Junek argitaratutako artikuluan ondo baino hobeto iragartzen zen bezala, urriaren 16 hau Nafarroa Oinez ospakizunaren eguna izan da, ezbairik gabe; jai eta festa giroaz gozatu ahal izan dugu Olaztira hurbildu garen guztiok.
Olazti. Asteburuz asteburu aitona-amonak han direla-eta hamasei urtez bisitatzen daramadan herrixka aspergarria; nork esango zidan, azkenean, tankera honetako jaialdi baten kokaleku bilakatuko zenik? Inoiz ez nituzke neuretzat bigarren herri bilakatu den Olaztiko kaleak gaurko egunean ikusi ditudan bezala imaginatuko: gizon zein emakume, gazte zein zahar, frontoian zein igerileku ondoko parkean… guzti-guztiak festa giroan!! Harritzekoa eta arraroa izan da benetan, horrenbeste jende eta ekintza aztertzea hain aspergarri eta bakartia kontsideratzen nuen Urbasa magaleko herrixkan.
Eguraldiari dagokionez, goizaldeko laino mehatxugarriek zeru urdin-urdin bati paso eman diote arratsaldean. Tenperaturak, aldiz, ez du hainbesteraino lagundu. Baina, zer demontre, eguraldia primerakoa izan da! Haize leuna, zerua eguzkitsu eta euriaren arrastorik ere ez. Ezin gara, bada, izan den giroaz kexatu.
Goizaldeko 9ak aldera, hortxe abiatu naiz, beraz, familiarekin batera ibilbidea osatzera. 8km inguru izan dira; lan erraza, beraz. Horrela, ibilbidea osatu duten sei guneak banan-banan bisitatu ditugu: musika, idi-frogak, herri-kirolak, ziza-erakusketak, umeentzako jolasak… hamaika ekitaldi antolatu dituzte bisitarion entretenimendurako eta egia esan, primeran funtzionatu dute guzti-guztiek. Ibilbideari polita irizten diot, herri eta mendi inguruak konbinatu baititu. Beraz, belardi, baso eta mendi dotoreen paisaia zoragarriaz gozatzeko aukera izan dugu ibilbidearen zati handi batean zehar: askok eta askok egunaren zatirik handiena zelai zabaletan etzanda igaro dutelakoan nago. Siesta ederra bota du batek baino gehiagok!!
Baina pasa gaitezen punturik garrantzitsuenera: EUSKARAREN PRESENTZIA. Olazti bezalako herri batean ematen den euskararen erabiliera ikusita (datuek erakusten dutenaren arabera Olaztin, konkretuki, ez da %1eraino ere iristen!!!! Eta zoritxarrez, hainbeste urte bertara gerturatuz igaro ondoren, kopuru hori lasai asko guztiz erreala izan daitekeela esaten dit esperientzia pertsonalak), euskararik entzungo ez zen beldur pittin bat banuela aitortu behar dizuet. Dena dela, gauzak espero nuena baino hobeto atera dira azkenean. Kanpoko jendetzaren eragina ote? Guztion zorionerako, euskara dezente entzun dudala esatea garrantzizkoa da, gaztelaniak bere betiko lekua bete duen arren. Euskararen presentzia, beraz, gainditzeko modukoa iruditzen zait. Euskal Herri osoan gaur Olaztin izan den euskararen erabileraren portzentaia beteko balitz, ziur gure hizkuntzak gora egingo zukeela. Ondorio pozgarri eta garrantzitsu bat dugu hau, bederen.
Laburbilduz, Nafarroa Oinez ospakizunaren 25. urteurren hau arrakastatsua izan da, nire uste apalean. Norbaitek aurkakorik pentsatzen al du? Eguraldi ona, antolaketa hobea eta espero ez nuen euskararen erabilera estimagarria. Zorionak, beraz, jaialdiaren arrakastaren erantzule zareten antolatzaile guztioi.
Iruzkin berriak