About xizagirre

Author Archive | xizagirre

Tuenti, handiagoak beldurtzen

tuenti versus facebookAzkenaldi honetan sare sozial berriak sortzen hasi dira. Gure artean ezagunenak facebook eta tuenti dira. Tuenti facebooken konpetentzia dela esan daiteke, lehenago sortu baitzuten azken hau Harvardko Unibertsitatean. Facebook arrakastatsua unibertsitateko gela batean zeuden ikasle batzuen artean komunikatzeko sortu zuten hasieran, baina pixkanaka-pixkanaka zabaltzen joan da ia edonon ezaguna izatera iritsi den arte. Estatu Batuetakoak dira erabiltzaile gehienak; halere, Kanada, Ingalaterra, Kolonbia, Mexico, Brasil eta Argentinak ere asko dituzte. Bada, ordea, facebooki lehia egiten hasi zaion sare sozial berri bat: tuenti. Hala eta guztiz ere, sare honek Espainian du garrantzirik handiena. Bi sare sozial hauek elkarren antza handia dute; bietan ekintza berdinak egin daitezke: argazkiak publikatu, lagunak argazkietan etiketatu, argazkiak iruzkindu…

Tuenti gazteentzako sortutako lagun-sare bat da. Bertan, izena emandako pertsona orok bere profila izango du, hau da, bere tuenti-orria. Tuenti-orria lortuz gero, nahi dituzun argazki guztiak igo ditzakezu, zure blogean testua idatzi, besteen tuenti-orrietan edota argazkietan iruzkinak ipini… Gainera, nork bere profilaren pribatutasuna aukera dezake, alegia, lagunek baino ez zaitzakete ikus, edo norberaren lagunen lagunek, edota edonork… Ezarpen horiek edozein unetan alda ditzake profilaren jabeak. Honetaz guztiaz gain, pertsonak oso erraz aurki daitezke izen-abizenen bidez, duten lana edota doazen eskolaren izenaren bitartez, bizilekua bilatuz, parrandan ibili edo irteten diren tokien baitan, lagunen lagunak direla medio… Esan daiteke beta pribatu bat dela. Gauzak horrela, bertan sartu nahi baduzu, erabiltzaileren baten gonbidapena jaso beharko duzu e-posta bitartez.

tuentiAtzera eginez, jakin dugu proiektu hau 4 pertsonek sortu zutela 2005eko azaroan. 2006ko amaierara arte, ordea, ez du izango bere loraldia. Izenak ere badu bere historia; izan ere, sortzaileek izenak “tu” eta “ti” izatea nahi zuten -“tu entidad” hitzen antza izateko- eta, horregatik, tuenti izena jarri zioten. Urte eta erdi geroago, sare sozial garrantzitsuenetariko bat dela esan daiteke, gazteentzako gehienbat.

Gune honek antzeko besteekin duen lehia handia da, eta norgehiagoka horretan tuentik asko irabazten du arestian aipatu dudan pribatutasun aukera dela eta. Facebookek, adibidez, ez du horrelako aukerarik, eta horrek erakargarritasun handiagoa ematen dio tuentiri. Irabazi duen ospeari esker, tuenti handienekin ari da borrokatzen sare sozial onena izatera iristeko asmoz.

Laburbilduz, esan daiteke tuenti pixkanaka handitzen joan dela, eta gaur egungo sare sozial ezagunenetakoa dela. Hala eta guztiz, asko dira tuentiko erabiltzaile izatea txarra dela diotenak, denbora asko jaten baitu eta bere mendera eror baitzaitezke. Ez baduzu hori sinesten, zoaz tuenti duen norbaiti galdetzera eta berak zalantza guztiak argituko dizkizu…

Comments { 2 }

Esan ez arrazismoari!

arrazismoaren aurkaarrazismoari ezDenok dakigun legez, arrazismoa mundu osoan zehar ematen da, hau da,  pertsona batek gizabanakoen ezaugarriak baldintzatu eta determinatzen dituela baieztatzen duen jarrera nahiz pentsamoldea nonahi ematen dela esan daiteke. Arrazismoaren helburua pertsona diskriminatuen giza eskubideak baliogabetzea da. Europan, XIX. mendean ematen hasi omen zen gainontzeko gizakien gainetik arraza zuriko gizakia zegoela esatean. Maiz xenofobiarekin nahasten dugu, hau da, pertsona batek kanpotar batekiko duen gorrotoarekin; hala eta guztiz, diferentzia dago bi kontzeptuen artean: arrazakeria pentsamendu bat da eta xenofobia sentimendu bat. Beste diferentzia bat da xenofobia kanpotarrak baino ez dituela helburu; arrazismoak, aldiz, ez.

Arrazismoaren aurka egiteko, 1965. urtean, Nazio Batuen Erakundeak martxoaren 21a izendatu zuen arrazismoaren aurkako eguna. Azken edizioan, egun honen lema hauxe izan zen: “Berdintasuna bizitzeko, aniztasuna elkarrekin bizitzeko.”

ARRAZISMOA KIROL MUNDUAN

etooBestalde, egun, kirol munduan “Say no to racism” eslogana askotan ikus dezakegu. Alde batetik, kirolariek eramaten dute pankarta batean zelai erdira partida hasi baino lehen; bestetik, kirol ezberdinetako zelaietako harmailetan ikus dezakegu. Hala ere, nahiz eta pankarta hau mutur aurrean izan, jende askori bost axola dio eta kirolariaren azalaren koloreari gehiago begiratzen diote pankartari baino. Esate baterako, duela gutxiko Zaragoza-Barça partiduan, Barcelonako Samuel Eto’o aurrelari kamerundarrak bere azal kolorearen aurkako irain gogorrak jasan behar izan zituen. Halako batean, arbitroarengana abiatu zen eta zelaitik joan egin nahi zuela esan zion, han ezin omen zuen futbolean jokatu irain gogorrak jasanez.

Arrazismoa islatzen duen beste egoera bat, futbola jarraitzen dugun guztiok gogoratuko duguna, Luis Aragonesek Espainiako selekzioa entrenatzen zuen garaian Jose Antonio Reyesi esandakoa dugu. Aragonesek, gaur egun Barcelona futbol taldean dagoen Thierry Henry jokalariari irain egin zion, Reyesi esanez, bera Henry baino hobea zela eta hura aipatzeko “negro” hitza erabiliz. Bestalde, Patrick Vieira, Erik Cantona eta Emmanuel Petit jokalari frantsesek, Ingalaterran jokatzen ari zirela, irain gogorrak jaso zituzten frantsesak izateagatik. Gogorra da esatea, halaber, San Petersburgoko Zenit taldeak garrantzitsuena bere zaleak direnez, ez dute onartzen beltzik. Oso gogorra da hau esatea, berriz diot, kontuan izanik talde hau 2008ko UEFA txapelketa irabazi duela. Iaz Espanyoleko atezain den Kamenik, bere zelaian jokatzen ari zela, irain arrazistak jaso zituen. Zer iruditzen zaizue zure etxean irainak jasotzea? Hauek guztiak adibide gutxi batzuk baino ez dira izan; dena den, zoritxarrez, beste kasu ugari eman dira futbolean.

say-no-to-racismFutbola alde batera utziz, Hego Afrikako kirolariak, zuriak eta beltzak, aparte egin behar izaten zuten kirola. Talde kanpotarrak mistoak zirenean, beste era batera esanda, batzuk zuriak eta beste batzuk beltzak, ezin zuten parte hartu Hego Afrikan; ezta pertsona zuriz osatutako talde bat pertsona beltzez osaturiko beste talde baten aurka ere. Zorionez, COIren bidez, 1959an egoera hau bukatu egin zen; hala ere, Tokion egin behar ziren joko olinpikoetan ezin izan zuten parte hartu Hego Afrikako kirolariek. Rodeshan ere horrelako kasu bat eman zen, baina ez dira bakarrak. 1968ko Mexikoko jokoetan, podiumean korrikalari beltz batzuek eskularru beltz bat jantzita zeramatela, ukabila altxa eta “Black power” (Beltzen indarra) ideologia erakutsi nahi izan zuten. Denak deskalifikatu zituzten. Horrez gain, 1947an beisboleko bi liga zeuden AEBn, bata zuriena eta, bestea, beltzena.

Hau guztia esan ondoren, zaila dirudi esatea askotan esan ohi den moduan, kirolak herrialdeen arteko harremanak lasaitzen dituela; aitzitik, guztiz aurkakoa da hainbat kasutan gertatzen dena. Bi herrialdeek beraien artean norgehiagoka badute, euren arteko partiduan sortzen den giroa oso gogorra izatera irits daiteke denok dakigun legez.

Azkenik, badirudi, urteak pasatzen ari diren heinean, jendeak gero eta kontzientzia handiagoa duela. Nire ustez, kirolak ezin ditu herrialdeen arteko gatazka gehiago sortu; guztiaren gainetik tolerantzia izan behar da garrantzitsuena. Dena den, jendea konturatu arte azalaren kolorea, pertsonaren kultura, arraza, erlijioa… ez direla garrantzitsuak arrazismoa egongo da. Espero dut azkar ohartzea horretaz, horrela lasaiago biziko baikara gure herrian nahiz eta kanpotar asko egon. Besterik gabe, ESAN EZ ARRAZISMOARI!

Comments { 1 }
-->