Bertsolari, idazle, abeslari, bidaiari… non ikusiko dugu etorkizunean Jon Maia? Galdera honek itxi zuen Jon Maiari egin nion elkarrizketa. Solasaldi hartan bere anekdota erakargarri ugariren berri izateko abagunea izan nuen, nire jakingura asetzeko xedez. Hori ez zen nahikoa izan; aitzitik, eta Maitek ipini digun lana probestu dut bere jatorriaren berri ematen duen eta bere arbasoen bizipenak islatzen dituen Riomundo liburua irakurtzeko.
Zalantza batzuk sortu zitzaizkidala aitortu beharrean nago, gertaeren kokapena, denbora eta flashbacka bezalako zenbait ezaugarri zirela medio. Hori dela eta, idazlearekin berarekin, Jon Maiarekin, harremanetan jartzea pentsatu nuen, akatsik gabeko artikulu bat idazteko xedez, nire zalantza guztiak argitu ziezazkidan. Duda-muda askoren ondoren artikulua amaitu eta berari bidali nion, bere erantzunaren zain geratuz, bere iritziaren aiduru, esperoan… Dena den, utz ditzagun bere hitzak amaierarako eta goza dezagun liburu eder honen gertakizunez, bitxikeriez…
Duela 35 urte Urretxun jaioa dugu Jon Maia. Gaztetxo zenean, Zumaiara joan zen bizitzera eta bertan hasi zuen egun dena izatera iristeko traiektoria. Euskal filologia ikasketak egin zituen eta, haren harira, bertsolaritzan barneratu da buru-belarri. Bestalde, euskara nahiz musika munduari lotuta, duela gutxi ateak itxi dituen Karidadeko Benta taldearen aitzindari izan da. Literaturaren arloan ere hartu du parte. Riomundo da bere lehenengo lana, jarraian aipatuko dudana, eta Apaizac Obeto kronika bere azken liburua. Bere beharretan argi azaltzen ditu bere jatorria eta ama-hizkuntza direla medio bizitako momentu gazi-gozoak eta egungo gizartean gori-gori dauden gertakizunak… “Desterratuari, lur arrotzean dabilela, nondik datorren ahaztu eta galduta sentitzea baino ezer txarragorik ezin zaio gertatu. Nondik datorren ahazten duenak inoiz ez baitu itzultzeko modurik izango.â€â€¦
Hitz hauetatik abiatu da zumaiar hau eleberria idazteko orduan. Euskal Herrira desterratuz betetako trenak iritsi ziren bizitza hobearen bila zetozen milaka eta milaka familia emigrantez beterik.
Horietako baten istorioa dugu honako hau, idazlearen beraren familiarena. Maletaz eta istorioz zamatuta trenetik jaitsi eta Vascongadas izeneko lur arrotz batean bizitzen jarri den familia baten bizipenak kontatzen dizkigu bertan.
Extremadura eta Albacete inguruetan, Espainiako Gerra Zibil eta ondorengo Francoren diktadura garaian dago kokatua istorioa. Jon Maiaren abuelo (Pedro Sierra) eta abuela (Maria Luisa) dira pertsonaia nagusienetarikoak, hasierako narratzailea abuelo bera dela. Aurrerago, tio (Tito “Riomundo†liburuan, Inocente Soria) da kontalaria eta bere gurasoen ibilerak kontatzen ditu bera jaio den une beretik. Azken zati honek ematen dio hasiera, nire ustez, istorioaren benetako muinari edo liburuarekin kontatu nahi denari.
Familia ezkertiarra dugu, antiklerikala eta errepublikazalea, eta honen aldeko borrokan dihardute Gerra Zibilaren garaian. Galtzaile suertatutako hauek Euskal Herrirako bidea hartuko dute, bizimodu berri bati hasiera ematea dutela jomuga. Zumarragara helduko da Pedro Sierra eta bere familiaren itxaropenaren trena eta bertan bizitza berri bati ekingo diote, bakoitza bere lanetan murgilduz. Abuela baserriko lanez arduratuko den bitartean, seme-alaba txikienak euren ideologiaren aurkako eskolara joango dira eta Pedro eta Titok fabrikan jardungo dute gogor lanean, zenbaitetan zarpailkeriaren bat edo beste entzun behar izanez: “ Zu zara maketoa, ezta? Maketoa? Ez jauna, gaizki esan dizute, Sierra naiz, Pedro Sierraâ€.
Arazoaren aurrean kokatu beharra ikusiko dute eta zapalduen bandoan jarriko dira, abertzaleen bandoan. Fabrikako beharra partidu komunistako zereginekin bateratzen hasiko da Tito eta, arrazoi hau dela medio, ihesean ibili ondoren, kartzelaratua izango da, bere lan klandestinoa larrutik ordainduz, barroteen atzeko tortura latzak pairatuz. Liburuari beste erbesteratze batekin emango dio amaiera, oraingo honetan, Euskal Herriaren askapenaren aldeko borrokaren ondorioz gauzatu beharrekoa. Jarraitu irakurtzen…
Iruzkin berriak