Archive | arazoak

RSS feed for this section

Hi, Photoshopik gabe hobeto hago!

Famatuak berezko eran (tecnogratis.com)Gaur egun guztiok dakigu zer den Photoshop. Batetik, gure etxeko ordenagailu gehienetan dugulako; eta, bestetik, famatu gehienak aldizkarietan ateratzen direnean izaten dituzten profil perfektuak islatzean ikusten dugulako. Azken erabilera honi dagokionez, erabilpena oso erraza izaten da: paisaia polit bat, itxurazko arropa, makillaje pixka bat eta… voilá! Baina aldizkari bateko azalean agertzen den hori nola dago horren perfektu? Garai batean, hori zen gure burutik pasatzen zen galdera harrigarria; hala ere, gaur egun denok dakigu zein den horren erantzule: photoshopa.

Mundu osoan zehar erabiltzen den tresna ahaltsua da; izan ere, gehienok erabili izan dugu noiz edo noiz argazkiren bat edo beste txukuntzeko. Baina zehatz-mehatz zer den edota nondik datorren ba al dakigu? Adobe Photoshop du berezko izena, argazki denda. Harrigarria ezta? Hasieran, argazkiei ukituak emateko erabiltzen zen: efektuak sartu, testuak ipini… Urteak aurrera joan ahala, ordea, gero eta aukera gehiago ematen ditu. Hau guztia, dena den, egun gertatzen denaz hitz egiten hasteko aitzakia besterik ez zen. Joan gaitezen, bada, harira.

Aldizkariak bide garrantzitsua dira pertsonen fama areagotzeko, pertsonak ahalik eta ederren irudikatzeko… Zuk, nik, gure amonak, bizilagunak.. edozein pertsonak aldizkariren bat erosi eta bai azala edota barruan datorren edozein publizitate, elkarrizketa edo bertako argazkiren batean arreta ipiniz gero, konturatuko gara bertan azaltzen direnek ez dutela akatsik: pikorrik gabeko azala, zimur barik… Askotan photoshoparekin gehitzen zaie perfekzioa: distira, azalaren kolorea, begi eta ilearen kolorea, iztar Elle aldizkariko azala (ceslava.com)estuagoak… Orduan pentsa genezake, “nik ere horrelako zerbait egin dezaket: norbaiti argazki bat ateratzeko eskatu, ukitu batzuk eman eta listo!” Ba ez, hori ez da horrela izango seguruenik. Zergatik, baina? Baliabide hau erabiltzeko, trebezia handia behar izaten delako. Ez dago esan beharrik aldizkariek eta pertsona ospetsuek, normalean, konpainia edota pertsona konkretu bat izaten dutela horrelako mirariak egiteko.

Kontuak kontu, ez dut ulertzen nork bere akatsak ezkutatzea eta perfekziotik gertu egoteko nahi hori. Polit dena beti izango da polit; eta itsusi dena, beti izango da itsusi! Gainera, denok dugu aukera eder egoteko, eta horretarako badakigu guztiok zer egin behar dugun: kirol pixka bat, pozik bizi, elikadura egokia izan eta parrandak zein janari azkarrak, besteak beste, alde batera utzi.

Gauzak horrela, baliabide hau zenbait kasutan gehiegi erabiltzen dela iruditzen zait. Gainera, gehiegizko ukituak segituan antzmaten dira. Ondorioz, pertsona modu artifizialean ikusten da. Horregatik, nire ustez, kontrolatu behar den zerbait da. Are gehiago, photoshopa ez erabiltzearen ideia defendatzen dut. Egia esateko, honi buruz

argi eta garbi hitz egiten hasi zenetik, gauzak zertxobait aldatu dira. Ez da nahikoa, ordea. Dena “berezko eran” izan behar delakoan nago. Aupa Nivea krema baino erabiltzen ez duten famatuak!

Bideo bat uzten dizuet, Photoshopak egin eta lortzen duena ikusi dezazuen :

Comments { 4 }

Olioa=petrolioa?

Badira urte batzuk sukaldeko olioa birziklatzen hasi ginela. Izan ere, hainbat azterketa ondoren, hura harrakastik behera botatzea ez dela batere osasungarria ohartu dira, eta horrexegatik hartu dira zenbait erabaki. Orain arte, herri bakoitzak, epe eta leku jakin batean, izaten zuen sukaldeko olioa entregatzeko aukera; orain, berriz, zaborrontzien inguruan, olioarentzat aproposa den beste kontainer bat jarri dute. Bere alde onak eta txarrak ditu, gauza guztiek bezalaxe. Agian, ez da hain erosoa egiten; izan ere, ontzi batean jaso behar izateaz aparte, bertara joan behar duzu uztera, eta abar; dena den, komeni da jakitea badirela enpresak guk botatako olioa jaso, eraldatu eta berriro ere merkatuan sartzen dutenak.

Garai batean, ez zitzaion horrelako garrantzirik ematen olioari, ez zuen axola nondik botatzen zen, nahiz eta, nik uste, gehiengoak sukaldeko harraskatik behera bota. Baina denbora pasa ahala eta teknologia aurrera doan heinean, jokabide horrek ondorioak ekar ditzakeela ohartu dira adituak. Horrela, erabakia hartzeko unea zelakoan, lehendabizi, kamioiak jarri zituzten puntu, data eta egun jakin batean, birziklatzekoa izango zen olio hori jasotzeko. Herri guztiek zuten bere “postua”. Orain, berriz, ohikoak ditugun kontainerren inguruan beste kontainer bat jarri dute, laranja kolorekoa. Bertan bota behar da olioa, plastikozko ontzietan ahal bada (bestelakoetan eramanda, puskatzeko arrikua legoke eta olio hori barreiatzeko).

Arestian aipatu bezala, munduan zehar dauden enpresa ezberdinek hartzen dute parte olioaren gai honetan. Hori horrela izan dadin, kontainer horietako olioa biltoki batzuetara eramaten da, bertan sailkatua eta, jarraian, tratatua izateko. Adibide bat aipatzearren, GRINOIL enpresa aitatuko dugu. Hau biodieselarekin aritzen da lanean. Zehatzagoo esateko, olio bidez biodiesela sortzen du. Antza denez, nahiko errentagarria da negozio hau. Egia esan, aipatu, aipatuko zen, baina ez gehiegi ere. Nik, adibidez, ez nekien ezer asko gai honen inguruan lan egiten duten enpresei buruz, Sasieta mankomunitateari buruz izan ezik. Dirudienez, jardun honek abantaila dakar; izan ere, petrolioa kanpotik ekarri ordez, olio bidezko biodieselarekin garraioa elika badaiteke. Wikipediak dioenez, abantailetako bat “erregai agorkorren aurrezpena” da.

Hasierara bueltatuz, arazoa ez da agian hitz egokia, baina eragozpena sortzen du olioa zartagitik ontzi batera botatzeak eta, horretaz aparte, ontzia kontainerrera gerturatzeak. Nire aburuz, gehiago kostatzen da olioa ontziratzea, ontzia kontainerrera gerturatzea baino. Izan ere, azken finean, kalera irteterakoan botatzea zer da, ba? Baina, eragozpenak eragozpen, denok dakigun bezala, gure esku gelditzen da gure ozono kaparen etorkizuna; beraz, ondo etorriko litzaiguke sakrifizio txiki bat egitea. Hainbesteko esfortzua al da olioa ontziratu eta ondoren bere tokira gerturatzea?

Comments { 2 }

Gure geneen aurka borrokan

Ispilua emakume askoren amesgaizto bihurtu da. Errealitatea erakusten du eta askok urrundu egin nahi dute hortik gorputz argal, zizelatu eta betiko gaztetasunean izoztutakotik oso urrun gaudelako. Ispiluak emakumeok gehien kezkatzen gaituzten inperfekzio horiek agertzen ditu.  Betidanik izan gara zelulitisaren beldur; izterretan sortzen diren mendikate horiek ez agertzeko erregutzen dugu. Eta nork ez ditu inoiz Angelina Jolieren ezpainak desiratu? Baina, dudarik gabe, emakume guztiak adinez gora joan ahala, gehien gorrotatzen dutena zimurrak ateratzea da. Lehenengo, begien ondoan ateratzen hasten dira; gero aurpegi osora zabaltzen dira, eta iraganean izandako azal leuna oroimenean baino ez da geldituko. Beraz, nola gainditu edertasunetik aldentzen gaituzten “huts” hauek?

Soberan ditugun kilo horiek gainetik kentzeko, aldizkarietan ateratzen diren dietak egiten ditugu. Jangaitza izanagatik, emakume eta neska asko gai dira moda-modan dagoen argaltasun hori eskuratzeko. Batzuk obsesionatu egiten dira, eta jaten dutena kontrolatu eta kaloriak kontatzera iristen dira. Bide hau jarraitzeak ez du amaiera onik ekartzen, anorexia edo bulimia hortxe daudelako.

Hala ere, dieta egiteak argaltzea baino ez du ahalbidetzen. Beraz, nola lortu zimurrik gabeko aurpegia, haurdunaldiaren ondoren zintzilik geratutako azala desagertzea, deformidaderik gabeko sudurra edota zure titientzat neurriko bularretako bat eduki ahal izatea? Kirurgiaren bidez. Gero eta jende gehiagok jotzen du irtenbide honetara. Teknikak hobetzen ari dira eta, teknologia berriekin hainbat aurrerapen egin denez, kirurgiak lorpen handiagoak egitea ahalbidetu du. Beraz, orain gehiago dira kirurgian konfiantza osoa jarri dutenak beraien kezka horiek desagerrarazteko.

Famatuak hasi ziren kirurgiarekin gorputzeko atalak hobetzen, gorputzak beraien lanean zerikusi handia zuenez, gainerako pertsonentzat eredu izan behar zutela aitzakiatzat hartuz. Aitzakiak baino ez. Horren atzean, eder eta gazte mantentzeko grina zegoen. Izan ere, nolatan hartuko dute protagonistatzat zimurrak edo izugarrizko sudurra duen aktoresa bat?

Gurekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Gaur egungo gizartean, aurreiritzi asko ditugu eta kanpoko itxurak garrantzi handia du. Modako moldetik ateraz gero, denen burla bihur zaitezke. 1,60 m neurtuz gero, txikia izango zara modelo izateko, eskatzen duten 1,’70 m-tik oso urruti zabiltzalako. Sudur handia edukiz gero, gaizki emango duzu pantaila aurrean, gehiegi ikusi eta aurpegi orekatu izatetik urruntzen zarelako. 36 tailan sartzen ez bazara, gizenegi egongo zara. Eta bularretakoaren 85 taila handiegi baduzu, nahiz eta 18 urte izan, oraindik oso gaztea zarela pentsatuko dute. Horregatik, gero eta jende gehiago joaten da inperfekzio horiek konpontzera.

Baina zergatik da horren garrantzitsua gazte eta eder mantentzea? Ezin al dugu garen bezala izan, eta, denborak aurrera egin ahala, naturaltasunez zahartu, biologikoki horrela programatuta gaudenean? Zergatik aldatu goitik behera gure itxura gure geneen kontra? Argi dago kanpoko itxurak beti izan duela garrantzi handia, baina azken hamarkadan gehiago oraindik kirurgiari esker. Horrelako gauzekin ahazten duguna da pertsona egiten gaituena gure barnean dagoela. Eta hori izan beharko litzateke garrantzitsua; izan ere, garrantzitsua esentzia da, ez estaltzen gaituena. Garen bezalakoak izaten jakin behar dugu; gure akatsak onartu eta dohainak indartu behar ditugu.

Comments { 0 }
-->