Archive | elkarrizketak

RSS feed for this section

Xabier Arzalluz: “Ez dakit noiz, baina independentzia etorriko da” (I)

Aste Santuko oporrak baino lehenago bururatu zitzaigun elkarrizketa hau egitea. Egia da, hasieran, urruti ikusten genuela aukera; pixkanaka-pixkanaka, ordea, momentuko burutapena izan zena itxura hartzen joan zen, eta, azkenean, EAJ alderdiarekinharremanetan jarri ginen elkarrizketa lortzeko asmotan. Bizkor jaso genuen baiezko erantzuna, baita ilusio handiz prestatu ere! Handik gutxira iritsi zen horrenbestez itxaron genuen eguna.

Urduri iritsi ginen Donostiako tren geltokira apirileko goiz eguzkitsu hartan. Eta ez zen gutxiagorako! Xabier Arzalluz politikari historikoa ezagutu behar genuen. Adeitasunez jaso gintuzten EAJk Donostian duen egoitzan, non, besteak beste, Joseba Egibar bera ere ezagutzeko aukera izan genuen. Minutu batzuk itxaron ostean, Xabierrekin elkartu ginen. Bere eskutik jasotako tratuak asko lasaitu gintuen, zalantzarik gabe ahaztuko ez dugun egun batean.

Aski ezaguna da Xabier Arzalluz Antia; beraz, zertzelada batzuk baino ez ditugu emango. Azkoitian jaioa, 1932an, Eusko Alderdi Jeltzaleko diputatu izan zen Madrilgo parlamentuan 1977 eta 1979 bitartean, eta alderdiko presidente 20 urte baino gehiagoz. Kargua 2004an utzi zuen. Filosofia eta Letretan eta Zuzenbidean lizentziatua, gertuko euskal historia eta politikan garrantzi zein pisu gehienetarikoa izan duen gizona da; maitatua eta kritikatua aldi berean, onerako edo txarrerako inor epel utzi ez duena

Xabier, egunon eta eskerrik asko Euskaljakintzari tarte hau eskaintzeagatik. 1932an jaioa izanik, orotariko egoera politikoak bizi izan dituzu, errepublika, diktadura eta demokrazia. Bigarrengoan geratu nahi genuke, diktaduran. Zerk bultzatu zintuen politika munduan murgiltzera EAJren eskutik eta nola bizi izan zenuen zuk, abertzale gisa, garai hori Franco oraindik agintean izanda? Ez da gauza horietan arrazoi bakarra egoten. Ni ez nintzen abertzale etxekoa, gure etxean karlistak ziren betidanik; ez ziren nazionalistak. Ni nazionalista egin nintzen eta, gainera, erradikala, gehienbat arrazoi batengatik: ikusi nuenean ni euskalduna izan eta etxean euskara ikasi, herrian euskaraz hitz egin -niretzat euskaraz hitz egitea ez zen edozer gauza, nortasun zati handi bat ere bazela ohartu nintzen- eta erregimenak guri ez zigula uzten euskaraz hitz egiten, euskara kendu egin zigula, eta horrekin gure nortasunaren zati handi bat, nik pentsatu nuen gu ez ginela espainolak eta gurekin egiten ari zirena izugarria zela. Orduan, erabaki nuen espainolak ez bazuen euskara ontzat hartzen, nik ere ez nuela espainola ontzat hartuko. Eta horrelaxe hasi nintzen pentsatzen, eta garbi-garbi hartu nuen nire bidea Espainia eta erregimenaren kontra. Lehen gehiago zen erregimenaren kontra, ikusia bainuen irakurketetatik nolakoa izan zen euskaldunon zortea eta ikusi nuen Espainia beti zapaltzen ibilia zela modu batera edo bestera. Nik ez nuen horien artean lekurik. Eta horrekin pixkanaka-pixkanaka nire politika ikusmirak aldatu nituen eta Eusko Alderdi Jeltzalea topatu. Bazegoen ordurako ETA, baina niri ETAk ez ninduen konbentzitu eta sartu nintzen klandestinitatean PNVra.

Arzalluz - Feria de Muestras (70-80ko argazkiak, Iñaki Anasagastiren baimenaz ekarria)

Hiru hamarkada igaro dira jada Espainiako 1978ko Konstituzioa idatzi zenetik. Jakin izan dugunez, zu ez zinen bertan izan zuzenean, baina Miquel Roca diputatu kataluniarraren eskutik informazioa jasotzen zenuen. Euskal Herria espainiar estatuaren barnean egonik eta onartuta konstituzio hori dagoela indarrean, zer aldaketa egingo zenizkioke euskaldunon interesei begira? Lehenengo, edozein lege egiten denean, parlamentuaren joera ponentzia bat egitearena izaten da. Hau da, legearen proposamena edo hartzen da, eta denon artean -bakoitza bere pisuarekin- ematen zaio halako buelta bat ponentzia horri. Eta konstituzioa lege bat denez, bada, ponentzia bat egin zuten eta hartan egon ziren denak, gu izan ezik. Zergatik ez ginen gu han egon? Ez zigutelako utzi. Eta zertaz baliatu ziren gu ponentzia hartatik kanpo uzteko? Bada, ponentzia oso inportantea da. Han adosten den testu gehiena han geratzen da, eta bertan ez dagoena oso zaila da gero sartzea. Dena dela, haiek gu kanpoan uztea baino, nahiago zuten sozialistek Tierno Galván kanpoan uztea. Tierno talde nahastu edo misto batean zegoen. Talde hark 11 diputatu zeuzkan eta horietatik 7 edo ziren Tiernoren alderdikoak, PSPkoak. Sozialistek ezin zuten Tierno ikusi beraien konpetentzia zelako. Tierno katedratikoa eta fama zuen gizona zen, eta ez zuten tramite horretan ikusi ere egin nahi. Orduan, Tierno bertatik atera nahi zuten, 11 boto ziren. Horretarako talde gehiegi zeudela ponentzia bat ondo ibiltzeko aitzakia ipini zuten. Horrela, Tiernoren taldetitik atzerakoak, hau da, talde nahastua eta gu -azkenak ginen gu, 8 diputaturekin-, kanpoan utzi gintuzten. Horri eutsita, ez ginen gu ponentzian egon. Ez zuten esan ez zutela nahi euskaldunik, bakar-bakarrik gehiegi ginela. Katalanak han zeuden eta Rocak informazioa eman bai, baina beste batzuek ere bai. Eta guk alde batetik eta bestetik bagenekien zein martxatan zihoazen. Nik egia esango dizuet: nire aldetik, nahiago izan nuen ponentzian ez egotea. Pentsatzen nuen beraien aldetik disparate bat zela euskaldunak ponentzian sartzen ez uztea. Gainera, ez nuen entenditzen inportantzia ematen bazien euskal arazoari eta abar, gu kanpoan uztea. Beti pentsatu izan dut damutu egin zirela. Eta horrela izan zen. Asko damutu ziren gu barruan ez egon izanaz, baina hori sozialisten eragina izan zen, Tiernoren kontra eta euskaldunon kontra. Horregatik geratu ginen kanpoan.

Eta zer kenduko nukeen? Gauza asko. Niri behin Felipe Gonzalezek esan zidan konstituzioan bi gauza zeudela gaizki eginda: komunikabideen kontrola edo tratamendua, eta judikatura. Judikatura asunto hau Italiari begira egin zuten, eta ikusten duzue zer nolako desastrea. Eta bestea, medioen kontua. Gaur zuri egunkari batek berak esan nahi duena esaten dizu, eta zuk oso ahalmen gutxi daukazu haren kontra. Epaileek ez dute erreakzionatzen eta, horrela, “El Mundo” bezalako periodikoek nahi dutena kontatzen dute. Hori oso grabea da. Hortik aurrera, nik ez nuke konstituzio bat ontzat hartuko, 8. artikulua kentzen ez badute, indar armatuek dutela konstituzioaren gordetza: “Las fuerzas armadas, tierra, mar y aire, garantizan la unión de España y el orden constitucional”. Horrek esan nahi du, Turkian bezala, hemen konstituzio osoa militarren babesean dagoela. Nik hori ez nuke onartuko. Eta horregatik esan nion bati baino gehiagori, Rocari eta Mugikari, ea nola onartu zuten hura. Haiek esan zidaten baldintza huraxe zela. Eta nik ea horrelako baldintza ontzat hartu zuten erantzun nien, harrituta. Azken batean, hemen militarren mende gaude konstituzioak aginduta, eta hori oso gauza grabea da, nire ustez. Hori dagoen bitartean, ezin daiteke konstituzio bat hartu, ez nik ezta beste inork ere. Baina horrela egin zuten.

Hortik aurrera ere badaude. Adibidez, ikusten duzue orain nolako istiluak dauden Katalunian nazio eta nazionalitate kontu horiekin guztiekin. Gu beti nazionalistak izan gara eta guk beti esan dugu Euskadi nazio bat dela; Katalanak ere bai. Baina orduan ez zen posible izan, eta orain, ikusten duzue, ez da aterako hori oraingo konstituzional honen bitartez. Monarkia hartu ez hartu, ez da horren gauza astuna, baina nik ez nuke onartuko. Halere, horrelako gauzak bigarren mailakoak dira. Lehengo mailakoak beste gauza batzuk dira: hizkuntzaren tratua, adibidez. Espainolak bere hizkuntza ikastera behartuta dauden bezala, zergatik euskaldunak ez gaude gure hizkuntza ikastera behartuta? Horrelako gauzak. Begiratu iezaiozue Kataluniako estatuari eta ikusiko duzue hor dauden eskaera eta erreklamazioak.

Ibarretxerekin batera bi saiakera etorri ziren euskal herritarroi hitza emateko: Ibarretxe Plana eta duela bi urteko kontsulta legea, biak ala biak espainiar estatuak baztertuak. Zer arrazoi ikusten duzu edo uste duzu daudela joera horiek zapuzteko? Arrazoi bakarra dago: Ibarretxek autodeterminazioa baino ez du eskatzen. Esaten du “derecho a decidir”. “Derecho a decidir” eufemismo bat da, euskaldunon autodeterminazioa da; beraiek daukatela eskubidea bere etorkizuna eta bere izaera, izateko modua, definitzeko. Hori da autodeterminazioa, baina ez digute inoiz utziko hori, Katalunian gertatzen den bezala. Azken batean, hauen estatuaren basea da “nazio bat, estatu bat”, eta estatu horretan gaude denak sartuta. Legearentzat euskaldunak, ez gara nazio bat. Baditugu halako berezitasun batzuk, hizkuntza bat daukagulako, apetitu handikoak garelako, kirola… horrelako gauzak. Juridikoki, ordea, euskaldunak ez gara inor gure borondatea azaltzeko, beraiek ez badigute baimena ematen.

Ni Ibarretxerekin hitz egiten egon nintzen, ea nik zer pentsatzen nuen egin behar zela. Nik esan nion guk badaukagula medio nahiko, geure bidea, administraziorako eta gure gauzak egiteko. Nik uste dut momentu honetatik aurrera, salto kualitatiboa eman behar dugula, eta ez ibili beti transferentziekin. Hori ere egingo dugu, baina gure politika, bidea eta politika exijentziek beste maila batekoak izan behar dute. Autodeterminazioaren atzetik joan beharra daukagu. Hala hasi zen estatutu berria. Erreforma bat egin nahi baduzu, estatutu bat behar duzu. Ez zegoen beste biderik, eta horrela hasi zen estatutu berria ateratzen. Eta hor jarri zuen, giltzarri bezala, erabakitzeko eskubidea, autodeterminazioa. Baina autodeterminazioa badaukagu, Espainiako estatua joan da pikutara; izan ere, Espainia da nazioa -nazio hitz frantsesa, Rousseauren garaikoa-, Espainia da herria, Espainia da estatua, eta gu hor zaku batean bezala sartu gintuzten denok, eta gu ez gara gu. Guk ez daukagu nortasunik, politikan, gure bidea segitzeko; denak espainolak, denok batera gaude hor eta ez katalanak alde batetik eta gu bestetik eta… Eta horregatik ezin zuten ontzat hartu. Nik uste dut, gainera, 8. artikulua ere hor dagoela. Militarrek hori ikusiko balute, pentsatuko lukete behartuta daudela zerbait egitera. Hori gertatu zen Mena teniente jeneralarekin. Kataluniako estatutua konstituzionalean zegoenean, Menak 11 general juntatu zituen, infanteria guztietakoak. Esan zien, bere ustez, Kataluniako estatua konstituzionalean zegoen moduan ateratzen bazen, ordua etorri zela militarrek konstituzioa betetzeko eta horren kontra altxatzeko. Eta haien artean behintzat 4 generalek esan zioten bera joaten zen lekura joateko prest zeudela. Eta gauzak horrela egon ziren. Ez da broma; Kataluniako konstituzioa aterako balitz, bere horretan, nazio bat dela onartuta, bere eskubide politikoekin… Haiek ez zeuden hori onartzeko prest. Ikusiko duzue konstituzioa onartzen bada; hor ez da nazio hitzik aterako. (Elkarrizketatzaileen oharra: gogorarazten dizuegu apirilekoa dela elkarrizketa).

Euskal estatua izango al dugu inoiz? Batzuek pentsatuko dute gu alderdi bezala ahulak garela -eta izango gara, nahi baduzu-, baina gu, alderdi bezala, sortu ginen euskal estatu bat sortzeko. Eta ez da txantxetako kontua. Sabino Aranak, esate baterako, Euskadi izena sortu zuen, ikurrin bat sortu zuen, armarri bat sortu zuen, euskara jarri zuen aurre-aurrean. Sabino Aranak estatu baten ezaugarri guztiak sortu zituen eta horregatik daukagu guk orain Euskadi izena, nahiz eta orain batzuek Euskal Herria izenarekin hasi diren. Niri ez zait gehiegi inporta hori, baina garai haietan Euskal Herria kontzeptu soziologiko bat zen, ez zen kontzeptu politiko bat eta horregatik sortu zuen hark, bere kabuz, Euskadi izena; berak pentsatzen zuelako estatuaren izena askoz egokiagoa zela Euskadi izatea, Euskal Herria baino. Euskal Herria orduan erabiltzen zen, baina zer da Euskal Herria? Soziologikoki pentsatuta bai, euskarari begira, baina hitz horrek ez dauka nortasun politikoa. Orain, ordea, bestek horrela pentsatu dute eta aldatu egin nahi dute. Dena dela, esan nahi dizuet estatu bat sortzeko ideia eta eginkizuna Sabino Aranarena izan zela. Sabino Arana ez zen lehenengo nazionalista izan, Larramendi jada bazen, baina berak esandako gauza denak bahituta egon ziren. Gainera, Larramendik bakarrik teorizatu egin zuen eta Sabino Aranak ez zuen teorizatu, teoria horren atzetik jarri zen martxan: alderdi bat sortu, herri bat mobilizatu… Zertarako? Estatu bat sortzeko.

Noiz ez dakit, baina ez dut dudarik etorriko dela. Gainera, pentsatzen dut jada denbora dela. Ez nago konforme egoera honekin, eta gaur nazionalista esaten garen guztiok independentziaren inguruan hasi behar dugu lanean, ez bakarrik teorizatu. Nik ez dakit noiz etorriko den hori, baina ikusi duzue urte hauetan zer gertatu den Europan. Has zaitezte Baltikoetatik, joan zaitezte Txekoslovakiara edo Balkan mundura… Europa osoa bere eskubideak eskatzen dabil eta lortu egin dituzte. Zergatik ez guk? Lo al gaude? Ikusiko duzue orain eskoziarrak. Hemendik bi urtera erreferendum bat nahi dute lortu, eta garbi esaten dute independentzia lortu nahi dutela. Horiek ere gure aurretik joango dira. Gu azkenak izango al gara? Katalunian ere begira nola dabiltzan. Nik uste dut denbora iritsi dela zerbait egiteko, ez bekarrik esateko; baina eskubidea dudarik gabe badaukagu.

Ukaezina da, ez direla, orain ere, garai errazak abertzaletasunarentzat. Nola ikusten duzu zuk momentuko egoera politikoa? Nik gaizki ikusten dut. Egoera politiko guztia dago gaizki. Has zaitez ekonomiatik, begiratu ezazu Madrilera. Madril hankaz gora dabil, Europa ere gaizki dabil krisi ekonomikoa dela eta, baina, batez ere, bere batasun faltagatik. Hori arazo oso larria da, eta denontzat da garrantzitsua. Eta gu, horretaz kanpo, gaude bakoitza bere aldetik. Talde bat eta bestea, zatiketa bat eta zatiketa bestea… Lehenengo banandu zen EA gurengandik -orain nonbait ezkertiarrak dira-, eta EA ere orain zatitu egin da etaHamaikabat atera da. Aralar zatitu zen HBrengandik, pentsatuz beraiek ez zutela armarik nahi, eta horregatik, bada, helburuak bai berdinak, baina… Ez dakit, talde abertzaleak bai, baina batzuk ezkerrekoak, beste batzuek ez dute ezkerrera jotzen eta horrela. Horrelako herri txiki batean, batez ere gure komunitatean -herria baino txikiagoa dena-, alde batetik daukazu zatitua Nafarroa bere aldetik, gehiengoak hala nahi izan du; iparraldekoak, bestetik; eta guk, halako identitate politiko gogorra daukagunak, 6 edo 7 alderdi ezberdinetan zatituta gabiltza. Eta ez hori bakarrik, ikusi dugu azkenaldi honetan espainolak elkarrekin muturka eta labankadaz dabiltzala Espainia osoan. Eta hori nola uler dezakezu? Behin ere ez genuke pentsatuko horrelakorik gertatuko zenik. Zatiketa baino ez dago. Hemen taldeak gero eta txikiagoak dira eta helburuak gero eta bereganakoagoak dauzkate. Herri honetan badago jendea -jende arrunta, normala…- denak elkartzea nahi duena, denak batera jokatzea. Hori da zailena. Eta hor arazoa eta errua daukagu alderdi politikook.

Aurreko galderaren ildotik jarraituz, egoera delakoa dela, arriskuan ikusten al duzu euskaldunon identitatea? Ez dut uste. Herri batek bere buruarekiko halako kontzientzia duenean, oso zaila da hori kentzea. Eta horregatik esaten didazunean ea posible izango den independentzia, nik esango dizut “seguro”. Zalantzarik ez izan hemen inork ezin duela euskaldunon kontzientzia kendu, horregatik sinesten dut posible dela independentzia; ez dakit noiz, baina posible dela bai. Nik ikusi nahi nuke, baina ez dakit; zuek ikusiko duzue.

Xabier Arzalluz euskaljakintzarekin solasean (I) from Maite Goñi on Vimeo.

Oharra: Iñaki Anasagastiri eskerrak eman nahi dizkiogu, gure eskaerari berehala erantzuteaz gain, bere gunean dituen argazkiak erabiltzeko baimena emateagatik.

Elkarrizketaren 2. zatia irakurtzeko

Xabier Arzalluz euskaljakintzarekin solasean (II)

Comments { 4 }

Andoni Iraola: “Ez dut ikusten zergatik atera behar dudan Athleticetik”

Abenduko zubia zela eta, Andonirekin gelditu nintzen elkarrizketa egiteko. Ez da erraza Andoni Iraola, Athleticeko jokalaria, libre harrapatzea, baina bere borondate eta prestutasunari esker, hitzordua eskatu eta handik ez askora lortu genuen eguna adostea. Goizean Maiterekin hitz egin eta kamera hartu ondoren, abiatu ginen Usurbil aldera Maialen eta biok. Bidean gindoazela, urduri samar ibili nintzen, baina kezka guztiak alde batera uztea lortu nuen Maialenen aholkuei esker. Larritasunak bazuen bere arrazoia, ez pentsa; izan ere, elkarrizketa egiteaz gain, bazkaltzera ere gonbidatu baininduten Andoniren familiartekoek. Zein jatorrak, benetan! Beraz, bazkaldu eta solasean ibili ondoren, leku aproposaren bila hasi eta, topatu ondoren, elkarrizketari ekin genion. Zalantza izpirik gabe, gogoratzeko eguna!

Andoni Iraola egun Athleticeko taldean jokatzen duen 27 urteko usurbildarra da. Txikitatik aritu izan da futbolean eta bere ibilbidean zehar hainbat taldetatik igaro da. Aurtengoa, bere 7. urtea da lehen mailan.

Aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkizut, Andoni, euskaljakintzari elkarrizketarako tarte hau eskaintzeagatik; izan ere, badakigu atzo partidua izan ondoren, gaur Zubietara etorri zarela entrenatzera. Bihar bueltan joatekoa zara Bilbora, entrenamendu eta partiduekin jarraitzeko. Eskertzen dizugu benetan tarte hau eskaini izanagatik. Has gaitezen elkarrizketarekin, bada. Txikitan guztiok izaten dugu ametsen bat eta zurea futbolaren munduarekin lotua zegoela ondoriozta dezakegu; izan ere, txikitatik jokatu izan duzu ikastolan areto-futbolera, hondartzako hainbat txapelketatan ere parte hartu izan duzu… Ikusten al zenuen zure burua egun dagoen tokian? Egia esan, ez. Nik uste dut txikitan, denok bezala, bai eskolan bai Usurbilgo plazan, futbolean ibiltzen nintzela; halere, neure burua ez nuen ikusten futbolari profesional baten modura. Geroago, urteak pasa ahala, hain zuzen ere 15-17 urterekin, ondo nenbilela ikus nuen. Gainera, garai hartan Antiguokon jokatzen nuen eta Athletica nire bila etorri zen. Beraz, agian, gerta liteke burutik pasatzea egun batean iritsiko zarela. Hortaz, pozik! Azkenean, denok daukagu ilusio hori txikitan eta nire kasuan, eta beste askotan, egia bihurtzen da.

Ikastolan eta hondartzako txapelketetan jolasten ibili eta gero, Antiguokon jokatzeko deia jaso zenuen. Entrenamenduak edota bertan zeuden jokalarien erritmoa jarraitzea erraza egin al zitzaizun? Aldaketa handia nabaritu al zenuen? Azkenean bizitza beti da horrelakoa, zure lagunekin hasten zara jokatzen eta, gero, agian beste pauso bat eman beharra daukazu. Nire kasuan, hondartzan jokatzen nuen eskolarekin eta, geroago, Antiguokok deitu zidan, aipatu dizudan bezala. Egia esan, hasieran beldur pixka batekin joaten zara, baina gero zu bezala dagoen jendea ikusten duzu han, zure modukoak direla eta, beraz, beldurra pixkanaka joan egiten zaizu eta, azkenean, gustura egotea iristen zara.

17 urte zenituela, Derioko egoitzara joan zinen bizitzera. Hain gaztea izanda, Usurbileko lagunak, gurasoak…bertan uztea gogorra egingo zitzaizun, ezta? Zure gurasoek zer zioten honen inguruan? Nik uste dut beraientzat pixka bat gogorra izan zela; izan ere, nik ez daukat anai-arrebarik eta beraiek bakarrik geratu ziren Usurbilen. 16 urterekin izan zela uste dut. Niretzat ere gogorra izan zen, beti etxetik kanpo, lagunik gabe. Beste bizitzeko modu bat ikusi nuen, ia dena nire kontura egin behar izaten nuen Bilbon. Lagun berriak egin nituen eta nahiko ondo moldatu nintzen, baina, egia esan, gurasoentzat ez zen oso erraza izan.

Athleticera joan zinen lehen urtean, bukaera antologikoa edukitzetik gertu izan zineten; izan ere, bigarren mailara igotzetik puntu bakarrera gelditu zineten. Hain gazte izanik, nola bizi izan zenuen? Ilusio handiz. Nik, egia esan, zortea izan nuen; izan ere, Bilbora joan nintzenean, nire lehen entrenatzailea Ernesto Valverde izan zen. Gero, filialean ere, nirekin egon zen eta bera izan zen lehenengo mailara igotzeko aukera eman zidana. Zuk esandako urte horretan, puntu bakarra faltatu izan zitzaigun bigarren mailara igotzeko, eta hori, filial bat izanda, gauza zaila eta polita da, denboraldi ona egin genuelako. Zoritxarrez, ordea, puntu batera gelditu ginen.

Athleticeko maila baxugoagoan egon eta gero, denboraldiaurrea lehen mailakoekin egin zenuen. Hori dela eta, laster etorri zen 2003ko abuztuaren 30a. Data horrek zer esaten dizu? Beti gogoratuko dut data hori, noski, nire debutako eguna izan zelako. Bartzelonaren aurka jokatutako partidu garrantzitsua izan zen, Ronaldinho eta Rijkaarden debuta izan zela esatea besterik ez dago. Niretzat egun handia izan zen. Lastima, azkenean, partidua 0-1 galdu izana, nahiz eta nahiko partidu ona egin. Baina, hala ere, beti izango dut gogoan egun hori, nahiz eta galdu, niretzat oso egun polita izan zelako.

2003-04ko denboraldian, 29 partidu jokatu eta 5 gol sartu zenituen. Datuak ikusita, lehen mailako erritmoa jarraitzeko eragozpenik ez zenuela izan argi ikusten da. Horrela izan al zen? Bai, egia esan, nire lehenengo denboraldia oso ona izan zen; azkenean, 5 gol sartu eta partidu pila bat jokatu nituelako. Erritmo aldetik, erraza ez zen izan; izan ere, lehen mailako erritmoa jarraitzea oso zaila da. Oraindik gogoan dut ezin nituela lehenengo partiduak osorik bukatu; beti 50-60 minutu jokatzen nituen eta, gero, entrenatzaileak beti aldatu egiten ninduen. Oraindik ez nengoen partidu osoa jokatzeko; dena den, partiduak jokatu ahala, gero eta gaitasun handiagoa nuela ikusten zen.

UEFArako sailkatu zinetenean, zer sentitu zenuen? Garai hartan, zure lehen urtea izanik lehen mailan, zer izan zen zuretzat zure taldearekin Europan jokatzea? Oso gauza polita. Azkenean, ikusten dut lehenengo maila oso maila zaila dela guztientzat. Bosgarren gelditu ginela uste dut, UEFArako sailkatuz. Lehenengo urtea izanda, oso polita izan zen. Azkenean, zoritxarrez, ezin dugu urtero Europan jokatu; halere, bai guk eta bai gure zaleek ere disfrutatu ahal izateko, oso gauza polita da.

Zure taldekideen lesioek hainbat jokalariren toki aldaketa ekarri zuen; horien artean, zurea. Eskuin-alboan jokatzetik zelai erdian jokatzera pasatu zenuen, eta honek hainbat ezusteko eragin zituen. Zein tokitan zaude gusturago? Nik beti jokatu izan dut eskuineko hegalean. Urte asko daramatzat hor, eta ohituta nago bertan jokatzera. Denboraldi ia oso batean, zelai erdian jokatu nuen. Denboraldi gogorra izan zen guretzat; izan ere, azken momentura arte ibili ginen jaitsi ez jaitsi. Zorionez, lehen mailan jardun genuen. Hala ere, nik nahiago dut eskuineko hegalean jokatu.

Beldur izango zara lesioez, noski. Zein da zure punturik ahulena? Oraingoz ez dut lesio larririk izan, zorionez! Ez dakit, azkenean, hori beti zorte kontua izaten da eta, oraingoz, ez dut horrelako lesio larririk izan. Egia esan, badakigu futbolean beti, lehenago edo geroago, iritsiko dela seguru aski, baina espero dut dena horrela jarraitzea eta ezer larririk ez gertatzea.

Jokalari batzuek, partidua hasi aurretik, erritual antzekoak egiten dituzte. Zuk ba al duzu horrelako ohituraren bat? Ez, ez. Egia esan, horrelako ohiturarik ez dut. Baina, hala ere, denok ditugu mania txikiren batzuk. Horiek, normalean, sekretuan gordetzen ditugu. Nik, behintzat, nahiago dut inori ez esatea…

2005ean, Athleticeko fitxa berritu zenuen 2010era arte, jakinda Valencia eta Liverpool taldeak zure atzetik zebiltzala. Azkeneko berritzean, badirudi ez zeundela erabat ados, baina azkenean 2012ra arte berritu duzu, oraingoan ere jakinda Espainiako hainbat talde, hain zuzen ere Real Madril, Villarealeta FC Barcelonabegiz jota zintuztela. Honen guztiaren inguruan zer duzu esateko? Hiru urteko konpromisoak ez al zaitu gehiegi lotzen jakinda talde entzutetsuak atzetik dituzula? Nik pentsatzen dut, azkenean, Athleticek eman zidala aukera lehenengo mailan jokatzeko. Beraiek etorri ziren hona nire bila, beraiek eman zidaten aukera futbolaria izateko… Ni oso gustura nago, han jendeak oso ondo tratatzen nauelako. Aurten, adibidez, gauzak nahiko ondo doaz, eta nik beti esan dut han oso gustura nagoela. Beraiek ere nirekin pixka bat gustura daudela pentsatzen dut; beraz, ez dut ikusten handik zergatik atera behar dudan.

Aurten ere Espainiako selekzioak deitu zaitu. Jadanik zure hirugarren partidua da talde honekin. Lehendabizikoa, zure debuta izan zena, Danimarkaren aurka izan zen 2008ko abuztuaren 20an; bigarrena, urte hartako urriaren 11n Estoniaren aurka eta, azkenik, aurten jokatu behar duzuna. Estoniako partidutik gaur egunera arte urtebete pasa da. Espero al duzu Espainiako selekzioarekin munduko txapelketan jokatzeko hautatzea? Zer izango litzateke zuretzat hori? Hori gauza zaila da. Azkenean, badakigu Espainiako selekzioak oso talde ona duela, eta orain dela gutxi Europako txapelketa irabazi duela. Talde horretan sartzea denontzat gauza zaila da, eta nire helburua ez da munduko txapelketa jokatzea. Nik badakit Athleticen gauzak ondo egin behar ditudala. Hori eginez gero nire buruarekin konforme geratzen banaiz, nahikoa daukat. Dena den, hor dago hautatzaile bat ni eramateko.

Urte batzuk sailkapenaren beheko postuetan ibili eta gero eta urte gogor batzuk pasatu ondoren, Athleticek izugarrizko denboraldia oparitu zion iaz bere zaleei Erregearen Koparen finala jokatuz. Urte asko igaro dira horrelako final bat jokatzeko. Nola bizi izan zenuen? Nik uste dut, Atlheticeko jokalari guztioi titulu bat lortzeak edo, behintzat, final bat jokatzeak ilusioz betetzen gaituela. Pasa den urtean, aukera bertan izan genuen; zoritxarrez, ordea, aurrean izan genuen taldea oso talde ona izan zen. Bartzelona, momentu hartan munduko talderik onena zen, eta gu baino gehiago izan ziren. Aukera galdu genuen, baina nik uste dut, bai guretzat bai zaleentzat, gauza oso polita izan zela horraino iristea.

Zure ibilaldian zehar hainbat entrenatzaile izan dituzu Athleticeko taldearekin. Horietako entrenatzaileetatik zein izan duzu gustukoen eta zergatik? Entrenatzaile asko izan ditut. Nik uste dut denak entrenatzaile onak izan direla, baina nik beti esan dut niri Valverdek eman zidala aukera. Bera izan zen Usurbilera etorri zen gizona ni Bilbora eramateko. Gerora begira, jubeniletan nirekin egon zen, eta geroago Athleticen ere bai. Berak eman zidan aukera lehen mailan jokatzeko eta, gainera, berarekin maila ona eman nuela uste dut. Niretzat entrenatzaile hoberena bera izan zen.

Talde txuri-gorri honekin jokatu dituzun 6 urte hauetan, zein partidu izan duzu gogokoen? Ez dakit; izan ere, partidu asko izan dira politak eta gogorrak. Batekin geratzea oso zaila da, baina momentu honetan buruan daukat UEFAn jokatu genuen bat Standard de Liejaren aurka. 1-7 irabazi genuen, eta oso partidu ona egin genuen. Gero, pasa den urtean, adibidez, Kopako final erdietan Sevillaren aurka 3-0 irabazi genuena. Agian, zaleentzat partidurik politena izan zen. Hala ere, partidu asko dauzkat gogoan.

Gaur egun, Llorente , Amorebieta eta zu, Etxeberria, Urzaiz eta Julen Guerrerorekin alderatzen zaituzte. Horrez gain, jolasteko eran Julen Guerreroren antza duzula diote batzuek. Zer diozu honi buruz?Julen askorentzat erreferente bat da. Bera jokatzen ari zela, Athleticen sekulako maila eman zuen, eta izugarrizko partidu pila jokatu zituen, golak sartu… Klubak izan duen erreferente nagusienetako bat dela iruditzen zait. Orain Joseba Etxeberria izan daiteke. Gurekin jokatzen dabil egun, eta guretzat oso gauza polita da. Espero dugu zuk izendatu dituzun izen horiek, nirea tartean, egun batean lortzea Guerrero, Urzaiz eta Etxeberriak lortu zituzten tituluak.

Gipuzkoarra izanda, nola sentitu zinen Anoetan Realaren aurka jokatu zenuenean? Egia esan, gustura. Azkenean, derbiak izaten dira niretzat partidurik politenak, beti giro ona izaten delako. Nik uste dut, ziurrenik, hurrengo urtean berriz ere jolastuko ditugula, eta ni oso gustura sentitzen naiz partidu horietan. Egia da gizpukoarra naizela, baina nik Realean ez dut inoiz jokatu. Gainera, ni etxean ibiltzen naizenean, jendeak oso ondo tratatzen nau, ez daukat inongo kexarik. Niretzat oso polita da Realaren aurka jokatzea, eta, zorionez, partidu hauetan emaitza onak izan ditugu.

Badakit oraindik azkarregi dela hau galdetzeko; halere, erretiratzeko eguna iristen denean, zer daukazu pentsatuta? Futbolaren munduan jarraitzea gustatuko litzaizuke, edo ausartuko zinateke karreraren bat ikasten hastea? Egia esan, ez dauka ideiarik ere. Azkenean, oraindik espero dut urte dezente jarraitzea futbolean. Beste aldetik, nik Zuzenbidea ikasi nuen hirugarren mailara arte, baina, egia esan, ez nintzen gai izan hori bukatzeko. Beti esaten dut, bukatzean, gustatuko litzaidakeela esfortzu txiki bat egin eta karrera amaitzea. Hori esatea, agian, erraza da; dena den, gero berriz hastea eta karrera bukatzea ez da gauza erraza izango. Espero dut futbola uztean, gai izatea ikasketak bukatzeko.

Amaitzeko, aurretik esan bezala, beste behin eskertu nahi diot elkarrizketari tarte hau eskaintzeagatik, Andoni bezalako jokalari on eta pertsona jatorra ezagutzeko aukera izan baitut. Era berean, nire esker ona erakutsi nahi diet, bai Andoni eta baita bere gurasoei ere, ederki portatu baitziren nirekin.

Ordiziako Jakintza Ikastolako euskaljakintza 5eko Maitane Satrustegik Athleticeko Andoni Iraolari egindako elkarrizketa.

Iraolari buruzko informazio interesgarria:

Comments { 4 }

Naroa Agirre: “Nork bere erantzukizuna hartzen du”

Urduritasuna, lasaitasuna, urduritasuna eta berriro ere urduritasuna. Horixe zen ordu batzuk lehenago sentitzen nuena. Minutu batzuk falta zirenean, Maite niregana etorri, kamara eman eta trenerantz abiatu nintzen. Aurrera eta atzera bueltaka eta, azkenean, agertu zen! Momentu horretantxe buruan Naroa besterik ez nuen, ea nola agurtuko nuen, jatorra izango zen… Azkenean, Tolosara iritsi eta minutu batzuez itxaroten egon nintzen geltoki ondoan. Neska ilehori bat ikusi eta bat-batean bero sastada bat sentitu nuen gorputz osoan barrenak. Ez zen Naroa. Galdutako lasaitasuna berreskuratu nuen instant batez. Hortik bost minutura iritsi zen, eta segituan hasi ginen berriketan. Jarraian, elkarrizketari ekin genion.

Naroa Agirre pertika jauzilari bikaina da, nesken artean estatu mailan dagoen jauzilaririk bikainena. Txiki-txikitatik hasi eta bere helburuak lortu dituen honek txapelketa ugaritan parte hartzeaz gain, olinpiadetan ere esku hartu du. Egun, telebistan ere ikus dezakegu aktore lanetan, Goenkale telesailean hain zuzen ere.

Lehenik eta behin mila esker etortzeagatik, Naroa. Atletismoan txiki-txikitatik aritu zara, baina hainbeste proben artean, nolatan aukeratu zenuen pertika? Beti egiten didaten galdera da. Hasieran, atletismoan denetik probatzen genuen ikastolan gure lehen entrenatzailearekin, pertika izan ezik, noski, konplikatuxeagoa baita. Hoberen ematen zitzaidana eta gehien gustatzen zitzaidana luzera jauzia zen, eta horrekin hasi nintzen. Behin horretan entrenatzen nenbilela orain nire entrenatzailea den Jon Karlarekin, beste mutilak entrenatzen ikusi nituen eta aukera izan nuen hura probatzeko. Gustatu egin zitzaidan, gutxi gorabehera ere ondo ematen zitzaidan. Hortik joan zen nire hasiera.

Pertikan Espainiako neska bakarra zara horrelako marka onekin eta esan daiteke denak zuri begira gaudela. Zer iruditzen zaizu hori? Ez da erantzukizun handia zuretzat? Ez. Erantzukizuna bakoitzak hartzen du. Momentu honetan, egia da Espainiako errekorra nik dudala. Hala ere, beste pertika jauzilariak, Dana Cervantes eta Mari Mar Sanchez, esate baterako, bertan ere egon dira eta atzetik datozenen artean ere badago lau metrotik gora saltatzen duenik. Nik espero dut hemendik gutxira, pixkanaka-pixkanaka jende gehiago agertzea.

Jakin dut bizkarrean zenbait arazo izan dituzula. Ebakuntza gelatik pasatzea izan al duzu buruan? Eta arazo horiek direla eta, noizbait atletismoa uztea burutik pasa al zaizu? Bai, arazoak izan nituen, baina, egia esanda, ez nuen inoiz ebakuntzan pentsatu. Momentu batzuetan oso gaizki pasatu dut, min handiz nenbilen, eta okerrena da ikusten nuela hobera joan nendin egiten nituen gauzak ez zutela ezer egiten. Momentu txarrak pasatu ditut. Nire entrenatzaileak eta biok markak ikusten genituen, azken batean, markak entrenatzearekin bat datoz eta. Noski, entrenatu ezin duzunean, ez dago ezer egiterik.

Uzteari dagokionez, egia esan ez zait inoiz burutik pasatu. Beti duzu beste zerbait aurkituko duzulako esperantza hori, baina une oso zailak eta benetan konplikatuak (saiatu, mina, berriro saiatu, berriro mina…) igaro ditut. Hala ere, ez dut inoiz pentsatu utziko nuenik. Beti saiatu naiz bide egokiena bilatzen, ariketa batek ez bazuen funtzionatzen, beste ariketa bati ekiten nion. Frantzian ere errehabilitaziora joan nintzen, baina ez zen ondo joan. Egia esan, momentu oso txarrak pasatu ditugu, baina dirudienez, oraintxe kontrolaturik daramat eta entrenatzen nabil.

Bi aldiz parte hartu duzu Olinpiar Jokoetan . Lehenik, 2004. urtean, Atenasen; bigarrena, ordea, 2008. urtean, Pekinen. Ez du jende askok izaten aukera hori, baina zuk esan dezakezu hautatu horietako bat zarela. Zer aipa dezakezu esperientzia horri buruz? Olinpiadetara joatea ikaragarrizko esperientzia da. Gainera, lehenengo aldian, dena biribila atera zitzaidan, espero nuena baino egokiago, seigarren gelditu nintzen. Hori berriro egitea oso zaila izango da, ez dakit errepikatuko dudan. Ikusi beharko da; hala eta guztiz ere, guztia biribil-biribila atera zen eta ni, noski, txoratzen nenbilen. Esperientzia izugarria izan zen. Bigarren Olinpiada ere oso polita izan zen, Pekinen. Ondo joan zitzaidan, baina ez lehenengo aldian bezain ondo. Orduan, desberdina da esperientzia.

Bartzelonara joan zinen Ingurumen Zientziak ikastera; hala ere, ez zenuen alde batera utzi atletismoa. Hans Ruf-ekin entrenatu zenuen eta, nahiz eta zure markak gora egin, ez duzu inoiz pentsatu atletismoak ez zizula etorkizunik ekarriko? Hau da, ez al zenuen pentsatu atletismotik bizitzea zaila izango zela? Ez nuen planteatu. Bartzelonara ez nintzen joan atletismoa egitera, ikastea baizik. Nahiz eta atletismoa ez utzi, ez nuen gehiegitan Hunsekin entrenatu. Hilabetean behin esaten nion etxera nindoala egun batzuetarako, praktikak nituela…Egia esan, Hunsek guztiari eusten zion, eta uste dut berari esker jarraitzen dudala.

Apustu handiagoa izan zen hona etorri nintzenean. Eseri eta zerbait handia egin nezakeela esan zidan. Urtebetera zer pasatuko zen pentsatu genuen. Lehenengo urte hartan, gauzak ondo atera ziren: Espainian jokatu nuen… Orduan halako mundu batean sartzen zara, non saria izan dezakezula ikusten duzun…

Atleta aparta izateaz gain, Goenkalen, aktore lanetan, ikusi zaitugu. Nolatan hasi zinen bertan? Kapitulu batean, Naroa pertika-jauzilari bezala azaltzeko deitu zidaten. Hura grabatu eta gero, beste pare bat grabatzeko eskatu zidaten. Hortik, txantxetan, gauza bat dela edo bestea, azkenean urte dezente daramatzat Goenkale grabatzen.

Bertan izan duzu zure lehen aktore lana. Gustuko al duzu? Oso, Goenkalen oso gustuko dut aktore lana. Bertatik kanpora ez dut ezer gehiago ezagutzen, teatrorik ez dut egin…baina Goenkalen oso gustura nago. Hasieratik denek zoragarri hartu ninduten; dagoen giroa, gainera, bai aktoreen artean, bai kamerekin, oso polita da. Alde batetik, niri ondo etortzen zait egunerokoa pixka bat apurtzeko, eta atleta mundutik apur bat urruntzeko. Grabatzea etortzen naizenean, beste giro desberdin batean murgiltzen naiz eta pozez beterik ibiltzen naiz.

Goenkalen, Nekaneren bikotea zara, hau da, lesbiana baten papera interpretatzen duzu. Gogorra egiten al zaizu paper horretan aritzea? Ez. Egia da, hasieran esan zidatenean, buruari birak eman nizkiola ea nola izango zen neska bat musukatzea. Baina probatu nuen arte; izan ere, azkenean, ezagutzen duzun pertsona bat baita. Konfiantza handia dut Itziarrekin (Nekane interpretatzen du Goenkalen) eta, azken batean, aktore bezala ikusten duzu. Benetan diotsut, nahiz eta lehenengo aldiz niretzat ere handia izan neska bat musukatzearena, aktorea da. Mutila ala neska izan, nik nahiago dut konfiantza dudan neska bat musukatu, eta ez ezagutzen ez dudan norbait. Azken finean, musu bat ematea baino ez da. Ez da ezer gehiago. Oso ondo portatzen da eta, gainera, ondo musukatzen du.

Lehendik ere jendeak ezagutu egiten zintuen, baina telebistan atera zarenetik oraindik gehiago. Ondo daramazu ospe hori? Telebistak aurpegia ematen du. Atletismoarekin egunkarietan azaltzen zara; telebistan oso gutxi, momentu puntualetan baino ez. Goenkale jende askoren etxeetan sartzen da astelehen eta astearte gauero. Telebistak aukera hori ematen du, aurpegia erakustearena. Oso polita da jendea inguratzen zaizunean zerbait galdetzeko, animatzeko, Goenkalez zerbait galdetzeko, atletismoari buruz zoriontzeko… Gainera, jendea nahiko zuhurra izaten da, ondo daramat.

Eta izan al duzu anekdotaren bat horren inguruan? Orain dagoeneko ohituta nago. Hasieran, gertatu zait kaletik joan eta, batez ere, jende helduak nire izena esan eta agurtzea. Nik, noski, agur esaten nuen, baina jarraian ondoan nuenari nor zen galdetzen nion. Duda hor nuen. Esate baterako, atletismoan batzuetan afariren batean jendea ezagutzen duzu eta gero ez zara gogoratzen. Segituan geratzen zara duda horrekin, ea nor den agurtu zaituen hori, eta ez zara konturatzen telebistagatik agurtzen zaituztela. Jendearen etxean sartzen zara, beraientzat etxekoa zara, eta “agur, Naroa” batekin agurtzen zaituzte. Beraz, badakizu horregatik dela, eta zuk ere agurtu egiten duzu.

Badakit, entrenamenduak eta Goenkaleko grabazioak direla eta, ez duzula aisialdirako denbora gehiegi. Hala ere, zer duzu gustuko egitea tarte bat duzunean? Pelikulak etxean ikustea asko gustatzen zait. DVDak hartzen ditugu, eta bertan egoten gara. Paseatzea ere atsegin dut. Horretaz aparte, ez dut ezer berezirik egiten.

Kanpotik ikusirik, badirudi zure amets guztiak bete dituzula. Zerbait falta al zaizu egiteko? Bai. Kirola utzi ondoren, familia bat osatzea gustatuko litzaidake. Kirola utzi baino lehen, oraindik ere, badauzkat beste amets batzuk buruan.

Azkenik, epe laburrera, non ikusten duzu zure burua? Oraingoz, lehenik ikusiko dut ea aurten bizkarrak jasan ahal izango duen entrenamendu eta konpetizio erritmoa, aurreko urtea oso gogorra izan baitzen. Horren baitan nago esperantza eta ilusio guztiarekin. Espero dut denboraldi polita ateratzera.

Naroa Agirre euskaljakintzarekin solasean from Maite Goñi on Vimeo.

Jakintza Ikastolako euskaljakintza 5eko Nagore Valerok Naroa Agirre atleta eta aktoreari egindako elkarrizketa.

Comments { 0 }
-->