“…Sebastian bat bada zeruan
Donostia bat bakarra munduan
hura da santua ta hau da herria
horra zer den gure Donostia! …”
Hain ezagunak ditugun Donostiako martxaren doinuak entzungai izango dira hiriko zoko txikienetan ere urtarrilaren 20tik aurrera. Jai giroz beteko dira Donostiako kaleak urtero gertatu ohi den bezalaxe, izan ere gaueko hamabietan, Gaztelubideko danborradak bandera Konstituzio Plazan igotzean, 24 ordu iraungo dituen festari hasiera emango zaio, danbor eta barrika festa deritzona; aipatu bezala, auzo guztietan Sarriegiren doinuak entzuteko aukera izango baitugu. Dagokion iraupena, 24 orduak, bete ostean, ordea, 24:00etan Union Artesanaren danborrada izango da bandera jaisteaz eta jaiari amaiera emateaz arduradutuko dena.
Dena den, egun berean Urrezko Danborraren, hiritar meritoaren Dominak, Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketari dagozkion Sariak ematen dira (aurreko urteko Aste Nagusian jokatutakoak azken hauek), eta sari hauen guztien entreguak ere protagonismo nabarmena hartzen dute egunean zehar.
Aipatzekoa da, gainera, Donostiako danborradak, beste festa edota jaiegun garrantzitsu bezalaxe, bere historia duela. Baina, astunegia izan ez dadin, era laburrean aurkeztuko dizuet. Zein urtetan atera zen kalera lehen danborrada ez dago ziurtaturik, eta honen inguruan hainbat iritzi dago. Batzuen ustez, neskameak eta haien lagunak, artisauek …, donostiarrei ura ematen zieten hiru iturrietako baten aurrean txanda zain zeudelarik, pertzak jo zituztenean hasi omen zen danborrada, gertakari hau 1836.urtean kokatzen dutelarik. Ordutik hona emandako aldaketa nabarmena da, egun danborrada konpartsek osatzen baitute, eta bertako kideek akordeak diren jantziak janzten baitituzte, noski danbor eta guzti.
Jaia ugalduz joan da eta hori bermatzen duen datua da igo egin dela helduen danborradan parte hartzen dutenen kopurua: 1967an 10 danborrada, 1992an 54 danborrada eta 2000an 82 danborrada.
Hasiera batean, bertan parte hartzeko eskubidea mugatua bazegoen ere, gizonezkoak baitziren partehartzaile bakarrak, egun egoera aldatu egin da. Gizonezkoen kopurua oraindik handia bada ere, emakumeek eta gizonezkoek bat eginda osatutako konpartsak badaude, baita emakumeek soilik osatutakoak ere.
Amaitzeko, festarako irrikitan dagoen edonori aukera hau galdu ez dezala aholkatzen diot, gainera urtarrilaren 20a ostirala izanik, ez dago aitzakiarik. Beraz, anima zaitez!
Hona hemen, Sarriegiren Donostiako martxa ( joateko asmoa baduzu, prestatzen joateko!):
Bagera!
gu (e)re bai
gu beti pozez, beti alai!Sebastian bat bada zeruan
Donostia bat bakarra munduan
hura da santua ta hau da herria
horra zer den gure Donostia!Irutxuloko, Gaztelupeko
Joxemaritar zahar eta gazte
Joxemaritar zahar eta gazte
kalerik kale danborra joaz
umore ona zabaltzen hor dihoaz
Joxemari!Gaurtandik gerora penak zokora
Festara! Dantzara!
Donostiarrei oihu egitera gatoz
pozaldiz!
Inauteriak datoz!Bagera!
gu (e)re bai
gu beti pozez, beti alai!
Ondo pasa hara hurbiltzen zareten guztiak!
No comments yet.