“Arratsalde on, jaun-andreok! Mila esker beste egun batez gurean izateagatik. Sekulako albisteak ditugu zuoi eskaintzeko; beraz, ez galdu gaurko saioa! Iragarki labur batzuen ostean, hementxe izango gaituzue zuen bikote kutunen txutxu-mutxu guztiak kontatzeko.” Urrutiko agintearen botoi gorria sakatu eta konturatu naiz kolorea joaten hasi zaiola. Telebista berri-berria dut, aurreko urtean erosia edo, baina egungo telebista saio nazkanteen ondorioz, erakargarriagoa zait itzaltzeko botoiari eman eta beste zeregin bati ekitea.
Egunkaria ireki eta agendaren atalera joan naiz zuzen-zuzenean. “Mujeres y Hombres y Vicerceversa”, “Sálvame” eta “Hay una cosa que te quiero decir” bezalako programak nagusi dira Tele 5en. Beste kateetan ere prentsa arrosa eta magazinak prime time tartean jaun eta jabe dira. Gizartearen heziketari bultzadatxo bat emango baliote gaitz erdi, baina ia ezinezkoa da erabilgarriak gerta dakizkigukeen balioak jasotzea; izan ere, iritzi-emaileak oilategian baino azkarrago asaldatzen dira. Gainera, berebiziko eragina dute gure jokabidean; gezurretan aritzea, ondokoa kritikatzea eta oldarkorra izaten besterik ez baitigute irakasten telebistako “adituek”.
Beti uste izan dut txotxongiloak garela boteredunen hatzen artean, eta telebista gu kontrolatzeko hari bat besterik ez dela. Korrupzio gaiak baztertzen dira audientzia gutxiegi dutela aldarrikatuz, eta, horien ordez, errealitatetik urruntzen gaituzten saioak jartzen dituzte, gizartearen ezjakintasuna are eta gehiago sustatzeko. Bueno, azkenean, hori da komeni zaiena: euren trikimailu ilunen berririk ez izatea.
Bederatziak direnez, berriro piztu dut kutxa zaharra. Egia esan, igortzen duten guztia ez da zaborra. Gero eta gutxiago izan arren, oraindik badaude ikustea merezi duten saioak, Teleberria edo “La noche de…” esaterako. Oso zaila da berriak ematean inpartziala izatea, eta botereak beti izaten du gu manipulatzeko tentazioa, baina, gutxienez, errealitatearen alderdi bat erakusten digute. Euskaldunon kasuan, EITBren webgunean irakur dezakegun bezala, albistegi guztien artean Teleberri da ikusle gehien duena, aurtengo audientziaren %17,3 bereganatuta. Beraz, eutsi diezaiogun horri; apaizaren lapikoa bezala, urria, baina kalitate onekoa baita.
Ondorengo bideoak ondo islatzen du aurreko guztia. Ea zer iruditzen zaizuen!
Iruzkin berriak