Archive | kirola

RSS feed for this section

Irlanda eta errugbia

Irlanda edo Éire, gaeleraz, Europako ipar-mendebaldean kokatuta dagoen estatua da. Leku zoragarri ugari daude bertan, horien artean, Moher-eko itsaslabarrak, Erraldoien Zutabeak (gaur egungo zortzigarren miraritzat hartzen direnak), Europako parkerik handienetako bat den Phoenix parkea, bere gazteluak… Eiretarrek esan ohi dute, hauetariko leku zoragarriren bat ikusi gabeko bidaia, ez dela Irlandara egindako bidaia.

Edonola ere, aipatutako tokiez gain, badaude bisitatu beharreko hiriak, esaterako, Dublin (hiriburua), Cork, Galway… eta errugbi zaleentzat Limerick hiria, Munster errugbi taldearen estadioa kokaturik dagoen hiria. Musika zaleentzat ere badago zer entzun eta zer ikusi; izan ere, Irlandatik musika talde onak atera baitira The Corrs eta U2 ospetsuenak aipatzeko.

Batzuek dakitenez, otsailaren 2an Kitmar Ordizia errugbi taldea Irlandara joan zen partidu bat jokatzera Limerick-eko unibertsitatearen aurka. Baina ondo jokatu arren, partidua galdu egin zuten. Dena den, bi taldeen arteko giroa ezin hobea izan zen eta partidua jokatu ondoren, bi taldeak elkarrekin Limerick hiriko pub batera joan ziren Ingalaterra-Irlanda partidua ikustera. Zoritxarrez, Irlandak partidua galdu zuen.

Jarraian Irlandako bideo bat duzue ikusgai, haren edertasunaz goza dezazuen:

Eta hemen gure errugbi taldeak jolastutako partiduaren argazki batzuk (egin klik see more at Tabblon poster osoa ikusi ahal izateko):

Comments { 0 }

47 Euskal Herriko Itzulia

ValverdeAurtengo Euskal Herriko itzulia apirilaren 9an hasi eta 14an bukatuko da. Irteera Urretxun emango da eta amaiera Oiartzunen. Guztira, 863 kilometro izango dira, egunean batez besteko 143,83 kilometro eginez.

2007ko itzulia berezia izango da bi egunetan 19 gain igoko direlako. Lehenengo etapan, hau da, Urretxukoan, 9 portu igoko dira eta bigarrenean, ordea, 8. Horregatik, aurtengo itzulia beste urteetakoa baino zailagoa izango da batzuentzat.

Irteeran UCI ProToureko 20 taldeak egongo dira. Dudarik gabe, talde indartsuena Saunier Duval izango da, bertan Mayo, Koldo Gil, Simoni, Piepoli edo De La Fuente egongo direlako. Baina beste taldeetan ere jende oso ona egongo da, Alberto Contador, Alejandro Valverde, Samuel Sanchez, Davide Rebellin, Manuel Garate, Carlos Sastre eta Patxi Vila, esate baterako. Edonola ere, aurtengo itzulia irabazteko faboritoak Di Luca eta Marchante dira zalantzarik gabe.

Beraz, 2007koak itxura oso ona du eta seguruenik ez da ikuskizuna faltako.

Comments { 2 }

XXVIII. Koadrilen Arteko Futbol Txapelketa

txapelketaUrtero bezala, jada hasia da Ordiziako Koadrilen Arteko Futbol Txapelketa , aurtengoa hogeita zortzigarrena da. 11 talde daude guztira eta lehenengo zortziak final laurdenetara pasatuko dira. Ondoren, final erdiak izango dira eta, azkenik, final handia.

Urte honetan geuk ere atera dugu gure taldea bertan parte hartzeko. Izena Rockus jarri diogu (ez galdetu zergatik geuk ere ez dakigu eta). Aurrekoan, geure lehen partida jokatu genuen eta 15-0 galdu genuen; hori bai, txapelketako talde hoberenetariko baten aurka eta, gainera, gure taldean 9 bakarrik azaldu ginen. Umiliazio hori jasan ondoren, hurrengo partidan 4-1 irabazi genuen, emaitza horren ondorioz, txapelketako 7. postuan geldituz. Baina, gure zoritxarrerako, ondoren 2-0 galdu genuen, nahiz eta irabazteko aukera garbiak izan.

Hurrengo partidua talde okerrenetariko baten aurka dugunez, irabazteko esperantza handia dugu. Lortuko bagenu, jada final laurdenetan egongo ginateke. Gure lehen urtea dela kontuan hartuta, ez legoke gaizki final laurdenetara pasatzea nahiz eta bertatik hurrengo fasera pasatzeko aukerarik ez izan. Arrazoia zein den galdetuko diozue zuen buruei? Bada, ligan zortzigarrena bukatzen duenak, ondoren, final laurdenetan lehenengoa bukatu duen taldearekin topatu beharko luke. Beste era batera esanda, talde hoberenaren aurka jokatu beharko genuke, eta horiei irabaztea ezinezkoa litzateke!

Edonola bukatuta ere, txapelketa amaitzean, zatirik onena tokatzen da: talde guztien arteko bazkaria. Jokalari guztien %50ek gutxi gorabehera horrexegatik hartzen du parte bertan, egun horretan Ordiziako parrandarik handienetarikoa izaten baita.

Hemen duzue txapelketako web orria. Bertan, liga nola doan ikusteko aukera izango duzue beste zenbait datuen artean.

Comments { 5 }
-->