Archive | elkarrizketak

RSS feed for this section

Sara Cozar: “Niretzat lanera joatea ez da ‘lanera’ joatea, ez dut pisu hori”

Azaroak 5. Osteguna zen. Etxean gelditzeko egun aproposa, eta kalera euritakoarekin atera beharreko egun horietako bat. Ziur nago ez nuela egun hartako eguraldia gogoratuko, Sara Cozarrekin elkartu izan ez banintz. Ordiziako Barrena kultur etxean biltzekotan ginen; beraz, adostutako ordua baino lehentxeago, etxetik irten nintzen kamera eta guzti. Behin Barrenan, bertara sartzen ziren guztiei begira egon nintzen, Sara noiz iritsiko zain. Berehala azaldu zen. Ezagun batzuekin bi hitz egin ondoren, niregana gerturatu eta elkarrizketa non egingo genuen pentsatzen hasi ginen. Azkenean, Barrenan bertan gela bat utzi ziguten. Kamera gertu jartzearekin batera hasi zen hizketaldia.

Sara Cozar ordiziarra 1980ko abuztuaren 12an jaio zen. Euskal aktorea da bera. Bere jaioterriko Urrup antzerki taldean ibili ondoren, Euskal Telebistako Goenkale telesailean hasi zen. Bertan denbora luzez ibili da lanean, baina beste hainbat antzerkitan ere parte hartu duela esan behar da.

Tira, lehenik goazen honen guztiaren hasierara, antzezle izatea pentsatu zenuen unera. Txikitatik zenuen nahia, bat-batekoa izan zen ala norbaiten animoen ondorio? Niri txikitatik beti gustatu izan zait. Beti bai eskolan bai institutuan, alde guztietan, antzerkietan parte hartu izan dut, baina ez nuen pentsatuta horretara dedikatzea. Gainera, unibertsitatera publizitatea ikastera joan nintzen. Berez, baneukan Madrilera joateko gogoa, baina, tira, gurasoek ez zuten ondo ikusten Madrilera antzerkia ikastera joatea. Horrela, publizitatean sartu nintzen eta, era berean, Ordiziako Urrup antzerki taldean hasi nintzen. Hor hasi nintzenean, konturatu nintzen asko gustatzen zitzaidala, baina ez nuen inongo grina profesionalik. Behin aurkeztu nintzen kasting batera, kasualitatez, lagun batekin. Hortik Goenkalerako hartu ninduten, eta pixkanaka-pixkanaka konturatu naiz hau dela nire lanbidea, oso gustura nagoela eta hau egiten dakidan gauza bakarra dela.

Ordiziako Urrup antzerki taldea izan zen antzerki munduan sartzeko eman zenuen lehen urratsa, beraz. Bertan igarotako urteek eta ikasitakoak lagunduko zizulakoan nago. Zein alderditan? Ni, Urrup antzerki taldean, bost urtez ibili nintzen gutxi gorabehera. Ostiraletan elkartzen ginen. Ez genituen ordu asko sartzen, baina baziren hiru-lau ordu ostiralero. Nik hor ikasi nuen irekitzen, lotsa galtzen. Antzerki mundura dedikatzeko galdu behar den lehenengo gauza lotsa da, eta hori da zailena. Beraz, urte horietan horixe ikasi nuen, jende aurrean gauzak egitera ohitu nintzen. Gehienbat lotsa galdu eta jolasten hasi nintzen.

Oker ez banago 8 urte daramatzazu Goenkalen Mimiren papera egiten. Noiz arte? Bukatu dut! Duela hilabete bukatu nuen. Uste dut aste honetan izan dela nire azken emisioa, Mimi herritik joaten denekoa. Goenkale beste telesail bat, Mugaldekoak, eskaini didatelako utzi dut. Hasi da grabatzen. Lehenengo izan da TV movie bat, telebistarako film bat. Zinean bezala grabatzen da, kamera bakar batekin. Eta gero, horren ondorio, telesaila egingo da, orain grabatzen ari naizena. Goenkalen jada zortzi urte neramatzan eta aldatzeko gogoa nuen. Hori eskaini zidaten; beraz, bukatu da Mimi. Momentuz! Badakizu Goenkalen hildakoak ere bueltatu egiten direla…

Nola ikusten duzu Goenkaleren etorkizuna? Beste 16 urte bai? Erraz, seguruena bai. Ez dakit zenbat urte, baina Goenkalek ikusle asko dauzka. ETB 1ean ikusle gehien duena da, eta bertan jende fidel asko dago. Pentsa, 16 urte dira eta hor badago Goenkale familiakoa duenik! Beraz, nik pensatzen dut beste hiruzpalau urte egingo dituela.

Goenkaleko pertsonaiak egin zaituela ezagun esango zenuke? Bai, tira, ezagun edo, ez dakit nola esan, herri mailan bai. Antzerki munduan, uste dut ezagunagoa naizela egin ditudan antzerki obrengatik; izan ere, mundu horretan, Goenkale ez da asko ikusten.

Eta zein alde on eta txar ditu ezagun izate horrek? Nire ustez, ezagun izateak alde onik ez du. Nire lanak alde on asko ditu, niri asko gustatzen zait. Niretzat lanera joatea ez da lanera joatea, ez dut pisu hori. Ni gustura esnatzen naiz, gustura joaten naiz, eta Goenkalen eta Mugaldekoan oso gustura egon naiz zortzi urte hauetan. Orduan, alde on asko ditu nire lanak. Ezagun izateari, ordea, ez diot alde onik ikusen, txarrik ere ez. Nik ez dut inoiz jasan horrelako estutasun handirik; halere, niri ez zait gustatzen, nahiago dut ez nabarmendu.

Kuriositatez, hurbildu al zaizu norbait Mimi deituaz? Jesus! Jende asko! Baina hori ere ikasten duzu, nora joan eta nora ez. Badago jendea pila bat gustatzen zaiona eta oso gustura egoten dena jende tartean, bere izena esaten. Ni, ez; beraz, kontuz ibiltzen naiz. Kilometroak-etara ez naiz joaten, eta Ataungo festetara arratsaldeko bostetan ere ez, agian, gau aldean. Ikusten duzu zein lekutara joan zaitezkeen lasai egoteko.

Telebistaren gaia alde batera utziz, antzerkira joko dugu. Bertan lan dexente egin dituzu, erosoago sentitzen zarelako agian? Erosoago, ez. Antzerkian askoz ere urduriago jartzen naiz, askoz ere okerrago pasatzen dut. Telebistan askoz ere lasaiago nago. Antzerkiak gertutasun eta momentuko hori du eta nerbio asko pasatzen dut. Nik, behintzat, gaizki pasatzen dut, gehienbat lehenengo emanaldietan. Baina, beste alde batetik, badu emozioa eta publikoa bertan egote hori, berotasun hori. Horrek erakarri egiten nau. Ni lasaiago telebistan egoten naiz, baina antzerkiak bizi gehiago ematen dizu.

Antzezlan hauen artean “Las mujeres de verdad tienen curvas”, “Mujeres en sus camas” eta “Comida para peces” topa ditzakegu. Oso interesgarria iruditu zait guztiek gizarteko arazoak azaleratzea: inmigrazioa, lanean jasaten den jazarpena, loditasuna… Horrelako antzerki batean aritu ondoren, gai horiek beste ikuspuntu batetik ikusten al dituzu? Noski, denetatik ikasten duzu. Pentsa, pertsonaia bat ematen didatenean, lantzeko informazio bila hasten naiz. Adibidez, egin dudan azkeneko pelikula gerrate zibilean zegoen emakume kartzela bati buruzkoa izan da. Nik, Espainiako gerrate zibilaz banekizkien gauzak -zein urtetik zein urtera, ikastolan ikasten diren lau gauza…-, baina ez nekien benetan zer gertatu zen, ez nengoen gai horretan sakonduta. Pertsonaia prestatzeko momentuan, gauza asko ikasi behar izan nituen: liburuak irakurri, interneten begiratu, gauzak ikasi… Edozein lan egin eta gero, beste ikuspuntu batetik ikusten duzu, askoz ere gehiago dakizulako gai horri buruz.

Zer lortu nahi da ikuslearengan horrelako gaiak jorratzerako garaian? Nik uste dut antzerkiak, ez beti baina askotan, hori nahi duela, ez duela izan nahi entretenimendu bat eta puntu. Garrantzitsua da jendeak tratatzen diren gaien inguruan gogoeta egitea. Nik uste dut beharrezkoa dela jendeak ikustea gauzak pasatzen direla, eta modu dibertigarri batean ere, taula gainean, ikus daitezkeela.

Zure azken lana “Ate Joka” izan da. Bada gutxi gorabehera urtebete lan honekin hasi zinetela. Duela pare bat aste ikustera joan nintzen. Bertan, Iker Galartza eta Joseba Usabiagarekin elkarbanatzen duzu agertokia. Aurretik ezagutzen zenuten elkar beste lan batzuetatik. Horrek lagundu al du eszenatokian ikusten den kimika hori lortzeko garaian? Bai, bai. Guk Goenkaletik ezagutzen genuen elkar, duela urte asko. Beraiek “Ate Joka” baino lehen eginak zituzten beste bi obra beraiek bakarrik. Beti zera esaten zidaten “hurrengoa zukin ingo deu“, eta nik erantzuten nien “ezta erotuta ere!“. Beraiek oso lasaiak dira, eta ni dezente zorrotzagoa; halere, lasaitu egin naiz beraiekin. Tarteka esaten zidaten “emanaldia zortzitan genuen ez dakit non eta zortziak hamar gutxitan karreteran ginen oraindik iritsi gabe“, nik erotuta zeudela esaten nien. Normalean, ordubete lehenago joaten nintzen antzokira eta beti esaten nien ez nuela egingo. Deitu zidatenean, ordea, segituan baietz esan nien, lagunak direlako. Eta zuk esaten duzuna, aurretik lagunak gara, ezagutzen dugu elkar; beraz, kimika hori errazagoa da lortzen.

Une batez, Iker Galartza barreari ezin eutsirik zegoela konturatu nintzen. Horrelako une asko izaten al dituzue? Zoritxarrez, bai! Komedia bat da, eta jendeak barre asko egiten du. Guk ere, hainbeste aldiz egin ondoren, laurogei baino gehiagotan agian, askotan gauzak inprobisatu edo aldatzen ditugu, gu ere animosoago egoteko. Gauza berriak sartzen ditugu eta horrek badauka arrisku hori: zuk zerbait berria sartzen duzu eta besteak ea nola hartzen duen! Gerta liteke ondo hartzea edo, agian, publikoa barrez lehertzen hastea eta baita zu ere haiekin batera. Behin baino gehiagotan gertatu izan zaigu hori.

Zein azpimarratuko zenuke? Aurreko larunbatean izan zen okerrena. Orexan izan ginen, Tolosatik gora herri txiki-txiki batean, eta antzerkia udaletxeko ganbaran egin genuen. Leku oso txikia zen eta, han, izkina batean, eszenatokiko sofa eta beharrezko gauzak jarri zituzten. Ikusleak gugandik metro batera zeuden. Oso zaila da jendea hain gertu edukitzea; ez dakizu ezta non zauden ere! Eta hor jarri zitzaigun gizon bat metro batera, gainera gu bezala publikoari begira, eserita. Nik hasieran argazkilariren bat-edo zela pentsatu nuen, baina gero begiratu nuen eta ikusi gizon zahar-zahar bat zela, kristoren atxurrarekin, basoa eskuan. Gu antzerkia egiten metro batera. Barreari ezin eutsirik hasi nintzen, ezin nuela. Alde egin behar izan nuen, eta Iker atzetik…Gaizki pasatzen da. Ez pentsa, txikia bada momentua, tira, baina luzatzen bada eta buelta eman ezin diozula ikusten baduzu… Jendea hor dago begira, eta gaizki pasatzen da.

Une horiek ikuslearenganako gertutasuna lortzen laguntzen dute? Komedia batean, nire ustez, halaxe da. Drama bat bada eta, bat-batean, aktore bat barrezka hasten baldin bada, horrek urrundu egiten du. Baina, tira, komedia batean, hain arina izanda, jendeak ondo hartzen du.

Etorkizuenra joko dugu orain. Izarren Argia filma grabatzekotan zara, baita Mugaldekoak telesailean parte hartzekoa. Biak gerra zibilaren garaian kokatzen dira. Lehenengoa, Izarren argia, gerra zibilean; bestea, berriz, Bigarren Mundu Gerran. Baina bai, gertu.
Kasualitatez? Bai, horrela tokatu zait aurten eta kuriosoa izan da. Izan ere, lehenengoa, Izarren argia, gutxi gorabehera 38an gertatzen da; bestea, berriz, 42an. Beraz, gertu-gertu. Hortaz, kasualitate bat izan da eta baita nahiko barregarria ere. Fisikoki asko aldatzen gaituzte, ilea kizkurtu, eramaten zituzten”onda” horiek jarri… Lehenengo pelikula kartzelan gertatzen zenez, ez zen hain txukuna, baina oso arraro ikusten nuen nire burua. Mugaldekoan, berriz, normal ikusten dut nire burua era horretara jantzita, soineko horiekin. Ni oso pozik nago, lehen esan dizudan bezala, horrek behartu bainau gauzak irakurri eta ikastera. Jada aditua naiz gerrate zibilean, galdetu nahi duzuena!

Aurrera begira, ba al duzu aktore lanetik kanpo beste zerbait egiteko asmorik? Ametsik? Otsailean oporretara noa, hilabetez, Peru eta Txilera. Hilabete osoa hartu dut. Txalora deitu nuen, Ate Jokako produktorara, eta esan nien otsailean, mesedez, ez jartzeko funtziorik, oporren beharretan nengoela. Eta hori da nire oraingo ametsa.

KATE MOTZEAN:

Hondartza ala mendia? Hondartza.
Hiria ala herria? Astean zehar hiria eta asteburuetan herria.
Abesti bat? Russian Red-en abestiren bat.
Pelikula bat? Azken aldian ikusi dut El secreto de sus ojos eta, agian, nire bizitzan gehien gustatu zaidan pelikula izan da, edo gertu behintzat. Oso polita. Ikusi.
Liburu bat? Orain irakurtzen ari naizena, El arte de saber perder. Gainera, istoriotxo bat dauka. Behin joan nintzen nire ahizparekin, eta, bueltakoan, bakarrik nentorren irakurtzen. Orduan, emakume bat bere liburuari buruz hitz egiten hasi zitzaidan. Liburuko neska nolakoa zen kontatzen hasi zitzaidan eta oso identifikatua sentitu nintzen eta gero liburuko protagonistak Sara izena zuela esan zidan. Berehala erosi behar nuela pentsatu nuen. Duela gutxi erosi dut. 50 orrialde irakurri ditut eta nire antza dauka. Ez dakit aurrerago zer gertatuko den.
Zer ikusten duzu telebistan? Simpsonak, beti. Normalean, Simpsonak beti ikusten ditut eguerdian delako eta bazkaltzen nagoelako. Askotan telebista baino gehiago pelikulak ikusten ditut. Ez dut ezer jarraitzen. Goenkale ikusten dut, hori esan beharra daukat.
Leku bat? Andaluzia asko gustatzen zait. Beti edo ia urtero joaten naiz Cadiz edo Almeriara. Eguzkia asko gustatzen zait eta horren bila joaten naiz.
Jateko gustukoena? Mariskoa.
Nora ez zinateke itzuliko? Ez dakit. Leku guztietara itzuliko nintzateke, dirudienez!
Nor gustatuko litzaizuke elkarrizketatzea? Asko dakien norbait, asko bidaiatutakoa eta gauza askori buruz dakiena.

Kamera itzaltzearekin batera, hasierako urduritasunak ere joanak zirela konturatu nintzen. Egia esan, elkarrizketan zehar joan ziren gutxitzen, gustura nengoen seinale. Eta hala da, Sarak kameren aurrean ageri duen lasaitasunak kutsatu egiten zaitu. Amaitzeko, une hura esperientzia atsegin moduan gogoratuko dudan zalantzarik ez dudala esatea besterik ez zait geratzen. Mila esker guztiagatik, Sara.

Sara Cozar euskaljakintzan from Maite Goñi on Vimeo.

Ordiziako Jakintza Ikastolako Euskaljakintza 5eko Oihane Huesak Sara Cozar aktoreari egindako elkarrizketa.

Comments { 1 }

Iker Galartza: “Zaila da komedia egitea, jendeari barrea eraginaraztea ez baita erraza”

Astelehen batean, 2009ko azaroaren 16an, nire gelakide Garazi eta biok Donostiarantz abiatu ginen Iker Galartza elkarrizketatzeko asmoz. Ikastolatik ordu erdi bat lehenago atera ginen; ez zitzaigun axola izan, ilusio handia egiten baitzigun hain gogoko dugun aktorearekin elkartzeak. Aitak EITBko estudioetan utzi gintuen eta segituan abiatu ginen barrurantz, bertan ibiltzeko baimena genuela frogatzen zuten txarteltxoak hartu ondoren. Behin barruan geundela, Ikerrekin hitzordua genuela esan eta bertan itxaroteko esan ziguten. Hortik pare bat minutura agertu zen Iker. Agurtu eta Vaya semanitarako “sketch” bat grabatzen ari zela esan zigun, baita nola grabatzen zuen ikustera gonbidatu ere. Kroman ari ziren grabatzen eta oso kuriosoa izan zen nola egiten zuten ikustea. Hori gutxi balitz, horren ondoren, Goenkaleko platoa erakutsi zigun, baita kanpoan grabatzen dutenerako dekoratua ere. Oso urduri nengoen, baina pixkanaka lasaitzen joan nintzen; izan ere, liluratuta geunden bai hori guztia ikusten egoteagatik eta baita Iker hain jatorra dela frogatu ahal izateagatik. Gure paseotxoaren ondoren, Goenkaleko platoetako batean eseri ginen Iker eta biok, Garazi kameratzat genuela, eta elkarrizketarekin hasi ginen. Hasteko, aurkezpen labur bat egin nuen.

Iker Galartza Amezketan jaiotako euskal aktorea da, nahiz eta gaur egun Tolosan bizi. Denok ezagutzen dugu Goenkale, Vaya Semanita edo Euskolegasen egin dituen eta egiten dituen lanengatik. Halere, antzerki lanetan ere ibiltzen da, dagoeneko Erreleboa, Bota patsa eta Ate joka antzezlanetan lan egin duela. Gogora ekarri nahi dut, hasieran, Poxpolo pailazoaz egiten zuela.

Iker, hasi baino lehen, eskerrak eman nahi dizkizugu euskaljakintzari eskaini diguzun tartetxoagatik, bai baitakigu oso lanpetuta zaudela. Eskerrik asko zuei ere.

Oker ez banago, hamazazpi urte zenituela Goenkalen ateratzen hasi zinen figurante bezala. Besterik gabe egiten zenuen lana zen, edo ordurako aktoreen mundua gustuko zenuen? Bai, gustatzen zitzaidan. Eskolan antzerkiak egiten genituenean eta andereñoa hasten zenean paperak banatzen gabonetako antzerkia egiteko, ni desiatzen egoten nintzen ea noiz ematen zidan. Nik Herodesena egiten nuen eta asko gustatzen zitzaidan, disfrutatu egiten nuen. Orduan, zuk esaten duzuna, interesa pizten, ezagutu nahian hasi nintzen. Zer ote da telebista mundu hau? Eta horrela, figurante bezala etortzen nintzen. Hementxe foku hauei denei begira, erretratu hauei begira, aluzinatu egiten nuen. Hainbeste gustatzen zitzaidan, non esaten nuen: egunen batean hor egin behar dut lan. Eta horrelaxe.

Zure familiak zer iritzi zuen zu mundu honetan ibiltzeaz? Nire aitak eta amak beti esan izan didate barnean nuena egiteko; ahal izanez gero, behintzat, gustatzen zitzaidana egiteko. Poliki-poliki interes hori pizten joan zen eta banekien hura gustatzen zitzaidala. Halere, askotan ofizio batzuk ezezagunak izaten dira etxe batzuetan guraso batzuentzat, eta nireak kezkak, zalantzak… bazituzten, baina beti esaten zidaten: “Erabakitzen duzunarekin aurrera, Iker”. Eta horrelaxe egin izan dut, eta, ikusten duzu, ordutik aurrera orain arte.

Hasieran ez al zitzaizun arraroa egiten zure burua telebistan ikustea? Hasieran eta gero ere bai. Oraindik lanean ere askotan pasatzen da, batez ere erdaraz aritzean. Ni erdaraz aritzen naizenean, nire ama hizkuntza ez denez, nire burua erdaraz hizketan entzuten dut eta zerbait arraroa da, arraroa egiten zait askotan. Baina esaten dute bat ez dela horretara inoiz ohitzen, kostatzen dela.

Antzerkian Poxpolo pailazoarena eginez jardun zinen zazpi urtez, eta urte batean hirurogei emanaldi inguru ematera iritsi zineten umore nahiko ganberroa eta familiarra erabilita. Gaur egun telebistan betetzen dituzun rolek eta antzerki lanetan antzeztutakoek ere ikusleen barrea eragitea dute helburu. Inoiz pentsatu al duzu erregistroz aldatu eta rol serioagoak betetzen hastea? Bai, zuk esaten duzuna. Poxpolo eta Mokolorekin, Vaya Semanitan eta Goenkalen ere, nahiko pertsonaia komikoa zen nirea, “Tximistarekin” batera zebilena. Antzerkian ere beti komediarako deitzen naute. Zuzendariek hor ondo moldatzen naizela ikusten dutelako izango da. Beraiek ez dakite nola moldatuko nintzatekeen beste zerbait egiten; izan ere, beti komedia egiten aritzen naiz. Baina zaila da komedia egitea, jendeari barrea eraginaraztea ez da erraza. Askotan zuk ez dituzu egun onak, edo gaixo zaude, edo umore txarrez… eta besteei barre eraginaraztea ez da erraza. Eta zure galderari erantzunez, bai, gustura egingo nuke beste zerbait. Aktore batentzat gauza ezberdinak egitea ezinbestekoa da. Halere, egiten ditut, publikorako ez bada ere. Nik badakit orain drama bat egingo banu, agian inork ez lukeela ikusi nahiko; izan ere, jendea ni beti barrez ikusten ohituta dago eta zaila izango litzateke. Testu dramatikoak etxean lantzen ditut, eta, nire ustez, maiz egin beharreko ariketa bat da gauza ezberdinak egitea.

Vaya Semanitarako “sketchak” grabatzerakoan sortutako “toma-faltsuak” agertu ohi dira programaren bukaeran. Momentu paregabeak igaroko dituzue nahiz eta grabaketa saioak luzeak izan. Askotan behin eta berriro errepikatu beharra izaten dira aktoreen barreguragatik edo. Baina barregura hori antzerkian etortzen zaizunean ezberdina izango da, ezta? Noski. Hemen, barregura sartuz gero, moztu eta berriro egiten da. Horrek soluzioa dauka; antzerkian, berriz, ez. Eta gertatzen da. Batzuetan, barregura sartzen da eta batek ezin dio eutsi. Baina ezberdina da; izan ere, antzerkian jendeak eskertzen du hor goran dagoen aktorea, oholtza gainean dagoena, ondo pasatzen aritzea; eta nahiz eta nahi gabe irribarre batek alde egin, eskertzen dizute. Ikusten ari denak “begira, lanean ari da eta gainera gustura dabil” esaten du. Hori gozamen bat da. Eta hemen barre ez dugu askotan egiten. Toma faltsuak, agian, sei-zazpi bat emititzen dituzte, baina komeriatan ibiltzen gara horiek lortzeko; izan ere, goizeko hamaiketan, bat nahasten denean, barre egiten dugu. Dena den, arratsaldeko zazpiak direnean eta bat “kauen la…” hasten denean, gero hori ezin dute emititu. Eta horrelakoak dezente egoten dira, umore txar samarrean ibiltzen garenekoak, erakutsi ezin direnak…

eitb.com-etik ateatako argazkiaTelebista eta antzerki munduan urte dezente igaro ondoren, dagoeneko bi eremu hauetako abantailak eta desabantailak ezagutuko dituzu. Zein duzu nahiago? Biak gustatzen zaizkit. Galdera hau askotan egin izan didate, aktore askori egin izan diete galdera hau eta askok antzerkia nahiago dutela erantzuten dute. Egia da antzerkiak beste bizitasun bat ematen duela, zuzenekoak beste energia bat dauka, beste nerbio batzuk… Nahiz eta zuk hogei aldiz edo hogeita hamar aldiz egin gauza berdina eta ondo entseatuta eduki, “en vivo y en directo” da eta, hor nahastuz gero, ez dago zuzentzerik. Eta lehen esan dudana, hor tentsio bat dago eta horrek ere beste bizitasun bat ematen du dena ondo ateratzen denean ere. Hemen, grabazio bat ondo ateratzen denean, ez duzu esaten “ze ondo, ze gustura geratu naizen!”, baina telebistak baditu beste trikimailu batzuk. Hemen, ikusten duzu, leiho hauetatik kamerak sartzen dituzte eta ezin gara elkarri tapatu; bestela, kamerak ez zaitu hartzen. Ni orain horrela egongo banintz zurekin hizketan, denbora guztian nire belarria ikusiko da bideoan, eta, orduan, pixka bat falseatzen eta kamara faborazten ikasten duzu. Adi ibili behar da. Polita da, niri gustatzen zait telebista.

Ikusten al duzu zure burua beste lanbideren batean? Behin baino gehiagotan pentsatu dut hori. Badaude gustatzen zaizkidan gauzak, sukaldaritza ere gustatzen zait. Nire aitak sagardotegi bat zeukan eta han, parrilan, txuletak egiten gustura ibiltzen nintzen. Lan hori gustatzen zitzaidan. Ikasi nuen ofizio bat da eta egunen batean ez dizut esaten berriz bueltatu beharko ez dudanik. Nire aita jubilatu egin da; beraz, besteren baten parrilan egin beharko dut lan; izan ere, hau ez baita betiko. Hemen, orain, lanean gustura nabil, baina kontratuak bukatu egiten dira. Nire ustez, bizitza osoan zehar jarraituko dut antzerkia egiten, baina batzuetan lan gehiago egoten da eta beste batzuetan gutxiago. Antzerkitik bakarrik ezin da bizi. Oso gutxi irabazten da gainera.

Zein proiektu dituzu epe laburrera? Ez dakit. Vaya Semanitan orain kontratua abendura arte daukat, hor bukatzen da. Espero dut ekainera arte berrituko digutela. Horretaz gain, Ate Joka egiten gabiltza Goenkaleko Tximista, Sara Cozar ordiziarra, zuen herritarra, eta ni. Hirurok gaude eta momentuz hurrengo hiru-lau hilabetetarako lana daukagu. Dagoeneko laurogei bat herri egin ditugu, bukatzen ari dira eta ez dakigu zerbait berria pentsatu beharko den… Eta gero Poxpolo eta Mokolorekin jarraitzea zen gure asmoa, baina ez dakit jakingo duzuen, lehengo astean Mokolo hil egin zen (elkarrizketa Gabonak baino lehen egin zen) eta orain umezurtz geratu gara. Gainera, Estatu Batuetan hil da, oso urruti. Oraindik ez dute bere gorpua ekarri eta zer egin ez dakigula gaude, zer gertatuko den jakin gabe. Emanaldi guztiak suspenditu egin ditugu eta Gabonak eta data hauek guztiak pasatu arte itxarongo dugu. Gero udaberriari begira jarriko gara eta zerbait pentsatu beharko dugu; izan ere, azkenean, hemen gaudenentzat bizitzak jarraitu egiten du eta zerbait egin beharra dago, ez gara etxean geratuko.

eitb.com-etik ateratako argazkiaInoiz pentsatu duzu metraje luzeko film bat egitea? Zein aktorerekin gustatuko litzaizuke horrelako lan bat egitea? Bai horixe; pentsatuko ez nuen, ba! Luzemetraia bat gustura egingo nuke, baina zaila da, ez dute hala-hola deitzen. Hor egon behar da, kastingak egin behar dira… Oso adi egon behar da pelikulak zeinek egiten dituen, non egiten diren kastingak, probak zeinek egingo dituen… Nik momentu honetan zortzi hilabeteko alaba txiki bat daukat eta, agian, Madrilen pelikularen bateko kasting bat dagoela jakiten dut eta ez naiz joaten; izan ere, nik hemendik ateratzen naizenean nahi dudana etxera joatea da, emaztearekin, alabarekin, familiarekin, afaritxo bat egin… Ez da nire unea behintzat. Nik hemen egon nahi dut, etxetik gertu, Tolosatik gertu, nire antzerkiekin Itsasondon, Legorretan, Ordizian, Ikaztegietan, Zaldibian, Idiazabalen… herri txiki guztietan. Eta antzerkia eginez eta pailazoarena eginez bizimodua ateratzerik badut, ni horri eusten saiatuko naiz, momentuz behintzat. Gero, aurreargo, ikusiko dugu. Egia da ere, udan, bi hilabete geldirik nagoenean, norbaitek deituko balu pelikula bat egiteko gustura hartuko nukeela, pelikula polita bada behintzat. Eta ez dakit edozeinekin egingo nukeen, pelikularen arabera. Erromantikoa izanez gero, agian, Sara Cozarrekin; hori bai, aktore on batekin eta aktore onak asko daude Euskadin.

Kuriositate bezala, zure burua interpretatzen duzun pertsonaiaren batekin identifikatuta ikusten al duzu? Ez, ez dut nire burua inongo pertsonaiarekin identifikatzen, baina ia pertsonaia guztiek nire zerbait badutela esan daiteke. Pertsonaia lasai bat egin behar izanez gero, nire barruan lasaitasuna non dagoen bilatu beharko dut. Ez naiz gezurretan ari. Egiazko pertsonaia bat egiteko, pertsonaia sinesgarria izateko, egiazkoa izan behar du eta barrutik egin behar dela iruditzen zait. Orduan, nire patxada ateratzen saiatu beharko nuke; izan ere, nik badut patxada, zuk ere baduzu, eta denok daukagu patxada barruan. Pertsonaia urduri bat egin beharko banu, nire urduritasun hori barruan bilatu beharko nuke; zuk, nik, denok daukagu. Poza, negarra, alaitasuna… sentimenduak denok dauzkagu barruan eta horiek ateratzen ikasi egiten da. Beraz, ezin naiz identifikatu pertsonaia batekin, baina pertsonaia guztiek dute nirea den zerbait. Hau da, nik ez dut sekula, adibidez, pertsonaia homosexual bat interpretatu. Ez naiz homosexuala, heterosexuala naiz, baina esaten dute mutilek badugula gure alde femeninoa gure barruan eta zerbait bilatu beharko nuke, zerbait ikertu beharko nuke. Eta zuek ere marimutil batzuez egin beharko bazenute, adibidez, zerbait aurkitu beharko zenukete zuen barruan.

Ordiziako Josetxo Imaz lasterketan parte hartu zenuela esan didate. Kirola egitea gustuko al duzu? Gustatzen zait kirola egitea, lagunekin ondo pasatzen dudalako eta aitzakia horrekin pixka bat forman egoten ere saiatzen naizelako; izan ere, elkartera joatea gustatzen zait, sagardotegietara joatea gustatzen zait… Nire emaztea oso sukaldari ona da eta ni ere sukaldari nahiko txukuna naiz, lehen esan dizuedan bezala. Orduan, gure etxean ere beti ondo jaten da. Gaur astelehena da eta babarrun platerkada bat eta saiheskia jan ditut. Posible al da? Astelehena da eta suabe beharko litzateke… Baina gero, noski, porru-patata batzuk, arin-arinak, jango ditugu. Parranda egitea ere gustatzen zait, lagunekin ateratzea eta noizean behin goizeko hiruretan edo lauretan etxera joatea. Baina, noski, hori konpentsatu egin beharra dago; bestela, gero agertokira igotzen zara eta, pentsa, Poxpolo eta Mokolorekin dantzan eta hizketan ordu eta erdi, edo antzerkian etengabe hizketan… Kaxa pixka bat eduki behar da, baita hanketan indar pixka bat ere; dena zaindu behar da. Baina ez nuen oso denbora ona egin Josetxo Imazen, e! Baita zera ere! Hamar kilometro egiteko, ordubete behar izan nuen.

Zer moduz daramazu pertsonaia famatua izatearen kontua? Jende askok geratzen al zaitu, kaletik zoazela, telebistan ikusten zaituela esateko? Ondo daramat. Jende asko azaltzen zait bidera kalean nabilenean, erosketak egiten ari naizenean, ferian nagoenean… baina gustura. Esan ohi didate: “Ikusi zintudan ostegunean, ondo; barre egin genuen, e!” , edo “aurrekoan egin zenuten hori zertxobait arraroa zen, ezta? Aspertu nintzen pixka bat”. Hori ere gerta daiteke, eta hobetu egin behar da horrekin. Denetarik entzun behar dugu. Baina, normalean, jendeak jarrera onarekin hitz egiten dizu. Batzuetan gertatzen da ere norbait etortzea eta, elkarrizketa bat egin dizutelako, aberatsa zarela iruditzea eta honakoa esatea: “Zuk diru mordoa irabaziko duzu, ez?”. Gertatzen da jendea horrela hurbiltzea. Baina normalean ondo, jendearekin gustura, bai. Hala ere, batzuetan ez duzu hitz egiteko gogorik -ikusten duzue gaur baietz, gaur badudala hitz egiteko gogoa-, baina batzuetan ez duzu hitz egiteko gogorik eta jendeak galderak egiten dizkizu. Nik ulertzen dut gure lana erakargarria dela, behintzat jendeak ikusi egiten du. Tailer batean lanean ari denaren lana beste mundu guztiak ez du ikusten. Agian, aulki hau egin duenak egingo zuen eta, ez dakit, baten batek esango zion: “Ze ondo, ze aulki polita! Egin itzazu mordoxka bat”. Gustura geratuko zen. Bada, guk berdin. Gure lana egiten dugu, telebistan agertzen da eta, orduan, jendeak ze polita den esaten du.

Kate motzean

Bukatzeko zure interesen berri izateko galdera motz batzuk egingo dizkizut:
Interpretaturiko pertsonaiarik gogokoena? Ez dakit. Gustatzen zait orain egiten ari naizena Antxon y Maite-n. Iñaki bat interpretatzen dut, pixka bat zomorritoa eta gizajoa. Horrena gustura egiten dut, bai, gustatzen zait.
Gustuko duzun aktore/aktoresa bat?Aktore bat? Bada, ez dakit; asko daude. Ni Joseba Usabiagarekin geratuko naiz, “Tximistarekin”. Oso gustura lan egiten dut berarekin, oso ondo ulertzen dugu elkar eta kilometro pila egiten ditugu elkarrekin. Eta egia esan, oraindik ez naiz aspertu. Orduan, niretzat hoberena bera izango da, noski.
eitb.com-etik ateatako argazkiaHerria edo hiria? Herria, beti.
Mendia edo hondartza? Mendia.
Janari bat? Gazta. Mondejua ere gustatzen zait; ardikia asko gustatzen zait.
Musika talde edo abeslari bat? Akelarre. Eta abeslari bat ez dakit, edozein; euskal musika gustatzen zait. Anje Duhalde gustatzen zait, Mikel Markez gustatzen zait, Benito Lertxundi, Xabier Lete ere gustatzen zait…
Film bat? Cantinflas ezagutzen al duzue? Politak dauzka. Niri oso onak iruditzen zaizkit. Komedia egiten zuen; baina beti bere ukitu malenkoniatsuak emanez, sentsazioak eta sentipenak piztea lortzen zuen Cantiflasek. Niri oso komediante ona iruditzen zitzaidan. Bai, bazuen zerbait, Chaplinek eta horiek bezala, gizon horrek ere. Agian, ez zitzaion eman merezi zuen bezainbesteko meriturik, baina nik uste dut munstro bat zela; oso ona zen. Egiten zuen edozein pelikula, “Cantinflas el barrendero”, “El padrecito”… ona zen. Gogoratzen dut, umetan ikusten nuenean, ikaragarri gustatzen zitzaidala. Garai hartan, umetan, Cantinflasen pelikula bat gusturago ikusten nuen orain egiten dituzten superprodukzio handi horietako bat baino.
Haurtzaroan gustuko zenituen marrazki bizidun batzuk? Arturo erregea. Eta “Totakon” edo hura ere gustura ikusten nuen.
Amets bat? Amets asko dauzkat. Orain Mokolo gurekin ez dagoela, berarekin hasitako bide hori jarraitzea da gure ametsa; ez da erraza izango, baina une honetan amets hori konpartitu behar dugu taldekide guztien artean, Joseba eta beste guztien artean. Eta hasitako lan horrekin nolabait aurrera jarraitzeko formula bilatzea, horixe.
Ongi da, honekin amaitutzat emango dugu elkarrizketa. Mila esker berriro ere tarte honengatik eta zorterik onena opa dizugu. Eskerrik asko eta zuei ere berdin.

Une zoragarria igaro nuela esan beharrik ez dago. Ikerri buruz nuen uste ona indartu egin zen, lehen esan dudan bezala, oso jatorra baita. Elkarrizketa bukatzean, argazkia ateratzerik axola ez al zitzaion galde egin nion eta gustu handiz onartu zuen. Horrela, bada, berriro ere eskerrak ematen dizkizut, Iker. Zuk ere tarte atsegina igaro izana espero dut!

Iker Galartza euskaljakintzarekin from Maite Goñi on Vimeo.

Ordiziako Jakintza Ikastolako euskaljakintza 5eko Lidia Arañak Iker Galartzari egindako elkarrizketa.

Comments { 1 }

Xabier Euzkitze: “Ez naiz inoiz damutu bertsolaritza utzi izanaz”

Xabier Pérez Mendizabal “Euzkitze” duela 43 urte jaio zen Azpeitian. Gaztetatik kazetaritza munduan lanean ibilia da eta gaur egun ere horretan jarraitzen du. Kalaka saio arrakastatsuko aurkezle da eta pilota emankizunetan esatari lanetan ere aritzen da. Horretaz gain, Saharautz elkarteko bozaramaile ere bada. Honek guztiak arreta piztu zuen nigan eta, berari buruz zertxobait gehiago jakiteko asmoz, elkarrizketa hau egitea bururatu zitzaidan. Horrela, aurkezleari buruzko informazioa lortu eta dena lotuta nuela ikusi ondoren, hitzordua ipini eta haren etxerantz abiatu nintzen. Orain, elkarrizketaren emaitza zuekin partekatzea gustatuko litzaidake. Esan beharra dago elkarrizketa Bertsolaritza Txapelketa Nagusia 2009ren aurrekoa dela. Interesgarria iruditu zait, dena den, hari buruzko galderak mantentzea, nahiz zaharkitu samarrak geratu diren, Xabierrek balizko irabazleari buruz hitz egiten digulako. Hori argituta, eman diezaiogun, bada, hasiera solasaldiari.

Hasteko, esan behar da zure benetako izena Xabier Pérez Mendizabal dela. Nondik datorkizu “Euzkitze” ezizena? Ni, erdia behintzat, azkoitiarra naiz. Ama azkoitiarra dut eta inguru hartan familiarik gehien-gehienak badute izenorderen bat. Kasu batzuetan izenordea da, besteetan ezizena, besteetan goitizena… Gure kasuan, baserritik dator. Gure aitona Euzkitze baserritik jaitsi zen kalera, eta geroztik berarekin ekarri zuen izena. Hura Guillermo“Euzkitze” zen. Haren seme-alabetako bat, gure ama, Lurdes “Euzkitze” da. Familia guzti-guztiari “Euzkitze” deitzen digute, eta ni ere Euzkitzeneko Xabier naiz Azkoitian. Bertsotan egin nuen lehenbiziko saioan Xabier Pérez izenez kantatu nuen, baina bigarrenetik aurrera, ez dakit zergatik, “Euzkitze” izena jarri zidaten. Agian nik emango nuen, ez naiz oso ongi gogoratzen nola izan zen… Dena den, geroztik behintzat izen horrekin aritu naiz.

euzkitze_inigo

Jaiotzez azpeitiarra, baina txikitatik Zarautzen bizi izan zara. Nongoa sentitzen duzu zure burua? Ez daukat arazorik orain zarauztarra naizela esateko. Hemen bizi naiz, hemen lo egiten dut, hemen jaten dut, hemen pasatzen ditut nire ordurik gehienak, hemen ibiltzen naiz korrika, hemen ibiltzen naiz umeekin eta emaztearekin pasean…Beraz, erabat zarauztartua nago. Gainera, umeak zarauztarrak direnean, beraiek asko markatzen dute hori. Baina jaio, Azpeitian egin nintzen, Azpeitian adina bizi izan naiz Azkoitian. Donostian ere bizi izan naiz, Bilbon ere pixka bat… halako nahasketa bat badaukat baina azken zortzi urteak Zarautzen daramatzagu eta oso leku atsegina da bizitzeko.

Denok dakigu bizitzaren zati handi bat bertsolaritzari eskaini diozula. Nolatan hasi zinen? Askotan tradizio kontuak izaten dira, eta belaunaldiz belaunaldi pasatzen diren zaletasunak dira. Baina gure etxean ez zen bertsotarako zaletasun berezia zuen inor ere. Garai hartan, Loiolako Herri Irratia geneukan, orain saltzera doazen hori. Orduan bazuen bere indarra. Guk etxe ondoan geneukan, eta, gure etxe ondoko kontuak aipatzen zituenez, guretzat oso gertukoa zen. Haren bitartez sartzen zen guztia arreta biziz jarraitzen genuen, bertsolaritza esaterako. Nik betidanik ikusi izan nuen bertsoek nigan sortzen zutela aparteko lilura bat, aparteko oihartzun bat izaten zutela nire barnean. Gero, hamaika urterekin, lehendabiziko aldiz zortziko handia eta txikia zer zen, errimak non joan behar zuen eta pixka bat teknikak azaletik esplikatzen hasi zitzaizkigunean, ikusi nuen gainerako nire klasekideek baino erraztasun handiagoa nuela, behintzat gauza horietarako, eta pixkanaka-pixkanaka hasi nintzen zaletzen. Hamalau urte nituela antolatu zuten, horretan suertea izan nuen, eskolarteko lehendabiziko txapelketa. Lehenbiziko hartan idatziz bakarrik, bertso paperetan bakarrik hartu nuen parte, eta, bigarrenetik aurrera, bat-batean. Bat-bateko lehenbiziko hura irabazteko suertea izan nuen, eta handik aurrera bata bestearen atzetik etorri da.

euzkitzeBertsolaritza zure momenturik gorenean utzi zenuen. Erabaki zaila izango zen, ezta? Ez ezazu hori pentsa. Nik urteak ez dakit, baina denbora puska bat behintzat baneraman horri bueltak ematen. Nik mundu hori pasio handiz bizi izan nuen: ikaragarri gustatzen zitzaidan bertsoa bera; bertso munduko ibili hori; jendearekiko harremana, tratua, hurbiltasuna; hainbeste herri eta zoko ezagutzeko aukera; hainbeste euskalkitan entzuteko eta ikasteko aukera… Niretzat zoragarria zen eta oso-oso gustura ibili izan nintzen. Baina pixkanaka-pixkanaka lilura hori galtzen joan nintzen. Askotan bertso saio baterako abisua heltzen zitzaidanean, poza hartzen nuen, “bueno herri honetan oraindik ere nahi ditek nik kantatzea”, eta momentu horretan poza hartzen nuen; eguna iristen zenean eta etxetik irten eta autoa hartu behar nuenean, ordea, sekulako pereza ematen zidan, gero eta handiagoa. Halako batean, Soraluzen kantatzen ari nintzela, tabladuan bertan, oso-oso sentsazio garbiak izan nituen eta neure burua esaten ari zitzaidan “utziok, utziok…” eta halako batean pentsatu nuen “hauxe izango dugu nire azken saioa”. Handik aurrera, beste dozena bat saio baneuzkan hartuta, baina denak utzi nituen. Orduantxe erretiratu nintzen.

Zure ustez Txapelketa Nagusia irabazi ez izanak eragina izan zuen? Ez zait iruditzen. Gainera, seguru dakit hori ezetz. Pena pixka bat ematen dizu orain urrunetik begiratuta, baina nik uste dut ibili izan nintzen garai haietan lan ona egin nuela. Txapelaren atarian geratu izan naiz pare bat aldiz eta nik uste dut txapelketetan ere nor nintzela, baina ez zen tokatu edo ez zidaten eman behintzat. Alde horretatik pena pixka bat ematen du, ezta? Denok daukagulako geure egoa eta denoi gustatzen zaigulako edo gustatuko litzaigukeelako txapeldunen klub esklusibo horretan gure izena agertzea. Ez dut halakorik lortu, baina aurrez beste hainbat bertsolari handi ere izan dira txapelik lortu gabe hil direnak eta ni bat gehiago naiz. Baina horrek ez dit inolako traumarik sortzen, egia esanda. Hori baino askoz ere garrantzitsuagoa izan zen ilusio falta hori, eta neurri batean goxotasun falta bat ere bai, bakardade pixka bat ere bai zenbait momentutan. Eta azkenean, erabaki hori hartu nuenean, sekulako lasaitua izan zen niretzat eta ez daukat batere damurik. Uste dut oso erabaki zuzena eta hartu beharrekoa izan zela.

Aurtengo Bertsolaritza Txapelketa Nagusia jada martxan da. Jarraitzen ari al zara? Ez askorik. Bertso saio bat izan zen hemen, Zarautzen, baina igande arratsaldea zen eta nik igande arratsaldeetan beste eginkizun batzuk izaten ditut: pilota partidak. Orduan ez nuen joaterik izan eta, gainerakoan, Hitzetik hortzeraren bitartez zertxobait jarraitu dut, irratiz beste zertxobait, prentsaren bitartez ere bai pixka bat… Askorik ez dut jarraitu, baina sailkatuak zeintzuk diren eta gauzarik nabarmenenak behintzat badakizkit.

Eta txapela irabazteko faboritorik baduzu? Nik uste dut, Andoni Egaña ren mailan egon daitezkeen beste batzuk badaudela, final batean Andoniren pare gera daitezkeenak edo baita gainetik ere, zergatik ez. Maialen Lujanbio k erakutsi du edozertarako gauza dela, Unai Iturriaga k urteak daramatza txapelera gero eta gehiago hurbiltzen, Igor Elorza ere bertsolari bikaina da, Aitor Mendiluze , Amets Arzailuz bera ere bai… Nik uste dut horietako edozeinek eman diezaiokeela estutu handi bat Egañari eta gainetik geratu ere bai. Txapela lortzea, Egañari txapela kentzea beste kontu bat da. Andonik badu halako aura bat eta gainetik geratu behar hori… Nik uste dut oso nabarmena izan behar duela Egaña txapelik gabe geratu dadin.

Gaur egun kazetaritza lanetan zabiltza. Nolakoa izan zen hasiera hori? Oso hasiera naturala izan zen. Nik ordurako bertsotan zenbait baneramatzan, bi-hiru urte; asko ere ez, baina niretzat asko zen orduan. Irratiko mundu horrek beti tentatu izan ninduen, beti erakarri izan ninduen. Halako batean, jakin nuen ezagun baten bitartez, 1983an edo 84an izango zen hori eta artean 17 urte nituen, 18 egiteko, Euskadi Irratian kiroletarako kolaboratzaile bat behar zutela eta kastin bat egin behar zutela. Halaxe, lotsagabe-lotsagabe agertu nintzen. Dozena bat lagun zeuden, irratian esperientzia puska bat zutenak ere bai batzuk. Nik ez nuen inolako itxaropenik han hautatua izan nendin, baina frogak pasatu genituen eta agindu zizkigutenak egin genituen. Berehala deitu zidaten esanez, hasi nahi izanez gero, aukera emango zidatela. Horiek izan ziren nire lehen urratsak. Euskadi Irratian bizpahiru urtez aritu nintzen kolaborazioak eta era denetako transmisioak egiten. Udako magazinetan ere egiten nituen erredaktore eta esatari lanak. Geroago, 1987. urtean, Euskal Telebistan gazteen saio bat egin nahi zutela eta, beste kastin batera deitu gintuzten. Han ere suertea izan nuen, eta geroztik hortxe gabiltza telebistan, 87. urtetik; beraz, 22, partida irabazteko adina.

euzkitze_inigo2Zure ustez, bertsolari izateak lagundu al zizun kazetari lana lortzen? Lana lortzen… baliteke. Ni, ordurako, bertsolari gazteen txapelketetan nabarmentzen hasita nengoen, mordoxka bat banituen irabaziak… Gero eta maizago nahasten gintuzten Jon Sarasua eta biok, nagusiki, garai hartako bertsolaririk handienekin, garai hartako izarrekin, ume mukizu batzuk izan arren. Lazkao Txiki , Lasarte, Lazkano, Lizaso (zaharra eta gaztea), Azpillaga, Lopategi, Amuritza… halakoekin bertso saioak egiten genituen gero eta maizago, eta horretan ezagun izateak behar bada, ez dut ukatzen, bultzadatxoren bat eman izango zidan. Gero, zalantzarik gabe, bertso plazetan inprobisatzen aritzeak nik uste dut laguntzen duela, beste hainbat gauzatan ere inprobisatu behar izaten delako. Atzo bertan, esate baterako, Kalaka n abortuari buruz hitz egitea genuen pentsatua eta halaxe osatua genuen mahaia ere, gai horri buruz hitz egiteko; baina, bat-batean, Alakranaren auzian gauza berri bat gertatu zen eta, aktualitateak agintzen duenez, korrika eta presaka gauza asko aldatu behar izan genituen eta ia gidoirik gabe egin behar izan genuen programaren lehenbiziko zatia. Halako gauzetarako, inprobisatzeko eta une estuetan eta larrietan aurrera nola egin jakiteko, nik pentsatzen dut bertsotako ibili horrek pixka bat lagunduko didala.

Gainera, EITB ko pilota emankizunen arduradun zarela irakurri dut. Txikitatik al datorkizu pilotarekiko afizioa? Bai. Ikusten duzun bezala, suerte ikaragarria dut; izan ere, dena afizioen inguruan hitz egiten ari gara, eta nire kasuan afizioak bihurtu zaizkit azkenean ogibide. Lehen esan dizut erdia inguru behintzat banaizela azkoitiar, eta gehienbat pilotak eramaten ninduen ni Azkoitira. Azpeitian bizi eta ikasi arren, bueno erdi bidean, Loiolan, joera ikaragarri nuen Azkoitirako. Orduan, Azpeitian ez zegoen ez itxurazko pilotalekurik eta ez pilotarako lagunik. Azkoitian, berriz, plazan bertan bizi ziren gure aiton-amonak, eta plazan bertan badaude, eta orduan ere bazeuden, bi pilotaleku: Goikolosa eta Konsejupe famatua. Lagunak, berriz, gehiegi; txanda hartu ezinik. Orduan, giroaren bila joaten nintzen batik bat Azkoitira. Txikitan nire amets nagusia, bertsolari izatea baino lehen, pilotari izatea zen. Saiatu ere saiatu nintzen, baina ez nuen balio.

Pilota partidu ugari komentatu dituzu. Bakarra aukeratu beharko bazenu, zein litzateke? Ez dakit, ez da erraza. Pilota partida asko, milaka batzuk izango dira honezkero, eta gainera espezialitate askotan; bat hautatzea, beraz, ez litzateke erraza izango, baina partida on asko eman izan dugu. Orain Titin zahar horrek Julen Retegiren aurka jokatuko du lau eta erdian. Orain hamabi urte, Julenen aitaren kontra, Julian Retegiren kontra, jokatu zuen Titinek lau eta erdiko finala. Goi mailako finala izan zen, ikaragarria! Hura gogoan dut. Gogoan dut ere Juan Martinez de Irujok eman zuen erakustaldia; asko eman ditu, baina, adibidez, Aimar Olaizola batean utzi zuenean, 22 eta 1 irabazi zionean Gasteizen. Beste bat, Aimar Olaizolak eta Barriolak lau eta erdian, elkarren aurka ligaxkan jokatu zuten lehendabiziko partida hura, Iruñeko Labriten. Ikaragarria! Irujok eta Patxi Ruizek, buruz buru, Donostian jokatu zutena 22 eta 21 bukatu zena; Tolosak Retegiri irabazi ziona, eskua erabat txikituta zuela… Gainera, hementxe dut partida hartan erabili zuten pilota; hauxe zen Tolosak eskuarekin kolpatutako pilotetako bat. Partida historiko asko eman izan dugu, eta bat hautatzea ez da erraza.

Wazemank ek zuri buruz egiten duen imitazioa oso ezaguna egin da. Zer iruditzen zaizu? Oso ondo egiten dutela. Alkain artista da. Alu hori oso trebea da, oso abila da eta graziosoa, berezko grazia du eta gureak ere oso ondo egiten dituzte. Nik uste, imitazioei dagozkienez, eman beharrekoak eman samarrak ditugula. Uste dut urte gehiegitxo ere badaramatzatela gure bigarren aurpegi hori esplotatzen, baina ez dago ukatzerik ongi egiten dutela eta badutela grazia.

kalaka_eitbIdentifikatua sentitzen zara imitazio horrekin? Ez, ez dut uste. Gure pertsonaietatik abiatuta egindakoak dira, baina ez dut uste bestela gurekin zerikusi handirik dutenik. Hartzen dituzte gutxi gorabeherako arrasto batzuk, keinu batzuk eta esamoldeak, baina hortik aurrera egiten duten guztia ganberrismo hutsa da.

Orain zure bizitzaren beste alor batera pasatuko gara. Jakin dut Saharautz elkarteko bozeramaile zarela. Zerk bultzatu zintuen horrelako ekimen batean parte hartzeak?
Sahara rekiko lotura sentimentala aspalditik dator. Guk, herri gisa, baditugu gure ezaugarriak, oraindik bete gabeko helburuak, baina askoz ere egoera gordinagoan dagoen herri bat badago hemendik ez oso urrun. Sahararren herria dela esango nuke, mundu guztiko herri eta etnia guztiak kontuan hartuta ere, zapalkuntzarik bortitzena jasaten duena. Zapaldutako herri asko dago, zapalduta bizi den milioika jende dago munduan barreiaturik, baina okerren bizi direnak ere, euren lurrean bizi izaten dira behintzat. Baina Sahararrek hori ere ez dute, euren lurretik bidali zituzten eta munduko basamorturik gogorrenetako baten zati triste batean bizi dira, goran zerua eta beheran hondarra besterik ez dagoen leku batean, eta dagoeneko 34 urte daramatzate han. Guk orain dela zortzi urte inguru hartu genuen lehenbiziko aldiz Saharako haur bat gure etxean, bi hilabete pasatzeko. Horrek oraindik ere askoz gehiago sendotzen ditu zuk lehendik izan ditzakezun lotura sentimentalak. Guk orain ez dugu pentsatzen Jdeisha eta ondoren etorri zen haren ahizpa Smeia gure etxekoak ez direnik. Saharautz elkartea ere sortu genuen eta elkarte horretan badaramatzagu zenbait urte lanean. Gure eginbeharra “Oporrak Bakean” programaren baitan ahalik eta ume gehien ekartzea da. Horretarako, familiak aurkitu behar izaten dira eta hau ere gero eta zailagoa dago. Aurten krisia ere sumatu dugu, jendeak nekezago hartzen baititu umeak. Horrez gain, bestelako proiektuak ere gauzatzen ditugu. Esaterako, elkartasun karabana bat izaten da eguberri inguruan eta zenbait tona janari biltzen ditugu. Gainera, gure bazkideen bitartez, loteria eta kamiseta salmentatik sos batzuk ateratzen ditugu eta saiatzen gara hango ospitaleetarako materiala, koltxoiak eta behar dituzten gauzak bidaltzen. Guk hara bidaltzen duguna ez da aski hango premiak asetzeko, %0,1era ere ez dakit iritsiko den, baina harri koxkor bat gehiago behintzat bada. Denok zerbait eginda, behar bada, bitarte honetan hobeto irauten lagunduko diegu, beraien ametsa beteko duten egun hori etortzen den bitartean.

Amaitzeko, zure etorkizunera begira, ba al duzu plan berezirik? Une honetan familiak jaten du nire egunerokotasunaren zatirik handiena, hiru umerekin ez da berriketa eta nahikoa lan badaukagu horrekin. Nik horiek osasuntsu eta giro egoki batean hazten ikusi nahiko nituzke, eta hori eskaintzen saiatzea da nire eta emaztearen lehentasun nagusia. Eta, jakina, familia hau aurrera ateratzeko, lana ere beharko dugu. Ni ez naiz anbizio handiko pertsona, ez lanari dagokionez eta ez bestela ere, eta oraingoz oso gustura nago bai pilota partidekin eta bai Kalakarekin. Ikusiko dugu noiz arte jarraitzeko moduan garen, baina gustatuko litzaidake luzaroan jarraitu ahal izatea, azken batean lan hau gustatzen zaidalako. Gainera, pentsatzen jarrita, nik beste ezer egiten ba al dakit?

Solasaldi ederra izan dugulakoan nago. Euskaljakintzatik Xabierri eskerrak eman nahi dizkiot guri denbora tarte hau eskaintzeagatik eta bere bizitzari beste alderdia denon eskura jartzeko eman digun aukeragatik. Espero dut luzaroan jarrai dezazula gustukoa duzuna egiten. Besterik gabe, hementxe utziko dugu gaurko elkarrizketa. Hurrengora arte.

Euzkitze euskaljakintzarekin from Maite Goñi on Vimeo.

Ordiziako Jakintza Ikastolako euskaljakintza 5eko Iñigo Lekuonak Euzkitzeri egindako elkarrizketa.

Comments { 1 }
-->