Archive | elkarrizketak

RSS feed for this section

Joanes Aierbe: “Gora Ordizia, gora Ordizia Rugby Elkartea eta gora Euskal Herria!”

Horiexek izan izen, lehengo igandean, Ordizia Rugby Elkarteko kapitaina den Joanes Aierbek herriari esandako hitzak oholtza gainetik, taldeak Errege Kopako Palentzian eskuratu ondoren. Joanes Aierbe 34 urteko ordiziarrak hooker gisa jokatzen du Ordiziako errugbi taldean. Iaz sabeleko minbizia diagnostikatu zioten. Dena den, ez du inoiz amore eman eta gaixotasunari aurre egin ondoren eta uda osoan osatze bidean ibili eta gero, aurtengo denboraldian berriz ere itzuli da errugbi zelaira.

Has gaitezen hasieratik, baina. Harritxu eta Shantalen gara eta, urtero euskaljakintzan gertatzen den bezala, bagenekien, aurten ere, elkarrizketa bat egiteko esango zigula Maitek. Hasieran, ez genekien nori egin. Elkarrizketa interesgarria izatea nahi genuen, eta ez da erraza norbait interesgarria eta, aldi berean, gure gustukoa aurkitzea. Azkenik, buruari hainbat buelta eman ondoren, Joanes Aierbe errugbi jokalariari egitea erabaki genuen.  Hitzorduaren eguna iritsi zenean, oso urduri geunden biok, eta behin eta berriro galderak errepasatzen aritu ginen ikastolan, akatsik egon ez zedin. Halere, Joanes azaldu zenean, urduritasunak alde batera utzi eta elkarrizketari hasiera eman genion.

Esan beharra dago hilabete pare bat pasa dela elkarrizketa egin genuenetik. Azken aste honetan, ordea, arestian aipatu bezala, albiste ikaragarria jaso dugu herritarrok, jaso genezakeen albisterik onena: Ordizia Rugby Elkarteak Errege Kopako finala irabazi du Palentzian, El Salvadorri 30-27 irabazi ostean. Partiduak nahiko itxura txarra izan zuen hasieran, di-da batean hiru entsagu jaso baitzituzten ordiziarrek. Azkenean, halere, partiduari buelta ematea lortu zuten eta azken minutuetan aurretik ipini ondoren, kopa irabazi zuten. Igande goizean inoiz herrian bizi izan ez dena bizitzeko aukera izan genuen; izan ere, herritik 7 autobus atera ziren Palentzia aldera ordiziarrak animatzera. Jokalariak etxean bezala sentitu ziren bertan. Egia esanda, afizio bikaina joan zen bertara! Baina ekin diezaiogun elkarrizketari.

Hasteko, errugbi ez den beste gauza bati buruz hitz egingo dugu, zure nerabezaroaz hain zuzen ere. Badakigu Jakintza Ikastolan ibilitakoa zarela. Zer oroitzapen dituzu garai haietaz? Oroitzapen onak, batez ere. Garai haiek urruti samar ikusita, beti oroitzapen onenekin geratzen zarelako. Hala ere, esan beharra dago momentuan bertan zaila egiten dela. Gainera, ikasle ona ere ez nintzen eta etxeko lanak eta azterketak zirela, besteak beste, borrokan ibiltzen ginen kurtsoa aurrera ateratzeko. Baina oroitzapenak orokorrean onak dira, lehen esan bezala, batez ere urte asko pasa eta gero.

Txikitatik izan al duzu errugbian jokatzeko grina edota beste kirolen bat gogokoago al zenuen? Egia esan, nahiko berandu hasi nintzen errugbian, 14 urterekin hain zuzen ere. Aurretik, mutikotan, gehienak bezala, futbolean jokatzen hasi nintzen. Horretarako ez nuen balioko, ordea, eta errugbian jokatzera probatu nuen. Asko gustatu zitzaidanez, gaur egun ere hemen jarraitzen dut.

Odiziako Errugbi Elkarteari buruz hitz egingo dugu jarraian. Lehengo urtean lan ona egin ondoren, liga irabazteko zorian geratu zineten, baina azkenean ez zenuten irabaztea lortu. Beraz, aurtengo denboraldirako hainbat proposamen dituzuela pentsatzen dugu. Zeintzuk dira proposamen horiek? Asko asmo politak dira eta horren baitan jartzen dira helburuak; dena den, horretaz aparte, denok dakigu herri txiki bat garela eta talde handi eta indartsuen aurka jokatzen dugula. Iaz txapelketa irabazteko zorian gertatu ginen eta, nire ustez, horrek ere helburuak aldatu egiten dizkizu eta aurten ere badirudi nahiko ondo bideratuta daukagula.

Gu Ordiziako futbol taldean jokatzen ari gara eta harrigarria iruditzen zaigu, bai entrenamendu eta partiduak jolasten ari garen bitartean edota jolastu eta gero, zenbat jende joaten den errugbi zelaira jolastera. Horrez gain, adin txikikoen eta handienen artean giro polita dagoela nabari da. Zer-nolako etorkizuna ikusten diozu Ordizia Rubgy Elkarte osoari? Orain dela ez urte asko kirol hau jende aldetik nahiko eskasa zen, baina nik uste dut taldea urrezko mailara igotzeak bultzada handi bat eman diola kirolari, batez ere, Goierri mailan. Orain, egia esan, eskola kirola edota beheko mailetan mutiko dezente dauzkagu. Pozgarria da base bat dugula ikustea. Era berean, nik uste dut orain hasi dela lana pixka bat seriotzen, batez ere, oinarrizko talde horiek gerora begira eliteko jokalariak izan daitezen. Zer etorkizun ikusten diodan? Horrela jarraitzen badugu, nire ustez, etorkizun positiboa eta benetan polita ikusten da, betiere kontuan edukita maila gero eta handiagoa dela eta lan asko egin behar dela horretarako.

Zure ibilaldiko momentu onenean zeudenean eta taldeko kapitaina zinen unean, iazko Eguberrietan sabeleko minbizia daignostikatu zizuten. Kirola utzi behar izan zenuen. Gainera, liga irabazteko aukera izan zenuten, baina, tamalez, ez zenuten lortu. Artikulu batean Ampok honako hau zioen: “Ez zen zuzena izango aurten liga irabaztea kapitaina falta delako, datorren urtean irabazleak izango gara”. Hau entzutean, zer sentitzen duzu? Aurten ere nahiko lan izango dugula liga irabazteko. Iaz nirekin edo ni gabe ezin izan zen lortu; hala ere, uste dut lan polit bat egin genuela eta herriak eskertu zigula. Aurten ere saiatuko gara ahalik eta postu onena lortzen. Nire laguntzak helburu hori lortzeko balio badu, hobeto. Gure eskuetan dugun guztia egingo dugu taldea aurrera ateratzeko.

Ikusten da taldea oso batua dagoela; izan ere, orain dela urte erdi bat, zure gaixotasuna zela eta, zure taldekideek Cuatro telebistarako bideo bat grabatu zuten, momentu guztietan zure ondoan egongo zirela adieraziz. Bertan, beste kirolarientzat adibide ona zarela esaten dute errugbian jokatzen jarraitu duzulako. Horrek errugbia praktikatzen jarraitzeko indar gehiago eman al dizu? Egoskor samarra naiz eta garbi neukan hasieratik errugbian jokatzeko ahalegina egingo nuela; dena ondo joanez gero, jarraituko nuela. Azkenik lortu dut. Eta taldekideek eman didaten babesa bultzada bat ere bada. Momentu politak izan ziren horiek: momentu guztiz gogorrak, baina politak.

Normala den bezala, gaixotasunak erabat jota eta ahulduta utzi zintuen. Dagoeneko uda pasa da eta guztiz errekuperatuta ikusten zaitugu herritarrok Gainera, entzun dugunez, 20 bat kilo berreskuratzea lortu duzu. Esan daiteke hori izan dela zure “proiektua” azkenaldian. Lehen momentutik izan zenuen buruan errugbi zelaira bueltatuko zinela? Zaila izan da. Ordura arte galdu nituen kilo horiek ez ziren uda batean irabazitakoak. Nik urteen poderioan lan asko egin dut gimnasioan eta lortua nuen, ez kiloak bakarrik, gorpuzkera ere bai. Baina poliki-poliki gutxitzen eta gutxitzen joan zen, oso ahuldua eta argaldua geratu nintzen. Hala ere, errugbira itzuli behar nintzela garbi neukan bezala, itzultzeko lan fisiko gogorra egin beharko nuela ere garbi neukan. Gorpuzkera berriz ere lortzeko, bai udan eta bai uda ondoren lan handia izango nuela garbi neukan. Ebakuntza bat egin zidaten uztailean eta horren ondoren, pixka bat gehiago jan eta gimnasio pixka bat gehiago egin izan dut, gorpuzkera lortu arte.

Jada hasi zara zure taldearekin jokatzen. Nola ikusi zenuen zure burua lehen minutuetan? Entrenatzen nahiko ondo ari nintzen taldekideekin, baina, azkenean, konpetizioak jartzen zaitu mugan. Horregatik, lehenengo taldearekin jokatu aurretik garbi neukan proba bat edo beste egin beharra nuela eta, horretarako, bigarren taldearekin aritzea bururatu zitzaigun, baina jarraipen bat bezala da. Gaztetan hori gertatzen da: jubenil mailatik salto egiten duzu, eta maila altua duena zuzenean ohorezko maila jokatzera joaten da. Besteak transiziozko maila batetik igaro behar dute bigarren mailako talde horretan. Nire proba nahiko ondo atera zen eta, lekua gorde didatenez, talde horretan jarraitzen dut.

Tarte horretan, zure taldearen entrenamentu guztietara joan zara animatzera; beti egon zara beraien alboan behar zutenerako. Nabari da kirol hau oso gustuko duzula. Ikusten al duzu errugbia praktikatzeari uzteko egunik? Bai eta, gainera, gero eta gertuago. Azkenean, 35 urte egin behar ditut aurten. Garbi daukat elitean ez zaizkidala urte asko geratzen. Gero, ordea, taldeari lotuta jarraitzea nahiko nuke, entrenatzaile baten laguntzaile moduan -edo, bestela, ahal den moduan- laguntzen. Baina kontziente naiz jokalari garaiak bukatzen ari zaizkidala eta atzera kontu batean nabilela ere bai.

Joanesi eskerrak emanez amaitu genuen elkarrizketa. Oso gustura geratu ginen biok; izan ere, asko gozatu dugu lan hau egiten, ordu asko eraman dizkigun arren.  Joanesi eskerrak emateaz gain, komiki txiki bat ere eskaini nahi izan diogu, gure ustez, amaierako atsotitzak oso ondo deskribatzen baitu: ‘Arian-arian edozer zulatzen da!’

Amaitzeko, hasierara itzuliko gara, Erregearen Kopa eskuan zutela herriratu ziren unera. Izugarrizko ongietorria izan zuen taldeak Ordiziako plaza nagusian, asteazkenero Ordiziako azoka egiten den plaza horretan bertan. Jokalariak autobusetik jaitsi zirenean, egundoko txalo zaparrada jaso zuten. Oholtza gainean, dantzari batzuek aurreskua eta alkateak bertso batzuk eskaini zizkieten. Zeelanda Berriko jokalariek ere hain ezaguna den haka dantzatu zuten, eta entrenatzaileek eta Joanes Aierbek hitz batzuk esan zituzten herriari eskerrak emateko. Ospakizunak gaueko ordu txikiak arte iraun zuen. Herri osoa harro eta pozik gaude talde honek erakutsi duen indar eta kemenagatik. Denboraldia borobila izan dadin, azken txanpa falta da eta, behin eskatzen hasita, ea aurreko urtean ia-ia irabazi zugenuen liga oraingoan irabaztea lortzen dugun!

Mila esker berriz ere, Joanes, euskaljakintzan parte hartzeagatik. Onena opa dizugu bai zuri eta baita talde osoari ere. Zorionak!

Comments { 2 }

Javier Armentia: “Ez zait bidezko iruditzen hiritarroi dena berdina balitz bezala saltzea”

Etenik gabe eskaintzen dizkigute produktu miragarriak: power balanceak, domina kuantikoak, sendabide alternatiboak… Batzuk ez dira hain berriak: homeopatia, akupuntura, kiropraktika…Telebista serie, film eta zenbait liburuk ere fenomeno paranormalen sinesgarritasuna bultzatzen dute. Baina zer dago horien guztien atzean? Zertan oinarritzen dira: frogetan ala sinesmenetan? Fidagarriak edo iruzurrak dira?

Gai horiekiko eszeptizismoa gizartean bultzatuz eta atzean duten iruzurra salatuz dihardu Javier Armentia astrofisikariak. Nire jakin-mina ase nahian, berarengana jo nuen iritzi eske. Hemen duzue eskaini zidan solasaldia.

Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkizut Euskaljakintzaren izenean elkarrizketa hau egiteko aukera eman izanagatik. Ez da ezer, benetan plazer hutsa izan da.

Astrofisikaria zara, Iruñeko Planetarioa zuzentzen duzu eta zientzia gizartean zabaldu edo hedatzeaz arduratzen zara, betiere, pseudozientzia izena jasotzen duten horien aurkako jarreraz nabarmentzen zarela. Gai honetan gehiago sakondu aurretik, sasi-zientzien inguruan hitz egitean ulertu behar dugunaren definizio labur bat eman diezagukezu? Nik uste, alde batetik, gauza asko saltzen -eta, bestetik, kontatzen- dizkiguten mundu batean bizi garela. Horietako batzuk egia dira, beste batzuk funts komertzialak, ideologikoak zein politikoak dituzte atzetik. Batzuetan zientziaz bilduta datozen gauzak dira: aurrerapen teknologikoak, aurkikuntza berriak… Beste batzuetan, aldiz, misterioez hitz egiten dute, edo beste zenbait gauzaz. Kontua da ea gai garen identifikatzeko zein gauza diren fidagarrienak, zertan sinetsi behar dugun, eta zer jarri behar dugun zalantzan. Horretarako tresnak edukitzea benetan garrantzitsua da.

Pseudozientziak mota honetakoak dira, aurkikuntzez bilduak datozkigu, zientzia arloko misterioez hitz egiten digute; baina benetan analizatu edo aztertzean ikusten da modu okerrean, partzialean edo froga aproposik gabe aurkeztuak direla. Neurologoek, adibidez, gure garunak nola funtzionatzen duen kontatzen digutenean, magia dela iruditzen zaigu. Badakigu, ordea, ideia horien atzetik argitalpenak eta beste tresna batzuk daudela, eta beste edonork errepika dezakeela esperimentu bera. Norbaitek estralurtarrez inbadituak izaten ari garela esaten digunean, berriz, edo amerikarrak zerbaitekin esperimentatzen ari direla, jendea bahitzen dutela… inoiz ez da esandakoaren froga fidagarririk aurkitzen edo dena zalantzazko testigantzetan oinarritzen da. Hori ez da bidezkoa, ez zait bidezko iruditzen hiritarroi dena berdina balitz bezala saltzea. Batzuetan komeni da gauza asko modan daudelako edo interesatzen direlako soilik saltzen direla salatzea.

Eta hau betidanik existitu da edo zientziarekin batera eboluzionatzen joan den zerbait izan da? Biak. Azken batean, beti sinetsi izan dugu zerbaitetan. Gogoan dut Santiago Ramón y Cajalek, bere autobiografian, Aragoiko Petillan bizi zeneko gertakizun pare batek txikitan sortu zien harridura kontatzen zuela. Bata eklipse baten aurreikuspena zen. Egunkarietan irakurri zuen laster eklipse bat ikusteko aukera izango zela. Bertan zer ordutan ikusiko zen jartzen zuenez, beste zenbait haurrek bezalaxe, ikusi eta gertaerarekin hunkitu egin zen. Bestea ekaitz handi baten iragarpena zen. Herriko apaizak prozesio bat antolatu zuen ekaitzak herria ez harrapatzeko. Edo pentsatzen dut herriak tximisten kalterik ez jasatea eskatu nahiko ziola Jainkoari. Azkenean, zer eta tximistak elizako dorrea hautsi zuen. Begira zein desberdinak diren bi ikuspuntuak: alde batetik, aspaldiko fede kultural hori dago, tximistak Jainkoak bidaltzen dituela pentsatzen duena, eta azkenean zientziak dioen moduan, herriko punturik altuenean, hau da, elizako dorrean erortzen da. Eta bestetik, iragarpen zientifiko baten zehaztasuna dago, zeinak esaten digun ilargia nola mugitu eta eguzkiaren aurrean jartzeko gai den, eklipse bat sortuz.

Horrelako gauzak betidanik existitu izan dira. Urte luzez horrelako gertakizunen interpretazio magikoago edo naturaz gaindiagokoa egin da. Eskandinabiarrentzat, adibidez, tximistak eta trumoiak armak lantzen ari ziren jainkoek egindako txinpartak eta mailuen bitartez sortutako soinuak ziren.

Azalpen ezberdinak dira eta apurka zientzia gertakizun horien azalpen natural gisa onartzen joan zela ulertu behar dugu. Beraz, normala da denbora luzez biak bizikide izatea, eta, egun, horrela jarraitzea. Egia da, halaber, gaur egun edozein informazio edo edozein gertakariren berri sarean zehar zabaltzeko dagoen aukerarekin -albiste bat twiteatzen duzu, adibidez, eta bat-batean ehun mila jarraitzaile dituzu-, garrantzia handiagoa ematen zaiola albistearen erakargarritasunari, urte batzuk beranduago eduki dezakeen azalpenari baino.

Medikuntza alternatiboko produktuek, esaterako, edozein gaitz sendatzeko gai direla baieztatzen digute, eta, gaur egun, mirarizko produktu gisa saltzen dira. Egia da horrenbesteko gaitasuna dutela, edo imajinazio kontua baino ez da? Azken batean, pseudomedikuntzari sinesgarritasuna ematen diogu eta medikuntza tradizionalarekin mesfidati gaude. Zergatik? Benetan paradoxikoa da. Medikuntza tradizionala, Osakidetzako gizarte-segurantzatik ordainduta dator eta, beraz, medikuarengana joaten gara eta batzuetan gaixotasunak sendatu egiten dizkigute edo ez; beste batzuetan gustura artatu ez izanaren irudipena geratzen zaigu… Kontua da medikuntza tradizionala gauza askoren erruduntzat hartzen dugula, baina benetan hobeto eta denbora luzeagoz bizitzeko aukera ematen digu. Askotan ahaztu egiten dugu hori. Bestalde, pseudomedikuntza izena jasotzen duten horiek puntu alternatibo batean kokatzen dira, non negoziorako oso ondo pentsatutako amuak jartzen dituzten, medikuntzarekin pozik ez dagoenak bertara jo dezan. Hau da, imajinatu gaixotasun edo min bat daukagula, medikuntzak berak zer den ez dakiena. Normalean medikuak pilularen bat emango liguke. Beste norabait joan eta emandako belar batzuekin, berriz, sendatu egiten zara. Honekin zera esan nahi dut: batzuetan ezer gabe sendatzen gara, eta beste batzuetan egia da hartzen ditugun botika asko ez direla uste bezain onak, edo, benetan funtzionatu arren, beste gaixotasun batzuk azaleratu edota beste zerbait eragabetzen dutela. Mundua oso konplexua da zentzu horretan.

Ez dugu ahaztu behar medikuntza esperientzia natural zein pertsonalean oinarritu dela hainbat tratamendu, terapia, produktu eta pilula sortzeko. Aspirina horren adibidetzat har dezakegu. Bazekiten sahatsaren azalaren bidez egindako produktu honek sukarra eta mina kentzeko balio zuela. Duela ehun urte botika hau patentatu zen, mina zein molekulak kentzen zuen jakin zenean. Hirurogeita hamar–laurogeigarren hamarkadara arte, ordea, ez zen jakin zergatik gertatzen zen hori; baina bitarte horretan erabili zen eta benetako medikuntzak erabili zuen. Horixe da medikuntzaren historia. Medikuntza mota honetako gauzak gehitzen joan da; beraz, medikuntzaren alternatiba bakarra medikuntza hobea litzateke. Dena den, honen ondoan benetan ezer egiten ez duten sendabideen negozio bat sortzen ari da. Bata eta bestearen artean bereizteko modu bakarra terapia guztiek froga zientifikoen bitartez euren baliotasuna frogatzea litzateke. Hemen, zorionez, osasun publikoko zerbitzuak, ikerketak, unibertsitateak eta ikasketak argitaratzen dituzten aldizkariak dauzkagu; ikerlan arduratsuak ematen dituztenak, gizakiak erabiliko dituen produktuak ezin baitira nahi erara erabili.

Historian zehar, adibidez, talidominarena bezalako gertakari beldurgarriak izan dira. Hirurogeigarren hamarkadan erabili zen medikamendu honek haurdun zeuden emakumeen fetuetan malformazioak eragiten zituen eta hori ez zen jakin produktua merkaturatu arte. Egun esperimentazioaren bitartez horrelako gertakariak saihesten saiatzen dira. Benetan bide zaila da; izan ere, urte asko pasatzen dira produktua sortu eta merkaturatu arte. Duela gutxi esan zuten telebistan Madrilgo institutu batek HIESA sortzen duen GIBaren aurkako txertoan aurrerapen handiak egin dituela. Mota honetako eritasun eta infekzioak existitzen dira, eta horiek apurka aztertuz gaixotasun horien aurkako botikak sortzea posible da, baina urte asko pasa beharko dira txerto eta botika horiek merkatuan saltzen hasi aurretik. Benetan ikaragarria da hori, inork ez du gustuko. Horregatik, ez da arraroa jendeak beste edozein tratamendutara jotzea. Hala ere, inoiz ez dugu ahaztu behar euren eraginkortasuna frogatzen dutenak baino ez direla baliozkoak.

Alde horretatik iruditzen zait izugarrizko permisibitate okerra dagoela osasunaren alorrean; izan ere, terapia bat eskaintzen duen pertsonari mediku titulua edukitzea baino ez zaio eskatzen, eta ez eskaintzen duen horren baliozkotasuna. Hori salatzekoa da; izan ere, gehiago fidatzen gara ezagun batek esaten digunaz, zientifikoek esaten dutenaz baino. Ez hori bakarrik, askotan ilara luzeak itxaronarazten dizkigun medikuntza hori susmagarritzat ere hartzen dugu. Alde horretatik aipatzekoa da homeopata edo naturopata baten kontsultan munduko denbora guztia daukazula nahi duzun guztia kontatzeko; eta Osakidetzako medikuek, berriz, egunero paziente bakoitzarentzako denbora jakin bat dute, horrek gustura egotea eragozten duela. Horixe da, hain zuzen ere, medikuntzaren akatsik handiena, ezagutza eta gaixotasunen sendabideek aurrera egin arren, jendearekiko harremanak berdin jarraitu duela eta horrek ekartzen du sasi-medikuntzaren amuetan erortzea.

Niri benetan kezka sortzen didana zera da: benetan balio ez duen produktu baten arrakastak nola bultza dezakeen jendea medikuntza tradizionala albo batera uztera. Duela gutxi hil den Steve Jobsen kasua, Applen lehendakari exekutiboarena, horren adibide dugu. Herritarrak horretaz jabetzen dira? Hau da, zenbateraino baloratzen dugu produktu horien erabilgarritasun eta baliozkotasuna? Ez, nik uste ez garela horren jakitun eta Steve Jobsen kasua adibide ona da, medikuntza alternatiboaren emaitza txarrak gutxitan kontatzen baitira. Zergatik? Kasu gehienetan mediku horietako batengana joan eta funtzionatzen ez badu, haserretu eta ez duzulako kontatzen. Jendea ez da kexatzen ez kontsumitzaileentzako udal arreta zerbitzuetan, ezta osasun zerbitzuetan ere. Beraz, horrelako gertaerak galduta geratzen dira, kontatu gabe. Steve Jobsek sendaezina zen gaixotasun bat zuen, tratamendu gogorra eskatzen zuena, pankreako minbizia hain zuzen ere. Detektatu zitzaion unean operatzeko aukera zuen, eta kirurgia eta tratamendu oso gogor bat jasanez, sendatzeko portzentaje bat zuen. Gizon honek munduko osasun zerbitzu onenak jasotzeko aukera zuen, oso aberatsa zelako. Berak, ordea, bizitza naturalago baten aldeko apustua egin zuen, eta beste modu batera sendatu nahi izan zuen. Medikuak opera zezakeela esan zionetik urtebetera, jarrera zuzendu eta gaizki sentitzen hasi zenean, medikuntza tradizionalera itzuli zen, baina dagoeneko beranduegi zen. Izan ere, urtebete lehenago gaixotasunak konponbidea bazuen ere, orduan ez. Tratamendu aringarrien bitartez mina kenduko ziotela, baina seguruenik gaixotasun horrek hil egingo zuela esan zioten.

Nik uste kasu hori askotan gertatu den zerbait izan dela, hau da, jende asko dagoela eritasun baten aurrean eman zaion diagnostikoarekin zalantzan dagoena; psikologoek definitzen duten bezala, albiste txar bat jasotakoan edukitzen dugun ukapen fasean, alegia. Horrek askotan medikuntza alternatiboa hautatzea dakar eta, horren bitartez, agian sendatze prozesuan funtsezkoa izan daitekeen denbora galtzea. Ez gara, beraz, horrelako gauzen jakitun. Arazo handiena zera da, horrelako gauzak ez dizkigutela kontatzen. Horrez gain, nik uste dut arlo honetan ere badela beste gai anker bat: modu alternatiboan tratatzen dutenek orain arte aipaturikoa jakin arren, medikuarenera joateko aholkua eman beharrean, gaixotasuna sendatzen saiatuko direla esaten dizute. Ez hori bakarrik, hemen Iruñean bertan, noizean behin jendea biltzen da eta baieztatzen du, adibidez, HIESA bezalako infekzio arraroak eta minbizia ez direla benetan zientziak definitzen dituen modukoak, jarrera oker baten bitartez sortzen direla baizik. Hots, horien arabera, ezezkotasun moduko zerbait daukagu arazo fisikoak sortzen dituena, eta hori zuzentzeko, eskatutako hirurehun euroak ordainduta zeure burua ikusarazten eta terapia batzuk egiten erakusten dizuten ikastaro bat eskaintzen dizute. Inor horien amuetan erortzen bada, bere dirua galtzeaz gain, sendatze prozesuan garrantzitsua izan daitekeen denbora galduko du.

Beste adibide garbi bat da Afrika edo Ameriketako tropikaletara GKEekin garapen lankidetzan laguntzera joaten direnen artean gertatzen ari dena. Toki horietan malaria dago eta bertara lan egitera joaten diren gehienak homeopatiaren edo beste medikuntza tradizionalen jarraitzaile izanik, malaria sendatzeko laborategi homeopatikoetako produktuak eramaten dituzte. Duela urte batzuk, afrikar ingurune horretan lan egiten duten Osasunerako Mundu Erakundeak eta zenbait GKEk ohar bat atera behar izan zuten eskatuz produktu horiek ez erabiltzeko, mesedez, malariaren aurka babesten ez dutelako. Egun, paludismoaren tratamendu profilaktikoak, palundrinek esaterako, bihotzerrea sortzen du, baina badakigu gaixotasunetik babesteko balio duela. Arrisku handikoa da, beraz, farmazietan gaixotasun honetatik babesten ez duten produktuak saltzea, medikamendu bezala saltzea, alegia. Hala eta guztiz ere, Espainian eta Europa osoan dagoen botiken lege batek hori baimentzen du. Hori ikaragarri zentzugabea da, baina, bueno, espero dut Steve Jobsena bezalako kasu gehiago ez egotea.

Urte askotan, esaterako, beste kasu bitxi bat ere izan dugu: txertoen aurkako gero eta handiagoa den mugimendua. Zenbait gurasok ez dizkie euren seme-alabei txertoak ematen horrek autismoa sortuko diela pentsatzen baitute. Gaur egun badakigu, haurrei ematen zaien txerto hirukoitz birikoa jasotzeak autismoa sortzen duela zioen ikerketaren artikulua faltsua zela eta hura idatzi zuena auziperatua izan zela (artikulua ingelesez). Hau da, froga fidagarriak ez emateaz gain, asmo txarreko artikulua zen, beste botika alternatibo batzuk saltzeko asmoz idatzia. Aitzitik, artikulu hura idatzi zenetik hamar urte pasatu badira ere, jende askok datu faltsu horiek erabiltzen jarraitzen du. Zenbat jende hil ote da munduan euren gurasoek haur zirela txertoa eman nahi izan ez zielako? Txikitan txertorik jasotzen ez dutenek arazoak izaten dituzte bidaiatzerakoan; izan ere, infekzio horiek existitzen diren lekuetara joan nahi dutenean, txikiak zirenean euren gurasoek eman ez zizkien txertoak jaso behar izaten dituzte. Eta ez dugu ahaztu behar, errubeolaren eta elgorriaren txertoak hartzea, esaterako, arriskutsua dela adin batetik aurrera. Iaz, Granadako eskola batean, epaile batek haurrak txertoa hartzera behartu zituen, euren gurasoek seme-alabei txertoak ez jartzea erabaki baitzuten. Hori izugarria da, benetan axolagabea, Ordena Erlijioso batzuk, adibidez, odolaren transfusioa ukatzea bezain axolagabea. Horrek beldurtu egiten gaitu, jendea honaino nola irits daitekeen pentsatzera bultzatu. Bada, etxean bertan ditugu eta horrelako gauzak egiten jarraitzen duen jende asko dago.

Azkenaldian gertakari paranormalez jositako edo heriotza ondorengo bizitzaz hitz egiten diguten serie, programa, film… asko ikus daitezke. Uste duzu mota honetako programazioak arlo horien inguruko sinestunen kopurua areagotzen duela? Beste modu batera esanda, zenbaterainokoa da prentsak eta komunikabideek frogatu gabeko gertakari horietan egiten duten eragina? Begira, duela urte asko arrakasta handia izan zuen seriea izan zen “Expediente X” eta badirudi mundu guztiak ulertu beharko lukeela bertan erakusten zena fikzioa zela. Jende askok, ordea, sinetsi egiten zuen bertan ikusitakoa; izan ere, urte hauetan guztietan errepikatu diguten hori kontatzen zuen. OHE (gazteleraz OVNI) batez galdetzen badizut, adibidez, segituan plater hegalari bat irudikatzen duzu, begi irtenak dituzten estralurtarrak barruan imajinatuz. Hori ez dugu eskolan ikasi, komunikabide eta pelikulek kontatu diguten zerbait da. Nik “¡Vaya Timo!” izeneko liburuen bilduma bat zuzentzen dut, eta liburu horietako bat “Las Brujas ¡Vaya Timo!” da. Kontu egizu berrogeita hamar mila pertsona hil zirela kolektiboki horren harira; hau da, Erdi Aroan berrogeita hamar mila pertsona hil zituztela eta ehunka eta milaka pertsona torturatuak izan zirela sorginkeria egotzita. Hemen inguruan Zugarramurdiren adibidea daukagu, oraintxe epaiketaren eta heriotzaren laurehungarren urteurrena ospatzen delarik. Inkisidoreak berak ez zuen sinesten epaitu ziren gertakariak gertatzea posible zenik. Alabaina, sorginak aipatutakoan denok imajinatzen ditugu noizean behin elkartzen ziren emakume haiek, akelarreak, ukenduak egiten zituztenak eta erratzaren gainean hegan egiteko gai zirenak. Asmakizun hutsa. Inork ez zuen inoiz sorgin bat hegan ikusi, inork ez zuen haien ukendurik erabili eta inork ez zuen akerrekin harremanik izan. Hori ez zen existitzen, seguruenik gaixo zegoen norbaiten asmakizuna izan zen, botere handia zuen norbaitena.

Orain banpiroen pelikulak modan daude. Horiek literaturak sortutako ezaugarriak dituzte, hain zuzen ere, Bram Stockerrek asmatutako drakularen ezaugarriak. Pixkanaka gai honekiko grina sortzen joan da, zinearen, telebistaren, liburuen, komikien eta orain telebistako serieen bitartez. Gidoilariak banpiroen ezaugarriak aldatzen joan dira pelikula eta serieetan. Hain zuzen ere, “Los Vampiros ¡Vaya Timo” liburuan Jordi Ardanuyk liburu edo pelikula batetik bestera banpiroak egin dezakeena nola eboluzionatzen joan den aztertu zuen. Duela urte batzuk telebistako serie horietako batean, “Buffy, la cazavampiros” seriean, alegia, banpiroek joko gehiago emateko, esan zuten banpiroak eguzkiaren zuzeneko argiaren bidez baino ez zirela hiltzen, eta, beraz, itzaletan egon zitezkeela. Hasiera batean, Bram Stockerren drakulak egunez, eguzkia ateratzean, etxera itzuli behar zuen eta hilkutxa batean sartu. Gero gauzak aldatzen joan ziren, bat-batean egun osoan edozer gauza egin dezaketen banpiroak dauzkagu, Crepúsculo-koak, adibidez. Azken batean, mitoak dira gauza horiek kontatzen dituztenak eta egia da hedabideetan gai horiek ugaritzeak gizartean hedatu eta ezagun bihurtzen dituela.

Zuk diozu ea zenbat pertsonek sinesten duten benetan banpiroetan? Nik buelta emango nioke galderari: nori ez zaio inoiz gertatu leku ilun batean gauez geratzea? Badakizu ez dela ezer gertatzen etxean bakarrik eta ilunpetan zauden egun horietan; dena den, denok beldurtzen gara apur bat. Nork sartu digu beldurra gorputzean? Bada, gauetako istorioen asmatzaileek.

Beste gaietako bat karta, astro, seinale… bidezko iragarpenak dira. Engainatu egiten gaituzte, edo zerbaitetan, edozer gauzatan sinesteko beharra daukagu? Bi gauzak. Egia da engainatzen gaituztela, inork ezin du etorkizuna ezagutu. Hala balitz, jendea aberastu egingo zen kiniela eta loteriarekin. Nolanahi ere, ez dute egiten. Edo bestela, ekonomialariek etorkizuna iragarri ahal izangoko balute… Bueno, egia esan, nik uste zerbait iragartzen badakitela, poltsikoak betetzeko beste. Horixe da iragarleek egiten dutena, daukagun larritasunetik dirua atera. Denok jakin nahi dugu zer gertatu behar zaigun gero, batez ere, etorkizun hori hobetu ahal izateko. Baina iragarpena ez da existitzen eta inork inoiz ez du etorkizuna ikusteko gaitasunik izan.

Egia da intuizioa duen jendea egon dela: asmatzaile edo ameslari handienak; hala nola, Steve Jobs, ameslari handia izan zena, etorkizunean jendeak gustuko izango zuena ikusteko gai zena. Tramankulu ezberdinak hartu eta soinuak grabatu eta erreproduzitzeko gai zen gailua asmatu zuen, dena egina zegoela ematen zuen arlo batean, grabazio kontuetan. Hori bai existitzen dela. Baina ez da batere paranormala: informazioa behar da, sena, sormena…, hots, giza abileziak. Zorionez inork ez daki ziur zein izango den bakoitzaren patua, gurea bezalako gizarte batean, gainera. Egia da funtsezkoak eta genetikoak direla baldintza sozial, kultural eta ekonomikoak. Hedabideak orain nolabait programatuta ote gauden esaten ari zaizkigu, geure geneek gaixotasun batekiko joera izatera bultzatzen gaituztela, edo nola lortzen duten pertsona bat bestea baino garaiagoa izatea edo begietako kolorea ezberdina izatea. Azken batean, bi generen oinordekoak gara eta horrek baldintzatzen du gure etorkizuna. Kontua da igarleek ez dutela horrelako gauzez hitz egiten. Igarleek izarrei edo kartei buruz hitz egiten digute. Hitz batez, egiten dutena, batez ere iragarle horietako baten bezeroarekin funtzionatzen duena, gauza politak esatea eta kasu egitea da. Bistan da kontsulta horiek diru bat kobratzen dizutela une batez kasu eginez.

Esanak esan, frogatu da bezeroa dela nahi gabe, zeharka, gauza horiek guztiak kontatzen dituena. Honi gazteleraz “lectura en frío” izena ematen zaio. Gauza pare bat iragarleari kontatu ondoren, honek esaten dizu bere ustez familian noizean behin dauzkazun arazoak konpondu beharra dauzkazula. Nola jakin duen hori? Ea, izan gaitezen apur bat serioak, nork ez du inoiz etxean tirabirarik izan, edo eztabaidatu? Mesedez, etxe batean beti dago eta iskanbila. Orduan, norbaitek institutuko lagunekin daukazun harreman horretan gehiago pentsatu behar duzula esaten dizunean, Marte zure etxean dagoelako eta honek eragina duelako, sinetsi egiten duzu. Baina benetan ez dizu ezer esan, etxekoak eta zure lagun onena ere gauza bera esaten ari baitzaizkizu.

Hau da, iragarpenaren arlo honetan aurkitzen ditugunak gauza nagiak eta hizkuntza arraroak dira. Nostradamusen profezia horiek, adibidez, edozer gertatzen dela ere hark ohartarazi gintuela esaten dutenak. Ezer esaten ez duen poema bat hartzen dute: “Egunsentiko hari gorriak Zundonian agertzen direnean, errege txikia muturrez aurrera eroriko da”. Zer da hori? Bada, futbol partida batekin, lurrikara edo beste edozer gauzarekin interpreta dezakezu. Esan nahi dudana zera da, hori ere asko egin da eta engainatuak izatea gustatzen zaigu. Ziur nago benetan horrelako gauzak norbaitek guri esatea gustatzen zaigula, norbaitek hitz egin eta guri kasu egitea.

Dagoeneko hitz egin dugu zertxobait “¡Vaya Timo!” bildumari buruz. Orain arte gai asko jorratu dituzue, kreazionismotik hasi eta gizakia ilargira iritsi izana konspirazioa den edo ez aztertzeraino. Dagoeneko 16 liburu idatzi dituzue eta pentsatzen dut gehiago prestatzen arituko zaretela. Nola sortu zen ideia hau? Eta nola aukeratzen dituzue gaiak? Urte asko dira ideia hau garatzen hasi ginenetik. Nik elkarte batean kolaboratzen dut, Sociedad para el Avance del Pensamiento Crítikon (SAPC), hain zuzen ere. Bertan pentsatu genuen orain kontatu dudan guztia ezagutarazi behar genuela, hau da, gertakizunen beste ikuspuntu bat. Liburuen funtzionamendua sinplea da, zuk daukazun zerbait da eta norbaiti utz diezaiokezu, norbaitekin komentatu. Gertatzen dena da liburutegi batera joan eta arlo horien inguruan idatzitako liburu guztiak Iker Gimenezenak edo estilo horretakoak direla: plater hegalarien ingurukoak, Maiek iragarritako munduaren amaiera… Inoiz ez dago esplikazio zientifikorik. Gero, beste aldetik, zientzia liburuak dauzkazu, zientziaz eta gauza benetan dibertigarriez hitz egiten dutenak, baina normalean gai horiez hitz egiten ez dutenak. Zulo moduko zerbait zegoen hor. Orduan pentsatu genuen: zergatik ez dugu zientziak gai horiei buruz hitz egitea lortzen? Horrela sortu zen bilduma hau, gainera, apur bat beligerantea egin nahi izan genuen, hau da, gauzak diren bezala aurkezten saiatu gara, eta horietako asko iruzur dira. Egia da iruzur hitzak apur bat beldurtzen duela. Hala ere, 16 ¡Vaya Timo! publikatu ditugu eta oraingoz ez dugu arazorik izan. Liburu hauetan esaten den guztia guztiz egia da eta, gainera, oso liburu arinak egiteko gaitasuna zutenekin hasi ginen hitz egiten: zientzia zabaltzeaz arduratzen direnak, kazetariak, zientzialariak, medikuak… Denek nahi zuten mitoak desarmatzearen joko horretan parte hartu, eta istorio horietatik zer zen egi kontatu. Izan ere, iruzur edo mito horietako bat desmuntatzen hastean konturatzen zara zientzia aldetik gauza asko daudela kontatzeko, ez dakizkigun gauza asko.

Kreazionismoari buruz hitz egitean gertatu zen, adibidez, Bibliak kontatutako oro egia eta Darwinen biologia asmakizuna den ideiari buruz hitz egitean. Jende askok gaizki ulertzen ditu biologia eta eboluzioa eta Enresto Cármenak, biologoa denak, bi ikuspuntuak kontatzea pentsatu zuen. Oso liburu dibertigarria geratu zen. Gazte jendeak irakurtzeko prestatuak dira, liburu gehienak oso mintzaira errazean idatziak, formularik gabeak baitira. Motzak dira, ehun eta hogeita zerbait orrikoak. Ez dira horren garestiak ere, eta orain formatu digitalean ere badaude, e-bookean.

Horrela sortu zen, bada, ideia bat bezala. Hemen inguruko jendearekin hitz egiten hasi ginen, gaztelania zekitenekin; izan ere, bildumarako jatorrizko liburuak nahi genituen, ez dagoeneko existitzen diren liburuen edizio berriak. Egia da mota honetako literatura existitzen dela, eta pixkanaka Espainiara iristen ari da. James Randi, Bill Bryson eta mota honetako liburuak idatzi dituzten beste idazle asko daude, baina guk liburutegi bat osatuko zuten testuak sortu nahi genituen.

Gaur egun liburuak editatzea eromena da. Guk editore bat aurkitu genuen, Serafín Senosiáin, hemen Nafarroan Laetoli editorialaren jabe dena. Horiek ere dibulgazio liburuak egiten ari ziren. Bilduma hau, beraz, editorial hori aurkitu genuelako sortu zen, dibulgazio zientifikoarekin eta arlo humanistikoekin oso sentsiblea zen editore bat zuelako. Hark bultzatu gintuen liburu txikiez osatutako bilduma bat egitera. Hamasei dira dagoeneko, laster gehiago izango ditugu. Nik uste hogeita hamarrera edo iristen garenean, bada, jada zaharrak izango garela.

Pentsatzen dut jarduera honek etsai batzuk sortuko zizkizula. Nola saihesten dituzu? Bada, beti bezala. Zera esango dut: arerioei sarritan bi kandelaz egin behar zaie argi. Bitxia da, badago jendea kritika bat egiten duzulako soilik haserretzen dena. Zerbait gaizki iruditzen zaizula esan eta bat-batean inkisidore bat zarela esaten dizute. CIAk ordaintzen didala ere esaten didate, euren abokatuak bidaliko dizkidatela…

“¡Vaya Timo!” bilduma, esaterako, psikoanalista, erlijio, homeopata eta plater hegalariak saltzen dituztenekin oso gogorra dena, ez da kontuan hartua izan, eta egindako kritika hori alde batera utzi du jendeak. Hori nahiago dute, alternatiboek gezurrak esan eta ihes egitea gogokoago dute; horregatik, normalean ez da eztabaidarik sortzen. Telebistan, ordea, bai jarri naizela batzuekin aurrez aurre. Zer egin behar diogu, ez naiz batzuen gustukoa. Ez dut eraso fisikorik jasan, baina gogoratzen naiz duela urte asko, ETBn, sorgin batek madarikatu ninduela, esan zidan bi urteren buruan burusoil geratuko nintzela. Ilea asko mozten dut, baina ilea izaten jarraitzen dut. Hau da, ez dit funtzionatu, madarikazioek ez dute funtzionatzen. Esan bezala, eraso fisikoak izatera ez naiz iritsi; irain serioak bai, eta mehatxuren bat ere bai, baina gutxienekoa dira. Beste eremu batzuetan, Interneten, adibidez, ni oso lotsagabea naiz eta norbaitek iraintzen banau, nik gehiago iraintzen dut. Horrek ez garamatza inora, garbi dago iseka egiteak ez duela ezer konpontzen eta, horregatik, badago momentu bat non pertsona horiei ele txarrak alde batera utzi eta arrazoiak emateko eskatzen diezun. Orduan, desagertu egiten dira.

Amaitzeko, eta hemen, Iruñeko Planetarioan gaudela aprobetxatuz, zure espezialitate zientifikoari buruz galdera bat egitea gustatuko litzaidake. Zure ustez, zein izan da azken urte hauetan astrofisikaren munduan gehien harritu zaituen aurkikuntza? Bada, begira, urte asko daramatzat lanean, beti gustatu izan zaidalako zerura begiratzea. 84. urtearen inguruan Complutensera sartu nintzen tesia egitera eta orduan hasi nintzen lehendabiziko aldiz astronomo edo astrofisikari lanetan. Orain konturatzen naiz garai hartatik erabat aldatu dela Unibertsoarekiko daukagun ikuspuntua. Mende laurdena pasa da ia une hartatik, eta gaur egun Planetarioan bertan kontatzen duguna, zerua… oso ezberdina da lehen kontatzen zenetik, nahiz eta garai hartan iruditu ordurako aurkitutakoa zela denetan modernoena.

Urte honetan Fisikako Nobel Saria eman zaio, hain zuzen ere, Unibertsoko energia eta materiaren zati handi bat zer den ez dakigula dioten ikerlari batzuei. Energia ilun horrek, gainera, nolabaiteko aldarapena egiten du, eta horren ondorioz unibertsoa pixkanaka gero eta azkarrago hazten ari da. Dudarik gabe kosmologiako ikerketa horiek, hau da, Unibertsoa nolakoa den, nondik datorren eta nora doan aztertzen duen zientzia hori dela denetan liluragarriena eta ustekabe gehien eman dizkiguna.

Laurogeigarren hamarkadan, Espainiar Telebistan Carl Saganen Cosmos seriea emititzen hasi ziren, eta honek hamahiru milioi pertsona zituen begira. A zer garaiak! Dokumental zientifikoak gaueko hamarretan jartzen zituzten telebistan, gaur egun bezala… Eta jendeak ikusi eta horiei buruz hitz egiten zuen, bertan garai hartako teoriez hitz egiten zela. Garai hartan geneukan unibertsoa asko aldatu da, eta aldaketa hori eman da orain badakigulako modu azkarragoan hedatzen dela, edota materia zati handi bat ezin ikus dezakegula. Orain, gero eta lan gehiago daukagu egiteko, eta hori benetan ederra da: jakitea gauzak ikasten joan ahala, oraindik asko dagoela egiteko. Zoragarria da hori.

Beno Javier, atsegin handiz aritu naiz zurekin hizketan eta orain berriro ere zure parte-hartzea eskertzea besterik ez zait geratzen. Ez da ezer, oso gustura egin dut eta barkatu hemen aurkitzeko eman behar izan dituzun itzuli guztiengatik.

Mila esker eta beste bat arte.

Javierren hitz-jario aberatsari esker berehala pasa zitzaigun elkarrizketa. Kontu horiei buruz gehiago sakondu nahi baduzue, Javier Armentiaren bloga jarraitu besterik ez duzue.

Comments { 0 }

Arantxa Iturbe: “Telebistan irudiak asko jaten du hitza, eta niri hitza gustatzen zait gauza guztien gainetik”

Nork ez du ezagutzen Arantxa Iturbe Euskal Herrian? Edo bere ahotsa, behintzat? Izan ere, Arantxak 25 urte baino gehiago daramatza Euskadi Irratian lanean, egunero bere ahotsa Euskal Herri osora zabalduz. Jaime Otamendiren alboan hasi zen, Goizean behin izeneko irratsaioan eta orain Arratsaldekoan aritzen da gaur egungo gaiak jorratzen eta jende ezaguna elkarrizketatzen. Horregatik, Maitek euskaljakintzarako elkarrizketa bat egitea proposatu zigunean pentsatu genuen: nor hobeto elkarrizketatzeko 25 urte elkarrizketak egiten dabilen norbaiti baino? Azken batean, gu berriak gara honetan eta asko daukagu ikasteko Arantxa bezalako kazetari ospetsuengandik.

Pentsatu eta egin. Berarekin harremanetan jarri ginen eta elkarrizketa egitea proposatu genion. Segituan erantzun zigun baietz eta bere etxera gonbidatu gintuen elkarrizketa egitera, larunbat arratsalde batez. Aurretik dena ongi prestatua eraman genuen arren, urduritasun apur bat nabari genuen biok Tolosarako bidean. Arantxak oso abegikor zabaldu zizkigun bere etxeko ateak eta berehala lasaitu ginen bere laguntzaz. Pixka bat hitz egin eta elkarrizketari ekin genion…

Arantxa, eskerrik asko, lehenik eta behin, tarte hau guretzat hartzeagatik. Badakigu eta lanpeturik zabiltzala. Ez horregatik.

Gaur rolak aldatu egin ditugu pixka bat… (Barreak) Bai eta zer desagradablea, ezta? Niri galderak egiten hastea gustatuko litzaidake: zertarako duzuen hau, ea gustatzen zaizuen galderak egiten ibiltzea…

Bai, normalean zu ibiltzen zara galderak egiten. Bai, egunero…

Atzera egingo dugu denboran pixka bat zure baimenarekin. Laskurainen, Tolosako ikastolan, egin zenituen ikasketak UBI-COU arte, eta gero Nafarroako Unibertsitatera joan zinen kazetaritza ikastera. Baina betidanik izan al duzu kazetari izateko grina? Bai betidanik, betidanik. Askotan kontatzen dut -ez naiz ni gogoratzen baina amak kontatuta akordatzen naiz- nola sei urterekin, Alegiko ikastolan ibiltzen nintzen artean, irabazi nuen ipuin lehiaketa bat Tolosan. Ipuin lehiaketa bat beste herri askotan egiten den bezalakoa. Guretzat, Alegitik, Tolosan irabazteak sekulako inportantzia zuen. Etorri omen nintzen saria hartzera gurasoekin ekitaldi batera, eta saria jaso eta gero inguratu omen zitzaidan kazetari bat. Gaztelaniaz hitz egiten zuen, gainera, eta nik apenas nekien gazteleraz hitz egiten. Galdetu omen zidan: Felicidades… ¿Oye, y tú de mayor que vas a estudiar?”. Eta nik begiratu omen nion gizonari esanez: “Yo escritora“. Noski, ipuin lehiaketa bat irabazi nuen eta zer esango nion, ba! Orduan esan omen zuen gizonak: “Ya lo siento pero no vas a poder, eso no se puede estudiar. Tendrá que ser periodismo o algo así”. Ni bueltatu nintzen etxera ‘periodismo o algo así’ esaten. Berrogeita zazpi urte dauzkat, ez dut sekula iritziz aldatu eta ez naiz sekula damutu, gainera. Hori da onena.

Hori zen ondoren galdetu behar nizuna. 25 urte baino gehiago daramatzazu Euskadi Irratian lanean eta estatubatuarrek, adibidez, esaten dute horrenbeste denbora lan berean dabilena ez dagoela burutik ondo. Zuk hasierako ilusio berarekin jarraitzen duzu? (Barreak) Berberarekin! Zorionez, iruditzen zait aukeratu nuela oso gustuko lana: neurrikoa, oso eroso sentiarazten nauena… Ulertzen diet, agian, estatubatuarrei hori esaten dutenean. Pentsatzen dut esan nahiko dutela egunero lan batera joan eta errutina bat jarraitu, automatikoki gauza batzuk egin, ezer pentsatu gabe Atik Zra egunero gauza berdinak egin… Baina nik daukadan lanbidearekin egunero lanera joaten naiz, programa bat egiten dut -kulturari buruzko programa bat egiten dut-, gustatzen zaizkidan gauzei buruzko programa bat egiten dut: egunero jende desberdina etortzen zait bisitan nire etxera, haiei galdetzen diet sudur puntan jartzen zaidana… Asko ikasten dut, jende izugarria ezagutzen dut, ezagutu nahi dudan jendea gainera… Alde on guztiak ditu. Eta gainera, hilabete bukaeran ordaindu egiten didate. Jende gaztea etortzen zait galderak egitera eta eskerrak ematen dizkidate. Zer gehiago eska dezaket? Ez, ez naiz sekula damutu eta jarraitzen dut ilusio berberarekin. Izaten dira momentu hobeak eta okerragoak. Izaten dira momentu gogorragoak, gauzak zuk nahi duzun bezala irteten ez direnak, edo nahi zenukeen adina baliabide ez dauzkazunak… Hizkuntza txiki honetan lan egitean izan ditzakegun pega batzuk. Ez da dena arrosa. Baina berriro hasiko banintz orain, berriro aukeratuko nuke momentu honetan daukadan landibea. Beraz seko jota nago. (Barreak)

ETBrentzat ere lan gehiago egin izan duzu eta egiten duzu, adibidez, Goenkalerako gidoiak idatzi izan dituzu. Baina ez al duzu inoiz pentsatu irratian egiten duzun lan hori, hau da, esatari lan hori telebistan egitea? Ez al duzu tentaziorik edo aukerarik eduki horretarako? Goenkalerako idatzi ditudan gidoiak ez nuke esango ETBrentzat lan egitea denik. ETBrentzat nik ez dut apenas lanik egin. Hori da idatziz lan egitea eta, kasu honetan, ETBko serie baterako gidoiak idatzi ditut. Nire beste lana da idaztea. Horretaz aparte, telebistan aritzeko aukeraren bat edo beste izan dut, ez oso insistentea baina bai proposatu izan didate noizbait zerbait. Ez, ez zait inoiz gustatu telebista. Ez zaizkit gustatzen kamarak. Badakizu zer duen txarrena, gainera? Zuk telebistan egiten baduzu elkarrizketa saio bat, hurrengo egunean kalean jendea topatu eta esaten dizu:” Ui, ze guapa zeunden atzo!, Zer zenituen galtza berriak?, Pelukerira joanda al zinen?” Fijatzen dira gauza horietan. Irratian, aldiz, beste faktore batzuk daukate garrantzi gehiago. Esaten duzunak garrantzi gehiago dauka. Noski, badaude beste gauza batzuek, telebistan bezala, eragina daukatenak: ahotsa hobeto edo okerrago, musika politagoa edo itsusiagoa… Baina iruditzen zait irudiak asko jaten duela hitza eta niri hitza gustatzen zait. Ezeren gainetik hitza gustatzen zait. Irratian egon zaitezke ni orain nagoen bezala: bakeroak, zapatilak, ileak hala-moduz dituzula… eta entzulearentzat eman dezake izugarri ederra zaudela egun horretan. Eta egon zaitezke benetan fisikoki izugarri ez ederra egun horretan, baina edertasuna beste gauza batzuetan transmiti dezakezu. Agian, irudituko zaie oso itsusi zaudela gaizki hitz egiten duzulako edo hitz totelka ari zarelako. Telebistan, aldiz, dena eduki beharra daukazu kontuan, irribarrea zaintzetik ilea modu jakin batera edukitzera eta hor gauza garrantzitsuenak bigarren plano batera pasatzen dira.

Bai, antzeztu gehiago egin beharra dago, ezta? Niri hala iruditzen zait. Irratiak badu beste magia bat. Ez zaitu inork ezagutzen, bere alde on eta txarrekin. Nik, behintzat, ezingo nuke telebista kate batean lan egin eta kalera irtetean denak: ” Begira!”; ezingo nuke bizimodu normal bat eraman. Noski, hemengo telebistak ez dira… ez gaude New Yorken, baina ez nau tentatzen.

Oraintxe esan duzun moduan bi lan dituzu, idatzi ere asko egiten baituzu. Baina bi lan horietatik bat aukeratu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke? Egia da, hala ere, biak nolabait lotuta doazela, ezta? Lotuta dihoaz, bai. Izan ere, nik irratirako lanean egunero idatzi egiten dut. Gustatu egiten zait idaztea; beraz, idazten dut egunero esan behar dudan guztia, eta gero horren gainean inprobisatu egiten dut inprobisatu behar dudana. Baina goizean jaiki, lanera joan eta hasten naiz idazten. Orduan ere nolabait nire afizioa, idaztea, lanean ere betetzen dut. Orain dela gutxi irakurtzen nion kazetari bati erreportajeak idazten dituen kazetari batek edo idazle batek gauza beretsua egiten dutela, historiak kontatzen dituztela. Alde bakarra da historiak kontatzeko orduan, kazetariak benetako historietan oinarritzen direla eta idazleak asmatu egiten dituela, edo ez beti. Baina hori da alde bakarra. Gainontzean, kontatzeko erak eta erabiltzen dituzten teknikak beretsuak dira. Ez da erabat nire kasua, kazetariarena; izan ere, ni momentu honetan irratilaria naiz, kazetaria baino gehiago. Ni ez naiz ikertzen ibiltzen, elkarrizketak egiten aritzen naiz. Hori da nire lanaren oinarria. Baina, zortez, ez dut aukeratu beharrik izan. Idaztea izan da pasio bat, hobbie bat. Gauza bakarra okurritzen zait idazte adina disfrutatzea egiten didana: irakurtzea. Beraz, zortea daukat; hala bizi dut eta ez dut aukeratu beharrik izan. Eta ez dakit zer aukeratuko nuen. Bietatik bizitzea ahal izan banu, alegia, azaldu gabe idatziz bakarrik edo irratia eginez, ez dakit zer aukeratuko nukeen. Biak gustatzen zaizkit asko.

Idazle batzuek esaten dute idazteko sortze lan horri sufrimenduz aurre egiten diotela; eta beste batzuek, aldiz, zuk oraintxe esan diguzun bezala, gozatu egiten dutela. Pentsatzen dut, beraz, zure kasua bigarrena izango dela. Nik galdetzen diet irratira etortzen diren idazleei: “Sufritzen baduzu, zertarako idazten duzu?”. Ulertzen diet zer esan nahi duten. Gauza bat da idazteko ekintza bera gozagarria ez izatea, hau da, emaitza lortzeko bide horretan, badaude momentu asko oso txarrak. Ez zaizu ideia bat behar bezala plasmatzeko egokiera sortzen agian. Idazten hasten zarenean, beste edozein pasiorekin bezala gertatzen da: hori daukazu buruan eta hori besterik ez duzu egin nahi. Bide horretan badaude momentu gogorrak, edo zuzentzeko momentuak. Zu hor ari zara tapa-tapa-tapa idazten; buelta zaitez, orduan, atzera eta has zaitez berriro dena zuzentzen…Momentu horiek sufrigarriak baino gehiago nik esango nuke aspergarriak direla. Hori egia da. Baina gero emaitza ikusteak ematen duen satisfazioak… Niretzat. behintzat. gozagarriak dira. Nik eduki nahiko nituzke egunean hamar ordu nik nahi dudana idazteko. Ez dauzkat zoritxarrez.

Adibidez, ikastolan beti animatzen gaituzte, besteak beste, Beasain Idazlan Lehiaketan parte hartzera, baina ez dugu pertsona askok parte hartzen, gogorra egiten zaigulako zerbait idaztea. Baina zergatik egiten zaizue gogorra? Gustatzen zaizue? Jende guztiak esaten du: “Oraingo gazteek ez dute idazten, ez dute irakurtzen…” Nire gelan berrogei ginen, eta nik uste dut idaztea gustatzen zitzaigula biri. Eta irakurtzea ere gustatu-gustatu biri ere. Adibidez, esaten ziguten Miguel Delibesen ez dakit zein liburu irakurtzeko, eta jendeak irakurtzen zuen bat gehienez, bezperan, eta presaka. Ni joaten nintzen liburutegira eta irakurtzen nituen Miguel Delibesen liburu guztiak, baina nahiago nuelako hori egin beste zerbait baino. Ez hobea delako edo okerragoa. Niri gustatu egiten zait.

Bai, benetan ondo idazteko gustatu egin behar zaizu bai irakurtzea eta bai idaztea, ezta? Bai, benetan irakurzale izatea eta gustatzea. Uste dut, gainera, inportantzia gehiegi ematen zaiola. Gauza bat da zuk zerbait esan nahi duzunean gaitasuna edukitzea hori behar bezala adierazteko. Hori da gozada bat. Baita maitasun karta bat idazteko edo hazienda eskaera bat egiteko orduan ere. Zuk jakitea hitzez espresatzen esan nahi duzun hori, gozada bat da bizitzako edozer gauzatarako. Orain, ipuinak asmatzea edo idaztea zergatik izan beharra dauka beste gauza bat baino hobea? Uste dut baduela alde bat hobea, zer pentsatu ematen duelako eta garuna martxan jartzen duelako. Baina mekaniko batek ere garuna martxan edukiko du, ba, motor bat egiteko! Ni baino gehiago, agian; nik ez daukat ideiarik ere motorrez. Uste dut daukana baino garrantzi gehiago ematen zaiola animatu nahi horretan. Sentsazio hori daukat, behintzat. Orain, norbaitek idatzi nahi baldin badu, gogorra egitea? Nire lagun batek esaten zion bere aitari: “Aita, nik idazle izan nahi dut”. Eta aitak begiratu eta esaten zion: “Ba, idatzi!”. Ez zeukan beste misteriorik…

Makina bat liburu idatzi dituzu eta arrakasta handia izan duten batzuk, gainera: Ezer baino lehen, Lehenago zen berandu, Ai ama! Horiek irakurri ondoren, esan dezakegu nolabait zure bizitzarekin zerikusi bat dutela. Zenbateraino idazten duzuna da autobiografikoa ala asmakizun hutsa? Ai ama! erabat autobiografikoa da. Haurdun geratu nintzenetik haurra izan bitarteko nire mixeria guztiak. Txar guztia kontatu nuen, ona alde batera utzita. Beste biak asmakizunak dira. Asmakizun erlatiboak, betiere. Toki batean bizi zara, jende batez inguratua, bizi eskarmentu batzuk dauzkazu… Badago jende bat gauzak erabat fantasiosoak idazten dituena. Nire istorioak ez dira behin ere fantasiosoak: entzun dudana, imaginatzen dudana… Pertsona bat kalean pasatu eta pentsatzen dut: “Ai! Horri ere pasatu zaio orain zerbait!”. Nahi gabe egiten dituzun gauza horiek. Asmatuak dira berez, baina beti dute zu bizi zaren tokiarekin eta interesatzen zaizkizun gauzekin zerikusia. Nire liburuak hartu-eman pertsonalari buruzkoak izan dira, orain arte behintzat. Hori da interesatzen zaidana, pertsonen arteko harremana hain zuzen.

Nik Ai ama! irakurri nuenean iruditu zitzaidan liburu hau zela amatasuna eta zoriontasuna batera doazela esaten duen leloari kritika moduko bat. Hain gezur handia al da hori? Bakoitzak bere erara bizi du, eta ama bakoitzak edukitzen du bere seme edo alabarekin bere esperientzia. Nik bai izan nuen sentsazioa, eta uste duk daukadala oraindik, ‘rollo’ interesatu bat dela; ezin diot nire buruari beste era batera esplikatu. Ematen du denek bide bera jarraitu behar dugula bizitzan. Emakumeei buruz ari naiz: denok ezkondu behar dugu, umea eduki… Emakume bati, adin batetik aurrera, jendeak galdetu egiten dio kalean ea ez duen umerik izan behar. Gogoan dut ze amorrazioa ematen zidan hori galdetzen zidatenean! Izugarri haserretzen nintzen! Pentsatzen nuen: “Zu zein zara niri galdetzeko ea umerik eduki behar dudan?, “Eta ez badut umerik eduki nahi sekula santan zer pasatzen da?, “Zerbait gertatzen al da horregatik?”, “Okerragoa naiz, hobea naiz?…

Asko pentsatzen nuen, ziur aski gehiegi. Egun batean, pentsatzeari utzi nion eta izan nuen seme bat. Inpresioa zera zen: zuk seme batekin sufritzen duzu haurdunaldian, gozatu ere bai, eta haurra edukitzean, sufritu, zer esanik ez. Eta haurra izan ondoren, lehendabiziko hilabeteak edo urteak mortalak dira. Nireak txarrak izan ziren, behintzat. Umeak ez zuen negarra besterik egiten: ezin nuen lo egin, ezin nuen bizi… Nik, gainera, lana utzi nuen; inor baino ‘txulagoa’. Ni orain ama izango naiz, baina izango naiz ama goitik behera. Orduan nire umea hartu eta umearekin gora eta behera. Pertsona desgraziatu bat izan nintzen urte betez: ito egiten ninduen, umeak ez zuen negarra besterik egiten, ez nekien nola zaindu… Jada ez nintzen hemezortzi urteko neska bat, urtetan aurrera nindoan. Baina inpresioa neukan ezin niola inorri nire egoera esan gaizki hartu gabe. Jendeak esaten zidan: “Zer moduz?“, eta nik “Buf!“. Eta jendeak: “Ai, chica! Hain ume polita eta…” Pasatuko zela esaten zidaten. Banekien pasatuko zela, baina momentu horretan sentitzen nuen amorrazio bat, hasarre bat, jende guztiarekin! Ama guztiak zebiltzan: “Ai, ze ondo, ze kontentu. Goazen umearekin paseatzera!” Ba, ez. Gezurra! Ni ez nengoen, eta pentsatu nuen kontatu egin behar nuela ni ez nengoela gustura. Horrek ez du bestea kentzen, baneuzkan momentu goxoak, jakina, eta nire semea da munduko gauzarik garrantzitsuena, orduan eta orain. Baina alde horiek ere bazeuzkan. Gero, liburu hori argitaratu ondoren, jendeak kalean topo egin nirekin eta kontatu egiten zidan ez zegoela gustura. Liburua idatzi baino lehenago, ordea, ez. Lotsa ematen zien egia esatea.

Horregatik, liburua idatzi eta gero jende pila inguratu zait. Adibidez, idatzi zidan hirurogeita bost urteko emakume batek Bermeotik esanez 42 urte lehenago pasatu zuela nik liburuan diodan guztia, eta zorionak emateko kontatu izanagatik. Berak ere sentsazio hori zuen. Herri txikian bizi eta ematen du ezin duzula esan gaizki pasatzen ari zarela, irribarrez egon behar duzula dirudi ume bat eduki duzulako. Momentu batzuetan irribarrez zaude, baina beste batzuetan umea hartu eta… Aldatuko zenuke zure bizitza osoa! Liburuan bertan, bukaeran, esaten dut liburua idatzi nuela umea eduki eta bi urte geroago, eta orduan, bi urte zituela, eman zizkidala nire bizitzako momenturik onenak, baina horiek ez ditudala kontatu. Liburu horretan kontatu nituen justu beste guztiak.

Euskal Herrian esaten da jaiotza tasa oso baxua dela. Zure ustez, zure liburuak zerikusirik izan al dezake honetan? (Barreak) Imajinatzen liburua atera eta miloika ale saldu, eta denak erabakitzea ez dutela umerik izango? Ez, ez; ez zen nire helburua inor konbenzitzea umerik ez edukitzeko. Ez dut esaten hori momentu bakar batean ere. Esaten dudana da guk umea izateko eskubidea daukagula, ez dela obligazio bat. Emakumeok daukagun eskubidea da besterik gabe. Eta baita esaten dut ere eskubidea daukagula behin esperientzia hori pasatu eta gero nola joan zaigun kontatzeko. Hori bakarrik. Inori ez nion esango zer egin behar duen eta, gainera, liburuek ez dute horrelako eraginik. Hori egia balitz, idatziko nituzke liburu pila bat gauza askori buruz, gauzak aldatzeko.

Antzerki munduan ere ibili zara. Oker ez baldin banago, hiru aldiz irabazi duzu antzerki onenaren Max saria. Gainera, horietako bat justu Ai ama! liburutik egokitutako lan batekin. Zure lanak Euskal Herritik kanpo, nazioartean, errekonozimendua izateak ere garrantzi handia du, ezta? Garrantzi handia izango luke. Arazoa da Max sari hauek ez dutela horrenbesteko oihartzunik hemendik kanpo. Agurtzane Intxaurraga izeneko emakume batekin egiten ditut nik antzezlan hauek eta lehenengoa irabazi genuenean izan zen halako poza gure barnean. Sari banaketara joaten zara saria jasotzera eta ikusten dituzu Espainiako aktore garrantzitsu guztiak, zuzendariak eta ministra etortzen zaizkizu zorionak esatera… Halako poz neurrigabe bat izaten duzu! Gero konturatzen zara, azken batean, eskaparate bat besterik ez dela. Balio balio sari honek ez du ezertako balio, salbu egun hori oso ondo pasatzeko, jende guztiak zorionak esateko, jende bat enteratzeko lan bat egiten ari zarela… Kalean esaten didate: “Orain ere irabazi duzu sariren bat! Zer, nobela?”. Eta nik baietz erantzuten diet. Momentuko oihartzun mediatiko bat besterik ez da. Gero balio, balio, ez du ezertarako balio. Gure esperantza zen lehenengoarekin, Ai ama! beste errekonozimendu bat izatera iritsiko zela uste genuen. Lana euskaraz eta gaztelaniaz prestatua zegoen. Gazteleraz egin zuten zenbait tokitan, baina oso gutxi hemendik kanpo. Hainbeste antzerki talde daude, bai Espainian eta zer esanik mundu osoan, ezen oso irtenbide gutxi izan zuen. Eta beste bi sariek balio izan digute berriro ere poz hori jasotzeko eta esateko egiten ditugun lanak ez direla txarrak, baina gure pozerako bakarrik balio dute. Begira hortxe dago azken Max saria. Begira ze itsusia! (Kamera aurrean erakusten du). Hau da azkenekoa. Lehendabizikoa gelan daukat, bigarrena Agurtzanek dauka eta hirugarrena hemetxe dago; beraz, laugarren bat irabazi beharko dugu. (Barreak)

Irratian euskaraz, idatzi ere euskaraz, ez al duzu inoiz beste hizkuntzaren batean aritzeko intentziorik izan? Ez, natural sentitzen naiz euskaraz. Beste hizkuntza batean, gainera, ahal izango nuke, eta ondo, gaztelaniaz. Hortik aurrera ez eskatu askoz gehiago. (Barreak). Ez, behintzat, poesia edo literatura egiteko. Eta gaztelaniaz ere eroso sentitzen naiz, ondo idazten dut eta ez daukat batere arazorik. Baina hasten naizenean neuretik kontatzen, euskaraz ateratzen zait.

Izango da zuregan idazleren bat eragina izan duenik zure idazteko eran. Zein gomendatuko zeniguke irakurtzeko? Ez dut bat horrela bereziki. Oso gaztetatik izan naiz irakurzale amorratua, harrapatzen dudan guztia irakurtzen nuen horietakoa. Denetik irakurtzen duena. Uste dut niregan eragin gehiago izan duela, eredu bezala, Arantxa Urretabizkaia batek. Gogoratzen naiz, ni ume nintzela, Arantxa Urretabizkaia idazten zuen idazle gazte bat zela eta banekienez ‘periodismo’ egin behar nuela ‘escritora’ izateko, oso markaturik nuen bidea. Ikusten nuen Arantxa hainbat ekitalditan, eta beti pentsatzen nuen bera bezalakoa izan nahi nuela. Zerbait fisikoa zen, itxuraz esan nahi dut. Ez bere idazteko era edo eredu neukalako. Gerora joan naiz topo egiten idazle bat baino gehiagorekin eta pentsatu izan dut: “Kontxo! Honek orain dela berrogeita hamar urte nik orain idazten dudan bezala idazten zuen. Zertan ari naiz? Hau egin dute lehenago”. Zenbat eta gehiago irakurri eta zenbat eta gehiago ezagutu, konturatzen zara hau ia kontatu dutela mila eratara. Badaude autore batzuk asko gustatzen zaizkidanak; Natalia Ginzburg bat, adibidez. Hil zen. Mende honetako idazle bat izan zen. Oso kontatzeko era zuzena zuen, parafernalia eta adorno handirik gabekoa. Kontatzen zuen sinple-sinple baina puntu askorekin, esaldi oso laburrekin. Ez zait gustatzen oso esaldi luzeak egitea. Zuzena izatea gustatzen zait eta, aldi berean, ironia erabiltzea; lerro arteko irakurketak proposatzea… Ez daukat idazle bat esateko, “nik honek bezala idatzi nahi dut”. Askorekin, hobeto esanda denekin, sentitzen dut zerbait ona. Liburu bat hartu eta beti dago, kapitulu bat ez bada, esaldiren bat esanarazten dizuna: ‘Ostras, ze enbidia! Nik hori idatzi nahi dut. Baina jada idatzita dago. Sentsazio hori ia denekin pasatzen zait. Beste adibide bat ematearren, irratitik orain dela gutxi pasatu da Joxean Agirre eta idatzi du Zwei Frauen (Bi emakume) izeneko liburu bat, idazleekin eta zerikusia duena, tipo oso berezi batekin zerikusia duena. Gozatu dut! Barre pila egin dut eta oso ondo pasatu dut. Baina ia idazle guztiekin pasatzen zait hori. Ez daukat bat eredu neronek jarraitzeko. Eta, gainera, uste dut urteak pasa ahala saiatzen zarela zure ahots propioa bilatzen. Ez duzu inork bezala idatzi nahi, idatzi nahi duzu zuk bezala eta jendeak esatea hiltzen zarenean: “Nola idazten zuen honek! Antzematen da hau hark egina dela…”. Pixka bat ego edo banidade hori daukagu.

Gu esklusibaren bila gabiltza, ba al daukazu nobela proiektu berririk eskuartean momentu honetan?Ez daukat ezer, lanak kentzen dit daukadan denbora guztia. Bai daukat orain, aspaldiko partez, idazteko gogoa; nire zerbaitetan jartzeko gogoa. Sei urte izango dira azkeneko gauza argitaratu nuela, enkarguz egin nuen ipuin kontakizun liburu bat. Baina ez naiz jarri gerora lanean eta momentu honetan badaukat gogoa kontatzen jartzeko. Beraz, esklusiba bat ez da, baina…

Bueno, ea orduan laster ikusten dugun zure lan berririk...Ikusterakoan esango duzue: ‘Begira, gogoa betetzen hasi zen!’

Besterik gabe, amaitu behar dugu. Oso atsegina izan da zurekin hitz egitea… Berdin.
Zorte ona opa dizugu hurrengo lan guztietan eta eskerrik asko. Eskerrik asko zuei, etortzeagatik.

Honela eman genion amaiera elkarrizketari. Hasiera bateko urduritasunak erabat aldendu genituen lana oso gustura egin baikenuen. Asko ikasteko daukagula badakigu, baina egindakoaz harro geratu ginen. Eta, noski, hau dena Arantxari esker. Mila esker, Arantxa!

Comments { 4 }
-->