Archive | kirola

RSS feed for this section

TAU HANDIA

Aurreko asteazken gauean, GHP Bamberg talde alemaniarraren kontra neurtu zituen indarrak Tauk Euroligako 1go faseko A multzoaren 6. jardunaldian.
Talde arabarra lidertzan sendotuta irten zen, bosgarren garaipena lortuz 77-59ko aldeko markagailuarekin.

Hasiera bizia eman zioten bi taldeek norgehiagokari eta Buesa Arena pabiloian bildutako 9.000 ikusleak mutu utzi zituen Bamberg talde ezezagunaren talde-joko biziak. 1go zati honetan, saskiraketa ugari egin zituzten bi taldeek eta defentsan makal aritu ziren, batez ere, Perasovic-enak.
Zati honetan, Bambergeko Archibong jokalaria aipatu beharrekoa da, epe honetan egin baitzituen bere puntu gehienak (9). Tauren aldetik Erdogan turkiarra da aipagarriena, fin aritu baitzen 6,25 metroko marratik. Zati hau 21-25 markagailuarekin bukatu zen, alemaniarren alde.

Baina, 2. laurdenean gasteiztarrak betiko joko bikaina erakutsi zuten, zaleek berotuta. Izan ere, 1go laurdena bukatzera zihoala, falta eta, ondoren, merezi ez zuen teknika bat ezarri ziotelako epaileek Prigioni antolatzaileari.
Zati honek bi taldeak zegokien lekuetan jarri zituen, Tauren defentsa zorrotzak eta Hansen eta Erdoganen hirukoez baliatuz, euskaldunak alemaniarren gainetik pasa baitziren. Kanpotarren aldetik Mallet antolatzaile estatubatuarrak hartu zuen protagonismoa. Laurden honetan, 28 eta 10eko partziala sartu zion Tauk Bambergi, markagailua 49-35 utziz.

3.l aurdena zaleek gozatzeko izan zen batik bat, markagailua nahiko erabakigarria zelako. Aipagarriak dira Hansenen “mate” izugarria kontraeraso azkar batean eta Prigionik Splitterri egindako “alli-up” a.
Bestalde, Erdogan eta Hansenek puntu-ilara egiten jarraitu zuten eta aipagarria da, baita ere, Splitter, laurden honetan egin baitzituen partidu osoko 8 puntuak. Bambergen erregularki puntuan sartzen jarraitzen zuen bakarra Mallet zen. Tauk abantaila handitzen jarraitzen zuen, markagailua 67-47 utziz.

4. eta azken laurdena “tramitezkoa” izan zen oso saskiraketa gutxi sartu baitzituzten eta oso trakets ibili baitziren biak ala biak. Tauk oso erraz mantendu zuen 20 puntu inguruko abantaila eta besterik gabe, partiduaren amaierara iritsi ziren.

PERASOVICen etorreratik Tauk bere partiduak garaipen bezala kontatzen ditu eta espero dezagun ligan ere lidertza eskuratzea!

Comments { 0 }

Jonah Lomuren berragerpena

aurrea joango ote da?
Jonah Lomu urte askotan munduko jokalaririk onenatzat jo izan da. Batez ere, 1995eko munduko errugbi kopako txapelketan erakutsitako joko zoragarriari esker. 1,96 metro eta 120 kilogramoko “basapizti” honek txikitatik erakutsi zuen, maoria izaki, sekulako indarra zuela. Garaiera eta pisu horiekin, sasoirik onenean zegoenean, 100 metroko froga 10 segundo eta 8 dezimatan egin zuen.

Oso txikitatik entrenamentu gogorrak egin izan ditu, horietako bat izan da zelaia zapaltzeko txilindroa gorputzari lotuta korrika aritzea. Bizitzako datu azpimarragarriena 1994an eginikoa da. 19 urte eta 45 eguneko bizitza besterik ez zuela Zeelanda Berriko selekzioarekin (All Blacks ezizenez ezagutuak eta askorentzat munduko errugbi selekziorik onena) Frantziako selekzioaren aurka All Blackseko elastikoa jantzi zuen estreinekoz historiako All Black gazteena bihurtuz.

Errugbilari bikain honek, ordea, bizitzako zati gordin horietako bat jasan beharko zuen, izan ere urte batzuetan jasandako giltzurrun arazoak okerrera egin zuela eta, 2003ko maiatzean Zeelanda Berriko Errugbi Federazioak (NZRFU ingelesez) giltzurruneko gaitz batek jota, dialisia egiten ari zela eman zuen aditzera. Tratamentu gogor hau dela eta kalteak jasan behar izan ditu hanka eta oinetan eta medikuak giltzurrun bat laster aurkitzen ez bazuten, gurpil-aulkian geratzeko arrisku larrian zegoela eman zion aditzera.

Jonah Lomuren egoera larri hau Gara egunkarian ezagutu nuen urte horretako opor batzuetan. Berriak ez zekarren gizon handi honen egoera tamalgarria bakarrik; titularraren azpian, Zeelanda Berriko ehundaka giltzurrun eskaini zitzaizkiola eta berak pertsona berezia ez zelakoan, zerrendako beste kide guztiek bezala bere txanda izan arte ez zuela trasplanterik egingo ere bazekarren. Asko sufritu ondoren, giltzurrun bat hartu zuen txanda-pasa eginez eta denbora gutxira hobetzen hasi zen; hainbeste, non denbora gutxira medikuen begiradatik at errugbian jolasten hasi baitzen.

lepoan hartu ta segi aurrera...
Transplantea egin eta urtebete pasa ondoren, 2005eko ekainaren 4an, jolastu zuen giltzurrun berriarekin lehenengo partida ofiziala. Londresko Twickenham zelai mitikoan izan zen norgehiagoka Ingalaterrako selekzioko Martin Johnson kapitain handiaren agurreko partidan, bakoitza bere hemisferioko selekzioaren buru zela. Partida baina, ez zen nahi bezain zoriontsua suertatu; izan ere, entsegu baten ondorioz, sorbaldan kolpe bat hartu eta zelaia ez uzteagatik erruz kirofanotik pasa behar izan du beste urtebete galduz. Zeelanda Berriko North Harbour taldeararekin zuen hiru urteko hitzarmena baliogabetu eta Cardiff Blues taldearekin sinatu du urte honetako urriaren lehenengo egunean, konpromezu honekin, Lomuk, 2007. urtean Frantzian jokatuko den munduko txapelketan partaide izateko preparazioari ekin zion. Gaitzak gaitz, azkenean, iritsi da eguna eta atzo errugbiko izarra berriz ere jolasten ikusteko aukera izan genuen! Atzoko berrian honelaxe azaltzen zen:

Lomu partida ofizial batean aritu da berriro

Giltzurrunetako gaitzak jota ia hiru urte zelaietatik kanpo egin ostean giltzurrun berria jarri zioten, atzo jokatu zuen berriro Jonah Lomuk partida ofizial bat. Cardiff Blues bere taldearekin aritu zen, Europako Kopan, Calvisano talde italiarraren kontra. Cardiffek irabazi zuen (25-10). 30 urte dauzka Lomuk, eta Zeelanda Berriarekin Frantziako Munduko Kopan aritu nahi du 2007an.

Ordiziatik dena ongi joan dakiola besterik ezin diogu opa!!!

Ez ahaztu, errugbiaren mundu zoragarria ezagutzeko, hemen dituzue kategoria ezberdinen entrenamentu saioak eta jolasten hasi nahi izanez gero, agertu dagokizun kategoriaren entrenamentu saio batean:

Alebinek (92. urtearen ondoren jaiotakoek) igandetan entrenatzen dute goizeko 11:ooetan hasita.

Infantilek (91-92 urteetan jaiotakoek ) astelehentan 19:00etan hasita eta igandeetan 10:00etan.

Kadeteek (89-90 urtean jaiotakoek) eta jubenilek (87-88 urteetan jaiotakoek ) astearte eta ostiralero 18:30ean dituzte entrenamentu saioak (kategoria bakoitza bere aldetik).

Seniorrek (87. urtea baino lehen jaiotakoek) astelehen, astearte eta ostiraletan entrenatzen dute 20:00etan.

Dudarik izanez gero, bisitatu Ordizia Rugby Elkartea-ren webgunea edota foroa.

lomu North Harbour-eko bere kamixetarekin

Comments { 2 }

Gizakia Vs makinak

Rustam Kasimjanov Nabaria da gaur egun makinak bereganatzen ari diren indarra egunetik egunera hazten doala ia arl0 guztietan, baina denetan ote? Eta xakean? Galdera honen erantzuna Bilbon duela egun batzuk ospaturiko Bigarren Munduko Xake Lehiaketan aurki dezakegu. Bertan gizakia, bere jakintasunaz soilik baliaturik, makina edota ordenadore batzuen aurka lehiatu baitzen. Partehartzaileak, Alexander Jalifman errusiarra, Ruslan Ponomariov ukraniarra eta Rustam Kasimyanov uzbekistandarra izan ziren, hau da, 1999, 2002 eta 2004ko munduko txapeldunak. Aurrean, Hydra, Junior eta Fritz (makinak, irabazleak, azkenean).

Hydra, xakean aritzeko bereziki diseinatutako hardware eta softwareaz osatua egoteaz gain, Abu Dhabitik bidalitako bere mugimendua eta 64 prozesadoreei eta Chrilly Donningerrek garatutako programari esker, segundoko 200 milioi jokaldi kalkulatzeko gauza da. Izugarria benetan!

Bestetik, Junior, Amir Ban eta Shay Bushinsky israeldarrek sortutako programa 4 aldiz izan da munduko txapelduna eta Californiatik jokatu du. Izan ere, aipatzekoa da joko aretoan fisikoki egon den bakarra Fritz izan dela, konputagailu eramangarri arrunt batean instalatu zitekeen bakarra baitzen eta gainera segundoko 1,2 miloi jokaldi kalkulatzeko gai zena.

Azkeneko emaitza, 8 eta 4 silizioaren alde. Emaitzari erreparatuz, badirudi gizakia makina hauen menpe egon zela; dena den, honek ez du guztiz txapelketan ikusitakoa islatzen.

  • Nola lortu dituzte ordenagailuek 5 garaipenak?
  • Jokalarien nekeak zerikusirik izan du?
  • Hau da, nork ulertzen du hobeto jokoa gaur egun, edo, beste era batera esanda, makina bat al da dagoeneko munduko xake-jokalaririk onena?

Honelako galderak airean geratu dira gizaki eta aparatu hauen lehia eztabaidatsu hau eta gero. Zuek zer deritzozue?

Xakeri buruz ia guztia jakin nahi baduzue, bisita ezazue Asierren Euskadi eta Xakea bloga eta, bertan, kirol honen inguruko informazio baliagarria, azken txapelketen emaitzak eta abar luze bat topatuko duzue!!!

Comments { 4 }
-->