Maiatzaren 8a zen. David Zurutuzarekin geldituta geunden euskaljakintzarako elkarrizketa egiteko, Zubietan, Realak entrenatzen duen tokian hain zuzen ere, eguerdiko 12:00etan. Jokalari hauen entrenamenduaren amaiera ikusten ari ginela, Luis Arconada taldeko prentsa arduraduna etorri zitzaigun harrera egitera. Jarraian, Zubietako eraikin nagusira sartu ginen Luisen gidaritzapean eta bertako instalazioak erakutsi zizkigun. Benetan ikusgarriak! Azkenik, eraikineko azken solairuko gela handi batera eraman gintuen, jokalariek erlaxatzeko erabiltzen dutena, eta bertan zain egon ginen jokalariak etorri bitartean. Lehenengo, Iñigo Martinez igo zen; izan ere, Itxaso eta Maddalenek berarekin hitzordua baitzuten. Honi eginiko elkarrizketa ikusi ondoren, David igo zen. Denok agurtu eta aurkeztu ondoren, elkarrizketari ekin genion.
David Real Sociedad futbol taldeko erdilaria da, 1986an Rocheforten jaioa. Nahiz eta Frantzian jaio, aita azpeitiarra du eta gazte gaztetatik Debara etorri ziren bizitzera. Deban bertan hasi zen futbolean, baina bere lehen taldea Lengokoak talde donostiarra izan zen. Ondoren, Realak fitxatu zuen eta Sansen eta Eibarren hiru denboraldi oso burutu ondoren, 2008an debuta egin zuen lehen taldearekin Huescaren aurka.
Hasteko eskerrak eman nahi dizkizugu, David, eta baita Luis Arconada eta Realari ere, aukera hau emateagatik eta tarte hau eskaintzeagatik. Txikia zinela hasi zinen futbolean Debako futbol taldean eta Sansen bertan ere, baina seguruenik ez zenuen horren urrun iritsiko zinenik pentsatuko. Futbolaria izango ez bazina, zer izatea gustatuko litzaizuke? Zergatik? Txikitan, egia da, beti amesten duzula futbolari izatearekin, baina, beste mila gauzekin ere bai; izan ere, txikia zarenean, gauza asko pasatzen dira burutik. Baina futbolean arituko ez banintz, seguruenik, kirolarekin erlazionaturiko zerbaitetan aritzea gustatuko litzaidake.
Txiki-txikitatik egon zara futbol munduari lotuta. Zer gauza on eta txar ekarri dizkizu futbolak? Zeren hutsunea nabari duzu gehien, futbolean aritzeagatik? Futbola, denok pentsatuko duzuen bezala, hasieran irabazten duzun dirua da. Baina honetaz aparte, badaude beste gauza asko; izan ere, futbolak mundua irekitzen dizu, harreman asko egiten dituzu, ate asko ireki eta jende asko ezagutzen duzu. Honetaz gain, futboletik bizitzea gustuko zerbaitetik bizitzea da. Nire ustez, norberak gustuko duen lana egitea ezin hobeto dago. Futbolak duen gauza okerrenetako bat ekartzen dizun fama puntu hori da. Mundu guztiak ezagutzen zaitu eta, lasai egon nahi duzunean, lasaitasuna bilatzea kosta egiten da.
2008/2009 denboraldian, Realak beste talde batean utzi nahi izan zintuen; halere, azkenik, Sansen fitxa egin zizuten. Sansen primeran ibili eta arazo fisikoak gainditu ondoren, 2008ko azaroaren 23an lehen taldearekin debutatu zenuen Huescaren aurka, Lillo entrenatzailearen eskutik. Zer sentitu zenuen Realarekin lehen aldiz jokatzean? Zer gogoratzen duzu partidu hartaz? Gogoratzen dut konbokaturik joan nintzela eta apurtxo bat urduri nengoela Anoetako zelaira eta aldageletara joatean, berria baitzen niretzat giro hori. Gero, debutatu ondoren, gustura nengoen. Jada ahaztua dut egun hori.
Zer sentitu zenuen Lillo entrenatzaileak zelaira sartu behar zinela esan zizunean? Momentu horretan kontzentraturik eta zentraturik nengoen nire lanarekin, eta gogoratzen dut Castillok sartu zuen gol ikaragarria, ikusi dudan onenetarikoa seguru.
2012ko urtarrilaren 29an gaude. Reala-Sporting partiduan, 7 minutu baino ez zenuen iraun zelaian. Nahiko denbora bi gol sartu eta sudurra hausteko. Gainera, lehen mailan mantentzeko partidu garrantzitsua Sporting 3 puntura zegoela ikusirik. Zer datorkizu burura egun hori gogoratzean? Dena oso azkar pasatu zen; izan ere, bigarren gola sartu ondoren, imajinatu nola nengoen! Gola sartu eta momentu batera ospitalean nengoen. Gainera, partidu garrantzitsua zen jaitsiera postuei begira, Sporting ere bertan baitzegoen. Eskerrak partidu hori irabazita, lortu genuela mantentzea.
Futbolari eta, orokorrean, kirolari askok euren partidua hasi aurretik edo bitartean zenbait mania edo erritual izaten dituzte. Besteak beste, abesti jakin bat entzutea, eskuin oinaz zelaira sartzea, aitaren egitea… Ba al duzu horrelako erritual berezirik? Egia esan, ez dut horrelako maniarik. Ni ateratzen naizen bezala ateratzen naiz zelaira. Hala ere, partidu aurretik kontzentrazio puntu bat bilatzen saiatzen naiz: lasai egon, nire gauzetan pentsatu… Ni ez naiz ez hankekin ez horrelako gauza arraroekin ibiltzen.
Badakigu benetan zaila dela goi mailako futbolari izatea, gazte ugari saiatzen direla baina pribilegiatu gutxi batzuk baino ez zaretela heltzen. Futbola biziki gogoko duen gazte eta urrun iritsi nahi duen batek baliteke zu idolotzat hartzea… Zein aholku emango zenioke zu zauden mailara heltzeko? Hasteko, ezin ahatz daiteke futbola kirol eta jolas bat dela; izan ere, askotan ahaztu egiten baitzaigu. Profesional izan nahi duten gazte guztiek lan egin dezatela, Realeko eta orokorrean inongo futbolaririk ez da dagoen tokiraino iritsi lanik egin gabe eta. Maila mantentzeko ere lan asko egin behar da.
Argi dago kalitate handiko futbol jokalaria zarela Realan duzun postua ikusirik; futbolari orok bezala, baina, alderdi onak eta txarrak izango dituzu. Zeintzuk dira alderdi hauek? Alde onei dagokionez, nire ustez, lan asko egiten dudala, taldeari beti laguntzen baitiot. Gainera, erdilari izanda, dohain onak ditut horretarako, fisikoki ondo nago eta taldea ongi mugitzen dut. Alde txarrei dagokionez, urrutiko jaurtiketa edo buruzko errematea izango lirateke nire hutsunerik nabarmenenak.
Bibotea gora, bibotea behera… hedabideetan jokoa eman du horrek. Jende askok uste du superstizioari edo horrelako zerbaiti lotua dagoela. Zer dago bibote famatuaren atzean? Aurrez esan bezala, ez dut superstiziorik. Bibotearen atzean zera dago: udako egun batean, bibotea utzi nuen. Ispiluaren aurrean jarri nintzenean, gaizki gelditzen ez zitzaidala iruditu zitzaidan. Ordutik aurrera…
Anoeta zelaiak askotan oihu egiten du zuru-zuru kantua. Zer sentitzen da horrelako zelai batek gogo biziz hau oihukatzen dizunean? Imajinatuko duzuen bezala, emozio asko ekartzen ditu honek. 30.000 pertsona denak batera zuru-zuru kantatzen… hunkitu egiten zaitu, oilo busti azala jartzen zaizu eta oso eskertzekoa da.
Urte asko daramazu Realean. Bertan, anekdota edo une ugari -onak, txarrak, bitxiak.. – bizi izango zenituen. Kontatuko al zeniguke anekdota bitxi hauetako bat? Badago anekdota bat ongi gogoratzen dudana. 2. mailan nintzenean, Martin Lasarte entrenatzailearekin, ez nintzen hasierako hamaikakoan irten. Aulkian nengoen apurtxo bat berotzen eta Martinek atera egin behar nuela esan zidan. Prestatzen hasi nintzen: zango-babesak espinillerak jarri… Azkenean, jokatzeko kamiseta eskatu nuen. Arduradunak kamiseta bilatzen hasi ziren, baina kamiseta inon ez zuten aurkitzen. Martin, entrenatzailea, beroturik zegoen eta esaten zuen atera beharrean nengoela taldeak behar ninduelako. Ni, ordea, kamisetarik gabe nengoen! Azkenean, Mitxelo, gure tresnazaina, aldageletara joan, kamiseta aurkitu, bota eta jantzi egin nuen. Eskerrak partidu hori irabazi genuen eta anekdota bezala gelditu zen!
Azkenik, elkarrizketa honi amaiera emateko, ausartuko al zinateke aurtengo denboraldiko ligako lehen sei postu eta azken hiru postuei izena ematen? Oraindik zaila da esaten baina, lehenengo hirurak Bartzelona, Real Madril eta Atletico de Madrid izango direla esango nuke. Ondoren, beste hiruren artean Reala, Valentzia eta Betis. Eta azkeneko hirurak, nire ustez, orain dauden hirurak izango dira: Celta, Deportivo eta Mallorca.
Honekin amaitu genuen Davidi eginiko elkarrizketa. Oso eguardi polita pasatu genuen eta oso esperientzia mesedegarria izan zaigu, aurrera begira, lotsa galtzeko. Hori gutxi balitz, lehenago Iñigo Martinezekin egoteko aukera aparta izan genuen. Berriro ere eskerrik asko Davidi eta Realari.
Elkarrizketatzaileak: Jokin Auzmendi eta Mikel Lekuona
Iruzkin berriak