Herritik kanpo urte batzuk pasa ditugunon ahotan maiz dabil hitz hau dantzan. Horixe da hitza, urtetan ezer aldatu ez eta, era berean, osorik aldatu den errealitatearekin talka egitea. Urrutitik bizi izan duzun herrian lur hartzea. Errealitatearekin tupust egitea. Zergatik, baina, danbatekoa? Ba ezer aldatu ez eta dena desberdina delako, zuk berdin jarraitzen duzulako eta, era berean, desberdina zarelako.
Lurreratze prozesu honetan argi ikusten ari naiz herria ez dela internetez iristen zaizkizun albisteen bidez ezagutzen. Herri, bailara bateko gizartea egunerokotasunean ezagutzen da, astean zehar tabernak hutsik nola dauden ikustean, asteburuko parranda desfasatuen testigu zarenean, eskiatzen ez baduzu ere denboraldia noiz hasi eta bukatzen den jakiten duzunean. Paperetan txukun-txukun esplikatzen dizkiguten inkestek herritarron kezkei buruz informatzen gaituzte: etxebizitza, langabezia,… Ni bizi izan naizen herrialdeetan ere halaxe zen, toki guztietan berdintsu nioen nire artean. Zergatik, orduan, danbateko hau? Galdera gaizki bideratua neukalako agian. Herritarron pentsaera eta honek dakarren eguneroko ekintza ez du bere buruhausteak baldintzatzen, kezka horren aurrean hautatzen duen bideak baizik. Zein bide hautatu du babes ofizialeko etxebizitzetarako zerrendan dagoen 20 urteko ikasleak, lanean hasi eta 3-4 kiloko autoa erosi duen gazteak, 40 kiloko etxea eskuratu berri duen bikoteak edo pisu hori erosteko abala eman duen gurasoak? Zein da goierritarrok hautatu dugun bidea?
Lurreratze prozesuan daramadan urte honek kasu gehienetan eman didan erantzuna bakarra izan da: banakotasun edo indibidualitatea. Nire kezkak aldamenean dudanaren berdinak badira ere, nire bidea egin behar dut, eta nire bidea aldamenekoaren desberdina da. Arazo eta buruhauste hauei aurre egiteko dudan ahalmena aldamenekoaren desberdina da.
Granadako irakasle batek esaten zigunez, filosofo guztiak baieztapen bakarrean daude ados: gizakion azken nahia zoriontasuna da. Ibiltze horri jartzen diogun helmuga, beraz, beti berdina da. Bideak hamaika direla jakin badakidan arren, inguruko elkarrizketa eta ekintzek bakarrerantz naramate. Gogoetak asko, horiek espresatzeko hitzak gutxi eta ekintzak are gutxiago. Honexegatik, beste bide horiek ireki eta jorratzen ahalegintzen direnei, hala nola Ordiziako eta Beasaingo gaztetxeak edo Eskarabillako jaien batzordea, nire errespetu eta estimu guztia.
Iruzkin berriak