Archive | EGA

RSS feed for this section

Hautaprobak prestatzen (VI): galde-erantzunen autoebaluazioa

Dakizun bezala, ulermena da azterketako lehenengo atala. Bertan, emandako testuari buruzko galderak egiten dira. Erantzunetatik testua ulertu dela aditzera ematen baduzu, puntuazio gorena emango zaizu galdera bakoitzean. Lau galdera direnez, bakoitzari 0,5 puntu dagozkio. Atal honen inguruan gelan esandakoa berrikusi nahi baduzu, joan irakurri eta erantzun atalera.

Amaitzeko, egiaztatu urrats guztiak ondo eman dituzula. Hementxe duzu autoebaluaziorako txantiloia:

ULERMENAREN AUTOEBALUAZIOA

Erantzuten hasi aurretik

BAI

EZ

Gutxienez bi irakurketa egin ditut: bizkorra eta arretatsua.

Ulertzen ez ditudan hitzak azpimarratu edo markatu ditut.

Testuko informazioa aztertu dut eta alboan labur-labur egilea zertaz mintzatzen den ipini dut.

Ulermen galderak irakurri eta erantzuna non egon daitekeen begiratu dut.

Testua eta galderak ondo ulertu ditudala egiaztatu dut.

Erantzuna idatzi aurretik, bi aldiz pentsatu dut.

Erantzutean

Galdegaia zaindu dut.

Erantzun zuzena ematen ez bada, inferitu egin dut.

Galderaren erantzun osoa eman dut, hau da, galderari zuzenean erantzuten dioten datu guztiak biltzeko ahalegina egin dut.

Balorazioak saihestu ditut.

Erantzun ondoren

Idatzitakoa berrirakurri dut eta, hala behar izan denean, aldaketak egin ditut.

Comments { 1 }

Hautaprobak prestatzen (V)

Hautaprobetako edozein atal ondo egin duzun jakiteko, ezinbestekoa da idatzi ondoren hausnarketa egitea, hots, autoebaluazioa burutzea. Horretarako, oso garrantzitsua da zuzentzaileak kontuan izango dituen hainbat puntu zuk zeuk ere aintzat hartzea, horrela baino ez baituzu jakingo bide onetik zoazen ala zugandik espero denetik erabat urrunduta zabiltzan.

Bada, autoebaluazioa nahitaezko tresna izanik, hurrengo egunetan hausnarketaren bidea urratzeko hainbat txantiloi edo ideia bilduko ditut. Hasteko, hementxe duzu idazlanaren atala neurtzeko aztertzaileak erabil dezakeen gutxi gorabeherako eredua. Kontuan izan autoebaluazio txantiloi hau argudio testu baterako pentsatutakoa dela; dena den, dakizun bezala, bestelakorik ere eska dezakete.

Idazlana amaitzen duzunean, hartu minutu batzuk zeure buruari ondorengo galderak egiteko. Arloren batean huts egin duzula ohartuz gero, atzera egin eta aldatu beldurrik gabe.

IDAZLANAREN AUTOEBALUAZIOA

Zer kontatu dut? (mamia)

BAI EZ EZ DAKIT
Idazlanean iritzia agertzen saiatu al naiz? Eta garbi adierazi al dut? Arrazoirik erabili al dut? Zer eratakoak? Ideiarik errepikatuta ageri al da?
Egitura garbia al dauka idazlanak?
Idazlanaren hasiera eta amaiera egokiak al dira?
Kontatu dudana gustagarria izan daiteke besteentzat? Interesgarria? Egokia?

Nola kontatu dut? (Azala)

Arreta berezia ipini dut zuzen idazteko?

Ortografia
Puntuazio markak
Sintaxia
Lexikoa
Deklinabidea
Aditza

Txukun idatzita al dago?

Letra
Ezker/eskuin, goi/beheko tarteak
Lerroak
Paragrafoak

Egoki idatzita al dago?

Ideien lotura
Ideien ordena
Paragrafoen antolaketa
Hizkera (tonua, adierazkortasuna, erregistroa…)

Oharra: goiko txantiloia Ibaizabalen Euskara eta Literatura, Batxilergoa 2. maila, Selektibitatea testuliburutik hartu eta egokitu dut.

Comments { 1 }

Hautaprobak prestatzen (IV)

PUNTUAZIOA

Gaurkoan, puntuazio arauak berrikusiko ditugu (jatorria: azpidazki).

KOMA (,)

Pausa laburra adierazten du. Honako kasuetan erabiltzen da batik bat:

Enumerazioetan.

  • Esaldian funtzio bera duten segidako elementuen artean eta tarteko lokailurik ez dagoenean.
      Isabel, Miren, Ane eta Sara ikusi nituen bart.
      Bere deribatuek ez dute usainik, ez zaporerik eta ez kolorerik.

Perpaus konplexuetan.

  • Menpeko esaldia eta nagusia bata bestearen segidan datozenean, tartean inolako lotura-hitzik gabe.
      Ez dio deitu arduradunari, behin baino gehiagotan esan diogun arren.
  • Esaldiaren hari nagusia hausten duten osagaietan, baita aposizioetan ere.
      Etxepare, lehen euskal idazlea, Sarrasketan jaio zela uste da.
  • Deiki edo bokatiboa bereizi behar denean.
      Aizu, Olatz, zatoz lehenbailehen.
  • Ondoko terminoek ere koma behar dute: hau da, hots, esate baterako,azkenik, hala ere, adibidez, dena den, izan ere, beraz…
      Selektibitatean nota ona ateratzeko, ordea, asko ikasi behar izan zuen.
  • Ez jarri koma bakarra subjektuaren eta aditzaren artean.
      *Itzulpengintza juridiko-administratiboa, hizkuntz normalizaziorako ahaleginen ondorioa da.
  • Hala ere, betegarri edo osagarria sartuz gero, badaukagu subjektuaren eta aditzaren artean komak jartzea.
      Itzulpengintza juridiko-administratiboa, lehen esan bezala, hizkuntz normalizaziorako ahaleginen ondorioa da.

PUNTU ETA KOMA (;)

Komak baino pausaldi luzexeagoa adierazten du.

  • Ideien unitate logiko bereko bi klausula independenteren artean jartzen da.
      80-82 urte bitarte hartan gertatu zen; garai hartan, Armendarizek sailaren ardura zuen.
  • Ideia beraren bi alderdi desberdin adierazten dituzten bi klausulen artean.
      Mondragon Unibertsitatean emakumezkoak 2.191 dira; gizonezkoak, berriz, 3.134.
  • Komaz mugatutako parteen barruan beste komaren bat sartzean.
      Bileran izan ziren, besteak beste, Rosa Idiakez, Enpresa Zientzietakoa; Mikel Urteaga, Ingeniaritza Eskolakoa; eta Izaskun Gonzalez, Filosofia Fakultatekoa.

BI PUNTU (:)

Bi puntuek ere pausaldi luzea adierazten dute. Honako kasuetan erabiltzen da, batik bat:

  • Norbaiten edo nonbaiteko hitzak bere horretan testura ekartzen direnean.
      Honela dio Araudiak: “Ikaslearen ordez beste norbaitek egingo balu azterketa, ikasle hori ezgai izango litzateke asignatura ebaluatzean”.
  • Ondorengoa aurrekoaren argibide edo adibide dela adierazteko.
      Kanpokoei posta-gastuak ordaintzea eskatzen zaie aldizkaria jasotzeko: Espainiako Estatuan 6 €, Europan 30 € eta gainerakoetan 72 €.
  • Orduetan.
      1. mailako ikasleentzako ordutegi berria hauxe da: 08:15etik 14:15 arte.

PUNTUA (.)

Puntuak esaldiaren azkena markatzen du. Pausa osoa adierazten du. Honako kasuetan erabiltzen da:

  • Zentzu osoa duen periodoaren bukaeran. Paragrafoaren amaiera markatzen duenean, puntu eta aparte egiten da.
      Unibertsitateko administrazio-langileen artean euskara erabiltzen duten euskaldunek ere, askotan, ez dute inprimakiak ere euskaraz betetzeko ohiturarik, (…) edo leihatilara inguratzen direnekin eragiketa sinple bat bideratzeko eduki behar duten elkarrizketa, erdarara jo gabe burutzekorik.
      Denok gaude ezjakin samar arlo honetan. Ez dago, beraz, argudio sakonen bila ibili beharrik esparru honetara erabilera hedatzeko premia larria dagoela justifikatzeko.
  • Laburduretan: adib. (“adibidez” irakurriko da); etab. (“eta abar”). Baina ez kontzeptu, magnitude, unitateak eta abar adierazteko jartzen diren ikurretan: m, kg, eta $…
  • Zenbakien ondoren, “-garren”-en ordez.
      Iturribide kaleko 6.ean dago Kultur Aretoa.

ETEN-PUNTUAK (…)

  • Enumerazioa edo esan nahi denaren zentzua irekia uzteko modua da.
      Giza Elikadura eta Dietetikako diplomaturara lanbide-heziketatik sartzeko adarrak: Analisia eta Kontrola, Dietetika, Farmazia Produktuen eta Antzekoen Fabrikazioa, Elikagaien Industriak, Prozesu Kimikoen Industriak…
      Aurkikuntzaren garrantziaz konturatu balira…
  • Aipuetan, osorik ematen ez direnean.
      Egileak hitzaurrean dioen bezala: “Hizkuntza handien jauregietan ere sarri ikusten dira horrelako egoerak, baita frantsesaren eta gaztelaniaren jauregietan ere. Ingelesaren eragina gehiegizkoa dela, gazteriaren hizkera behar bezain jasoa eta aberatsa ez dela…”
  • Isildu nahi duguna tartean geratzen bada, parentesi artean paratuko ditugu eten puntuak.
      1. atalean zehaztutako baldintzak betetzen ez dituzten eskabideak plazak esleitzeko aipatutako 69/2000 EDn zehaztutako araudi orokorraren menpe geratuko dira, (…) horretarako epea uztailaren 1etik 5era bitartekoa izango da. Ikasle horiei espediente berria egingo zaie 1. mailarako aurkeztutako agiriak oinarri hartuta.

GALDERA-IKURRA (?)

  • Galdera-ikurra galdera-esaldiaren bukaeran baino ez da idazten.
      Zer egin behar dut matrikulatu ondoren?

harriduraHARRIDURA-IKURRA (!)

  • Harridura-ikurra esaldiaren bukaeran bakarrik idazten da.
      Pentsaraztekoa, honek esaten duena!
  • Harridura ez ezik, beste ñabardura batzuk adierazteko ere erabiltzen da, hala nola, agindua, kexua, etab.
      Aurrera, sar zaitez Campus Birtualean!

PARENTESIA [()]

  • Bidenabar zerbait aipatu nahi edo daturen bat tartekatu nahi denean erabiltzen da parentesia.
      Guztira, autorearen 65 obra (54 olio-pintura eta 11 marrazki) agertu dira.

MARRA LUZEA (–)

  • Parentesien antzera, datu edo argibideren bat tartekatzeko marrak erabiltzen dira.
      Medikuntzako eta erizaintzako ikasleek ospitalean praktikak egiteko uniforme hau jantzi beharko dute: oinetako zuriak, kasaka eta prakak —eskolako iragarki-taulan agertzen den modeloa— eta osasun-zentroetako praktiketarako bata zuria.

MARRATXOA (-)

  • Elkarrizketetan.
      –Egun on, Feli. Zer, dagoeneko lanean?
      –Aizu! Ezin da momentu batean egunkaria irakurri, ala?
  • Izen arrotzei atzizkia eransten zaienean.
      The Times-etik hartutako datuak dira.
      Stockholm-era joatea erabaki zuten.
  • Lerroz aldatzean, hitzak zatituta geratzen direnean (Euskaltzaindiak hitzak silabaka zatitzea gomendatzen du; adibidez, bur-tsa, guk, lan-gi-le-rik…).
  • Hitz elkartuetan (ez beti; batzuetan aukerakoa da). Ikus araua.
      Bakar-bakarrik, bat-batean, Hezkuntza(-)sistema, barne(-)araudia, jaun-andreak.

KOMATXOAK (” “)

  • Norbaitek esana edo idatzia hitzez hitz jaso nahi denean komatxo artean jartzen da.
      Arturo Kanpionek, liburu honen hitzaurrean honakoa dio: “Aberri-maitasunez sututako olerkariaren bihotz-taupadak dira olerki hauek”.
  • Era berean, komatxo artean idazten dira lan artistikoen izenburuak, liburu eta artikuluenak, izengoitiak, beste hizkuntzetatik hartutako terminoak edo ironiazko zentzuan erabiltzen diren hitzak.
      Kutxa Fundazioak “Donostia Hiria” literatur sarien emaitzak kaleratu ditu.
      Badakigu Kristobal Kolon Amerika “aurkitu” zuen lehena ez zela izan.
Comments { 0 }
-->