Archive | denetarik

RSS feed for this section

Hegazkinez bidaiatzeko gomendioak

HegazkinaOporrak berehala dira eta iristen diren bakoitzean, bidaiatzeko garraiorik erosoena bihurtzen da hegazkina. Dena den, nahiz eta garraiorik azkarrena izan inongo zalantzarik gabe, baditu bere akatsak, horien artean kutsadura eta soinua.

1903. urtean Wright anaiek lehen hegaldia egin zutenetik, asko izan dira hegazkingintzan egin diren aurrerapenak. Gaur egun, hegazkina hartzerakoan, ez gara konformatzen gertuko egonlekuetara bidaiatzearekin, ahal den urrutien bidaiatzea nahiago izaten dugu, diru aurrezkiak iristen diren lekuraino, alegia. Gauzak horrela, hegazkin bat hartu aurretik gomendio batzuk jasotzea komeni da, eta horrexegatik hementxe doaz horietako batzuk, nahiz eta dena dakizuela pentsatu, beti ondo etortzen dira eta. Gomendio hauek gehienbat Europa mailako agentzietako batean erreserba egiten dutenentzat dira:

  • Hegaldi desberdinen inguruko informazioa jaso.
  • Tarifa ezberdinen inguruko hausnarketa egin.
  • Konpainiaren benetako izena ezagutzeko ahalegina egin; izan ere, billetean maiz beste bat agertu ohi baita.
  • Bidaia oso luzea bada, hegazkin aldaketen informazioa lortu.
  • Geldialdien berri izan.

Azken urteetan, billeteak internet baliatuz eros daitezke. Teknologia berriekin, ordea, kontuz ibili beharra dago iruzurrik ez gertatzeko. Internet bidez erosiz gero, ziurtatu ibilbidea, datak, ordutegiak… ondo aukeratu dituzula eta baldintzak ondo ezagutu.

Kontuan hartzeko gomendio gehiago:

  • Jende ugari bidaiatzen duen garaian bidaiatu nahi baduzu, egin erreserba aldez aurretik.
  • Bidaia joan-etorrikoa bada, itzulera ziurtatuta izatea garrantzitsua da.
  • Hegaldiaren ordua baieztatu.
  • Hegazkinera sartu orduko, billeteak egiaztatu. Konpainiako langileak hegaldi horretako kupoia baino ez dizula kendu egiaztatu.

Ekipaia galduakBidaietan ohikoa da, hegazkinetik jaitsitakoan, ekipajearen bila joatea eta hainbatetan gertatzen da bagaje osoa ez aurkitzea, objekturen bat faltatzea eta erreklamatzera joan behar izatea. Horrelako kasuetan, bidaiariok eskubide batzuk ditugu:

  • Fardelaren bat puskatu, kaltetu edo galtzen bada, konpainia izango da horren erantzule, baldin eta soilik baldin kaltea hegazkinaren barnean gertatzen bada.
  • Konpainia ez da arduratuko kaltea ekipajearen akats baten ondorio bada.
  • Fakturatu gabeko bagajea denean, konpainiaren erantzukizuna da, kaltea bere erruz gertatu bada, noski.
  • Fardeleriaren garraioan izandako atzerapena konpainiaren erantzukizuna izango da.

Erreklamazioei dagokienez:

  • Konpainiaren erakusmahaia ez baduzu aurkitzen, joan zaitez aireportuetan egoten den informazio-mahaira, bertan esango dizute non dagoen eta erreklamazioa egiteko jarraitu behar diren pausoak.
  • Erreklamazioa egiteko 21 egun izango dira gehienez.
  • Erreklamazioak idatziz egin behar dira.
  • Auzitegian erreklamazioak aurkezteko, bi urteko epea egongo da.

Honekin guztiarekin zera esan nahi dut: hegaldi baten aurretik gauzak ondo prestatuta izatea komeni da, xehetasun guztiak ondo ezagutzea, inongo iruzurrik jaso ez eta hegaldi lasai bat izango badugu. Gehiengo batek oporretara joatea gustuko du eta hegazkina garraiorik onenetakotzat hartzen da horretarako; dena den, garbi izan behar dugu gauzak ondo eginda baino ez dugula lortuko hegaldi lasai bat.

Informazio gehiago: 1, 2 eta 3.

Comments { 2 }

Bake biderako hauteskundeak?

Zapatero_Ibarretxe1.jpgArtikulu hau idazterakoan zalantza izan dut galdera-ikurra ipintzerakoan. Ez nioke jarri nahi, baina, zoritxarrez, ez dut beste aukerarik. Ikurra kentzeko aukera izango nuke benetan bake gosez antolaturiko hauteskundeak balira, baina tamalez oraingo honetan ere ez da horrelakorik. Ez dago bake goserik, baina bai botere nahia, borroka giroa, adierazpen askatasun mugatua… Bide horri jarraiki, nire uste apalean, ezin eskura genezake bakerik hauteskundeetan.

Oraingoan ez dut bozka emango, adin txikikoa bainaiz. Eta egia esan… ezta gogorik ere. Nahiago etxean geratu, hausnartu, gogoeta egin… Azken egunotan asko hitz egin da. Hitz asko esan dira. Haizeak daramatza ele horiek guztiak, eleak soberan daude, ele horien balioa egiaztatzen duten ekintzak dira falta zaizkigunak, haizeak eraman ezin ditzakeen ekimenak. Hori horrela gertatzen ez den bitartean, ezin izan daitezke bakerako hauteskundeak.

Bere ideologia inposatzea besterik ez duenak buruan eta besteei mendekua eta kaltea opa dienak alferrik erabiliko du bake hitza. Litekeena da bake hitzak bakoitzaren baitan esanahi ezberdina izatea, batzuen kasuan besteren batekin nahastuz, ingurukoen interesei zein beharrizanei begiratu gabe norbanakoak atsegin duen guztia eskuratzea nahi duena, definizio honekin hiztegian agertzen den hitzarekin, bakea lortzeko erabiltzen duten ohiko metodoarekin, berekoikeriarekin. Bake hitza ahoskatu aurretik jakin dezatela, borroka, zein edozein egoera istilutsuren gabezia dela hiztegian ele honentzat agertzen den definizioa, beti ere Euskaltzaindiak baimenduta. zapatero_rajoy1.jpgEta bakezale kontsideratzen diren horientzat hona hemen galdera: zer da zuentzat bakearen alde borrokatzea? Euskal Herri osoa erakunde terrorista batekin lotu eta, egoera hori aitzakiatzat hartuta, inolako gupidarik gabe zigortu nahiz zapaltzea? Edo indarkeriaren bidez, jomugak bitartekoak justifikatuko balitu bezala, edonola jokatzea? Hori al da bakerako bidea?

Hauteskunde hauetan, baina, ez da ikusten bakea lortzeko xederik. Elkarri gaizki esaka eta borrokan aritzea bada eskaintzen diguten bakea… guk ez dugu horrelakorik nahi. Elkarri entzuteak, elkar ulertzeak, pausoak emateak, errespetatzeak… horrek guztiak hurbilduko gintuzke bake bidera, egun, utopiatzat dugun benetako bakera.

Hauteskunde hauetan posible ez bada ere, etorkizunean bakea posible izango dela sinetsi nahi dut, eta sinesten dut, eta sinetsi nahi dut badagoela bakea egin nahi duenik. Bakea egin nahi duten horien hitzetan, haizeak eraman ditzakeen eta tamalez daramatzan hitz horietan, sinetsi nahi dut … nahi dut, baina ezin dut. Ezin sinets nezake demokrazia eta bakearen gisako hitzekin jolasten duten pertsona horien hitzetan. Benetako bake gosea duten pertsonak iritsiko ahal dira!

Otegi eta LopezAmetsetan jarraitu behar, ametsak beteko diren esperantzaz, bake izeneko amets horretan murgilduz, amets horretatik esnatu gabe, bake ametsean, bake gosez… Bake biderako hauteskunde ametsean, bake biderako hauteskunde gosean, herritarron hitza noizbait errespetatuko delakoan, askatasun osoz erabakitzeko aukerarekin…M-9koak bake biderako hauteskundeak izango al dira? M-9koak bake biderako hauteskundeak izango ahal dira! Herriak du hitza… Herriak izango ahal du hitza!

Bozka eman, ez eman, ohiko alderdiari bozkatu, abstentziora jo… Datorren iganderako oraindik ere duda-mudan bazarete, hona hemen zenbait alderdi politikoren ingururuko ideia islatzen duten estekak zerbaitetan lagun zaitzaten. Beraz, interesik baduzue, egin klik.

  • orain_herria1.jpgEAE-ANV: “Euskal Herriak Independentzia. ABSTENTZIOA”
  • Aralar: “ Ezkerra berri, ezker aberri”
  • Ezker Batua Berdea: “ Erre k erre, errepublika!”
  • EA: “Herriaren ahotsa”
  • EAJ-PNV: “ Euskadin bizi naiz ni. Eta zu, non bizi zara?”
  • PSOE: “Vota con todas tus fuerzas”
  • PP: “Con Cabeza y corazón”
Comments { 19 }

Fidel Castro: Iraultza hasiberriaren buruzagi (III)

Fidel Castro hesteetako gaitzak jota1959an Iraultzak garaipena lortu eta Kubako gobernua eratzeko ardura hartu bazuen ere, lanik gogorrenak ez ziren bertan amaitu. Aitzitik, orduantxe hasi zen gogorrena garaileentzat, Estatu Batuen nahiaren aurka eta sentimendu antikomunista mundial baten erdian, estatu sozialista eta ezkertiar bat eraikitzeari ekin baitzioten, Moncadako erasoa egiterakoan oinarritzat hartu zuten programa berrartuta. Ezaguna da, gaur egun ere, Estatu Batuen blokeoak asko zailtzen duela kubatarren bizitza, eta are gogorragoa izan zen, blokeatuta egon arren, uharte osoa berreraiki beharra. Honen ardura Fidel, Che eta Camilok hartu zuten, besteak beste.

FIDEL CASTRO: IRAULTZA JAIOBERRIAREN BURUZAGI

Behin-behineko gobernua

Batista diktadorea boteretik bota arren, iraultzaileak ez ziren segituan gobernuan sartu. Are gehiago, hasiera batean asmorik ere ez zuten halakorik egiteko. Fidelek nahiago izan zuen ohoretsu jokatu izan eta betidanik diktaduraren aurka egon zen Manuel Urrutia lehen ministro izendatzea, hark hauteskundeak antolatuko zituen trantsizio gobernu bat osatu zezan. Hala ere, iraultzaileek zenbait iniziatiba independente eraman zuten aurrera, garrantzitsuena Auzitegi Iraultzaileena izan zela, hauek arduratu baitziren gerra-krimenak burutu zituzten batistazaleak zigortzeaz. Beste iraultza batzuetan ez bezala, batistazaleak ez ziren epaiketarik gabe zigortuak izan. Bestalde, garai hartan aurre egin behar izan zieten Kubako gizartean sakonki barneratuak zeuden aurreiritzi ezberdinei, hala nola, homosexualenganakoa, matxismoa, arrazismoa…

1959ko otsailaren 16an Fidel Castrok, ordura arte zuen jeneral karguaz gain, lehen ministro kargua ere hartu zuen, eta honekin batera programa iraultzaile bat garatzeko ardura ere bai. Hilabete batzuk beranduago, Parlamentuak Gobernu Batzordeko lehendakari kargua esleitu zion. Postu horretan iraun zuen duela urte pare bat arte.

Lehen urratsak, lehen arazoak

Fidel eta Raul anaiakKuba bezalako nazio bat gobernatzeko orduan topatu zituen arazoak ez ziren nolanahikoak izan Fidelentzat. Estatubatuar ahalguztidunen aurrean 32 urte bete berriak zituen gizon bat jarri zen, zutik, tente, “Hemen gaude!” esanez bezala. Hartu zituen lehen neurrien artean etxeen alokairuen prezioa asko jaistea, jokoa (kasinoak etab.) debekatzea eta gas, ikatz eta turismo egiturak nazionalizatzea izan zen. Bestalde, eta Kuba nekazaritzan oinarritutako herrialde bat dela kontuan izanda, nekazal erreformari ekin zion gobernu iraultzaileak. Hasiera batean Fidel minifundioaren, hau da, lurrak baserritarren artean zati txikitan banatzearen, aldekoa bazen ere, latifundio izugarri haiek zatitzeko arazo handiak ikusi zituzten iraultzaileek. Ondorioz, Fidelek gerora proposatutako eredu kooperatibista onartu zuten azkenean, probintziaka antolatutako latifundioen eredua.

1960ko hasieran Fidel lehen ministroa zen; eta, Urrutia, lehendakaria. Gizartearen egoera hobera egiten ari zela zirudienean, Urrutia bat-bateko jarrera antikomunistak jo zuen eta, horren aurrean, ministroek euren dimisioa aurkeztu zuten. Erreakzio gogor horren aurrean, Urrutiak dimisioa aurkeztu behar izan zuen eta Fidelen gobernuak ez zuen oztoporik izan behar-beharrezkoa zen nekazal erreforma gauzatzeko. Erreforma honexek amaitu zuen multinazional estatubatuarrek Kuban zituzten 10000 zalditeriatako (zalditeria bat=13,4 hektarea) latifundioekin, hauek eskualdeka antolatuta zeuden kooperatiben esku utziz.

Konspirazioak eta Bahía de Cochinosko lehorreratzea

Playa Girónen aginduak ematenEstatu Batuak berehala hasi ziren Kubako gobernu iraultzailearen aurka kanpaina mediatikoa egiten; baita Kubara milizia armatuak eta kontrairaultzaileak bidaltzen ere. Era berean, itsasontzi miamiarrek erasotu egiten zituzten arrantzontzi kubatarrak, behin ehun hildako baino gehiago eraginez. Estatu Batuek eraso hauek guztiak ofizialki onartzen ez zituzten arren, Fidelek, armadako goi-kargudun gisa, jakin bazekien CIA zegoela eraso ia guztien atzean. Ez hori bakarrik, geroago CIA izan zen Giróngo lehorreratzea antolatu zuena, Eissenhower presidentearen aginduz. Orotara, 5750 eraso armatu burutu zituzten kontrairaultzaileek Kuban, 1961-1963 bitartean. Horien artean gehientsuenak instalazio industrialen aurka bideratuak izan ziren, ekonomiaren hazkuntza moteltzeko. Horrez gain, prestakuntza maila ezberdinak zituzten Fidelen aurkako 600 atentatu planen berri izan du Kubako ejertzitoak. Horren haritik, behin baino gehiagotan birus ezezagunen izurriteak jasan dituzte kubatarrek, dengearen aldaera ezezagun bat birritan eta zerrien pestea beste behin.

Giróngo lehorreratzeari dagokionez, 1500 mertzenario kubatar lehorreratu ziren Bahía de Cochinosen, Estatu Batuen babes osoarekin. Izan ere, CIAk prestatu zuen plan osoa, Kubaren aurka zeraman kanpainaren baitan, eta hori garbi islatu zen hegazkin estatubatuarrek egindako bonbardaketetan eta disidenteei emandako entrenamenduan. Bestalde, lehorreratzeko erabili zituzten itsasontziak ere estatubatuarrak izan ziren. Azkenean, 72 orduz borrokan aritu ondoren, Fidel bera buru zela, garaipena lortu zuen armada iraultzaileak, 1200 erasotzaile atxilotu zituztela. Aipagarria da urtebete geroago preso horiek guztiak Miamira bidali zituztela, sendagaiak eta elikagaiak lortzearen truke. Harrigarria bada ere, Fidelen aurkako atentatuetako bat negoziazio horietan gertatu zen. Hain zuzen ere, Estatu Batuak ordezkatzen zituen James Donovan abokatua erabili zuen CIAk Fideli kutsaturik zegoen traje bat emateko.

Misilen krisia

Castro eta KrushtxevEstatu Batuekin izandako arazoen gailurra ez zen, ordea, orduan iritsi. Izan ere, Bahía de Cochinosko inbasio saiakeraren ondoren, Fidelek Sobietar Batasunaren babesa lortu zuen, eta haien babespean ekin zion industrializazioari Kubak. Gainera, Kubak hain beharrezko zituen profesional teknikoen laguntza eskaini zioten sobietarrek Fideli, misil nuklearrak eta balistikoak uhartean kokatzearen truke. Izan ere, Gerra Hotza bere garairik gatazkatsuenetarikoan zegoen eta Sobietar Batasunarentzat interes estrategiko bereziko gunea zen Kuba. Poliki-poliki sobietarrak misilak Kuban sartzen hasi ziren, 1962an, AEBen arreta deitu gabe. Hala ere, Kennedy lehendakariak segituan izan zuen sobietarren mugimenduen berri, Oleg Penkovsky traidoreak misilen inguruan zekien guztia kontatu baitzien estatubatuarrei.

Honen aurrean Estatu Batuek Kuba blokeatzeko erabakia hartu zuten, eraso militar bati ekiteko asmoz, misilak erretiratzen ez bazituzten behintzat. Egoerak itzulerarik gabekoa zirudienean eta mundu guztia gerra atomikoa noiz lehertuko zen itxaroten ari zenean, Jruschovek eta Kennedyk akordioa sinatu zuten, Kubarekin kontsultatu gabe. Akordio honek ez zuen Fidel Castrok egindako eskaera bakar bat ere kontuan hartu, sobietarrek misilak erretiratu baitzituzten amerikarrek Turkiatik eurenak erretiratzearen truk. Honek kubatarren artean haserre nabarmena eragin zuen, uste baitzuten negoziazio haietan atentatuen amaiera eta Guantanamoko basearen itzulera ere lor zitezkeela. Tentsio izugarriko uneak izan baziren ere, gerora iraultza sendotu zuen fenomenoa izan zen Misilen Krisia, Kuba bertako arazoen nazioarteko eragina handia izan zezaketela erakutsi baitzuen.

Sobietar Batasunaren erorketa

Kubak urte luzez, Sobietar Batasunaren laguntzaz, industrializazio prozesuari eta sozialismoan sakontzeari ekin zion. Hainbat buruzagi iraultzailek iraultza “esportatzeko” jarrera hartu bazuten ere, Kongora, Boliviara edota Angolara bidaia internazionalistak burutuz,  Fidel Kuba barneko arazoak konpontzen saiatu zen gehienbat: emigrazioa, langabezia, disidenteen atentatuak… Hala ere, Sobietar Batasunak eskaintzen zien babes logistiko eta militarra ahultzen joan zen, Sobietar Batasuna ahultzen joan zen hein berean. Azkenean, 1991. urtean, lehendik ere eragin oro ia galdurik zuen Sobietar Batasuna zatikatu egin zen, eta errepublika sozialista izateari utzi zion. Honek eragin izugarria izan zuen Kuban, kubatarren eta sobietarren arteko anaitasun hautsia tarteko, jada ez baitzituen erregaiak, elikagaiak eta bestelako produktu ugari prezio merkeetan jasotzen. Horrez gain, ez zuten produzitutako kafea eta azukrea saltzeko tokirik ere. Horregatik, garai gogorrak izan ziren Iraultzarentzat, “Periodo Especial” deitu zen garaia, hain zuzen ere.

Hala ere, eta batez ere herritarrek Iraultzan zuten uste sendoari esker, Kubak egoerari buelta ematea lortu zuen, eta poliki-poliki munduko merkatu berrietara ireki zen, Estatu Batuen blokeoari aurre eginez. Onartu beharrekoa da, baina, zenbait urte benetan latzak izan zirela herritarrentzat, miseria gorria pairatu behar izan baitzuten. Gaur egun egoerak nabarmenki hobera egin badu ere, Venezuela, Brasil eta Bolivian emandako gobernu aldaketei esker bereziki, krisi latzak igaro zituen Kubak 90. hamarkadan. Ulertzekoa da, beraz, ez zirela batere garai samurrak izango Fidel Castrorentzat. Pasarte zail horien artean entzutetsuenetarikoa eta gogorrenetarikoa  Baltseroen Krisia izan zen, 1994an gertatua.

Baltseroen krisia

Balseroen krisiaSobiet Batasuna erori ondoren, elikagaien eta oinarrizko produktuen izugarrizko premia zela eta, hainbat eta hainbat kubatarrek Estatu Batuetarako bidea hartu zuten. Harrigarria bada ere, Estatu Batuek ez zuten normalean disidenteak izan ohi ziren etorkin hauen legezko emigrazioa bultzatu, Kubak eskatu bezala. Aitzitik, urtero 1000 bisa soilik eman zituen garai hartan. Jokabide honen helburua emigrazio ilegala bultzatu eta herrialdea desorekatzea zen. Testuinguru honetan kokatu behar ditugu 1994ko uztailean eta abuztuan La Habanan bizi izan zituzten istiluak. Hauetan eta itsasoan gertatutako zenbait istriputan, baltseroak itsasontzi ahuletan abiatzen baitziren, 40 bat lagun hil ziren. Egoera jasangaitza zela ikusirik, gobernuak atzerriko inbertsioa baimentzeko eta ekimen pribatuak abian jartzeko erabakia hartu zuen. Urteen poderioz, egoerak hobera egin zuen eta azken urte hauetan Sobietar Batasunaren garaian baino ekonomia indartsuagoa du Kubak, harreman komertzialak hainbat herrialderekin ezarri baititu, bereziki Ekuador, Venezuela, Brasil eta Argentinarekin.

Fidelek duela gutxi aurkeztu du bere behin betiko dimisioa lehendakari gisa, baina ezin uka daiteke berak sorrarazten duen interes mediatikoak eta egin dezakeen aholkularitza baliotsuak pisu handia dutela oraindik Kubako gobernuan. Errebelde jaio zena errebelde hilko dela dirudi, eta Estatu Batuek 4-5 aldiz hil dela iragarri badute ere (historia osoan), oraindik Granma egunkarian argitaratzen dituen artikuluekin gozatu ahal izango dugulakoan nago. Eta, batek jakin, agian hain gogoko dituen hitzaldi luzeren batekin ere bai!

Comments { 5 }
-->