Archive | ikuskizunak

RSS feed for this section

Zergatik bihurtu gara hiperkontsumista azken 20 urteotan?

GONBIDAPENA

ZER: Alizia Sturtze historialariaren hitzaldia

EGUNA: Abenduak 15 (astelehena)

LEKUA: Ordiziako D’elikatuz gunean

ORDUA: 19:00etan

GAIA: Zergatik bihurtu gara hiperkontsumista azken 20 urteotan?

HIZLARIA: Alizia Sturtze historialaria da eta GAIAK argitaletxearen giza eta gizarte-zientzien saileko arduraduna. Artikulugilea da GARA egunkarian eta hainbat liburu idatzi ditu; besteak beste, “Agotak, juduak eta ijitoak Euskal Herrian”, “Sorginen kontrako errepresioa Euskal herrian”, “Esklabotzaren historia”, eta “Historiako prozesurik garrantzitsuenak”

ANTOLATZAILEAK:

Hitzaro Euskara Elkartea

Ordiziako Udala

Comments { 1 }

Irakurri eta oparitu euskaraz

oparitu_euskarazUrtero bezala, aurten ere badatoz Eguberriak eta, eguberriekin batera, opariak egiteko garaia . Hamaika buruhauste sortzen zaizkigu horiek aukeratzeko orduan, eta are gehiago liburuak oparitzea erabakitzen dugunean.

Horretan laguntzeko asmoz, euskarazko 100 liburuen zerrenda helarazi digute ordiziarroi Udaleko euskara Zerbitzutik. Bertan ez da jasotzen merkatuan dagoen euskarazko liburuen eskaintza osoa. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza zientzien Fakultateko (HUHEZI) Haur Liburu Mintegiaren laguntzarekin, 2007an eta 2008an argitaratutako liburu gomendagarri eta irakurrienak biltzen saiatu dira,  IRAKURRI ETA OPARITU ekimenean.

IRAKURRI ETA OPARITU Hitzaro Euskara Elkarteak eta Ordiziako Udaleko euskara Zerbitzuak antolatu dute, Euskara Biziberritzeko Planaren barruan. Hona hemen zertan datzan:

  • Triptikoan zerrendatuta azaltzen diren euskarazko liburuak Barrena kultur etxeko sarreran aurkituko dituzu, paneletan zintzilikatuta.
  • Liburu “oso gomendagarrien” kasuan, horien ezaugarriak biltzen dituen fitxa ere izango duzu eskura, kontsultagai.
  • Liburuaren bat oparitarako erosi nahiko bazenu, %25eko deskontu txartela emango dizute Udaleko euskara Zerbitzuan (Herritarren Arretarako Udal Bulegoa, Kale Nagusia 26), goizez, 08:30etik 13:30era.
  • Deskontu-txartel horrekin, Euskara Zerbitzura bertara jo eta han eskatu ahal izango duzu liburua. Egun gutxira eskuratuko duzu, ohi baino prezio merkeagoan.
  • Hitzaro euskara Elkarteko bazkide denak prezio erdian eskuratuko du aukeratutako liburua. Udaleko Euskara Zerbitzuak herritarrei egindako %25eko deskontuari, beste %25ekoa gehituko baitio Euskara Elkarteak!

Bosgarren urtea duen ekimen honek irakurzaletasuna bultzatzea du helburu, batetik, eta euskarazko liburu produkzioari bultzada ematea, bestetik. Horregatik, euskaljakintzatik ekimenarekin bat egitera gonbidatu nahi zaitugu. Ekimen honetarako hautatutako 100 liburuen zerrenda adinaren arabera sailkatuta osorik ikusteko, egin klik ondorengo estekan: 100 liburuen zerrenda (aurkezpena pantaila osoan zabaltzeko, klikatu aurkezpenaren behealdeko eskuinean dagoen  laukitxoa).

Ekimena erabilgarria izango zaizulakoan, IRAKURRI ETA OPARITU EUSKARAZ.

Durangon ere liburuak erruz

durango2008Bide batez, Durangoko Azokak ateak zabaldu dituela ere aipatu nahi dut. jakina denez, urtero legez, liburuak erruz topatuko dituzue bertan. Beraz, datozen jaiegunak aprobetxatuz bueltatxo bat ematera gonbidatu nahi zaituztet. Informazio osoa eskuratu ahal izateko, jo ondorengo guneetara:

Comments { 0 }

Sommer jaunaren istorioa ikusgai Ordiziako Herri Antzokian

SoroizTxalo konpainiak eta Jose Ramon Soroizek “Sommer jaunaren istorioa” antzerki lana aurkeztuko dute ostiral honetan Ordiziako Herri Antzokian.

Ostiral honetan, hilaren 11n, amaiera emango zaio Ordizian, Beasain eta Ordizia Udaleko Kultura Sailek antolatutako “Antzerki Garaia” egitarauari. Antzerki egitarau hau Euskadiko Antzoki  Sarearen barnean kokatzen da eta Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailek laguntzen dute.

Programazioari amaiera emateko Txalo taldeak Sommer jaunaren istoria antzerki lana aurkeztuko du. Sommer Jaunaren Istorioa, Patrick Süskind-ek (Das Parfum/El perfume nobelaren egileak) idatzitako lanaren antzerkirako egokitzapena, 13 urtez katalanez ikusgai egon ondoren, euskarazko tauletara iritsi da.

Duela hamahiru urte estreinatutako Sömmer (sa història des senyor) antzezlana abiaburu, Ordiziara helduko da ostiralean idazle alemaniarrak idatzitako Sommer Jaunaren istorioa, José Ramón Soroiz antzezleak
bultzatutako egitasmoa, Katalunian jada emanaldi klasiko bihurtu den bakarrizketarekin erabat maitemindu ondoren. Lourdes Oñederrak euskaratuta, Soroizek taularatzen du bizitzaren misterioetan barneratzen den balada hau.

José Ramón Soroizek, Xicu Masóren zuzendaritzapean, haurtzaro eta nerabezaroko pasarteak bizi-bizi gogora ekartzen dituen pertsonaia antzezten digu. Oraindik zuhaitzetara igotzen zenean nola bizi zen kontatzen digu, ia hegan ere egin zezakeen garai hura gogoratuz, eta bere herria nolakoa zen, nolakoak ziren eskola, lagunak eta auzokoak, Sommertarrak batez ere. Sommer andrea ez omen zen ia etxetik irteten, baina Sommer jauna, alderantziz, egunero joaten zen ibilaldi luzeak egitera, makila handi bat eta bizkar-zorroa hartuta; egun osoa pasa zezakeen alde batetik bestera, berdin zion eguzkia edo euria, elurra edo kazkabarra ari bazuen ere. Egunero egiten zituen Sommer jaunak bere ibilaldi berezi haiek. Eta harrigarria zen hura
benetan, Sommer jaunak ez baitzuen inorekin harremanik, ez baitzuen inorekin hitz egiten…

Testua bizitzaren misterioetan zehar barneratzen den balada eder bat da. Malenkoniaz eta umorez beteriko kontakizun bat, garai ezberdinetan kokatzen dena, ikuslea liluratuko duten ezusteko eta iradokizunez betea. Axolagabekeriaren eta ahanzturaren lozorroan gorde ditugun gure osagaiak esnatzen ditu istorio honek. Agian horregatik hunkitu egiten gaitu eta ongi pasarazteaz gain, zirrara eragiten digu.

Nura Teixidorrek sortutako espazio eszenikoak kafe-teatro aretoa ekarriko du gogora. Eta musikak antzezlan osoan presentzia nabarmena ez duen arren, Jabier Muguruzak antzezlanerako propio sortu ditu doinuak. Antzerkiarekin hitzordua, beraz, Ordizian, “Antzerki Garaia” egitarauari amaiera emateko, ostiral honetan, Ordiziako Herri Antzokian, gaueko 22:15ean. Sarrerak aldez aurretik salgai Barrena Kultur Etxean.

Comments { 1 }
-->