Korrika 18. edizioak euskara ikasten ari diren milaka eta milaka ikasleak omendu ditu. Zerk eraman zintuzten erabaki hau hartzera? Korrikak aurten planteatu duen mezua “Eman euskara elkarri” lelopean batu dugu. Egia esan, euskararen inguruan esan behar diren denak edo gehienak jada esanda daudela uste dugu. Baina Korrika bakoitzak euskalduntzearen, euskararen eta gizartearen egoera ikusita, koiuntura eta mezu konkretu bat bilatzen du, beti ere honi egokitua. Momentu honetan “Eman euskara elkarri” lelopean planteatzen duguna da badaukagula hizkuntza propio bat elkar ulertzeko, elkarri entzuteko, elkarrekin hitz egiteko. Azkenean elkarbizitza oso bat eraikitzeko balio diguna, euskaraz. Eta, gainera, hori emateko aukera daukagula; guk eman baitiezaiokegu, dakigunok, ez dakienari, ez dakienak baina zer edo zer ulertzen duenak dakienari. Baina horren gainetik instituzioek eman beharko ligukete guztioi ikasteko eta erabiltzeko arnasgunea, zabaldu egin beharko lukete.
Hori egin ahal izateko, zalantzarik gabe, euskal herritar euskaldunak behar ditugu, euskal kultura ezagutzen dutenak. Hori kontuan hartuta, Korrikaren ohore hori, posible egiten dutenek omentze hori, benetan merezi zutela pentsatu genuen. Badakigu ez dutela beraiek bakarrik lortuko, baina beraiei esker izan da guk mezuan planteatu nahi dugun hori. Honela, pentsatu genuen 2013an, XXI. mendean, oraindik ere euskaltegietan euskara ikasten ari den jendea, bere esfortzu fisiko eta psikikoa ipiniz, astirako erabili beharko lukeen denbora hartuz eta gainera ordaindu behar izanik, eta gutxi ez dela jakinik, merezi zutela zalantzarik gabe omenaldi hori. Horregatik erabaki genuen oraingo honetan kolektibo handi hau izatea omendua, oraindik ere 35.000 pertsonatik gorakoa dena, euskaltegietan edo mintzalagun taldeetan dagoena, euren euskara hobetzeko beste modu batzuetan ibiltzen den 35.000 pertsonako taldea.
Omentzen diren euskara ikasleen eta euskaldun ezagunen arteko solasaldiak grabatu dituzuela ikusi dugu. Hau esperientzia berria dela ikusirik, nolakoa izan da? Oso ederra izan da. Aspalditik egiten dugun formatu bat da, mezua modu ludiko eta erraz batean helarazteko. Pentsatzen dugu errazagoa dela ulertzen eta errazago sartzen dela jendearengan halako muntaia audiobisual eta gauza politak esaten dituen ekintza bat nik neuk txapa botatzea baino. Beti egiten dugu 10, 15, 25 minutuko bideo bat, kasu honetan hori dena azalduko duena. Gero batzordeetan, kultur ekitaldi guztietan… gure mezua zabaltzeko erabiltzen dugu.
Aurten mezu honekin eta ikasleak omenduak izanda, ikasleak euskaldun ezagunekin solasean jartzea bururatu zitzaigun, baina euskaldun ezagun hauek erdal munduan erreferente diren euskaldunak izanik. Horrez gain, ez genituen elkarrekin euskarari buruz hitz egiten jarri nahi, euren zaletasunez baizik. Badaukagunez hizkuntza bat elkar ulertzeko, elkarri emateko, eta abarrerako balio diguna, honen erabilera islatu nahi genuen. Bideoan euskarari buruz hitz egiten da, noski, noiz ikasi zenuen euskara, zergatik, eta halako galderak eginez. Baina, batez ere, bertan dauden pertsonei interesa sortzen dien gaiei buruz hitz egiten da. Esate baterako, sukaldaritza zaletasuntzat daukan emakume batek badauka sukaldaritzari buruz hitz egiteko aukera Eva eta Karlos Arguiñanorekin. Ez dute beti euskaraz euskarari buruz hitz egiten.
Oso esperientzia polita izan da, batez ere, ikasleek aukera izan dutelako euren bizipen hau ezagutzera emateko. Grabazio guztietan egon garenok argi eta garbi ikusi dugu benetan zer den euskara elkarri ematea, hor egon den laguntasun hori: “Bueno, ba, lasai! Orain errepikatuko dugu, honi buruz hitz egingo dugu…”. Benetan eman egin diote euskara elkarri.
Aurtengo Korrikaren abestia Esne Beltza taldearena izan da. Zergatik uste duzu musika talde hau dela aurtengo Korrika hobekien definitzen duena? Prozesu hori guztia ere oso konplexua izaten da. Korrikak, ez dakit ziur noiztik, baina azken urte hauetan behintzat, kanta ofizial bat izan du eta hau izateko eskatu egin behar da. Hor hasten dira tirabira handiak izaten. Lehen esan dudan bezala, Korrika osoan zehar onenak eta puntakoenak eduki nahi izaten ditugu. Honela egon ziren proposamenen artean Esne Beltza agertu zen eta talde honek Korrika bera zer den oso ondo islatzen zuela iruditu zitzaigun. Izan ere, bidean dagoen talde bat da, etengabe aurrerantz jarraitu duena… Kondenatuta geunden bidean elkar topatzera. Modu honetan geure asmoa azaldu genien eta momentuan bertan onartu zuten. Gu, behintzat, oso pozik gaude lortutako emaitzarekin, eta uste dut beraiek ere oso pozik daudela.
Harrituta geratu ginen Korrikaren aurka kereia bat ezarri zela azaldu zenuenean… Arazo handiak al dituzue Korrika aurrera eramateko? Ez, Korrika aurrera eramateko ez bereziki. Kontua da, denbora guztian aipatzen ari naizen moduan, Korrika herri honek sortutako mugimendua dela eta herri honetan oso sartuta dagoela. Zentzu horretan Euskal Herrian gertatzen diren gauzek Korrikari ere eragiten diote. Kereia hori hasieran ez zen zuzenean Korrikaren aurka, presoen argazkiak korrikan zehar eramaten zituztenen aurka baizik. Arazoa da audientzia nazionalak ez duela jakiten non gelditu eta Korrikako arduradunak eta AEKren kontseilu osoa ere sartu zuela kereia berdinean. Gu deklaratzera joan ginen, baina ez genuen deklaratu. Orain uste dugu geurea geldirik dagoela, bere horretan. Hala ere, audientziak orain bi korrikako gertakarietakoei deklaratzera deitzen jarraitzen du. Hain zuzen, orain dela bi hilabete Bergarako talde bat audientzia nazionalean egon da argazkien kontu honekin.
Guk oso ondo dakigu, azken batean, Korrika erakuslehio erraldoi bat bihurtzen dela eta mundu guztiak nahi izaten duela berea erakutsi. Hori ulertzen dugu eta neurri batean onartzen dugu. Baina edozein kasutan eragile guztiei, kilometroa erosten duten guztiei eta jendeari orokorrean esan nahi dieguna da antolatzaileon nahia Korrika Korrika izatea dela. Eta erakuslehio bezala erabiltzen bada ere, Korrika Korrika dela, ez gehiago, ez eta gutxiago ere, ez baita gutxi Korrika Korrika izatea. Guk uste dugu horrekin nahikoa dela eta errespetatu egin behar dela. Horrez gain, lehen aipatu dudan moduan, behin Korrika bidean dagoenean herriarena da, eta herriak pentsatzen duen moduan azaltzen da eta gu hor ez gara sartzen. Gure nahia azaldu nahi dugu soilik, eta, kamara bat aurrean dudanez, hau esateko aprobetxatzen dut.
Zer nolako etorkizuna ikusten diozu korrikari? Niri Korrika gehiagorik ez egitea gustatuko litzaidake, beharragatik behintzat. Korrika betiko mantentzea gustatuko litzaidake, baina nahi dugulako. Korrika jai erreibindikatibo bihurtzea, bi urterik behin euskararen alde egin izan duguna goraipatzeko eta oso ondo pasatzeko, merezi dugun sari baten moduan. Hori da nik nahiko nukeena, baina ez dut epe laburrean horrela ikusten. Nire ustean, Korrikak oraindik bizitza oparoa izango du, zoritxarrez, ezagutzen dugun formatuarekin. Baina nire nahiak bat-batean beteko balira ere, nik apustu egingo nuke Korrikarekin jarraitzeko, lehen aipatu dudan zentzu ludiko horretan.
Eta euskarari? Berdin, erantzun berak balio du. Ezberdintasun bakarra dago eta da AEK lehenbailehen desagertzeko helburuarekin sortu zela; beraz, Euskal Herri euskalduna erdietsiz gero, AEK bera desagertu egingo litzateke. Baina ez naiz gai ikusten hori erdi esanda uzteko ere.
Edurne, hau izan da dena. Mila esker denagatik eta zorte on Korrikarekin. Zuen antolaketa itzel honen ondoren, orain lekukoa gure eskutan da hemendik aurrera kilometro horiek burutu eta euskara bultzatzeko. Hori da, denona da lekukoa. Eraman dezagun, ba!
Benetan eskertzekoa da Edurne Brouarden denbora eta laguntza; izan ere, gure lan hau aurrera eramatea ezinezkoa izango baitzen bera gabe. Espero dugu, irakurle hori, gustura irakurtzea edota ikustea guri horren aberasgarri egin zaigun esperientzia hau.
Elkarrizketatzaileak: Irene Olza eta Uxue Garmendia, #euskaljakintza8
No comments yet.