delako; haren bihotz umilak halaxe agintzen diolako baizik. Komikoa hilzorian badago ere, aurrera ateratzea lortuko du garai batean bere erako tortura jasan zuen polizoiaren laguntzari esker. Modu honetan, Olivierren bizitzeko grinari bultzada izugarria emango dio komedianteak; konkordunak bere burua inoiz baino ezinbestekoago, lagungarriago, ikusiko du Chaplinen egoera latzaren aurrean; baliagarri sentituko du bere burua, eta horrek helburu eta esperantza berriak piztuko ditu haren barnean.

Bien bitartean, Hitler komendiantea topatzen saiatuko da etsi-etsian. Ez du lortuko, ez, bederen, bere tropen bilaketa gogorraren eskutik; nahigabean joko du Chaplinekin, gau batez kalera isilean atera ostean. Izan ere, komedianteak Olivierren etxea bere kabuz uztea erabakitzen baitu azkenean, laguntzaileari horren berri eman gabe. Hartara, torturadore eta torturatua aurrez aurre aurkituko dira berriro; oraingoan, ordea, baldintza berdintsuetan.

Puntu horretan etengo dut, bada, kontakizunaren haria. Tentagarria, ezta? Zuei dagokizue orain Canoren eleberriaz gozatzea. Guztiz gomendagarria kontsideratzen dut, zinez. Euskadi Saria horren adierazle!!

Azkenik, eleberriaren inguruko beste zenbait puntu nabarmendu nahi nituzke, garrantzizkoa kontsideratzen baitut irakurlearentzat haietaz jabetzea.

Alde batetik, historikotasunaren ildotik jarraituz, nazien krudelkeria ezin hobekiago azaltzen digu idazleak liburu honetan; hauen triskantzaren berri ematen digu, nazien ekintza eta estrategia doilor eta berekoien berri; Manhattanera iritsi aurretik ere, kostaldea aurrean dutela, Hitlerrek Askatasunaren Estatua begiztatzen du urrunean, hura, konkistatu aurretik ere, bere eginez:

“Puztu egin da Adolf. Besoa jaso du berak ere, estatuari begira.

-Hau ere gutarikoa da, Dieter!”

Faxisten lehorreratzearekin batera, hauen ekintza zital eta zikinen berri ematen digu idazleak. Hasteko, amerikar dohakabe taldeak lotzeko txarrantxa-haria erabiltzen dute soka gisara. Bigarrenik, amerikarren behin behineko gobernuak Woolworth eraikinean hartzen du egoitza, honen gaineko hamar solairuetara Harlemgo eta Central Park East aldeko emakume haurdun guztiak eta umeak bilduz. Zertarako, baina? Kuartel jenerala aire-eraso batetik babesteko. Amerikar emakume gajoak ezkututzat erabiltzen dituzte alemaniarrek; estrategia zikina, inondik inora. Soldadu aspertuak emakume eta umeen oihu etsiak entzunez dibertitzen dira, amei umeak kendu, etxe-orratzaren gorenera igo eta hauek askatzera edo ez askatzera jolasean arituz; Hitlerrek bere alderdiko soldaduak fusilarazten ditu hauek lanorduan lo topatze hutsagatik… Eta abar. Hori guztiori Adolf mendekatiak itsasaldian zehar Chaplinen gainean burutzen duen tortura pairaezina kontuan hartu gabe.

Bestalde, alemaniarren irudi izoztu eta gogor hori urratu egiten da nolabait Eva pertsonaiaren bidez. Pertsonaia historikoa dugu hau ere, Adolf Hitlerrek epe luzean zehar Eva Braun delakoa izan baitzuen ondoan. Diktadoreak ez omen zuen inoiz emakume hura maitatu, baina jakina da errukiagatik bederen eraman zuela berarekin. Belarraren Ahoaren hainbat pasartek primeran islatzen du gizon txikiaren erruki sentimendu hori:

“Eva, Eva, Eva.

Eva lo zegoen bere gelan. Gizon txikiak tapakia kendu zion eta bere gorputz biluziari begira geratu zitzaion luzaro. Seinaleren baten bila ari zen. Berarekin lo egiten zuen emakumeak Eva izena izateak zerbait esan nahiko ote zuen galdetu zion bere buruari. Paranoia baten mende, gizon txikiak bere saihets hezurrak zenbatu zituen, banan-banan: ez zitzaion bakar bat ere falta, jainkoari eskerrak.”

Alemaniarrek eta Adolf Hitlerrek berak ere ba omen zuten, beraz, ahuldade puntu bat; inor ez da ezin zaurituzkoa.

Liburu hau irakurri eta Harkaitz (orain bai, Harkaitz) ezagutu ostean, Canoren ikuspegia “erlatibista” dela esatera ausartuko nintzateke; osotasun eta perfekzioa, egia absolutua bera, zokoratzen dituela esango nuke. Irakurri, bestela, honek lan amaituen, osotasunaren, inguruan dioena:

“Ederra zen, horratik, Askatasunaren Estatua hori. Muntatu aurretik ere ederra. Agian muntatu aurretik ederrago, batzuetan puskak osotasuna bera baino ederrago izan ohi diren bezala. Etxe hutsak etxe beteak baino ederrago diren bezala. Turnerren koadroak bukatu gabe ederrago diren bezala. Ezerk ezin du amaitu gabe geratu den artelan baten indarra gainditu. Ez da lan bukaturik inon, erdizka dagoen maisulan bat gainditu dezakeenik. Askatasuna piezatan muntatu eta bukatuta, gauza zatar huts bihur daiteke.”

Harkaitzek berak ere, lehen aipatu bezala, ez die bere lanei “osotasunik” ematen, liburuen amaia zintzilik utzi eta istorio eta denbora desberdinak nahasten baititu koktel, nire ustez, zeharo gustagarrietan. Gustagarri diot, Canok eder esango zukeen moduan. “Istorio amaitugabeak istorio amaituak baino gustagarriago diren moduan”.

Idazlearen eta bere obraren inguruko beste hainbat xehetasun eta kuriositate aipatuko banituzke ere, ez nuke gehiegi luzatu nahi. Belarraren Ahoaren bikaintasuna islatzea lortu badut, nahikotzat jotzen dut. Adjektibo batez liburua definitu beharko banu, berezia dela esango nuke. Desberdina.

Etengabeko sentipen eta bizipen berrien bilaketan murgilduriko gizartea dugu gaurkoa. Egungo errutinak esperientzia berrien beharra sortzen du guztiongan, sentsazio desberdinak probatzeko nahia. Zer Belarraren Ahoa baino hoberik hori lortzeko?

Liburuaren pasarte gehiago irakurri nahi dituzuela? Egizue, orduan, klik hemen.

Ezin eman diezaioket artikulu honi bukera aurreko batean Harkaitz Canok Jakintza ikastolara eginiko bisitaldiaren berri eman gabe. Hari buruzko artikulu bat idatzi zuen Maitek bisitaldiaren ostean, baita idazlearen lorpen berri izugarri baten berri eman ere: gurean izan eta hurrengo egunean, Neguko Zirkua ipuin bildumagatik Espainiako Kritika Saria irabazi ez zuen, ba, lasartearrak!! Bide batez, idazlea berriro ere zoriontzeko aprobetxatu nahiko nuke. Zorionak, Harkaitz!! Eta mila esker guztiagatik.

Harkaitz_Xabier

Harkaitzek Jakintzara buruturiko bisitaldiaz baliatuz, hari aurrez aurreko entrebista bat egiteko pribilegioa izan nuen ikastolako irratian. Eta, noski, baita hura pertsonalki ezagutzeko okasioa ere; idazle itzela dugu Harkaitz, baina are pertsona itzelagoa. Hartara, grabaketa entzun eta idazle bikain honen eta bere eleberriaren inguruko zer edo zer gehiago jakin nahi izanez gero, ez zaitez klik soil batengatik jai gelditu. Hemen duzu euskal literaturako idazlerik handienetakoaren ahotsa!!!

Comments { 1 }

Egiteko maleta zail bat

Nork ez du inoiz tetris-ean jokatu? Nork ez du inoiz maleta berregin behar izan gauza guztiak sartu ezin dituelako? Nor ez da inoiz ipuina laburtu beharrean aurkitu lehiaketako 6 orrialdeak gainditzen dituela eta? Guztiok izan ditugu noizbait espazioarekin arazoak.

Espazioaren inguruko problematxo dibertigarri batekin natorkizue gaurkoan jolaserako matematika atalean. Soken problemak jasan zuen utzikeriaren ostean, “idatzizko” kuestioen konplexutasunaz ohartu nintzen. Edo, hobekiago esanda, idazteak nolabaiteko “alferkeria” eragiten duenez, problema eskematikoago batekin saiatu naiz oraingoan. Ea honek zuen kuriositatea pizten duen!!


Zertan datza, baina, desafio honek? Ikus dezakezuenez, 5 pieza ageri dira laukiaren azpian, tamainaren arabera sailkaturik; 4 trapezio itxurakoak eta karratua azkena. Bada, 5 pieza horiek karratuaren barnean kokatzea da helburua, batak bestea estaltzen ez duelarik. Erraza, ez da hala? Kontuan izan ezazue piezak ingeradako lerro grisari gainezarri ezin zaizkiola, hura ukitu dezaketen arren. Baina ukitu bakarrik!! Gauza bera piezen euren artean ere. Elkar “ukitu” daitezke, baina inola ere ez gainezarri!!

Piezak karratuaren barnean kokatzeko hauek hartu eta bertara eraman beharko dituzue. Horretarako, egin klik-erdi eraman nahi duzuen piezaren barnean eta herrestan eraman laukiaren barneraino. Azkenik, pieza askatu, xaguaren botoia sakatzeari utziz. Modu honetan, hautaturiko pieza karratuaren barnean izango duzue; errepikatu prozesua beste lau piezekin eta saiatu guztiekin puzzle antzeko bat osatzen!!

Piezak biratu daitezkeen? Noski baietz!! Zer izango litzateke tetrisa piezak biratzeko aukerak buruan sor ditzakeen mila aukera desberdinak gabe? Argi dago biratu ezean, pieza guztiak azalera zati murritz horretan kokatzea ezinezkoa dela. Bada, piezei buelta emateko sakatu SHIFT tekla eta egin klik bere ardatzaren inguruan errotatzea nahi duzuen piezaren gainean.

Azken ohar txiki bat: ez dago karratua erabat bete beharrik; piezarik gabeko eskualdeak geratzea posible da, zati hutsak, alegia.

Piezak modu zuzenean (aipaturiko baldintzak betez) kokatzea lortzen duenari zorion ohar bat azalduko zaio pantailan, desafioa gainditu duela baieztatuz. Beraz, ez “EUREKA!” oihukatu mezu hori azaldu arte. Eta, zin dagizuet, ez da lan erraza! Beste ohar txiki bat; piezak oso modu zehatzean kokatu behar dira oharra azal dadin, milimetro bat gora edo milimetro bat beherako errorea baino ez baitu joko honek onartzen. Hortaz, soluzioa aurkitu duzuelakoan bazaudete, saia zaitezte piezak ahalik eta prezisio handienaz ahokatzen, bestela ez baita inoiz zorion-mezua agertuko. Dena den, aipaturiko abisua benetan agertzen dela hitzematen dizuet, piezak modu zuzenean kokatzean; oharra existitu existitzen da, desafioak emaitza jakin bat duen modu berean. Are gehiago esango nuke: piezek ez dute kokapen zuzen bakar bat. Hartara, emaitza posible desberdinak daude. Hala ere, guztiek dute zerbait komunean. Baina ez dut pista gehiagorik emango.

Horixe da guztia; funtzionamendua azalduta geratzen da. Jokatzea erraza da, jokoa da erraza ez dena. Orain zuen esku dago desafioa gainditzea. Funtzionamenduaren inguruko duda-mudaren bat izanez gero, zintzilika itzazue zuen zalantzak erantzunen atalean; horiek argitzen ahaleginduko naiz.

Era berean, soluzioa aurkitzen duenari edota aldez aurretik hura ezagutzen duenari eskertuko nioke haren berri gainontzekoei ez ematea; ez ezazue besteen dibertsioa zapuztu, saiatzean eta saiatzean baitatza joko honen dibertimendua. Beraz, emaitza zuzena lortu duzuelakoan bazaudete, bidal iezadazue e-mail bat hura azalduz: xabier.arana@gmail.com. Lehen asmatzailearen berri emango dut erantzunen atalean. Eta orain, pentsatzera!! Ea nor den maleta egiten lehena!!

Comments { 12 }
-->