Azken urte hauetan, galzorian dauden animalia eta landare espezieen kopurua handitu egin da, 16.300 espezie baino gehiago desagertzeko arriskuan daude, 2007. urteko zerrenda gorriaren arabera. Bestalde, hamar espezietatik lau gizakiaren erruz galtzen da eta egoera ez doa hoberantz. Datu berri eta, era berean, kezkagarri honekin gero eta urrunago geratzen da biodibertsitatea mantentzeko hitzarmenak adostutakoa, espezieen desagerpen prozesua 2010. urterako geldiaraztea, hain zuzen ere. Lurreko bizia agudo desagertzen ari da eta hala jarraituko du premiazko ekintzak burutu ezean. Arazo guztiek bezala, honek ere bere konponbidea du, zalantzarik gabe, eta egiteko honi soluzioa bilatzea gizakiaren betebeharra da, bera baita erantzule.
Betidanik gertatu al da?
Diotenez, ezpezie desberdinen desagerpena guztiz arrunta da lurreko bizitzaren bilakaeran; baina, zoritxarrez, gizakiok suntsitzeko dugun gaitasunaren ondorioz, desagerpen prozesu hori lastertu egin dugu. Historiaurreko gizakia garai hartako Ipar Amerikako mamifero espezie handienen desagerpenaren erantzuletzat jotzen da. Hori dela eta, animalia eta landareen desagerpena betidanik gertatu dela esan dezakegu; nolanahi ere, gaur egun, arazo larri bilakatu da. Gizakiak era zuzenean edo zeharka errudun gara, guk, animaliak ez bezala, gure ingurunea epe laburrean guztiz eraldatzeko gaitasuna dugu eta honek bertako biodibertsitatea suntsitzen du.
Gaur egungo egoera
Sarreran aipatu bezala, 16.300 espezie baino gehiago galzorian daude. Bestalde, Biodibertsitatea Mantentzeko Hitzarmenaren (UICN) arabera, lau ugaztunetatik bat, zortzi hegaztietatik bat, anfibioen heren bat eta katalogatutako landare espezieen %70 desagertzeko arriskuan dago. 785 espezie desagertu dira jada ezagutzen ditugunen artean, beste 65 espezie beraien habitatetatik desagertu eta zoo edota laborantza guneetan baino ezin dira aurkitu. Gizakia al da gaur egungo egoeraren eragilea? Munduan ia ez dago gizakiaren eraginik jasan ez duen tokirik; gauzak horrela, bai animalia basatiek, bai landare orok, gizakiak eragindako txikizioaren aurka borroka amaigabean dihardute. Afrika erdiko goriletatik hasita, Australiako kanguro edota itsas zabaleko baleetaraino, lurreko edozein gunetan animalia eta landareen biziraupena kolokan dago. Beste aldetik, kilma aldaketak ere ez du batere lagunduko buruhauste honetan; are gehiago, arazoa larriago bihur dezake.
Hori gutxi balitz, modu bizkorrean zabaldu den beste eragileetako bat espezieen salerosketa da: hirugarren postuan azaltzen da, armen eta drogen salerosketaren ondoren. Faunaren aldetik, esan dezakegu, 10.000 milioi dolar mugitzen dituela urtero eta florak 7.000 milioi baino gehiago. Zifra hauei salerosketa klandestinoetatik lortzen diren etekinak erantsi beharko dizkiogu. Adibidez, urtero 600 eta 900 tonelada marfil kontsumitzen da eta, horretarako, 150.000 elefante letagin behar dira. Atera kontuak.
Orduan zer egin?
Ginebran zerrenda gorriaren aurkezpena egin dute, orain dela ez asko. Bertan, katalogatuta dauden espezieak baino ez dira azaltzen; oro har, zientziaren arabera, ezagutzen ditugun espezieen kopurua urria da. Gainera, zerrenda horrek azaldutako beste puntu garrantzitsu bati erreparatzen badiogu, jakin ahal izango dugu gaur arte egin diren saiakera garrantzitsuak ez direla guztiz eraginkorrak izan.
Berehala jardun behar dugu, arazo tragedia bihur ez dadin: Horretarako, lehenik, zerrenda gorriaren laguntzaz, arriskuan dauden espezie bakoitzarentzat neurri konkretuak hartu behar ditugu bere ezaugarriak kontuan hartuz. Esaterako, galtzeko arriskuan dagoen animalia eta landare klase bakoitza babestu beharko genuke, betiere, ahal den neurrian, beraien habitatean mantenduz, eta, honela, tokian tokiko biodibertsitatearen bizirautea ahalbidetuz. Gure esku dago animalia eta landareen biziraupena; baita gurea ere. Ez al zaizue horrela iruditzen?
Iruzkin berriak