Archive | euskara

RSS feed for this section

Arauak 28: Arazi eta aditzoinen forma

jakintzaGaurkoan euskaraz oso maiz erabiltzen dugun arazi hartuko dugu idazgaitzat. Arazi zertarako erabiltzen dugun eta zeri/nola lotzen zaion ikasiko dugu.

Euskara zaharrean “-ra-” artizkiaz baliatzen ziren aditz arazleak sortzeko. Horrela ekarri aditzetik, esate baterako, eRAkarri ateratzen zen (ikasi> irakatsi, eman> eraman, igarri> iragarri…). Gaur egungo euskaran, aditz arazleak sortzeko bi bide ditugu: aditz gehienek arazi hartzen dute forma arazleak sortzeko; izena + egin erako aditz konposatuak, ordea, eragin aditzaz baliatzen dira forma arazleak osatzeko.

Ortografia arauak

Nola idatzi behar dira arazi bitartez eratutako aditz arazleak? Hauxe da Euskaltzaindiak dioena (araua osorik):

  1. Aditz “arazleak” eratzeko, arazi aldaera hobesten da (salbuespen bakarra, adierazi)
  2. Aurreko aditzaren aditzoinari lotua idatziko da beti arazi: harrarazi, erorarazi, iraunarazi, hilarazi, betearazi, galarazi,geldiarazi, ezagutarazi, nabarmenarazi, ihardetsarazi.
  3. Aditz-erroan – t duten aditzetan, bitara egin daiteke: sortarazi, sorrarazi; agertarazi, agerrarazi; ikustarazi, ikusarazi…
  4. Arazi-ren aurreko aditza a bokalaz amaitzen baldin bada, a biekin bat egingo da: aldarazi, benedikarazi, jokarazi, koordinarazi, obligarazi, sozializarazi.

praktika

Aditzoinen forma

Arazi beti aurreko aditzaren aditzoinari lotua idatziko dela esan dugu. Baina nola jakin dezakegu zein den aditz baten aditzoina?

  1. Adizki jokatugabeak hiru multzo nagusitan sailka ditzakegu: aditzoina (etor) , partizipioa (etorri) eta aditz-izena (etortzen): ikas/ikasi/ikasten, bil/bildu/biltzen, sar/sartu/sartzen…
  2. Aditz jakin baten aditzoina ateratzeko, nahikoa da aditz-partizipioari “-TU/-DU” edo “-I” amaierak kentzea (”-KI”z amaitzen diren aditzen kasuan izan ezik).
  3. Aditza beste kategoria batetik eratortzen denean eta jatorrizko oinarritik ezertan ere bereizten ez denean, -tu atzizkia ere erabil daiteke aditzoinean: ur/urtu, gizon/gizondu, gorri/gorritu, hobe/hobetu. Kasu hauetan, hortaz, urtu, gizondu eta hobetu aditzoin gisa ere erabil daitezke.
  4. Aditzoinen bukaera afrikatua denean (-ts, -tx, -tz) aditzoinak nahitaez atxiki behar du afrikatua: huts dezaket (*hus dezaket), zorrotz dezaket (*zorroz dezaket).
  5. Aditzoin bukaerak “i” berezkoa duenean, “i” amaiera atxiki behar da: jaiki hadi (*jaik hadi), jalgi hadi (*jalg hadi). Ez, ordea, berezkoa ez duenean: ikas ezak, utz dezake, e.a. Itxi salbuespena da, honetan ere atxiki behar baita “i” (itxi ezazu). Eutsi eta iritzi aditzen kasuan aukera uzten da, bietara (iritz diezaiokezu/iritzi diezaiokezu; euts iezaiozu/eutsi iezaiozu).
  6. Ondoko kasu hauetan bakarrik onartzen da -t bukaera aditzoinetan:
    1. Aditz eratorria bada eta haren oinarria t- duna: laket/laketu; ausart/ausartu; bat/batu.
    2. Literatura tradizioan jokabide bakarra izan badu: ohart, ezagut, lot, oroit, lant…
    3. “DI”z amaitutako hitzetatik eratorritako forma laburtuak: hant (<handi), ert (<erdi)…
    4. Besteetan -t gabe: urrun nahiz urrundu (baina ez *urrunt), lagun nahiz lagundu (baina ez *lagunt), neur, ezkon, e.a.

Araua osorik

praktika

Comments { 0 }

Hautaprobak prestatzen (VIII): azken aholkuak

Eguna iritsi da eta hauxe izango duzue berrikasketarako azken mezua. Gogoan izan gelan esandako guztia:

1. Irakurri testua bizpahiru aldiz. Ez hasi ezer erantzuten testua bi aldiz irakurri arte.

2. Galde-erantzunak:

  • Galdegaia kontuan izan.
  • Ez idatzi zentzurik ez duen ezer.
  • Irakurri erantzuna galdera aurrean izango ez bazenute bezala eta ziurtatu zentzu osoa duela (subjektua, osagarriak eta aditza).
  • Erantzun diozue galderari?

3. Gaia:

  • Gaiaren bidez, egilea zertaz mintzatzen den adierazi behar da, ahalik eta hitz gutxien erabiliz.
  • Ez dadila izan ez orokorregia ezta zehatzegia ere.
  • Ahal dela aditzarik ez erabili (gehienera jota, aditz nominalizatuak: etortzea, sortzea…)
  • Irudiak, sinboloak edo metaforak ez ditugu gaitzat hartuko; izan ere, norbaiti testua horri buruzkoa dela esango bagenio, ez luke testuaren nondik norakoaren arrastorik ere izango.

4. Laburpena:

Laburpena idazten hasi aurretik, paragrafo bakoitzaren aldamenean ideia nagusia jarri. Ideia nagusi horien bildumak emango dizue laburpen egokiena. Lokailuak erabili ideia nagusi horiek euren artean uztartzeko (ez idatzi esaldi solteak bata bestearen atzetik, inongo loturarik gabe).

5. Esaldiak moldatu:

Ondo pentsatu lotu beharreko esaldi horien artean zer nolako erlazioa dagoen (aurkaritzakoa, ondoriozkoa, kausazkoa…) eta horren baitan erabaki zein lokailu erabili. Puntuazioa zaindu (puntu eta koma, koma…)

Ariketak egin nahi badituzu, egin klik hemen.

6. Idazlana:

Egizu gidoi bat idazten hasi aurretik. Egitura erabakitzean, pentsatu gidoian zerrendatutako ideiak zenbat paragrafotan garatuko dituzun. Paragrafo gehiago edo gutxiago erabiliz antolatuko duzu testua, baina, ahalegindu zaitez, paragrafo bakoitzean elkarrekin lotura daukaten ideiak biltzen. Izan ere, ondo antolatzen ez baduzu, ideia bat paragrafo bitan banatuta gera dakizuke, edota paragrafo berean lotura gutxidun ideiak bilduta gera dakizkizuke. Kontuan har ezazu, gidoitik aukeratutako ideiak elkarrekin ondo lotzen badituzu, irakurleari informazioa ordenatu egingo diozula, eta irakurtzean hariari errazago jarraitu ahal izango diola. Horretarako, ideiak antolatzeko, elkarrekin lotzeko eta hariari ondo eusteko, pentsatu zer lotura eta zer antolatzaile (1 eta 2) erabiliko dituzun.

Informazio gehiago nahi baduzue, joan gure wikira.

Estresa pixka bat gainetik kentzeko, abesti hau eskaini nahi dizuet. Zorte on!🙂

Comments { 1 }

Hautaprobak prestatzen (VII): gaia eta laburpena

Atal honetan emandako testuaren laburpen txiki bat egiteko eskatzen da eta gaia zein den esateko. Lan hori txukun egiten baduzu (ideia funtsezkoak emanaz eta testuaren nondik norakoez jabetu zarela erakutsiz), bi puntu emango zaizkizu, gramatika oker nabarmenik ez baduzu, behintzat. Beraz, sintesi gaitasuna neurtuko da. Era berean, zuzentasuna eta koherentzia ere kontuan hartuko dira. Akats larriak zigortuko dira.

Behin baino gehiagotan azaldu dugu laburpena egiterakoan zer zaindu (jarraitu aurreko lotura esandakoa errepasatzeko). Bestalde, hementxe dituzu gaia eta laburpenaren autoebaluazioa egiteko fitxak.

GAIA

1. Asmatutako gaiak testuaren muina jasotzen du, alferreko elementurik gabe.

BAI

EZ

2. Esanguratsua izateko, nire gaiari ez zaio elementu garrantzitsurik falta.



3. Ulergarria da.



4. Irakurri ez duenak testuaren zentzua atzemango du gai honi esker.



5. Ez dut irudi edo metaforarik gaitzat hartu.



6. Luzera egokia du: ahalik eta hitz gutxien erabili dut.



LABURPENA

1. Argi eta garbi adierazita dago gai nagusia zein den.

BAI

EZ

2. Funtsezko ideia guztiak jaso ditut.



3. Hari nagusiarekin zerikusirik ez zutenean, osagarri, adibide eta txikikeria guztiak baztertu ditut.



4. Zehatz egituratuta dut testua, neure erara, artikuluaren ordena orpoz orpo jarraitu gabe.



5. Ez dut ezer errepikatu.



6. Ideia eta paragrafoak ongi uztartu ditut.



7. Lotura hizkiak (hala ere; hau da; adibidez; beraz…) erabili ditut testuari kohesioa emateko.



8. Artikuluaren berri izan gabe, irakurle batek erraz uler dezake nire laburpena.



9. Testuan aipatzen direnak laburtu ditut, neure iritziak gehitu gabe.



10. Luzera: laburpena eskatutakora egokitu dut.



Comments { 0 }
-->