Archive | elkarrizketak

RSS feed for this section

TOM DILLON: “Ikasi dut nola jokalariek edo jendeak, orokorrean, besteak errespetatzen dituzten”

1983an jaio zen Ingalaterrako Leicester hirian. Haurtzaroan irla britainiarrean iparralderantz lekualdatu zen Cumbria konderrira, kirol honekiko afizioa hartzen hasiko zen garaian, eta Durham unibertsitatean antropologia ikasketak burutzen ari zen Newcastle Falcons Ingalaterrako errugbiko talde onenetakoak deitu zionean. Ampo Ordiziaren fitxaketari esker duela pare bat hilabete Ordizian da, eta talde honetan ondo bertakotzeaz ez ezik, Phil Huxfordekin batera, Renfe Ohorezko Ligako jokarari erregularrenaren zerrendan hirugarren postuan dagoela argitaratu berri da.

tom-garazi2bis

Entzuna dut zortzi urterekin hasi zinela errugbian jokatzen. Nola oroitzen dituzu baloi obalatuarekin izandako lehen uneak? Duela asko izan zen. Cricketean, futbolean eta errugbian jolasten ginen zortzi urte nituenean, eta hasieratik errugbia nuen gogokoen; beraz… Baina ez nintzen errugbira mugatu unibertsitatera iritsi arte. Hau zortzi urtetik hogei urtera da. Kirol askotan aritu nintzen: tennis, cricket… kirol ezberdinak. Unibertsitatean aukeratu nuen errugbia, eta hori baino lehen kirol ezberdinetan ibilia nintzen.

Zahartzen eta handitzen joan ahala, ikasketei eskaini behar zaien denbora ere handitu egiten da; eta kirolean jarraitu nahi izanez gero, azken alor honetan sartu beharreko ordu kopurua ere gorantz doa. Badirudi, halere, Durham unibertsitatean ikasketak eta errugbia aldi berean uztartu ahal izan zenituela. Une zailak ere izango zenituen. Non dago sekretua? Ona da kirola ikasketekin konbinatzea, unibertsitatearekin, ona baita burmuinarentzako liburuekin lanean aritu ondoren, pare bat ordu kanpoan korrika ibiltzea. Ona da.

Oso erraza da biak batera uztartzea, eta ni ez nintzen profesional bihurtu unibertsitatea utzi arte; beraz, unibertsitatean nintzenean, errugbia askoz ere intentsitate gutxiagokoa zen, ez zen hain profesionala. Newcastle-ekin kontratua sinatu nuenerako amaituta nituen ikasketak. Karrera bat eta errugbi profesionala batera uztartzen dituztenek gehienetan utzi egiten dituzte ikasketak, energia asko eskaini behar baitzaio errugbiari; beraz ikasketak eta kirol profesionala…

Gogoratzen al duzu Falconsekin jokatu zenuen lehen aldia? Gazteen taldean jokatu nuen unibertsitatean nintzela . Eta leku izugarria da, beldurgarria. Leicester Tigers ia Europako talde onena da. Nire lehen partidua zen gazteen taldean, eta oso-oso gogorra izan zen; ez dut inoiz ahaztuko.

Guinness Premiership ligatik Espainiako Ohorezko Mailara etortzea, kirolari dagokionez, atzerapauso bat kontsidera daiteke. Zer deritzozu horri? Espainiako liga gero eta hobea bihurtzen ari dela esango nuke; erraza da Frantzia, Ingalaterra, Zeelanda Berria eta beste lurralde batzuetatik etortzeko prest dauden jokalari on kopurua aipatzea. Ondorioz, liga denboraldiro gero eta zailagoa bilakatzen ari da. Baina, bai, Guinness Premiership askoz ere intentsitate handiagokoa da, oso liga gogorra, eta urte batzuk pasa beharko dira errugbi espainiarrak Ingalaterra, Frantzia eta hego-hemisferioko taldeen intentsitatearekin lehiatzeko gai izan aurretik. Baina bide onetik doa. Antolaketa ona du eta umeen edo gazteen artean gogo handia dago, bereziki Ordizian. Bai, bide onetik doa.

Tom DillonMunduan zehar mila dira errugbi liga duten herrialdeak, eta mila leku interesgarri daude. Nolatan etorri zara Ordiziara? Bada, beti izan dut Frantzian edo Espainian denboraldi batez bizitzeko gogoa; probatzeko, hizkuntza bat ikasteko eta esperientzia berri bat bizitzeko. Ingalaterran jolasten jarrai nezakeen, baina aldaketa nahi nuen. Arrakastatsua izan da, jendea oso jatorra da hemen eta orokorrean oso gustura nago.

Aipa al ditzakezu, bi hitzetan, Ampo Ordiziaren puntu sendo eta ahulenak? Puntu sendoena harrobia dela iruditzen zait; jokalari gazteenak eta antolaketa edo oreka lortzeko modua, kanpoko jokalariak ekarriz eta, aldi berean, Ordiziako eta inguruetako jokalariak prestatuz. Beraz, oreka ona dago extanjeros eta bertako jokalari gazteen artean. Ez dakit ezagutzen duzun jokalari gazteren bat: Julen, Aitzol eta besteak… Oso onak dira. Eta beste gauza on bat veteranosen lana da. Oso onak dira antolatzen eta jendeari laguntzen. Giro ona dago, oso ona denak oso lagunkorrak dira. Elkarte leiala da, hurbila, gertuko kluba da. Eta puntu ahulenak… (barrez) Erantzun egin beharko dut, bada. Puntu ahulak ez daude asko. Seguruenik kanpoan jokatzen dugunego bidaiak aipatuko nituzke, autobusa hartu behar baitugu Valencia, Benidorm eta abarretara joateko. Hamabi ordu, hogeita lau ordu itzulera barne. Hobe hegazkinez (barrez).

Zer moduzkoa da Amporen hirugarren denbora? Hirugarren denbora? Zer da? A bai, ulertzen dut! (barrez) Ez neukan entzunda.
Oso ona da, bai. Sozietatera joaten gara, otorduak izaten ditugu, jatetxeetan ere bai, denok batera… gauza onenetarikoa da. Partidu ostekoa, ohiturak… Hori ona da.

Futbola gizon nobleen kirola da alprojek jokatua; eta errugbia, berriz, alprojen jokoa gizon nobleek jokatua. Esaera britainiar honi jarraiki, inguru hau, alprojez josita legoke. Ez al zaitu apur bat atsekabetzen futbolak hemen duen domeinuak? Ez, ez nau atsekabetzen. Espainiako kulturaren osagai bat da, eta errugbia, integrazio kulturalari dagokionez, futbola bezalakoa dela esango nuke. Gainera, berdina gertatzen da Ingalaterran, futbola sekulakoa da eta… Nik gustuko dut futbola, hortaz, ez dut arazorik. Egia da hainbat kasutan fan batzuek ez dutela ondo neurtzen. Futbola espainiako kulturaren zati bat da, eta hori ona da.

Ba al da ezer zelaian ikasi duzunik eta, era berean, bizitzarako balio izan dizunik? Bai, zera ikasi dut gizon zuzendaritza edo antolaketari buruz: errespetua. Nola jokalariek edo jendeak, orokorrean, besteak errespetatzen dituzten. Ez esan dezaketenagatik, egiten dutenagatik baizik. Errugbia adibide ona da, lider onenak ondo jokatzen duten pertsonak dira. Jende askok hitz egin eta hitz egiten du errespetuari buruz, baina zelaian egiten duenak bestela dio. Ondorioz, hori da errugbiaz kanpo aplika daitekeen ikasgaia. Eta badaude ikasgai gehiago, batez ere pertsonen arteko zuzendaritza edo antolaketari buruz. Zein garrantzitsua den gauza batean konzentratzea, adibidez. Eta lidergoari buruz ere bai. Lidergoa oso garrantzitsua da errugbian. Errugbian lider ona dena maiz lider ona da errugbitik kanpo, negozioetan eta bestelako gauzetan.

Eta zelaitik kanpo ikasitako ezer zelaian erabilgarria izan zaizunik? Hori galdera sakona da! (barrez) Suposatzen dut, adin batera iristean, harrotasunagatik baino gehiago familia eta lagunengatik jokatzen duzula hein batean. Egia da, denbora baten ostean, zure lagunak eta senideak zu babesten ari direnean, hori itzuli egin behar diezula sentitzen duzula.

Errugbiaz gain, zer zalentasun duzu? Bada, gitarra jotzen dut eta asko irakurtzen dut. Orain gaztelania ikasten saiatzen ari naiz, eta horregatik ez dut gehiegi irakurtzen. Beste kirolak ere gogoko ditut: tenisa, cricketa, saskibaloia…

Batxilergoko kideok hamaika zalantza ditugu burutu nahi ditugun ikasketak erabakitzeko orduan; izan ere, aurten hartu behar baitugu erabakia. Gomendatuko al zenioke inori antropologia ikastea? Bai, gomendatuko nuke; oso interesgarria da. Gero eta garrantzitsuagoa bilakatzen ari da, negozio munduan sartzen ari baita. Gainera, esparru ezberdinak ukituz, baita haurrena ere, gero eta erabiliagoa bilakatzen ari da. Oso erabilgarria eta interesgarria da; gomendatuko nuke.

Ingeles kulturak eta euskal kulturak ezberdintasun nabarmenak dituzte, horietako zenbait aurrez ezagunak izango zenituenak. Halere, ba al da euskaldunongan ezer atentzioa eman dizunik?

Txikitako marrazki bizidun gogokoenak: Nola da? Txori korrikalaria… (Correcaminos edo Road Runner izango delakoan)
Jokalari bat: Johnny Wilkinson
Partidu onena: New Zealand-France, Word Cup 1995ean (uste dut)
Hitz bat euskaraz: Gero arte
Eskolako gai politena: Ingeles literatura
Eskolako gai itsusiena: Kimika
Zelaitik kanpo plakatu nahi zenukeen norbait: Gordon Brown
Jaki gustukoena: Txuleta
Harenganako hutsunea sentitzen duzun norbait edo zerbait: Nire neskalaguna
Boris edo Tom? Uh, I see, da igual…

Oso interesgarria da zein sendoa den familia. Familia eta kuadrillak. Lagunen sistemak oso ezberdinak dira. Ingalaterran askoz independienteagoak gara, eta Ingalaterrako alderdi guztietako lagunak ditugu… ausaz. Hemen adiskidetasuna bizitza osorako da neurri handi batean, nahiz eta apur bat orokortzea den. Oso interesgarria da bizitzan aurrera egin ahala, loturak zein sendoak diren ikustea. Eta janaria zoragarria da (barrez). Janaria aparta da.

Gaztelania menperatzen duzula ikusten da. Inoiz pentsatu al duzu euskara ikastearen erronkari aurre egitea?
Latina eman nuen eskolan, eta hori lagungarria da gaztelania ikasteko garaian, antzekotasunak dituelako. Euskarak ez du inongo loturarik ingeles edota latinarekin; beraz, pixka bat itxaron egingo dudalakoan nago. Hitz gutxi batzuk dakizkit, moldatzeko adina; baina gramatika ere… Itxaron egingo dudala uste dut (barrez).

Galdera motzen da igual horren ostean amaiera eman genion elkarrizketari, eta kamarak jasotzeari ekin genion Altamirako instalazioak uztekotan. Nire itzulpen akatsak (ia termino berri bat asmatu nuen, third half) eta kafe-makinak egindako soinuak alde batera utzirik, nola grabaketan lagundu zidan laguna hala ni, elkarrizketa polita izan zelakoan geunden. Tom ezagutzeko aukera eta berarekin orduerdi hori pasa ahal izanagatik zoratzen urrundu ginen handik…

Tom Dillon jokalari apartari buruz gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu ondorengoetan:


Prentsa ebakinak:

“El Ampo Ordizia ficha a Tom Dillon, procedente del Newcastle Falcons”  (DiarioVaskok 2009ko irailaren 6an)

El Ampo Ordizia ha sorprendido a los integrantes de la División de Honor del rugby al incorporar al apertura inglés de 25 años Tom Dillon, procedente del Newcastle Falcons, donde el año pasado jugó con la estrella mundial Jonny Wilkinson.
Mide 1,90, pesa 93 kilos y hace daño tanto por el centro como en la posición de apertura. Tiene un cañón en el pie. Dillon cuenta con 19 partidos disputados en Inglaterra, tanto en la Guinnes Premiership como en la Copa. Promete dar mucho que hablar en la inminente nueva temporada.

“Espainiako Ohorezko Maila gaur hasiko da, hiru euskal talde bertan direla” (Berriak 2009ko irailaren 13an)

Hiru euskal talde ariko dira denboraldi honetan ere Espainiako Ohorezko Mailan: Ampo Ordizia, Pegamo Bera Bera eta Bizkaia Gernika -Getxo Arteak iaz galdu zuen maila, eta Gernikak berreskuratu-. Gaur hasiko da denboraldia…Bera Berak…Ordiziak etxetik kanpora ekingo dio sasoiari. Valladoliden du partida Quesos entrepinaresen kontra (12:30). Gipuzkoarrek zazpigarren bukatu zuten iaz, baina ez dute orduko estutasunik nahi. Indartu dira haiek ere, eta ligako izarretako bat izango dute taldean: Tom Dillon. Aurten arte Ingalaterrako Liga Newcastle Falconsen aritu da, 26 urte ditu, eta etorkizun handiko jokalaria dela diote.

Comments { 2 }

Arconada: “Igotzeko aukera dezente dago, baina liga luzea da”

Egia esan, horren azkar izan zen, non egoera neure egiteko denborarik ere ez nuen izan. Larunbatean berarekin hitz egin, eta astelehenean bertan jarri genuen hitzordua. Urduri nengoen, ez bainekien elkarrizketa nola egin, ezta zer galdetu ere. Gurasoak nituen atzetik, etengabe aholkuak ematen. Bazirudien ni baino aztoratuago zeudela; izan ere, gazte denboran izandako idolo moduko bat zen beraientzat. Lagun bati eskatu nion laguntza, ni lasaitzeko gehienbat (aitak ez baitzidan horretan asko laguntzen). Beraz, abiatu ginen aita, laguna eta ni kotxez Donostiara. Bidean gindoazela, auto-ilara batek harrapatu gintuen. Ni gero eta urduriago jartzen hasia nintzen, baina deitu eta lasai egoteko esan zigun, ez zeukala presarik eta. Bere etxera joan ginen elkarrizketa egitera. Egongelan eseri, kamara martxan jarri eta elkarrizketarekin hasi ginen.

Arconada eta Izaskun

Pentsatzen dut denek jakingo duzuela Arconada nor den. Ez dakienarentzat,  esan beharra dago “Real Sociedad futbol taldeak izandako atezainik onena izan dela, eta taldearen lorpen esanguratsuenak bera jokalari zeneko garaikoak direla. Gainera, urte dezentetan izan zen Espainiako selekzioko atezain titularra. Wikipediak hauxe dio berari buruz:

Munduko atezainik onenetakoa izan arren, Errealarekiko fideltasuna erakutsi zuen, bere karrera osoa talde honetan eman zuelarik. Honetaz gain, 68 partidu jokatu zituen Espainiako selekzioarekin. Bai zelaian eta bai zelaietatik kanpo erakusten zuen karisma zela-eta, futbol zaletu askoren idoloa zen.
Zalego txuri-urdinaren artean ezaguna egin zen honako esaldi hau: “No pasa nada, tenemos a Arkonada”

Lehenik eta behin, zure hastapenak aipatu nahi nituzke. 16 urterekin sinatu zenuen kontratua Realarekin, eta, hori baino lehenago, Lengokoan jokatzen egon zinela jakin izan dut. Txikitatik jakin izan zenuen futbolalari izan nahi zenuela? Eskolan hasi nintzen, mutiko guztiak bezala, kirol guztiak eginez. Nire garaian, kirol jakin batzuetan arituz gero, abantaila batzuk zenituen: puntu erdia ematen zizuten matematikan atletismoa eginez gero… Eta, orduan, nik denetatik egiten nuen. Eskolan atletismoko taldean nengoen, baita futbolekoan ere. Agian, atezain jartzen ninduten lurrera botatzeko beldurrik ez nuen bakarra nintzelako, lurra zementuzkoa edo harri-txintxarrekoa zela kontuan hartu behar baita! Atezain modura jokatzen hasi nintzen, eta oso gustuko nuen. Ondoren, hondartzara pasa nintzen Lengokoa taldearekin. Hondartzan jokatzen egon nintzen denboran, ez zeuden orain bezala horrenbeste maila: alebin, kadete, infantil, jubenil… Garai hartan, erregionalean edo hirugarren mailan jokatzera pasatzen zinen zuzenean. Eta, beraz, 16 urterekin Realean jokatzen hasi nintzen eta hortik Sansera pasatu nintzen.

Goi mailako ikasketak hasi, eta segituan debutatu zenuen Realean. Alde batetik, entrenamenduak eta partiduak eta, bestetik, ikasketak eta azterketak. Nola uztartu zenituen biak? Ez zen erraza izan Realean debutatzea; izan ere, beste bi atezain zeuden garai hartan: Urrutikoetxea eta Artola. Egia esan, zail samar izan nuen. Urruti ordezko zegoen selekzio absolutuan, eta bi urtez gutxi gorabehera egon nintzen Sansen. Esnaola Betisera joan zenean, errealera joan nintzen hirugarren atezain bezala. Egia esan, hasiera gogorra izan nuen, nik uste bainuen zaila izango nuela jokatzeko. Urrutiren lesio baten ondorioz, Artola hasi zen jokatzen. Ordezko nengoenez, biziago nengoen. Artola Bartzelonak fitxatu zuen, eta ordezko bezala jarri ninduten ni Urruti osatu zenean. Orduan, Urrutiri postua kendu, eta jokatzen hasi nintzen. Esan behar da gogorra egin zitzaidala.

Ikasketei buruz, txikitatik nire aitak esaten zidan, lehenengo, ikasturtea gainditu behar nuela. Ez banuen gainditzen, hondartzan egon nintzen garaiaz eta jubeniletako garaiaz ari naiz hitz egiten, ez zegoen futbolik; beraz, denak gainditzen nituen. Gero ikasten jarraitu nuen, baina egia da gero eta zailagoa egiten zitzaidala. Reala, bidaiak, selekzioa, olinpiadak, kontzentrazioak… korapilatzen joan zen dena. Karrera bat ikasi nuen, baina bosgarren urtean geratu nintzen.

Arconada elkarrizketan zehar79-80 denboraldian, liga irabaztekotan egon zineten; azken momentura arte, ordea, ez zen argitu zein izango zen irabazlea. Denboraldi bikaina eginda gero eta 32 partidutan inork zuek menperatu gabe egon ondoren, golpe gogorra izango zen liga ez lortzea, ezta? Nola bizi izan zenuen, horrenbeste esfortzuren ondoren, garaipena eskuratu ez izana? Gogorra izan zen. Reala talde umila zen eta jarraitzen du izaten, baina garai hartan liga lehiatzea pentsatu ere ezin genuen gauza zen. Denboraldi pare bat ondo jokatzen genbiltzan eta UEFA Koparako sailkatu ginen. Egia esan, ez genuen espero maila horretan egotea. Partiduak irabazten joan ginen. Garai hartan, puntuazioa ez zen gaur egungoa bezalakoa: irabazteagatik bi puntu eskuratzen ziren, eta berdintzeagatik bat. Irabazten, berdintzen, irabazten, berdintzen… gindoazen eta aukerak genituela ikusi genuen, titulua ia-ia gure eskuetan zegoela. Madrilen Real Madrid taldearen aurka jokatu genuen partidua izan zen giltza. Haiek bigarren postuan zeuden eta gu 0-2 gindoazen irabazten. Orduan, Santiago Bernabeun beti gertatzen diren gauzak hasi ziren gertatzen: bost minututan arbitroak penalti bat adierazi, gol bat sartu, jokalari bat kanporatu… ikustekoa izan zen! Hor aukera on bat izan genuen. Bigarrena, ligako azkenaurreko partiduan, Sevillaren aurka. Ilusio handia zuen talde gazte baina esperientziarik gabea ginen. Azkenean, ezin izan genuen partidua irabazi, eta, zoritxarrez, ia-ia eskuetan genuen tituluak ihes egin zigun.

Hurrengo denboraldiaren hasieran kostatu zitzaizuen erritmoa hartzea, baina azkenean lortu zenuten. Nola eragin zizuen aurreko denboraldiko esperientziak? Denboraldiaren hasiera bigarren titulua lortu genueneko haren antzekoa izan zen: bigarrenak, hirugarrenak… gindoazen. Talde ona genuen, osatuagoa eta esperientzia gehiagorekin; ez genuen uste, ordea, titulua irabaziko genuenik Madril eta Barça hor zeuden eta. Azkenean, atzean gelditu ziren, eta azkeneko partidua iritsi eta irabazteko aukera genuela ikusi genuen. Luzea egin zitzaigun, deskontu-denboran izan baitzen; halere, azkenean irabazi ahal izan genuen. Agian, hori guztia gertatu zitzaigun sailkapenaren goialdean ezin izango genuela egonpentsatzen genuen urtean.

Taldeko sentimenduaz gain, zer sentitu zenuen gol gutxien sartu zioten atezaina izatean eta Zamora Trofeoa jasotzean? Zalantzarik gabe, taldeko lana da; halere, hiru Zamora Trofeo jarraian jasotzeak kasualitate hutsa ez dela pentsarazten dizu. Talde lana da, eta zuretzat atsegina da aipamen berezi hori jasotzea eta urtero erakustea. Beste urte batzuetan ere izan nintzen bigarren postuan. Hala ere, gure jokatzeko erari erreparatuta, ez ginen erasoan jokatzen zuen taldea. Zergatik? Ez genituelako nahikoa baliabide eta jokalari kopuru mugatua genuelako. Zirkunstantzia jakin batzuengatik Zamora saria lortu ahal izan nuen.

Futbolaria izan zinen garaian, hainbat sari lortu zenituzten. Zein izan zen poz handiagoz hartu zenuena? Nire ustez, bizitzan askotan gertatu zaidan bezala, lehenengo titulua. Bigarrena ere baina…Baita Kopako titulua ere, lehenengo Kopako titulua izan zelako. Hala ere, poz handiagoz hartu genuena, zalantzarik gabe, ligakoa izan zen, denboraldi osoan izandako erregulartasunarengatik jasotako titulua izan zelako. Eta, egian esan, aurreko urtean gertatutakoa eta gero, aukera hori gehiago izan behar ez genuela pentsatzen genuelako.

Arconada, Izaskun eta LauraImajinatu partidu batean zaudela eta azkeneko penaltia jaurti behar dutela. Garaipena azken jaurtiketa horren menpe dago. Behin baino gehiagotan egongo zinen egoera horretan, noski. Zer sentitzen zenuen momentu horietan? Momentu horietan, ezagutzen ez nuen talde bat salbuespen, beti jakiten nuen zein aldetara jaurtitzen zituzten penaltiak. Nik ikasita nezukan ligako jokalari guztiek jaurtitzen zituzten penalti guztiak. Estudio Estadio guztiak ikusi eta irudi guztiak ondo aztertzen nituen. Gauzak horrela, nik banekien Danik edo Schusterrek edo beste edozeinek nora jaurtitzen zituzten penaltiak. Horretaz gain, jaurtitzen zituzten penalti kopurua ikasia nuen, zein zen emaitza penaltia jaurtitzerakoan… Izan ere, ez da gauza bera jaurtitzea penalti bat berdinduta zoazenean edo 4-0 irabazten zoazenean. Azken kasu honetan, lasaiago, erlaxatuago jaurtitzen da. Adibidez, Kopako finalean bostak asmatu nituen: bat gelditu egin nuen eta besteak kanpora jaurti zituzten. Uste dut laugarrenerako jada txapeldunak ginela. Garbi dago profesionala bazara, prest egon behar duzula horretarako. Nik banekien gure aurkako taldekoek nora botako zituzten penaltiak, nire lana zen hori jakitea. Noski, sartu zizkidaten penaltiak; halere, asko gelditu egiten nituen, batez ere ikasita joaten nintzelako.

Lesio gutxi izan bazenituen ere, 85-86 denboraldian bat larria izan zenuen; ezin izan zenuen jokatu. Gogorra izan al zen zuretzat zure taldekoak zelaitik kanpo ikustea? Kirol bat egiten duzunean, gogorrena denboraldi-aurrea izaten da; izan ere, hilabete bat oporrak izan ondoren, entrenatzen hasten zarenean hasten dira urradurak, gihar-minak, nekea… Gainera, entrenatzaile berri batekin hasten zara, eta bere konfiantza irabazi behar duzu. Ligako lehenengo partiduan lesionatu nintzen, bi hilabete gogor lan egiten aritu ondoren. Lehenengo partiduan, gaizki zapaltzeagatik, belauna puskatzea eta zazpi hilabetez jokatu gabe egotea gogorra eta luzea izan zen.

Futbola utzi zenuenean, zaila izan zen kirolariaren bizitza atzean uztea, entrenamenduak eta partiduak, eta bizitza berri batera ohitzera? Bai, zaila da; ez bazaude apur bat prestatuta, ez da erraza. Azkenean, nekagarria bidaiak, kontzentrazioak… dira. Martxoan edo apirilean bukatzeko irrikaz egoten zara. Nik argi neukana zen, kirola uztean, ez nuela entrenatzaile edo kirol zuzendari izan nahi. Ohituta nengoen jokatzera, eta beste guztian ez nuen nire burua ikusten. Nik ikasketak nituenez, enpresen munduan sartu, eta pixkanaka dinamika batera ohitzen joan nintzen. Horrek futbolaz ahaztera eramaten zaitu; bestela, egun osoa oroitzapenetan ematen duzu eta egin ezin dituzun gauzei begira egoten zara.

Kirolari dagokionez, zein izan da zure unerik onena? Beti daude onak, eta, gainera, hobe da beti une on horiez gogoratzea. Pentsa, lau urte nituenetik aitarekin Atotxa futbol zelaira joaten nintzen partiduak ikustera. Beraz, hainbeste aldiz Sanse eta Reala ikusi ondoren, izugarria da Sansen jokalari bezala hastea, zer esanik ez gero Realarekin hastea, olinpiadak, selekzio absolutua… Ez duzu pentsatu ere egiten horra hel zaitezkeenik, baina pixkana-pixkanaka helburuak lortzen zoaz eta, horiek bete dituzula ikusten duzunean, gogor aritzen zara areagokoak erdiesteko.

Arconada atezainaZein izan da zure gelditurik onena ? Asko ditut gogoan; dena den, batzuk aipatzearren: Errege Kopako penaltia, Quiniri Atotxan eginikoa, Schusterri ere Atotxan gelditutakoa… Baloratzekoan, garrantzitsua da momentuko zailtasunak kontuan izatea. Ni ohartzen nintzen egindakoaz telebistan ikusita gero; izan ere, baloia jaurti behar dutenean, ezin duzu pentsatu nora bidaliko duten, konturatzerako lurrean baitzaude. Orduan, ni gero ohartzen nintzen. Zergatik botatzen nintzen hara edo hona? Bada, neurri handi batean erreflexuek agintzen zidatelako, entrenamendu ohiturek…

Behin baino gehiagotan pentsatuko zenuen “bat-batean desagertuko banintz…“? Askotan eta, gehienbat, lesioekin eta gol bereziren batekin. Adibidez, Bertinik gola sartu, Sevillaren aurka, eta horrekin ligako titulua galdu genuenean; Eurokopako gola…Jokabide batzuk, atezain bezala, oso esanguratsuak dira eta, ezinbestean, zure gain hartu behar dituzu.

Poztuko zintuen Palopek Eurokopan egin zizun omenaldiak… Zalantzarik gabe norbaitek zu aintzat hartzea beti da pozgarria. Hala ere, ez dira bakarrik mota horretako errekonozimenduak kontuan hartu beharrekoak. Oso atsegina da kaleko jendeak esaten dizunean zein ondo pasatu duen zu jokatzen ikustea. Benetan pozgarria da pentsatzea zuk zerbait egin zenuela, eta egindako horrekin jende askok gozatu zuela.

Pentsatzen dut Realekoa izanda, partiduak ikusten jarraituko duzula. Aurten, talde ona osatu dutela esaten dute. Lehenengo mailara igotzeko aukerarik badutela pentsatzen duzu ? Begira, liga oso luzea da, uste dut 42 partidu direla, eta aurkari batzuk ere lehenengo mailatik jaitsi dira; beste batzuk, berriz, indartu egin dira fitxaketa interesgarriekin; beste batzuek dirua dute, Cartajena kasu. Oraintxe arte ia inork ez zuen ezagutzen, baina enpresari batek diru dezente ipini du eta fitxaketa interesgarriak egin dituzte.. Gure kasuan, nik uste dut ilusio handia duen jende gaztea dagoela; gauzak oso argi dituen presidente bat, Jokin Aperribai… Nire ustez, saiatu beharra daukagu oraintsuko iraganaz ahazten, non Realak erakutsi zuen irudia ez zen berea. Nik uste dut aukera dezente dagoela; dena den, lehen esan dudan bezala, liga luzea da.

Eta horrelaxe amaitu genuen elkarrizketa. Nire aldetik, eskerrak eman nahi dizkiot Arconadari bere etxeko ateak zabaldu eta tarte hau eskaintzeagatik. Niretzat erronka handia zen, baina, bere gertutasunari esker, lasai eta eroso sentiarazi ninduen. Esker mila, Luis Miguel, zure bizipenak gurekin partekatzeagatik!

Arconada euskaljakintzan from Maite Goñi on Vimeo.

Ordiziako Jakintza ikastolako euskaljakintza 5eko Izaskun Gaztañagak Realeko atezain ohi Arconadari egindako elkarrizketa

Comments { 5 }

Aintzane Ezenarro: “Legebiltzarrean, herritarrak ordezkatzen gaude; sekula ez dut ahaztu hori” (I)

2009ko urriaren 28an izan zen. Aste batzuk elkarrizketa honen atzetik egon ondoren, iritsi zen horrenbeste denboran itxaroten egon nintzen eguna. Ordiziatik trenez abiatu eta, Donostiako Amara auzoan autobus bat hartu ondoren, Getariara iritsi nintzen arratsaldeko bostak laurden gutxiak aldera. Handik pixka batera, herriko plaza nagusian elkartu nintzen Aintzane Ezenarrorekin. Solasaldi motz baten ostean, elkarrizketari ekin genion Aintzanek eta biok. Zalantzarik gabe, esperientzia bikaina eta guztiz aberasgarria, denbora askoz ahaztuko ez dudana.

Aintzane Jonekin solasean

Aintzane Ezenarro Egurbide, Getariako zinegotzi hautatua 2002an, Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide 2003an eta, 2005. urtetik gaur egun arte Aralar alderdi politikoko bozeramailea da Eusko Legebiltzarrean.

Zure alderdikide asko ez bezala, zu ez zatoz Batasunatik, Euskal Herriko gatazka politikoari irtenbide baketsu bat aurkitzeko asmoz sortu zen Elkarri izeneko mugimendu sozialetik baizik. Zerk bultzatu zintuen, Aralarren eskutik, politikara salto egitera? Zuk esan bezala, ia hasieratik hartu nuen parte Elkarri gizarte mugimenduan. Ni, beste milaka euskal herritar bezala, ikuspegi politiko batetik begiratuta nolabait umezurtz sentitzen ginela uste dut, abertzaleak eta ezkertiarrak izanik, inondik inora ez genuelako bat egiten indarkeriarekin. Hutsune hori sumatzen genuen askorentzat, nahiz eta alderdi politiko bat ez izan, elkarrizketa politikoaren alde egiten zuen topaleku izan zen Elkarri. Hortik abiatuta, ikusi nuenean tinkotasun osoz bide politiko soilen alde egiten zuen eta giza eskubideen defentsan inolako ezbairik gabe agertzen zen aukera bat sortu zela, ezkerrekoa, abertzalea… aspaldian espero izan nuen aukeraren aurrean nengoela iruditu zitzaidan. Orduan, lehenengo independentea izanik, haietako batzuek zerrenda batzuetan parte hartzeko eskatu zidatenean, hainbeste urtetan zain egonda, ezetz ezin niela esan pentsatu nuen. Azkenean, zerrendetan parte hartzeaz gain, nire lana eta batzarkide izatearen artean erabaki behar izan nuen. Abentura bat zen, ez zegoen inolako ziurtasunik; baina benetan pentsatzen nuen hura zela herri honentzat proiekturik onena, eta hartan sartu nintzen buru belarri. Eta ordutik honaino.

Zer esan zizun familiak politika munduan sartu nahi zenuela kontatu zenienean? Ezer ez. Nahiko normaltasunez hartu zutela esango nuke. Nire familian beti onartu izan dira iritzi politiko ezberdinak normaltasun osoz. Gurea ez da izan bereziki politizatua izan den familia; abertzalea bai, noski, Getaria bezalako herri batean zaila da ez izatea ere. Gainera, aita ELA sindikatuko delegatu izandakoa da urteetan; bere garaian borroka asko egindakoa ere bai. Langabeziara joatea tokatu zitzaion azkeneko krisialdian; bagenuen etxean ezker ikuspegi hori. Beraz, uste dut, nahiko normaltzat jo zutela ni hor kokatzea. Gainera, bazekiten beti izan dudala grina politiko hori, nahiz eta ordura arte partidu politiko batean ez egon.

Nola jaso zenuen Eusko Legebiltzarreko parlamentari izateko proposamena? Lehen esan dizudan bezala, 2003an Gipuzkoako lehenengo batzarkidea izan nintzen Aralarren izenean, eta hor hartu behar izan nuen erabakirik handiena. Kontuan izan behar da Aralar alderdiak bazuela pisu handia Nafarroan, baina EAEn oraindik ez; azken batean, bederatzi urte daramatzagu alderdi bezala. Oso denbora gutxi da, nahiz eta urrats handiak eman ditugun denbora horretan. Nafarroan, Aralar bera izan zen alderdi abertzaleen artean boto gehien izan zuena, eta, ondoren, Nafarroa Bai sortu zen, batez ere Aralarren bultzadaz. Horrek irauli egin zuen Nafarroako egoera. Aralarrek ibilbide txikia zuen, eta Gipuzkoan batzarkide bakarra ni izanda, logika batek eskatzen zuen esperientzia apur hori zuena izatea 2005eko hauteskundeetan zerrenda-buru. Alderdiko batzarrak hala eskatuta, ni izan nintzen Gipuzkoako zerrenda-buru, ardura handiz noski.

Aintzane Getariako udaletxean Legebiltzarrean herritarrak ordezkatzea erantzukizun handiko kontua da, pertsonak ordezkatzen gaude, pertsonen ideiak ordezkatzen, eta ez dut sekula ahaztu hori. Ez gaude gu, guri dagokigulako, baizik eta lau urtez ideia batzuen bozgorailu izateko. Hasieratik bizi izan dut ardurarekin; eta orain, gainera, daukagun ardura hori laukoiztu egin den honetan, are zama handiagoarekin bizi dut ardura hori.

Aldaketa handia izan al zen herri bateko zinegotzi izatetik Eusko Legebiltzarreko parlamentari izatera pasatzea? Aurretik aipatu bezala, 2003an Getariako zinegotzi eta batzarkide izan nintzen Gipuzkoako Batzar Nagusietan, diputazioaren ondoko legebiltzarrean. Ez da oso ezaguna, askotan geure buruari galdetzen diogu zer den Batzar Nagusia. Diputazioa organo exekutiboa bada, Batzar Nagusia legebiltzarra edo organo legegilea litzateke. Hor bi urtez egon nintzen, eta banuen esperientzia bat; egia da, halere, parlamentu txikiago bat dela eta Eusko Legebiltzarrera salto bat dagoela. Saltoa bada lanaren aldetik, erritmoa biziagoa da, baina batez ere ikuspegi mediatiko batetik sumatu nuen. Askoz ere ezagunagoa egiten zara, horrek dakarren ondorio guztiekin. Esaten duzuna ere askoz gehiago agertzen da, eta orduan kontu handiagoarekin jardun behar duzu. Bada beste ardura bat. Eta bai, hasieran ematen dizu errespetu bat; baina nik beti sinetsi izan dut, ikasle garaitan eta ondoren ere bai, lanaren emaitzan. Gauzak zortearen esku uzten ez badira eta lana egiten bada, azterketak gainditu egiten dira; eta gauzak ere ondo, edo, behintzat, gaizki ez dira ateratzen. Beti sinistu izan dut lanak emaitzak ematen dituela, eta nire aukerak oso gutxitan utzi izan ditut zortearen esku. Ibilbide hori oso garbi izateak urte hauetan parlamentuan bakarrik jardutean lagundu didala uste dut, eta baita lanaren emaitza dela azken hauteskunde hauetan herritarren konfiantza handitu izana ere. Pila bat eskertzen dut hori.

Aurretik esan bezala, Aralarren bozeramailea zara Eusko Legebiltzarrean. Zein lan egiten duzue bozeramaileok parlamentuan denon aurrean hitz egiteaz gain? Legebiltzarreko dinamika zein den gainetik esplikatzeko, aipatu behar da astean behin izaten dugula osoko bilkura edo plenoa deritzona. Hor gairik garrantzitsuenak eztabaidatzen dira, talde parlamentario bakoitzak planteatzen dituen ekimen garrantzitsuenak. Lege-ekimenak izan daitezke edo legez bestekoak deitzen direnak; hau da, lege bat onartzen ez dutenak, baina gai baten inguruan nolabaiteko posizio bat hartzeko balio dutenak. Gai horiekin guztiekin plenoa ostegunean badago, horiek prestatzea, ezagutzea eta talde bakoitzaren posizioa markatzea eskatzen da, ondoren legebiltzarrean hitz egiteko. Azken hori da zuek, herritarrok, ikusten duzuena; baina atzetik dagoen lana ez da ikusten. Horretaz gain, parlamentuan hainbat batzorde daude. Gai guztiak ez dira osoko bilkuretan eztabaidatzen; batzordeetan ere bai. Alorrez alor gai ezberdinen artean eztabaidak daude, eta gobernutik datozen proiektuen onarpena/ez onarpena ere gin behar da. Izugarrizko dinamika dago, eta batzordeetako gaiak ez dira telebistan ikusten. Gainera, berriki egin dugun araudiaren aldaketa baten ondorioz, badago kontrolerako plenoa deitzen den beste hirugarren gauza bat. Bertan, gobernuari bere jardunaren araberako galderak eta interpelazioak egiten zaizkio. Hori hamabostean behin izaten da, ostiraletan; eta ez banago oker, hau bai, seguru aski, telebistaz emango da hemendik aurrera. Hor ikusiko da gobernuaren lana nola kontrolatzen den. Niri oso beharrezkoa iruditzen zait, parlamentuaren lana ez baita bakarrik talde ezberdinen artean eztabaidak egitea eta legeak onartzea; baita gobernuaren kontrol zuzena egitea ere, diru publikoaren kudeaketa egokia egiten duela ziurtatzeko.

Zer da politika zuretzat? Amankomunean ditugun arazo eta baliabideen kudeaketa eramateko proposamenak egitea da politika. Bakoitzak, gure bizitzan edo arlo pribatuan, bizi-proiektu bat egiten dugu, epe luzeko bizi-proiektu bat. Horrez gain, egunerokoan, etxeko ekonomia, egin behar diren erosketak, egin behar ez direnak, diru sarrerak, gastuak… kudeatzen ditugu. Politika gauza bera da. Talde bakoitzak gizarteari eta herriari etorkizunerako proiektu interesgarriena eta hoberena kontsideratzen duena eskaintzen dio, eta, horretaz aparte, egunerokoan eguneroko arazoen inguruan erantzunak eman behar zaizkio herriari: etxebizitza; orain krisia dela eta, ekonomia… Politikak bi plano horiek izaten ditu beti. Hala ere, politika epe luzerako proiektuekin gehiegi lotu ez izanaren kezka edo inpresioa daukat. Guri, ezkertiarrak eta abertzaleak izanda, iruditzen zaigu, eta benetan hala pentsatzen dugu, epe luzera herri honi eskain dakiokeen proiekturik interesgarriena bere nortasuna eta burujabetza izango duen, eta, bestetik, elkartasunean oinarrituko den gizarte sare bat eraikitzera eramango gaituen proiektua dela. Hori oso garbi daukat. Baina garbi izateaz aparte, ibilbidea egin behar da; eta ibilbidea egiteak egunerokoan erantzunak ematea eskatzen du, gaiak proposatu behar dira, eta hori ere politika da. Oso garrantzitsua, gainera.

Zer eman eta zer kendu dizu politikak? Politikak momentu Ezenarro Aralarreko gunetik ateratako argazki batean honetan daukadan bizitzaren zati handi bat eman dit. Horretaz gain, niretzat herri ikuspegi hoberena zein den azaltzeko espazioak eman dizkit. Nik modu apasionatu batean egiten dudan hori, askok ez dute aukerarik egiteko. Nik politika modu apasionatuan bizi dut; eta uste dut, horrela bizitzen ez baduzu, erre egin zaitezkeela. Horrez guztiaz gain, apustu pertsonal handiak egin dituzten pertsona oso interesgarriak ezagutzeko aukera ere eman dit. Gustatuko litzaidake gutariko bakoitza herri ordezkari izatea inoiz -herri batean, Legebiltzarrean edo dena delakoan-, politika dirudiena bezain erreza ez dela ikusteko. Errazkeria handia dago politikaren alde apustua egiten duten pertsonak kritikatzeko, eta hori askotan erabat bidegabea dela iruditzen zait. Politikaren alde apustu pertsonal oso serioak egin dituen jendea ezagutu dut; inondik inora erosoena ez dela jakinda ere, gauza asko utzita, bide hori hartu dutenak; enpresa pribatu batean egonda askoz ere erosoago biziko liratekeenak… Beraz, hemen daukagun kontzepzio horregatik, besteak beste, politika esker txarrekoa dela uste dut. Eta gehiago esango dut, gainera. Politikarekiko daukagun ikuspegi horrek askotan politikatik apartatzera bultzatzen gaitu, batez ere gazteen artean. Askok esaten dute ez dutela nahi ezer jakin politikari buruz, ez dutela nahi politikan parte hartu, edota ez dutela botorik eman nahi ere. Horrek ondorio zuzen bat dauka. Zuk parte hartzen ez baduzu -ez bakarrik hautagai izanez, bozka emanez ere bai-, betikoek betiko politika egitea lortuko duzu; espazio politikoa eta erabakiguneak betikoei uztea. Politika, hura egiteko moduak, eta politikan hartzen diren erabakiak beste batzuk izan daitezen nahi badugu, ezta nahikoa kexatzea; erabaki guneetan egon behar da. Hori da niri politikan egoteko gehien motibatu ninduena. Ez zait gustatzen tabernetan edo afarietan sortzen diren solasaldi eta eztabaidetan kexa ugari egiten duen jendea, eta, ondoren, behatz bat ere mugitzen ez duena. Politika benetan dena bezala ulertu beharra daukagu; erabakiak hartzeko guneetan egotea, alegia.

Zu ama zara, familia duzu. Zaila al da politikaria izanda, bizitza pertsonala eta profesionala uztartzea? Ama eta aita langile guztientzat dela zaila uste dut, batez ere haurrak txikiak direnean. Ez nuke esango politikarien lanbidea bereziki zailagoa denik, besteak beste, iruditzen zaidalako badirela hainbat eta hainbat lanbide ordutegi txarragoak dituztenak: gauez lan egiten dutenak, edota eguna asko luzatzen zaienak, hala nola dendariak edo ile-apaintzaileak. Bada lan mordoa kontziliazio edo bateratze hori askoz ere zailagoa dutenak. Askotan esaten da nola izan daitekeen, alderdi batetik, aurpegi publiko bat, eta, bestetik, ama. Berriro diot badirela lan zailagoak. Horrekin ez dut esan nahi niretzat batzuetan zaila ez denik. Bai, batzuetan zaila da; baina ez dut uste bere haurren heziketan inplikatua dagoen edozein ama edo aitarentzat zaila ez denik batzuetan. Jardun osoz lan egin nahi bada, beti da zaila. Hala ere, ez da inondik inora esan behar bata edo bestearen aurrean aukeratu behar denik. Hori izan da orain arte emakumeek, batez ere, izan duten patua. Gure generazioak erakutsi behar du, ez bakarrik emakumeak politikan parte hartzeko eskubide eta ahalmen berdina dugula, baizik eta haurrak ditugun emakumeak ere eskubide eta betebehar berdina dugula politikan aritzeko.

Aipatu berri duzun emakumeen inguruko gai honekin jarraituz, esan behar da, nahiz eta tamalez politikan gizonezkoek presentzia askoz ere handiagoa izan oraindik, ezin dela ukatu gero eta emakume gehiago dagoela. Nola bizi izan zenuen, emakume bezala, Lehendakaritzarako hautagai izatea? Hori da argitzea garrantzizkoa den beste gauza bat. Hauteskunde hauetan ez da lehendakarigairik izaten, aukeratzen dena legebiltzarra da. Hura aukeratzeko, herrialde bakoitzean zerrenda bat egiten da, eta ni Gipuzkoako zerrenda-buru nintzen. Egia da, gero, alderdi bakoitzak bere lehendakarigaia zein den esaten duela, baina gureak ez dira hauteskunde presidentzialista batzuk. Beste sistema demokratiko batzuetan, batez ere anglosaxoietan, AEBetan esaterako, bi hauteskunde mota egoten dira: bata, kongresua aukeratzeko; eta, bestea, presidentea aukeratzeko. Gure kasuan, hauteskundeetan legebiltzarra aukeratzen dugu, eta, ondoren, honek aukeratzen du Lehendakaria. Badakit xehetasun hau, agian, pixka bat urruti geratzen dela, baina garrantzizkoa da ezberdintzea. Gurea sistema parlamentarioa da; beraz, hauteskunde hauetan ez zegoen lehendakarigairik. Egia da, gero, debateetara zerrenda-buru publikoenak joaten direla. Han tokatu zitzaidan, EITBko debateetan, emakume bakarra izatea. Duela lau urte, Maria San Gilek bete zuen paper hori. Eta hemen egin nahi dut gogoeta txiki bat. Egia da emakumeak gero eta gehiago hartzen dugula parte politikan, beste alor askotan bezala, baina egin dezagun galdera geure buruari: Ezenarro EITBko argazki batean zenbat emakumek irauten dute politikan? Azkenaldian, eta azterketa seriorik egin gabe, PPko presidente eta Lehendakaritzarako hautagai izandako Maria San Gil aipatu dut. Dagoeneko ez dago politikan. Alderdi bateko beste presidente bat aipatzearren, Begoña Errazti, EAkoa. Hark ere ez du jarraitzen politikan. Eman diezaiogun bira kontuari: zenbat gizonek irauten dute politikan? Ziur nago ezagutzen ditugun askok badaramatela politikan zuek txiki-txikiak zinetenetik. Bazen bere izena aipatuko ez dudan politiko feminista bat Espainiako Kongresuan esaten zuena: “Los hombres vienen a la política y se quedan; las mujeres pasan”. Oraindik ere badugu hori, eta, besteak beste, gure izaerarengatik da. Uste dut, guretzat espazio politiko eta publikoa berriagoa denez, askoz ere zintzotasun handiagoarekin parte hartzeko bokazioa izaten dugula; eta ideiengatik alderdiarekin tirabiraren bat sortzen bada, normalean emakumeok atzera egiten dugu, gizonak geratu egiten diren bitartean. Ez nabil esaten hau orokorra denik, baina datuak hor daude: istiluen eta tirabiren aurrean, gizonak normalean geratu egiten dira. Emakumeoi oihan horretan dauden borroketara ohitzea falta zaigu, lehen esaten nizunagatik: atzera egiten badugu, parte hartzeko esparruak betikoei uzten dizkiegulako. Gogorra da batzuetan; baina politikak emakumeen presentzia izan dezan nahi badugu, guk geuk hasi behar dugu espazio horiek guztiak gizonen esku ez uzten berriro.

Ildo horretatik jarraituz, uste duzu asko itxaron beharko dugula, behingoz, emakumezko Lehendakari bat izateko? Uste dut baietz, oraindik bai. Nahiko nuke eta, gainera, badaude horren adibideak munduan -ikuspegi ideologiko batetik urruti baditut ere-, bere papera ondo betetzen dutenak; Angela Merkel besteak beste, duela gutxi bere karguan berritua izan dena. Gainera hori, berritua! Ez da, esaten dudan bezala, nire ikuspegi ideologikoan kokatzen, baina nolabait eskertzen duzu presentzia publiko bat izan duten emakumeak badirela eta mantendu egin direnak, botoak igota gainera.

Nik uste dut Euskal Herrian oraindik urruti gaudela horretatik; batez ere, alderdi handiek ez dutelako hautagai emakumezkorik jartzen. Azken hauteskunde autonomiko hauetan egiten badugu azterketa, zenbat emakumezko ziren zerrenda-buru hiru lurraldeetan? Esku batekin kontatzen dira. Ni Aralerreko zerrenda-buru nintzen Gipuzkoan; Arantza Quiroga, orain Legebiltzarreko presidente dena, PPko zerrenda-buru izan zen, Gipuzkoan baita ere; eta oker ez banago, orain parlamentuan dauden alderdien artean, Izaskun Bilbao EAJko zerrenda-buru izan zen Bizkaian. Baliteke baten bat uztea, baina ez dut uste. Pentsa zenbat zerrenda-buru zeuden gizonezkoak. Oso urruti gaude. Zaila izango da oraindik alderdi handiek euren exekutibetan ez badituzte emakumeak gizonezkoak bezain besteko pisuarekin jartzen, eta, ondorioz, exekutiba horiek ez badituzte hautagai emakumezkoak jartzen. Gu gure exekutibetan eta hautagaitzetan saiatzen gara emakume eta gizonen arteko parekotasuna mantentzen. Nik sinesten dut ezkerreko alternatiba abertzalea indartzen joango dela; baina oso kontziente naiz ere gure kasuan proiektu hori oraindik epe ertainera dagoela, nahiz eta sinismen handia dudan gure proiektuan, oraindik ez dut hainbesterainoko federik epe motzera begira behintzat. (Elkarrizketaren 1. zatiaren amaiera)

Aintzane Ezenarro euskaljakintzan from Maite Goñi on Vimeo.

Euskaljakintza 5eko Jon Cidek Aintzane Ezenarro legebiltzarkideari egindako elkarrizketa. Getarian, 2009ko urriaren 28an.

Elkarrizketaren jarraipen ikusteko:

Comments { 4 }
-->