Archive | arazoak

RSS feed for this section

Gaueko argiak, kalte larriak

Gaueko argiak (FlickrCC, cuellar)Ken zazpiren Gaueko argiak abestiak dio “argiak piztuta topatzen ditut kalera irteten naizen orduan“. Egia da, egun eta gau argiak piztuta daude nonahi. Nori ez zaio gertatu, noizbait, etxetik irten eta sukaldeko argia piztuta uztea? Niri, zoritxarrez, behin baino gehiagotan. Inoiz pentsatu gabe nengoen argiak sortutako kutsadura hain larria izan zitekeenik; harrigarria eta sinesgaitza iruditu zitzaidan Berrian irakurri nuen arte honi buruz. Orduan ohartu nintzen argiak sortzen duen kalteaz.

Lehenik, eta adibide gisa, aipatzekoa da astronomoei sortzen diegun arazoa. Hauek izarrak aztertzeaz arduratzen dira, eta guk, gaur egun, gero eta kale-argi gehiago ipintzen ditugu, herri eta hirietan batez ere. Faroletako argia zeruan islatzen da gehienbat, eta horrek sortarazten du kaltea; beraz, saia gaitezen argia erabiltzen beharrezkoak diren objektu edo inguruak argitzeko. Gainera, askotan beharrik izan gabe, piztuta mantentzen ditugu. Ondorioz, oso zaila izaten da izarrak ikustea. Egia esan, bistakoa da arazo hau ez dela denetan larriena. Ni harritu ninduenak argiak gizakioi egunaren eta gauaren erritmoa hautsi diezagukeela jakitea izan zen. Egindako ikerketen arabera, gauean argia ez izateak melatonina hormona murriztu egiten du eta hormona hau, alde batetik, loa eragiteaz arduratzen da. Bestetik, antza denez, minbizietatik babesten gaitu. Beraz, zenbat eta argi gehiago erabili gauez, minbizia pairatzeko arriskua orduan eta handiagoa izango da. Lo orduak murriztea ere eragin dezake.

Bigarrenik, gizakioi kalteak sortzeaz gain, animaliengan ere gaitz larriak sortzen ditu. Honako hauek dira batzuk: txorien migrazioan eragiten du, intsektuak harrapatzen ditu, animalien habitata eraldatzen du… Denetan larriena, txoriei sortutako kaltea dela iruditzen zait. Izan ere, gauean argi gehiegi egoteak txoriak lehenago loditzea dakar; ondorioz, goizegi hasten dira migratzen. Sinesgaitza dirudien arren, gaueko argiarekin jateak loditzea dakar. Duela gutxi egin da ikerketa arratoiekin eta orain gizakiekin egin nahi da.

Nolanahi ere, pentsatu behar dugu gauen argirik gabe ibiltzea ez litzatekeela erosoa izango; izan ere, edozer gauzarekin estroputz egin eta lurrera eror gintezke; edo, gertatzen diren gauza guztiekin, beldurtu egingo ginateke kalean zehar bakarrik ibili behar izanez gero. Gaueko argia inoiz asmatu izan ez balitz, argirik gabe bizitzeko arazorik ez genuke izango. Baina, gaur egun, argi artifizialik gabe bizitzea ezinezkoa dela esatera ausartzen naiz. Edonola ere, honekin ez dut esan nahi argi asko erabiltzea egoki jokatzea denik.

Aurreko guztia laburbilduz, zera esan daiteke: gauez argia erabiltzea kaltegarria da. Halere, gaur egun argirik gabe bizitzea ezinezkoa denez, modu kontrolatu batean erabiltzea izango lizateke egokiena arazoak murrizteko.

Bideo honetan, labur-labur azaltzen dira argiak sortutako kutsaduraren ondorio gutxi batzuk:

Comments { 0 }

Ikasleen bizitza, presiopeko bizitza

Ikasketek egun sekulako garrantzia dutela jakin badakigu; hala eta guztiz ere, ikasleok asko kexatzen gara hauei eskaini behar zaien denbora gehiegizkoa dela eta. Egia esan, arrazoi pixka bat badugu, baina dena etorkizunagatik egin beharreko sakrifizioa da. Munduko hainbat lekutan “sakrifizo” hitz hau seriotasun handiegiz hartzen da, ordea, ikasleak sekulako presiopean baitaude. Baina benetan merezi al du hain urruti iristea hezkuntza dela eta?

Lehenik eta behin, Koreako kasua aztertu beharko genuke, hau salbuespenetan salpuespen baita. Ikasleek sekulako jaurdunaldiak egiten dituzte eta familien irabazien ehuneko handi bat hezkuntzara joaten da. Familiek euren haurrak ahalik eta hezkuntzarik onena izan dezaten nahi dute, hezkuntza etorkizun distiratsu baten seinalea baita. Horretarako, ikasleek 50 ordu ematen diztuzte ikasketetan astean (klaseko orduak eta klasetik kanpo ikasketaren batean ematen dituztenak kontuan hartuz). Horren adibide argia Kim da, Hego Koreako neska bat sekulako emaitzak ateratzen dituena, horretarako ordu mordoa emanez ikasketetan. Bera bezala asko daude. Gauzak horrela, herrialde hau mundu mailan irakaskuntzan aurrerenetarikoa da. Honek guztiak, sekulako garapenera darama herrialdea. Egia da eta etorkizunean gehiengoak euren “helburua” lortuko duela, baina hartzen al da kontuan ikasleen osasuna? Hauek sekulako presio psikologikoa izateaz gain, porrotaren beldur ere badira; izan ere, hau jasanez gero, gurasoen ohorea laidotuko duten beldur dira, eskualde honetan gurasoak oso zorrotzak direlako. Jakina denez, presioa oso txarra da haurren garapenarako eta etorkizunerako.

Jarraitzeko, aipatu behar da munduko hainbat gobernuk legalki onartua dutela bortxa hezkuntzan, umeek hobeto “funtzionatuko” dutelakoan. Funtzionatu diot -hitz egokirik ez dago-, azken batean hainbesteko zorroztasunaz jokatzearen helburuetako bat inposizioa baita, hau da, pertsonek beraiek nahi duten moduan jokatzea. Nahiz eta helburu hau inplizituki agertu, argi asko ikus daiteke benetako asmoa. Hau, jakina, ez da bidea. Irakaskuntzan, bortxaren bitartez, beldurra sorrarazten da eta pertsonen garapen psikologikoan eragin negatiboa izatea, aurreko kasuan bezala.

Amaitzeko, aurrez aipatutako moduan, familiako irabazien ehuneko handi bat hezkuntzara bideratuta dago eta honek hainbat arazo ekonomiko sortzen ditu. Horrez gain, sekulako abiaduran garatzen ari den herrialdea izanik eta irakaskuntzak gero eta garrantzi handiago duenez, milioika eta milioika ikasle daude. Ondorioz, ez daude nahiko unibertsitate denetzat. Horri unibertsitateen prezioa gehiegizkoa dela gehitzen badiogu, arazo larri baten aurrean gaudela ikusten da; izan ere, benetan garrantzitsua denari munta gehiago eman beharrean (unibertsitate gehiago eraiki, beka gehiago eman…) gobernuak denbora gehiegi galtzen du legeak eginez (bortxa hezkuntzan onartuta egotearen legea adibidez) jendea hobeto kontrolaturik izateko. Ondorengo bideoan argi asko ikus daiteke Koreako hainbat ikasleren haserrea unibertsitateen gehiegizko prezioa dela eta: Protesta estudiantil por el alto precio de la universidad en Corea del Sur.

Aurreko guztia dela medio, onartu beharra dago herrialde hauek (Korea…) sekulako garapen maila lortzen ari direla hezkuntza dela eta. Nik zalantza izpirik ez daukat irakaskuntza sistema on bat funtsezkoa dela edozein herrialderentzat, baina ondo bideratutako irakaskuntza sistema bat da bide egokia; ez, ordea, sistema bat non indarkeria onarturik dagoen, gehiegizko zorroztasuna ematen den…Horrela izanik, nire aburuz, hezkuntzan seriotasuna beharrezkoa da, baina betiere oreka baten barnean; izan ere, oreka honetatik kanpo egonez gero, ikasleen garapenerako oso kaltegarria izan baitaiteke.

Comments { 4 }

Lurrak minbizia dauka

Ofiziala da jadanik. Lurra oso gaixo dago, eta egora oso larria da. LURRAK MINBIZIA DAUKA!

Aspaldi hasi zitzaizkion lehen sintomak. Ondoezak, hotzikarak, dardarizoak, botagura… Dirudienez, CO2 gehiegi arnasten du eta horrek izugarrizko sukarra eragiten dio, eta horrenbeste igo zaio sukarra non bere izotzezko begirada hori urtzen ari zaion. Negar zotinka ari da eta bere aurpegia urak estaltzen du jada, zati handi batean. Galdu du bere irribarre eder hori, garai batean mendira joan eta bertatik ikusten zenuena, dena berde-berdea, eta zuhaitzez betea, eta lorez, eta ibaiez, errekaz, lakuz… Orain azala lehor-lehor dauka, hori-hori, pikorrez beteta. Eta eguzkiak gogor jotzen dio. Gainera, eguzkitik babesteko zuen biserak zulo handi bat dauka orain eta bertatik iristen zaizkio izpi guztiak azalera. Lurra babesik gabe dago. Eta honek guztiak ondorio tamalgarri bat dakar: Lurreko bizitza desagertzen ari da. SEIGARREN SUNTSIPEN MASIBOAREN AURREAN GAUDE!!! Eta hori gutxi balitz, gu gara Lurraren gaitz sendaezin honen kausa.

Lurra behin baino gehiagotan egon da kinka larrian. ActionBioscienceblogean Niles Eldredgek adierazten duenez, seigarren suntsipen masiboa da hau (batzuk zazpigarrena dela diote). Ezagutzen den lehenengoa duela 440 milioi urte gertatu zen klima aldaketa baten ondorioz, lurreko bizidun ia guztiak desagerraraziz. Esaten dutenez, bizitzaren %95 desagertu zen. Baina suntsipen guztien artean ezagunena Cretaceo garaian gertatu zena izan zen, duela 65 mila urte. Pentsatzen denez, kometa batek Lurrarekin talka egin zuen eta garai hartako animalia eta landare ia guztiak suntsitu zituen. Bertan dinosauroak desagertu ziren besteak beste. Suntsipen hauetan guztietan, kometarenean izan ezik, aldaketak pixkanaka-pixkanaka eman ziren. Tenperatura aldaketak, poloen urtzeak, glaziazioak… milioika urte pasa ziren faunan eta floran eragin zuzena izan baino lehen. Animalia eta landare batzuk hobe egokitzen ziren aldaketa horietara eta horregatik biziraun egiten zuten eta gehiengoak, berriz, ez zuen lortzen ekosistema berrira egokitzea: desagertu egiten ziren. Izan ere, klima aldaketa batek milioika urte irauten du. Adituek diotenez, Lurrak askotan ezagutu ditu bi poloak erabat urtuta eta alderantzizko egoera ere bai, ia mundu osoa izoztuta. Baina oraintxe aipatu bezala, bizitzak egoera horietara egokitzeko denbora izan zuen. Oraingoa, berriz…

80 BIZIDUN ESPEZIE DESAGERTZEN DIRA EGUNERO
Lurraren tenperatura abiadura bizian ari da igotzen. Julio Lopezek bere blogean dio urtero 0,2ºC eta 0,5ºC artean igotzen dela lurreko tenperatura, horrenbeste entzuten den berotegi efektuaren ondorioz. Honen ondorioz, natura ari da saiatzen bere ekosistema aldatzen; adibidez, basoak mendian gero eta altuago sortzen dira, baina aldaketak hain handiak ari dira izaten -nahiz eta guri ez iruditu-, non ez baituen denborarik ematen ezertarako. Horregatik, ekosistema ugari desagertzen ari dira: basoak, lakuak, ibaiak… Hauek desagertzearekin batera, bertan bizi diren animalia guztiak ere desagertzen dira, ekosistemaren kate osoa erabat hautsiz. Lopezek dioenez, zientzialarien aburuz, 80 espezie desagertzen ari dira egunean, 28.000 urtean eta martxa honetan jarraituz gero, hemendik mila urtera bizitza osoa desagertuko da lurrean, gizakia barne. Eta hau irakurritakoan jendeak esango du: “Oraindik asko geratzen da!” Baina ez da horrela, azken batean, zer dira mila urte? Mila urte ez da ezer. Mila urtetan ez du denborarik ematen baso bat basamortu bihurtzeko; mila urtek ez dute denborarik ematen poloak erabat urtzeko; edota ugaztun guztiak desagerrarazteko; edota… Baina bizitzaren desagerpen masibo honetan hori posible dela ere ikusten ari gara, eta lehenengo aldiz bizidun batek beste guztien suntsipena ekarriko du. Guk ekarri dugu suntsipena Lurrera, eta gure suntsipenaren bidean goaz.

Zalantzarik gabe gizakiak sortu du txikizio hau. Gu izan gara sutea sortu duen metxeroa, lurrikararen epizentroa, urakana sortu duen haize bolada. Duela 100.000 urte azaldu ginen lurrean, eta Lurraren kontrola hartzen joan ginen. Lehenengo mundu osora zabalduz eta gero, pixkanaka-pixkanaka, lurralde bakoitzean gure legea inposatuz, gizakien diktadura ezarriz. Gure industriak eraiki genituen eta inguruneak kutsatu (CO2 eta euri azidoarekin); ibaiak zikintzea ere gure ardura izan zen; basoetara sartu ginen motozerrekin, zuhaitz guztiak botaz; barku erraldoiekin itsasora sartu ginen, milaka arrain batera arrantzatzera… Istorio luzea da. Ekintza hauek guztiak, hala ere, ez dira nahikoa orain jasaten ari garen suntsipen hau azaltzeko. Baina badago arrazoi nagusi bat: SUPERPOPULAZIOA.

Arestian aipatu dugunez, suntsipen honek besteen aldean duen desberdintasuna aldaketak ematen ari diren abiadura eta aldaketa hori gizakiok sortua dela, hau da, ez dela modu naturalean eman. Hori guztia gertatu da gizaki gehiegi bizi garelako Lurrean. Erdi Aroan pentsatzen zen 1.000 milioi pertsona bizi zitezkeela munduan. Julio Lopezek bere blogean dioenez, 1999. urtean 6.000 milioi gizaki bizi ziren munduan. Gaur egun, 8.000 milioi inguru bizi gara eta 2030erako 10.000 izango garela diote adituek. Horregatik, aurreko paragrafoan aipatu ditugun ekintza horiek guztiak gero eta neurri handiagoan egiten ditugu. Kyotoko Protokoloa sinatu dugu, baina gero eta gizaki gehiago garenez, gero eta kotxe gehiago erabiltzen dugu eta gero eta CO2 gehiago emititzen dugu atmosferara. Gero eta elikagai gehiago behar ditugu eta, horregatik, arrantza eta ehiza masibora jo dugu. Gero eta zabor gehiago sortzen dugu eta, horren ondorioz, kutsadura mundu guztira zabaltzen ari gara.

Beraz zer esan dezakegu amaitzeko? Bada, seigarren suntsipen masiboa abian dela, eta jada ezer gutxi egin daitekeela Lurrean orain ezagutzen dugun bizitza aurrera ateratzeko. Nik, hala eta guztiz ere, gizakiak honi buelta emango dion esperantza daukat. Gaur egungo gazteok daukagu etorkizuna ongi gauzatzeko bidea. Gure ondorengoei zor diegu. Eta sinisten dut, egunen batean gizakiak begiak ireki eta soluzioa aurkituko duela. Izan ere, badakizue zer esaten duten: “Gizakia bakarra eta apartekoa da”.

Hona hemen aurkitu dudan diapositiba bat. Sentitzen dut baina gaztelaniaz dago.

Comments { 6 }
-->