Aurrekoan, Berriz BHIko Mikel Ortiz de Etxebarria irakasleak bere ikasle baten berri eman zidan, Garazi Mugarza du izena. Mikel oso pozik zegoen bere ikasleak Urruzuno idazlehiaketako irabazleetako bat izan delako. Gure ikastolako ikasleek, dakizuen bezala, hainbatetan irabazi izan dituzte literatura lehiaketa ezberdinetako sariak eta beti saiatu gara euren lanak hemen ipintzen, jakin badakigulako beste eskola batzuetan gustura irakurtzen dituztela euren adinekoek idatzitako lanak eta haiekin asko gozatzen dutela.
Bada, gauzak horrela, gaur Garaziren lana ekarri dugu hona, literaturaz gozatzen duzuenok bere berri izan dezazuen. Garazi Mugarza Mallabiakoa da eta aipatutako Berriz BHIn DBH 4. maila egin du aurten. 16 urte bete zituen apirilean Garazik eta ikasle aparta da, dudarik gabe. Bere irakaslearen hitzetan, “lotsatia eta isila da, baina idazten duenean, munduak margozten ditu sentimenduaz zipristinduz, grinak mamituz eta hitzez bihotz taupadak konpartituz”. Irailean Bretainiara joango da astebete, beste 20 idazle gazterekin batera, Urruzuno saria irabazi izanagatik. Periootx blogean irakurri ahal izango dituzue bere lan guztiak eta, blogean duen lizentziari esker, handik hartu dugu bere azken sarrera, Ausardia, lehiaketarako aurkeztutako idazlana oraindik argitaratu ezin delako. Saria idazten jarraitzeko akuilu izan dadila! Zorionak, Garazi!
AUSARDIA
Bera da muga, elikatzen nau, baina ez asetu. Ez nuen sekula ezagutu, eta ez dut ezagutzen. Lurrin hori ez dago nire baitan. Ez dut gerraren erokeria ezagutu nahi, ez dut deabruaren negarra entzun nahi, ez dut oin biluziekin iltzeak zapaltzerik nahi. Beldur naiz. Neure bizitzaren putzuan itotzeko beldur. Koloreztatutako atzazkalak ditut eta horma zuriari begiratzen diot. Harro, horma zuriari begira. Koldarkeriak irentsi nau, bainuontziko urak irensten gaituen modu berean. Lotsa mugitzen da nire zainetan. Eta lotsa, galtzeko zerbait dutela uste dutenek sentitzen dute. Iraganean izandako pisuaren zama jasaten jarraitzen dut, zeinen luzea den biderik laburrena inpotenziaren besoetan. Joanaren eskulan merkea naiz eta loturik nago, iraganeko pasadizoetara begira, beti pentsatu izan dudalako ispilurik onena lagunik zaharrena dela. Eta iraganeko koldarkeriak, ezinegonak jota nagoenean, modu jasanezinean erakartzen nau. Ispilu horretan islatzen naiz, koldarkeriaren ispiluan, lotsaren ispiluan.Elizan, jainkoarenak garela diote, denok norbaitenak garela, ba hara, ni koldarkeriarena naiz. Ispilu horrek konfiantza lapurtzen dit, eta nik bere alde borrokatzen dut. Zergatik, hura ez bada nire gerra?
Ez naiz mugara heltzen, konfiantza ezak asetzen nauelako. Eta ausardiak elikatu, bidean, gutxienez galdu gabe jarraitzeko, berak uzten dizkidan ogi apurrei jarraituz. Neure iragan propioaren torturapean bizitzen jarraitzen dut. Inork estimatzen ote nauen galdetzen diodalako joanari. Inork antzeman ote dezakeen nire atzazkaletako kolore beltzaren iluntasuna horma zuriari bultza egiten diodan bitartean.
Inguruko ezustekoen beldur naiz, hesiaz besteko etorkizunak ikaratzen nau. Nire bidean iraganaren ispilua aurrean daramadalako. Eta beti galdetzen diot ispiluaz besteko aldeari, non galdurik daude oroitzen nautenak?
Iruzkin berriak