Duela hilabete batzuk, Somaliako kostaldean, itsaslapurrak Playa de Bakio atunontzia bahitu zuten. Azken egunotan, Bermeoko Alakrana itsasontzia izan da erasoa jasan duena. Zoritxarrez, ez dira izan ontzi bakarrak. Playa de Bakioren kasuan, marinelek berehala itzultzea lortu zuten, baina zer gertatzen ari da Alakranaren kasuan? Atunontziak hamaika egun daramatza piraten eskuetan eta oraindik Somaliako kostaldetik hurbil jarraitzen du. Gainera, badirudi bahiketak luze joko duela. Familia bizitzen ari den momentua loa kentzeko modukoa delakoan nago; izan ere, ez dira informazio gehiegirik jasotzen ari. Hala ere, marinel baten emazteak esan duenez, Euskal Herriko instituzioen aldetik dei asko jasotzen ari dira, batik bat, nola dauden jakiteko eta lasaitzeko.
Indiako Ozeano inguruan dabiltzan piratek, armak erabiliz, bertara iristen diren barkuak bahitzen dituzte dirutza ikaragarriak eskatuz (milioika dolar ) , eta itsasontzien jabeek ontziak berreskuratu ahal izateko diru kantitate horiek ordaindu behar izaten dituzte. Itsaslapurrek, dirua lortu ondoren, armak eta itsasontzi handiagoak erosten dituzte. Bertako gobernuak ez du neurririk hartu kasu gehiago gerta ez daitezen. Nire ustez, azaltzen ez dituzten interes ugari egon daitezke tartean, hala nola dirua, boterea, nazioen arteko interesak…
Euskal Herriko jarduera ekonomiko nagusienetakoa arriskuan jartzen da kasu gehiago gertatzen doazen heinean. Baina ez hori bakarrik, arrantzaleak ere arriskuan egoten dira urrutira joan behar izaten duten guztietan. Horregatik, egunen batean, gerta daiteke gure marinelek lanbidea uztea gobernuak laguntza emango ez dielakoan.
Hau dela eta, argi dago kezkagarria dela arrantzaleen egoera, eta lotsagarria , nire uste apalean, Espainiako gobernua erakusten ari den jarrera. Egoera honen aurrean, Bermeoko biztanleek eta atunontzien jabeek militarren babesa eskatu diote estatuari, baina hauen erantzuna ulergaitza da; izan ere, gauzak dauden bezala egonik, ezin baitaiteke ezetza eman. Komeni da esatea, orain dela hiru hilabete, Frantziako Gobernuak itsasontzietan militarrak egotea baimendu zuela eta, geroztik, frantziar itsasontziek ez dutela erasorik jasan. Antza denez, honek erakusten du eskatzen dena ez dela beste munduko ezer eta, hori baino garrantzitsuena dena, badirudi egiaztatuta dagoela babes militarra duten itsasontziak ez dituztela bahitzen. Erantzun hori jaso ondoren, itsasontzien nagusiek beraien kabuz soldadu espezializatuak jartzea erabaki dute, baina Seychelleetako bandera daramaten ontziek besterik ez dute zorte hori, militar ohiak itsasoratzeko aukera baitute. Espainiar bandera dutenei, berriz, gobernuak ez die baimen hori ematen.
Aurreko guztia laburbilduz, zera esan daiteke: gaia asko politizatzen ari da, eta ez dut uste politika egiteko unea denik, arrantzaleak etxera itzultzekoa baizik. Honekin batera, momentu honetan, gobernua ezin da besoak uztarturik gelditu; baina ez orain, eta ezta marinelak etxera onik itzultzea lortzen dutenean ere, lortzen badute. Kasu gehiago saihesteko, irtenbideak aurkitzen saiatu behar dira. Nire ustez, irtenbide bakarra militarren babesa jartzea da, frogatuta baitago, lehen aipatu dudan bezala, bahiketa gutxiago gertatzen dela.
Iruzkin berriak