Archive | denetarik

RSS feed for this section

Gabonak eta neurrigabeko gastua

talcomo2.JPGGabonak iristearekin bat, eta azken urte hauetan baita hilabete batzuk lehenago ere, herritar gehienok bat-bateko gaixotasun baten menpe bageunde lez saldoka abiatzen gara saltokiak eta dendak hustera. Hustera, bai, askotan ez baitugu kontuan hartu ere egiten zer erosten dugun, zer behar dugun edota zenbateko gastua egiten ari garen. Gabonek garai bateko izpiritua galdu dutela gero eta argiago dago, “oparien garaia” edo antzeko zerbait bilakatzeko. Urtez urte zabaltzen ari da “opari garaia”, gainera; izan ere, garai batean inori ez zitzaion burutik pasa ere egingo irailean jostailuen propagandarik jasoko genuenik. Egun, ordea, ohikoa da “Barbie”-n eta “Play Station”-en irudiak eskolan hasi bezain laster gure postontzietan agertzen hastea. Baina, nola heldu gara egoera honetara? Zer edo nor ote da urteroko “sukar” honen erantzule? Horrez gain, urtez urte gastatzen dugun diru kopuruak gora egiten du etengabe, gero eta gehiago erosten dugulako ote da? Edo prezioek gora egin dute?

Datuei begiratuko bagenie, aurtengo Gabonetan euskaldun bakoitzak batez beste 900 euro inguru gastatuko ditugula esango ligukete, aisialdi, janari eta opariak kontuan hartuz. Haurrei dagokienean, hauek jasoko dituzten oparien balioa 170 eurokoa izango da gutxi gorabehera, eta, hala ere, Norvegian, Japonian edo Suedian baino dezente gutxiago! Estatu mailan, 750 milioi euro salduko dira soilik jostailutan, janaria kontuan hartu gabe. Eta, hain zuzen ere, honako hauxe da gastu gehien sortzen duen ataletako bat, 290 euro inguru buruko! Eta, ez da ez harritzekoa, kontuan hartzen badugu garai honetan jatera ohitu garen jakien prezioa zenbatekoa den. Nork ez ditu ikusi, bestela, angulak 900 euroan, edota jendea xanpaina edan eta edan? Loteria ahaztu gabe, 120 euro jokatzen ditu norberak, bueltan (gehienetan behintzat) horren hamarren bat eskuratzeko.

Batzuek erosketak horren garesti izatearen errua prezioen igoeran kokatzen badute ere, benetako erantzulea ez ote da Gabonen izpiritua bera? Ez ote gara denok etengabe kontsumitzera behartuak sentitzen kalean Gabon argiak piztu bezain pronto?

ARRAZOIAK

53117612-ChristmasShopping.jpgNeurrigabeko gastu hauek aztertzeko orduan, beharrezko deritzot gure erosteko eta kontsumitzeko grina hori pizten duten kausak aztertzeari. Nik ez nuke prezioen garestitzea erosketetan gastatutako diru-kopuru beldurgarrien erantzule nagusitzat joko. Aitzitik, oso eragin txikia duela esango nuke gure erosketa desio aseezinarekin alderatuz. Asko eta asko saiatzen garen arren, gizarteak ezarririko betebeharrei ihes egitea benetan latz bilakatzen ari da. Jada begi txarrez ikusia dago Gabonetan erregalurik egiten ez duena, edo Urte Zahar gauean sekulako tripa-festa egiten ez duena. Zergatik? “Mundu guztiak hala egiten duelako, dedio!” Horra hor gaur egungo gure portaeraren azalpen sinplea. Oso jende gutxiri otutzen zaio Gabonen benetako esanahiaren inguruan gogoeta egitea, eta enpresa eta komertzioek prestaturiko tranpatik ihes egitea. Modu batera edo bestera (opariak direla, afariak direla, loteria dela…) denok erortzen gara kontsumismoaren atzapar bihozgabeetan. Eta, izan ere, zaila da abian jartzen den kanpaina mediatikoari ihes egitea, sekulako milioi pila inbertitzen baitute enpresa ezberdinek herritarrak gabon giroan sarrarazteko, baina, euren gustuko gabon giroan, gabon giro kontsumistan, jakinaren gainean baitaude behin kanpaina beldurgarri horiek aurrera eramanda, irabaziak ziurrak direla eurentzat. Hona hemen kanpaina horren adibide garbienetako batzuk, eta kanpaina horietan aireratzen diren mezuen funts nagusiak:

  • Telebista eta gutunontzia oparien propagandaz beterik.
  • Turroiak, xanpaina eta era guztietako janariz lepo egoten dira supermerkatuak.
  • Gabonak ospatzen ez dituena triste bizi dela dioen topikoa.
  • Eta, garrantzitsuena, gizartea oro har eta norbanakook elkarren artean, baita inkontzienteki ere, ingurukoei ezartzen diegun presioa espiral zoro horretan eror daitezen.
  • Askok eta askok, gainera, opariak eta erosketak zoriontasunarekin lotarazten dizkigute, eta denok zoriontsu izan nahi dugunez, buruz behera jausten gara kontsumismoaren zepoan.
  • Sinetsarazi nahi izaten digute eurek saltzen dutena guztiz beharrezko dugula, eta, azkenean, aipaturiko gauza horiek gabe nola bizi izan garen ahaztu ere egiten zaigu.

ZER EGIN TRANPAN EZ ERORTZEKO

Gehienok urtero-urtero neurrigabeko erosketarik eta tripa-festarik ez dugula egingo zin egiten diogu gure buruari, eta baita gure kontu korronteari ere, baina lortzen al dugu gutxiago gastatzea? Denok esaten dugu gero “urtarrileko aldapa” deitzen zaiona samurragoa izan dadin ahaleginak egingo ditugula, baina inork gutxik lortzen du hori. Eta, are gutxiago, Gabon gauean edo Urte Berri egunean langostinoak, patea eta abar bezalako gutiziak jan gabe egotea. Jakin badakigun arren klabea eskaintzen zaigun gauza guztiak nahi ez izatea dela, zaila izan ohi da kanpaina mediatikoari ihes egitea. Hala ere, gure esfortzuek, gutxiago gastatu nahi izanez gero behinik behin, horixe izan behar dute helburutzat: propagandarekiko immunitatea lortzea. Nik pauso hauexek proposatzen dizkizuet, aurten erorita bazaudete, datozen urteei begira :

Erosketak aldez aurretik egin; izan ere, azken egunetako presa dela-eta, erosketak ez ditugu arrazoizko moduan egiten, eta, gainera, prezioak asko igotzen dira.
Bidezko merkataritzako dendak, onura sozialak ekartzeaz gain, opari bat egiteko alternatiba ezin hobea izan daitezke.
Begiratu ondo erosketa tiketei, iraungipen datan arreta berezia jarriz.
Ondasun iraunkorrak erosten direnean, gorde ordainagiria eta behar bezala zigilatutako bermea.
Aurrez pentsatu zer behar duzun eta zer ez. Beste era batera esanda, ez joan supermerkatura edo dendara zer erosi ez dakizula. Batetik, beharrezko ez duzun zer edo zer eros zenezakeelako; eta, bestetik, prezioak konparatzea komenigarria delako.
Saiatu bat-bateko inpultsoei eta uko egiten eta ez egin kasu telebistan edo propagandan ematen zaizun informazio guztiari.
Produktu bat erosi aurretik, antzekoak diren beste batzuekin konparatu.
Janariari dagokionez, erosi aurretik ongi pentsatu zein kantitatetan beharko duzun jaki bakoitza, eta, jateko orduan, neurtu zer eta zenbat ahoratzen duzun.
Saiatu zeharkako gastuak dakartzaten produktuei uko egiten.

URTARRILEKO ALDAPA ETA MERKEALDIAK

rebajas.jpgGabonetako “ajea” oraindik pasa gabe dugula heldu ohi gara urtarril madarikatu horretara. Behin urtarrilaren 7 edo 8an lanera itzuli beharraren disgustua jaso ondoren, gehienok geure buruari kargu hartzen hasi ohi gara Gabonetan gehiegizko gastua egin dugulako. Aipaturiko gastuak gutxi ez eta merkealdiak iristen dira ezustean! Izenak dioen bezalaxe, beherapenak hitzaren helburua horixe da, Gabonen ondoren izaten ditugun penak kontsumo basatiaren bidez asetzea, horixe baitu gogoko sistema kapitalistak. Etxetik irten eta denden erakustokiak eta kristalak “Merkealdiak!” dioten afixez beterik topatzen ditugu. Sekulako pagotxak aurkituko ditugulakoan, saldoka abiatzen gara gehienetan existitzen ez diren “txolloen” bila. Iaz, euskaldunon %80k egin zuen erosketaren bat “merkealdi” garaian. Garai honetan bai ahultzen dela guztiz behar izatea edo beharrik ez izatea. Ez du axola beste galtza edo gona berdinak izateak, produktu bera erdi prezioan dagoenez, ezin utz diezaiokegu honelako aukera bati ihes egiten. Garai honi aurre egiteko modurik onena Gabonetan erosteko gogoz geratu zaren gauza horiek zerrendatzea da, eta, ahal baduzu behintzat, erostea. Baina, adi ibili behar da ustez benetako pagotxak izan arren halakoak ez direnekin, timo edo iruzurrekin, alegia.

Kontsumoaren atzaparrak zorrotzak eta luzeak izan arren, ez naiz ni izango ezer erosi gabe geratu behar dugula esango duena, ezta gutxiagorik ere. Jakina baita denok dugula kontsumista txiki bat gure barnean, gure betebeharra da horri mugak jartzea, gure benetako mesederako izango den kontsumoa aurrera eramatea. Bestela, kontsumismo larrian erori eta sosik gabe geratzeko arriskua dugu, Gabonetan bereziki, aurrez aipatu dudan bezala, erosketa gehien egiten den garaia delako. Beraz, badakizu irakurle, erosketak egiterakoan burua hotz eta Visa patrikan lotua baduzu, hobe! Zentzuz erosi!

[kml_flashembed movie="http://youtube.com/v/CCmt8Cnu-_8" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

Comments { 1 }

Ume horien etorkizuna gure esku dago

Iazko emaitza batzuk3. munduko umeaUrtearen azken egunean gaude. Duela aste batzuk hasi ginen urteari amaiera emateko prestatzen: ospakizunak, opariak, asmo ezin hobeak… Egun hauetan maitasuna, elkartasuna eta solidaritatea gure artean nabarmenak dira; eta, urtero bezala, jostailuen iragarpenekin batera, hasi dira ume txiroei laguntzeko iragarpen eta kanpaina hunkigarriak. Hauek ikustean, gure zorteaz jabetuta, izugarrizko gupida sentitu dugu eta nolabait erruki sentitzen garela ere esan dezakegu. Bestela esanda, hain egoera tamalgarrian bizi diren haurrak ikusteak nahigabetu egiten gaitu eta, situazio hori saihesteko ahalegin eskasak egiten ditugula ikusita, nolabait erruki sentitzen gara.

Hori horrela izanda, asko izaten dira Gabonetan hirugarren munduko umeak lagundu edo “apadrinatzeari” ekiten diotenak. Aldiz, oporrak amaitu bezain laster, mota hauetako kanpainak gutxitu egiten diren heinean, bakoitza bere betiko errutinan sartzen da, aurreko guztia ahaztu eta bertan behera geratzen dira gure asmo on guztiak. Ez al zaizue iruditzen egunero pentsatu beharko genukeela benetan gure laguntza behar duten ume horietan?

pobreziaren grafikoaBost segundoro ume bat hiltzen da, eta seitik batek bost urte baino gutxiago izaten ditu. Gehienetan inongo zailtasunik gabe senda edota aldez aurretik saihets daitezkeen gaixotasunak izaten dira heriotza horien kausa. Hauen guztien artean gosea da herrialde txiroko biztanleek pairatzen duten genozidiorik nagusiena. Bestalde, zenbait ikerketaren emaitzek diotenez, herrialde hauetan 2,2 milioi ume HIESak jota daude; eta VIH birusa dela eta, 12,5 milioi umezurtz geratu dira. Horretaz gain, milioika umek ez daukate oinarrizko hezkuntza jasotzeko aukerarik, ezta edateko ura lortzeko abagunerik ere. Bestela esanda, ez dituzte guztiok merezi ditugun funtsezko eskubideak bereganatzen. 

Populazioaren erdia baino gehiago bizi da aipatutako egoera lastimagarri horretan (2004koak dira ezkerrean azaltzen diren datuak). Gure laguntza ezinbestekoa da arazo larri honi aurre egiteko, gu baikara aurretik aipatutako zoritxar horiekin guztiekin akabatu eta ume txiroei behingoz bizitza duina eskain diezaiekegun bakarrak. Aldiz, batzuetan gogoratzen ez garelako edota, hobeto esanda, gogoratu nahi ez dugulako, ezikusiarena egiten dugu; eta beste batzuetan, Gabonetan, esaterako, zerbait egiten saiatzen gara. Baina, zoritzarrez, hori ez da nahikoa; izan ere, gutxi batzuk baitira Gabonetan ere zerbait egiten dutenak.

Ondorengo mapak populazio txiroaren zabalkuntza erakusten digu (lodituta dauden guneak pobrezia gehien duten herriak dira). Txirotasun handiena Afrika erdialdean dago; txikiena, aldiz, Japonian.

Pobreziaren mapa

Aurreko guztia aztertuta, gai kezkagarri honi aurre egiteko ordua iritsi dela esan dezakegu; eta, horretarako, gure alderdi geurekoiari uko egin eta benetan behar dutenei laguntza txiki bat eskaini beharko diegu. Guztia, beraz, gure eskuetan dago. 

[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/5twW0QXe97I" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

Comments { 1 }

Zer egin daiteke gidariak kontzientziatzeko?

DGTDGTk dioenez, nahiz eta puntu txartelak gidariengan nolabaiteko eragina izan ezarri zenetik, ez dute lortzen hildakoen kopurua esanguratsuki murriztea. Datuen arabera, aurreko urtean 114 hildako egon ziren gabonetan soilik eta aurten kopuru hori urritu nahi dute. Puntu txartela jarri eta berehala, hildakoen kopurua dezente murriztu zen; izan ere, jendeak ez zituen puntuak inolaz ere galdu nahi. Edonola ere, hilabeteak igaro ahala, badirudi gidariei ahaztu egin zaiela eta hildakoen kopurua berriro igo da. Hala ere, gidariek gidatzen duten bezala ikusita, ez da harritzekoa datu hau entzutea. Jendeak ez du pentsatzen nolako arriskua dakarren behar bezala ez gidatzeak istripua gertatzen zaien arte. Orduan baino ez dira konturatzen honen larritasunaz. Baina zergatik gertatzen dira istripuak errepideetan?

bi autoen arteko txokeaDGTk behin eta berriro esaten du errepideetan zuhurtziaz gidatu behar dela istripuak ez gertatzeko. Baina, egia da, zuk zuhurtziaz gidatzea ez duela ezertarako balio gero beste gidari batek axolagabekeriz gidatzen badu eta honen erruagatik zurekin talka egiten badu edota errepidearen egoera txarraren erruz istripua izaten baduzu.

Nire uste apalean eta aurreko guztia kontuan izanik, ez du ezertarako balio batek zuhurtziaz gidatzea besteek ez badute behar bezala gidatzen. Askotan jendeak mozkortuta, abiadura handiz -adrenalina askatzeko plazeragatik- edo beste horrenbeste egoera arriskutsutan gidatzen du. Gidari mota hau da okerrena; izan ere, gehienetan hauen inkonszientziaren ondorioz gertatzen direlako ezbeharrak. Hala eta guztiz ere, ezin dugu ukatu zoritxarrak edonon eta edozein momentutan gertatzen direla eta hauen kontra ezin dugula ezer egin, baina istripuak ekidin daitezke ondorengo baldintzak betetzen badira:

  • Errepideetan erretentzioakErrepideak hobetu eta urtero berrikusi
  • Kotxeak hobetu seguruagoak izateko
  • Gidariak mentalizatu zuhurrago gidatzeko

Baldintza hauek beteko balira, istripuak murriztuko lirateke eta errepideetan ibiltzea ez litzateke hain arriskutsua izango. Dena den, eta lehenago esan dudan bezala, ezin dugu ahaztu ezbeharrak gertatu beti gertatuko direla, baina argi dago baldintza hauek behar bezala betetzen badira, hildakoen kopurua nabarmen murriztuko dela. Esan beharra dago, bigarren baldintza dela guztietatik gehien betetzen dena (gaur egun kotxeaen segurtasuna asko hobetu da). Beste biak betetzea ez da hain zaila, baina egun urrutitik ere ez dira betetzen…

Amaitzeko, gogoarazten dizuet egun bereziak ditugula aurretik (ospakizunak, afariak…). Hauek ondo igarotzeko eta ezbeharrik ez izan eta ez eragiteko, errepideetan nahitaez kontu handiz ibili beharko dugu. Azkenik, istripuen ondorioz kotxeak nola txikitzen diren ikusteko eta honen guztiaren larritasunaz ohartzeko, hona hemen bideo bat:

[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/KxGr38YSIn4" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

Comments { 1 }
-->