Archive | kirola

RSS feed for this section

Noiz bukatuko da futbol zelaietako biolentzia?

boixosnoisTxikia nintzela, telebistan ikusten nituen futbol partidak. Batzuetan, izugarrizko borrokak izaten ziren futbol estadioetan; beste hainbatetan, ordea, partidua gelditu eta jokalari guztiak aldageletara joaten ziren. Nik zergatik joaten ziren galdetzen nion neure buruari. Orduan esaten zidan aitak jarraitzaile batzuek bengalak piztu eta beste jarraitzaileei bota zizkietela. Ni oraindik ez nintzen ohartzen zer ari zen gertatzen eta ez nion jaramon handiegirik egiten.

Baina urteak pasa ahala, Barça-Madrid bezalako derbietan, korner bakoitza atera behar zutenean, gauza pila botatzen zizkietela jokalariei ikusten nuen: mugikorretatik hasi eta kristalezko botiletaraino, txerri buru bat ere azaldu zen egun batean. Eta ez hori bakarrik, futbola pixka bat jarraitzen duen edonork daki nolakoak izaten diren Sevillako derbiak. Penagarria izaten da jarraitzaileak poliziak eskolta emanda sartzen ikustea. Eta zer esanik ez, zelai barruan gertatzen dena ikustatzea. Azkeneko gertakaria 2007ko martxoan gertatu zen, Sevillako entrenatzaileari botila bat bota zioten eta buruan jo. Partidua bertan behera gelditu eta entrenatzailea ospitalera eraman behar izan zuten estadio osoan pertsona batek egin zuen erokeriarengatik.

Eta ez dut hitz egiten hasi nahi Hego Amerikan gertatzen diren borrokez; izan ere, izugarrizko irudiak ikusi ohi baititugu horrelako partidu beroetan. Sekulakoa iruditzen zait futbola bezalako joko baten inguruan horrelako gorrotoak eta ezinikusiak sortzea. Eta zer esanik ez, futbol partida baten ondorioz hildakoak egotea. Noizbehinka entzuten dira hildakoak izan direla talde ezberdinetako jarraitzaileen liskarren ondorioz eta niri hori onartezina iruditzen zait, noski.

bengalakJadanik ahaztuta nuen horrelako gauzak gertatzen direla futbol zelaietan, azkenaldi honetan horrelako ezer gertatu den berririk ez baikenuen. Baina joan den irailaren 28an, oraindik futbolean ez dela biolentziarekin bukatu gogoraraziko zigun gertaera jazo zen. Espanyol eta Barçaren arteko derbia zen eta Montjuicen jokatzen zen. Esan beharra dago elkarte guztiek dutela jarraitzaile erradikalen taldeak eta hauek ez dira gutxiago. Gauzak horrela, halako batean, Barçako Boixos nois taldeko partaide batzuek dozena erdi bat bengala jaurti zituzten Espanyoleko jarraitzaileak zeuden lekura, bertan zeudenak arrisku bizian jarriz. Espanyoleko jarraitzaileak hori ikusirik, piztu egin ziren. Orduan, epaileak partidua eten zuen eta 10 minutu ondoren, berriro ekin zioten partidari. Bitartean, poliziak Boixos nois taldea inguratu zuen eta partida amaierara arte ez zen beste ezer pasatu.

Hurrengo egunetan, 5 pertsona atxilotu zituzten mossos d’esquadrakoek eta bengalak jaurtitzen ibili zirenak beraiek izan zirela baieztatu zuten. Oraindik ez da finkatu zein zigor jarriko zaien baina, isuna ordaintzeaz gain, futbol zelaietara ezin sartu geratuko dira denboraldi batean. Badirudi zigorrik gabe ez dugula batere jaramonik egiten.

Baina nahikoa al dira horrelako gaztiguak gertakizun itsusi hauek berriro gerta ez daitezen? Noiz amaituko da biolentzia futbolean edota amaituko ote da noizbait? Zer egin daiteke edota dezakegu horrelako gauzak berriro gerta ez daitezen? Zigor gogorragoak ipini?

Comments { 6 }

Snowboard: trebeen kirola

irudia1Snowboarda, batzuek jakingo duzuen legez, kirol bat da. Kirol hau praktikatzen duena, taula bat erabiliz, elur gainean irristaka ibiltzen da eta oinarrizko material hauexek erabiltzen ditu: taula bat, bertan sostengatzeko  finkadura batzuk eta, azkenik, bota pare bat taula gainean jartzeko.

Historia

Nahiz eta zaila izan Snowboardaren jatorria kokatzea, esan genezake 1965ean hasi zela. Sherman Poppen izeneko ingeniari batek sortu zuen lehenengo aldiz snowbordeko ohola. Gaur egungoarekin parekatuz, taula hark ez zuen antzekotasun handirik. Bi osagai zituen: taula eta soka. Azken hau taularen mutur batean lotzen zen eta, horren bidez, kirolariak bere oreka mantentzea lortzen zuen. 60 eta 70. hamarkadetan arrakasta handia izan zuen, eta hainbat enpresak taula mota hori komertzializatu zuen.

Garai hartan, surfean zebilen zaletu batek beste taula bat diseinatu zuen. Aurrekoarekin ez zetorren bat, taula hau zabala eta handia zen eta ez zuen sokarik. Bere zabalerarekin nahikoa zen oreka mantentzeko. Taula hau Winterstick izenez ezagutzen da.

irudia270. hamarkadan, snowboardak gorakada handia izan zuen. Hainbat teknika ezberdin eta material ugari probatu ondoren, taula berriak eta hobeak egin ziren. Arrakasta honen ondorioz, gero eta enpresa gehiago sartu zen mundu honetan. Aurrerapen honekin batera, lehiak eta bideo grabazioak hasi ziren. Geroztik, kirol olinpiko bezala onartua izan da eta, 1998ko neguan, lehen aldiz jokatu zen olinpiadetan.

Snowboardak gorabehera ugari bizi izan ditu eskiarekin izan dituen liskarrengatik. Horren ondorioz, snowboarda praktikatzen zutenek talde bat sortzea erabaki zuten eta, horrekin batera, bere torneoak sortzea. Taldearen izena WSF (World Snowboarding Federation) izan zen eta TTR (Ticket To Ride) izena eman zioten jokoa praktikatzen zuten lekuari.

Snowboardeko probak izarren bidez sailkatzen dira, batetik seira bitartean. Txapelketa bakoitzak, izarren balioan oinarrituz, puntu batzuk ematen dizkio parte hartzaileari: gehienez, 1000 puntu lor daitezke eta, gutxienez, 210,6 puntu.

TTRn lau proba mota daude: Slopestyle, Halfpipe, Quarterpipe eta Stadium Slopestyle. Eta praktikatzeko bi formatu: invitacional (antolatzaileek nahi dituzten korrikalariak gonbidatzen dituzte) eta open (nahi duten guztiek parte har dezakete).

Hainbat estilo

Kirol hau modu ezberdinean egin daiteke:

Freestyle: itzulipurdiak ematean datza. Estilo honen barruan beste hainbat daude:

  • Halfpipe: Halfpipe baten barnean praktikatzen da, hau da, hodi erdi baten antzekoa den pista batean. Kirolariak pista honen gainetik irristatzen dira saltoak eginez.
  • Slopestyle: Slopestyle pista batean praktikatzen da, hau da, hainbat tramankulu- barandak, kaxak…- kokatuta dauden pista batean. Horien bidez, korrikalariek akrobaziak egiten dituzte.
  • Big-Air eta Big-Jump: estilo honen oinarria salto bat da. Kirolariak ahal dituen akrobazia guztiak egin behar ditu salto bakar batean.
  • Jibbing: baranda eta kaxen gainetik irristaka ibili behar da.
  • Quarterpipe: kirolaria abiadura handian jaurtitzen da, gorantz jauzi eginez. Ahalik eta akrobazia onena edo altuena lortu behar du.
  • Freeride: Maldan behera egin behar da, pistaz kanpo.
  • Lasterketa edo Boardercross: ahal duzun azkarren bukatu behar duzu pistako ibilbidea. Pista honek konplexutasun maila handia du, eta saltoen bidez gainditzen dira zailtasun horiek. Mota hau olinpikoa da.

Snowborda izugarri gustatzen zait eta horregatik otu zait hemen hain ezaguna ez den kirol honi buruz idaztea. Wikipedian sartzen bazarete, gaian sakontzeko esteka ugari topatuko duzue. Beraz, jakin-mina pixka bat piztu bazaizue, jarraitu irakurtzen

Comments { 0 }

Noiz arte izango ditugu futbolean gol fantasmak?

gol-fantasma.jpgAskotan izan dira futbolean “gol fantasmak“. Hauek, gainera, maiz polemika ugariren sorburu ere izan dira. Hori dela eta, futbol erakunde gorenak, hau da, FIFAk gai honen inguruan erabaki zorrotz bat hartu zuen, hau da, baloietan txipak eta zelaietan sensore moduko batzuk jartzea. Oraindik sistema hau proba moduan dago eta ez dute partida guztietan erabiltzen. Hala ere, orain dela gutxi jokatu den “mundialitoan” abian ipini da eta sistema honen babesle den FIFA oso gustura agertu da, ez bakarrik teknologia berri honek izan duen erantzunagatik, baita arazorik eman ez duelako ere.

Hala eta guztiz ere, etorkizunari begira, ez da espero lehenengo mailako partida guztietan erabiltzea; izan ere, baloietako txipak eta futbol zelaian jarri behar diren sensoreak oso garestiak baitira. Adidas etxe ezaguna eta Cairos Technologies izan dira baloia diseinatu dutenak. Azken honek esferikoaren barnean doan tresna elektronikoa egin du. Esan beharra dago, “baloi azkar eta elektroniko” bezala ezagutzen dela baloi berriztatzaile hau.

Chipa baloieanBaloi hauek duten funtzionamendua oso erraza da: futbol zelaian hainbat sensore daude. Hauek momentu oro baloia non dagoen esaten diote ordenagailu nagusi bati eta honek, gola adierazten duen marra pasatzean, seinale bat igortzen dio partiduko epaileak eramango duen erlojuari. Horrela, momentuan jakin izango du neurketako jaun nagusiak gola sartu den ala ez.

Dena den, beti gertatzen den moduan, denak ez dira sistema honen aldekoak. Aurka daudenen ustez, teknologia berri honek gaur egungo futbolak duen “giza alderdia” desagerraraziko du. Honez gain, futbola bere horretan, akats eta guzti, onartzea aldarrikatzen dute. Beraz, ez dakit teknologia berriak ala betiko sistema zaharkitua izango den onena…

Comments { 2 }
-->